Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Mintzalaguna ekimenak hamar urte

Mintzalaguna ekimenak hamar urte

2004-02-23 / 07:05 / Aitziber Gurutzeaga Segura - Bagera Elkartea   KULTURA

Hamar urte dira BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak Mintzalaguna ekimena abian jarri zuela. Garai hartan hainbat bagerakide kezkatuta zegoen. Euskara ikasleek euskalduntze prozesu osoa bukatu edo urte asko euskaltegian igaro ondoren, ikasitakoa kalean praktikan jartzen ez zutela ikusita. Batzuek inguruan euskaldunik ez zutelako, beste batzuek, aldiz, lotsa edo konfiantza falta zutelako. Hortaz, 1993ko abenduan bagerakide talde bat euskara ikasleekin elkartzen hasi zen. Hala, ikasleei euskaraz mintzatzeko aukera eskaini nahi zitzaien.

Erabileraren zubia

Erabileraren zubia

Edozein hizkuntza ikasteko motibazioa eta erabilera ezinbestekoak dira. Ekimenaren sorreratik motibazio integratzailea bultzatzea izan da helburua. Hots, klaseen dinamika alde batera utzi, eta euskara komunikatzeko tresna ez ezik, gizarte bizitza garatzeko tresna ere badela erakutsi nahi izan zaie euskara ikasleei. Hamar urte hauetan oso motibazio ezberdinak dituzten ikasleak izan ditugu Mintzalagunean: hizkuntza eskakizuna lortzeko beharra dutenak, lanpostu bat eskuratzeko hizkuntza ezagutzea inportantea dela pentsatzen dutenak, hizkuntza maite dutenak, hizkuntza berreskuratu nahi duten euskaldun zaharrak, inguruan euskaraz norekin hitz egin ez dutenak... Motibazioak oso ezberdinak izanik, ikasitakoa praktikan jartzeko -hizkuntza erabiltzeko- aukera eman die ikasle guztiei Mintzalaguna ekimenak.

Beraz, Mintzalagunaren helburu nagusia euskararen erabilera bultzatzea izan da. Hau da, euskara ikasleak euskaltegian ikasitakoa erabiltzeko -besteak beste, beldurra eta lotsa gaindi ditzan- bideak jartzea. Beraz, BAGERAk zubi-lana egiten du euskaltegia eta kalearen artean, nolabait.

Metodologia

Mintzalaguna egitasmoak bi alde esanguratsu ditu: euskara ikasleak eta hizkuntzaren jabe diren laguntzaileak. Ikasturte hasieran Donostiako euskaltegietara jotzen du BAGERAk irakasleek euren ikasleei Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko eskaintza egin diezaieten. Euskaltegietako bosgarren urratsetik gorako ikasleei edo gutxieneko elkarrizketa maila duten ikasleei egiten zaie eskaintza. Bestalde, EGA eta alfabetatze mailetako ikasleei laguntzaile modura aritzeko eskaintza ere egiten zaie.

Mintzalagun taldeak hiru lagunez osaturik daude normalean: bi euskara ikasle eta laguntzaile bat. Taldekideen adina ere kontuan hartzen da: hirukotearen kideek elkarrekin hamar urteko aldea baino txikiagoa izan dezaten saiatzen gara. Taldeak osatu ondoren, lehenengo hitzordua egiten dute Bageran bertan. Handik aurrera astean behin elkartzen dira gutxienez ordubeteko saioa eginez. Mintzasaioa kalean, kafetegi batean edo beraiek aukeratzen duten tokian egiten dute modu naturalean. Ikasleek kaleko errealitatearekin, kaleko hizkerarekin, egiten dute topo.

Ondorioak

Ikasturte hasieran Mintzalaguna ekimenean parte hartzeko ikasleek bete behar duten fitxan, taula batean bizitzako hainbat esparrutan euskararekin zein eratako harremana duten adieraztea eskatzen zaie. Ikasturte amaieran aldaketarik eman den aztertzeko, berriz ere, taula bera betetzea eskatzen zaie. 2002/2003 ikasturteko ondorioen arabera, Mintzalaguna egitasmoan aritu ziren ikasleen %85 hasi zen euskara norbaitekin erabiltzen. Hau da, hasi aurretik euskaraz hitz egiten ez zuten norbaitekin ikasturte amaieran egiten zuten. Normalean auzokide, lagun edo lankide batekin izaten zen. Euskara inorekin erabiltzen ez zutenek, ohitura faltagatik, ziurtasun ezagatik edo euren burua ezinean ikusten zutelako ez zutela hitz egiten adierazi zuten.

Denek Mintzalaguna ekimenean egindako mintzapraktikari esker euskararen erabileran aurreratu zutela adierazi zuten. Aurrerapauso horiek, batez ere, familian eta komunikabideak kontsumitzeko esparruan izan ziren. Ondoren, lanean eta auzo bizitzan eman zituzten aurrerapausoak. Aurreko arloekin alderatuta, baina, askoz ere maila apalagoan.

Euskaltegietako ikasleen irakasleen iritziak ere jasotzen ditugu urtero, eta oso ontzat jotzen dute egitasmoa. Ikaslearen mintzamenaren hobekuntzan, bereziki. Haatik, hitz egiteko garaian erraztasun handiagoa dutela, ikasturte hasieran baino ausartagoak direla eta akats gutxiago egiten dituztela ere aitortu izan digute irakasleek.

Mintzalaguna ekimenean alde afektiboa lantzen da, eta mintzamenari arreta osoa eskaintzen zaio. Irakasleen aburuz, hutsune nabarmena ari da betetzen Mintzalaguna; parametro afektiboak landuz eta jendea sentsibilizatuz. Mintzalaguna ekimenarekin kalean eta beste eremuetan (familian, lagun artean, auzoan edo herrian…) euskararen erabileran eragitea lortzen ari gara.

Laburbilduz, ekimena oso aberasgarria dela diote irakasle gehienek eta ikasleekin lan handia egiten dela. Asteroko hitzordua eskas samar ez ote den dionik ere bada.

Erronkak

Hilero aparteko jarduera bat antolatzen da mintzalagun guztientzat bi helbururekin: bata, mintzapraktika egiteko aukera handiagoa ematea asteroko hitzordu horretatik kanpo; eta bestea, jende gehiago ezagutzeko aukera ematea ikasleen ingurune euskalduna zabaltzeko. Hilero, aldizkaritxo moduko bat ere bidaltzen zaie mintzalagun guztiei, Mintzalagunen txokoa izenekoa; bertan hilabeteko ekintzez gain, euskaraz bizitzeko aukera ematen duten beste ekintza askoren berri ere ematen zaie.

Mendi irteera Urkita mendiraTxangoa Errioxako ardandegietara

Aurrera begira mintzalagunei gune bat ere eskaini nahi diegu, asteroko hitzordu horretaz gain, nahi dutenean euskarazko mintzapraktika egin dezaten. Helburua gune horretan mintzalagunentzat asteroko programazio bat antolatzea da, ikasleek mintzamena landu dezaten.


(AITZIBER GURUTZEAGA SEGURA Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen Mintzalaguna egitasmoaren arduraduna da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
ZORIONAK MUSKIZETIK
2004-02-23 / 12:17 / Edorta Lopez

10 urte pasa dira Mintzalagun programa martxan jarri zenetik eta denbora labur honetan kale erabilerari buruz berba egiten dugunean horrelako proiektuak aipatzea gero eta arruntago egiten zaigu. Bagerak euskararen normalizazioari egindako ekarpena beraz, garrantzi handikoa izan da, batez ere, hainbat gogoeta eta azterketa marko teorikoetatik praktikotasunera bideratu baitzituen eta beste askorentzat erreferente bilakatu da.

Gaur egun, Euskal Herriko beste udalerri batzuetan helburu berdinekin antzeko proiektu eta egitarauak jarri dira martxan, hortxe dauzkagu esaterako, Lasarte-Oriako Askatu Mingaina! eta Arrasateko Zahar Berri esperientzi aberatsak, edo Bizkaian AEK-k, Topagunek eta Foru Aldundiak bultzatutako Berbabarri proiektua.

Egunetik egunera herri gehiagotan ari gara lanean herriko euskaldunak hartu-emanetan jartzen eta euskaltegietako edota eskoletatik irtendako ikasleen euskara mailaren optimizazioa bultzatzen. Aurrerantzean ere euskararen presentzia eta erabilera gero eta jende gehiagoren artean eta gero eta gizarteko esparru gehiagotan areagotzea izan beharko da normalizazioaren alde lan egiten dugun eragile guztion erronka.

Urte hasieran gure herrian, Muskizen, OSTABE egitasmoa jarri genuen abian, eta beste iturrietatik edan badu ere, gure hemengo errealitate eta beharrizanei ahal denik ondoen egokitu dakiokeen plana diseinatu dugu. Geuk ere gure harri koxkorra ekarri nahi izan dugu. Argi daukagu euskararen berreskurapen eta normalizazioaren alde lanean gabiltzanok indar eta ilusioak batuz gero, zalantza barik beste aurrerapauso nabarmen bat egingo dugu geure helburuak lortze alderantz.

OSTABE egitasmoari buruzko informazioa gure webgunean duzue: http://www.ostabe.net

(Edorta Lopez OSTABE egitasmoaren dinamizatzailea)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus