Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Tux Paint: haurrek marrazkiak egiteko programa

Tux Paint: haurrek marrazkiak egiteko programa

2004-03-01 / 07:04 / Juan Irigoien Garitaonandia   INFORMATIKA

Euskararen aurrerabidea pauso txikiz beteta dago eta horietako bat dugu hauxe: haurrek marrazkiak egiteko Tux Paint programa euskaratu du guraso euskaldun batek eta egindako lana guztion eskura jarri du.

Egitasmoaren sorrera

Egitasmoaren sorrera

Software askearen inguru-minguru nenbilen aspalditxotik, eta hainbat eta hainbat gauza zeuden nire arreta lortzen zutenak. Euretariko bat live CD horien kontua zen. Harrigarria: ordenagailua CDtik abiatuz, betiko sistema eragilea kargatu ordez, Linux oso bat agertzen zen pantailan, eta ezelako instalaziorik egin gabe, gainera. Eta gainera, ordenagailua amatatzean, berriz ere lehen zegoen bezala geratzen zen dena, ezelako aldaketa barik. Horien artean bada bat oso-oso bitxia, orain dela hilabete gutxi agertu zena: Pequelin izenekoa. Umeei zuzendutako Linux banaketa da, instalaziorik gabe erabil daitekeena eta hainbat eta hainbat programa dituena haurrek erabiltzeko modukoak (denak gaztelaniaz). Kontua zera da: alabak oso gustoko zuen Pequelin horrekin ibiltzea, eta bereziki irudiak egiteko programa oso bitxi batekin: Tux Paint. Aplikazio polita da: koloretsua, alaia, soinu-efektuz hornitua eta erabiltzeko oso erraza.

Ideia bat neukan bueltaka buruan, udako euli nazkanteak ibiltzen diren modu-moduan, eta azkenean ekin egin nion: Tux Paint euskaratzen saiatuko nintzen.

Hiru urtetik gorako haurrek marrazkiak egiteko sortu da programa hau.

Soft askea dela eta

Open Source programa izatean oso erraz lortu nuen programaren kode-iturria interneten, izan ere horixe berori baita software askearen ezaugarrietariko bat: pastelaren errezeta den-denon eskura dago. Software jabedunaren kode iturria, berriz, Coca-Colaren formularen sekretua bezalakoa da, eta horixe da, hain zuzen ere, euskara bezalako hizkuntza minorizatuek duten tragedietako bat: gure hizkuntza ez da errentagarria. Beraz, software egileek nekez eskainiko digute eurek sortutako aplikazioen euskal bertsiorik (Eusko Jaurlaritzak diru pila ordainduta ez baldin bada, beste behin edo behin gertatu den bezala), eta eurak dira, eta ez beste inor, saltzen dituzten programen itzulpenak egin ditzaketen bakarrak! Artikulutxo hau idazten ari denaren iritzi apalean, software askea da euskarak duen aukera bakarra behar bezalako garapena izateko teknologia berrien arloan. Ala zilegi al da gure hizkuntzak arlo honetan eduki dezakeen presentzia enpresa pribatu apur batzuen kapritxopean egotea?

Tux Paint-i buruz

Programa honek duen ezaugarrietariko bat, plataforma anitzen gainean ibiltzeko duen gaitasuna da: Linux, Windows, Mac OS X, NetBSD, eta Solaris. Gaur egunean 34 hizkuntzatara dago itzulia, mundu osoan zehar zabalik dagoen laguntzaile bolondres talde handi bati esker, eta esan beharra dago itzulpen kopurua gora eta gora doala bertsio batetik hurrengora, aurrekoan (Tux Paint 0.9.12) 19 baitziren hizkuntza horiek.

Zelan eskuratu Tux Paint?

Programa deskargatzeko:

Zelan instalatu Tux Paint?

Tux Paint bi atalez osatutako programa da; batetik software nagusia dugu, programa bera (3.479 Kb inguru, plataformaren arabera). Bestetik Zigilu Sorta deritzona (gomazko tanpoien antzeko irudiak). Azken honen tamaina dela eta (4.587 Kb inguru, plataformaren arabera), norberaren eskuetan uzten da instalatu ala ez (hala ere komenigarria dela uste dut, duda barik).

  • Windows

    Jeitsi bi atalak (Tux Paint Installer eta Rubber Stamps Installer) eta intalatu biak. Programa euskaraz agertzeko, ireki Block de notas delakoarekin Archivos de programa/TuxPaint/tuxpaint.cfg fitxategia eta bertan lerro berri batean lang=basque testua gehitu.

  • Linux

    Errezena RPM paketeak jeistea da (RPM Linux Packages): programa bera (tuxpaint fc1.i386-rpm) eta zigilu bilduma (tuxpaint-stamps noarch-rpm) norberaren home direktorioan sortutako karpeta berezi batera, adibidez. Ondoren shell-a zabaldu , su root egin, eta cd egin direktorio berri horretan sartzeko. Azkenik rpm -i tuxpaint-0.9.13... (fitxategiaren izen oso-osoa idatzirik) eta rpm -i tuxpaint-stamps... (fitxategiaren izen oso-osoa idatzirik) aginduak eman eta listo.

    Debian darabiltenek, edo kode-iturritik zuzen-zuzenean instalatu nahi dutenek ere bertan dituzte behar dituzten artxibo guztiak.

    Euskaraz agertzeko bideak:

    • shell-a zabaldu eta tuxpaint --lang basque agindua emon.
    • shell-a zabaldu eta tuxpaint --locale basque agindua emon.
    • Zure sistemak erabiltzen duen hizkuntza lehenetsia aldatzea (horrela Tux Paint ezezik, beste programa guztiak ere euskaraz agertuko zaizkizu, itzulita dauden neurrian (Nik neuk hauxe gomendatzen dizut). Zelan?
      Ireki ezazu zure home direktorioan daukazun .profile fitxategi ezkutua eta export LANG=eu_ES@euro idatzi lerro berri batean (azkenean, adibidez). Gerta liteke beste hizkuntzetakoak ere bertan egotea. Orduan eurekin batera idatzi.
      Honek duen abantaila zera da: hasierako menutik ireki daitekeela programa zuzen-zuzen euskaraz.

Beste sistema eragileetan, gorago idatzi bezala, ere egin daiteke instalazioa. Dena dela, eurekin dudan esperientzia eza dela eta, ezin dut hemen argibiderik eman. Baten batek horietako batean frogarik egingo balu, eskertuko nioke azalpena emango balit, nik neuk, ondoren, besteei horren berri eman diezaiedan (juanirigoien@irakasle.net) .

Zelan ibili Tux Paintekin?

Ba... ibilita. Hain erabilgarria eta erraza da programa hau, non ez dudan denborarik galduko erabilera azaltzen. Egin ezazue froga ea zer itxura harzen diozuen.

Azken oharra

Programa ia guztiz euskaratuta dago. Bi-hiru hitz geratu ziren tintontzian eta zenbakiak oraindik ingelesez entzuten direla uste dut. Nire ahots itsusiarekin egindako grabazioak bidali nituen (ez nuen lortu alabak behar bezala egiterik -badakizue zelakoak diren umeak-) eta hurrengo bertsioren batean euskaraz agertuko direlakoan nago.

Dena dela, baten bat laguntzera animatzen bada, eta ahots gozoagoa baldin badu, ea zerotik hasi eta bederatzirainoko zenbakien grabazioa daukaten hamar fitxategi bidaltzen dizkidan (zenbaki bakoitzeko bat), nik gero egileari eskaini ahal izateko.


(JUAN IRIGOIEN GARITAONANDIA Markinako BH Institutuan Bigarren Hezkuntzako euskara irakaslea da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus