Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Haurrek izen euskaldunak dituzte nagusiki

Haurrek izen euskaldunak dituzte nagusiki

2003-12-10 / 07:00 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotako haurrentzat gurasoek, nagusiki, izen euskaldunak aukeratzen dituzte. Azken lau urteotan, 1999tik 2002ra, EAEko Erregistro Zibiletan gehien jarri diren 100 izenetatik, %70 euskal izenak dira.

Gehien jartzen diren izenak

Gehien jartzen diren izenak

EUSTAT Euskal Estatistika Erakundearen arabera, azken lau urteotan neskei gehien jarri zaien izena Ane da eta mutilei, berriz, Iker.

Mutilen izenek, oro har, maiztasun handiago daukate, alegia, Ane izena azken lau urteotan 1.398 neskari jarri zaien bitartean, Iker izena 1.532 mutili. Beste era batera esanda, joera horrek zera adierazten du: neskentzat izen aukera zabalagoa egiten dela eta mutilentzat murritzagoa. Esate baterako, 2001ean EAEn jaiotako 8.486 nesken artean, guztira, 1.103 neska-izen jarri ziren bitartean, urte berean jaio ziren 9.161 mutilen artean,berriz, 966 mutil-izen jarri ziren. Beraz, 2001ean neskak baino %4 mutil gehiago jaio ziren arren, jaiotako mutilen artean, izen aukera txikiagoa erabili zen (%3,4). Joera, gainera, iraunkorra da eta urtez urte errepikatzen da: 1999an mutilen artean nesken artean baino %5,1 txikiagoa izan zen izen aukera, 2000. utean %3,4 txikiagoa, 2001ean %3,4 eta 2002an %4,2.

NESKA IZENAK (EAE)
Neska izenakMaiztasuna
1999200020012002Guztira
1Ane3583603623181.398
2Leire2973012952491.142
3Nerea291221226215953
4Maria238233221205897
5Irati211199207238855
6Ainhoa205201186140732
7Paula143175171151640
8Andrea203175138124640
9Maialen150168164151633
10Maider132162153153600

MUTIL IZENAK (EAE)
Mutil izenakMaiztasuna
1999200020012002Guztira
1Iker3543834063891.532
2Jon3553963703551.476
3Mikel3543773633211.415
4Ander3163493542881.307
5Unai2863083663371.297
6Aitor3512972652491.162
7Asier2793152722751.141
8Julen193249230200872
9Xabier204191196216807
10Iņigo200226179149754

Euskal izenen egokitasuna eta zuzentasuna

Berez, Erregistro Zibiletako arduradunen esku dago gurasoek haurrari Erregistroan jarri nahi dioten izenaren egokitasun eta zuzentasunari buruzko ardura, baina euskal izenei dagokienez, oraindik ere, hutsegite nabarmenak egiten dira EAEko hainbat Erregistro Zibiletan.

Neskak mutil izenarekin

EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, neskei jartzen zaizkien euskal izenen artean, badira hiru mutil-izen 1999tik 2002ra urtez urte, etenik gabe, agertzen direnak: Amaiur (48), Amets (31) eta Maren (24). Gero ere, urtero ageri ez badira ere, badira beste zenbait mutil-izen emakumezkoei jarri ohi zaizkienak: Hodei, Eguzki, Aratz eta Iraultza, besteak beste.

Bigarren joera bat ere bada neska-izenak jartzerakoan: mutil-izenak neska izen bihurtzearena Sabino Aranaren-ne atzizkia erabiliz edota mutil izenari -e bukaeran jarrita. Hala osatuta ageri zaizkigu honako hauek: Deiane (Dei), Deiene (Dei), Hedone (Hedoi), Ibane (Iban), Ilune (Ilun), Xubane (Xuban) eta Marene (Maren).

EAEko Erregistro Zibiletan neska-izenarekin ageri diren mutilak ere badira. Azken lau urteotan, neska-izen bat errepikatzen da urtez urte mutil-izenen zerrendetan, Lur (19). Gero ere, askoz maiztasun txikiagoarekin ageri dira beste batzuk: Izar eta Araitz, esate baterako.

Idazkeraren koska

Euskal izenen idazkera dela-eta, hamaika akats egiten dituzte Erregistro Zibiletan. Ikus ditzagun gehien errepikatzen direnak.

  • Izenen hasierako "J"

    Jon euskal izenetan ezagunenetakoa bada ere, azken lau urteotan 82 mutikori Ion izena jarri zaie eta beste 11ri Yon. Kontu bera gertatzen da Josu / Iosu (49) eta Jone / Ione (32) izenekin ere. Baina benetan aipagarria da Joritz mutil izenarekin gertatzen dena. Azken lau urteotan, zuzen idatzita, 9 aldiz besterik ez da ageri eta Ioritz, berriz, 75 alditan ageri da. Beraz, azken lau urteotan, Joritz hamarretik bederatzitan oker inskribatu da EAEko Erregistro Zibiletan.

  • Non du "h"a?

    H-aren kontuan, besteak beste, bi izen aipatuko ditugu: Oihane eta Ainhize, biak ala biak, neska izenak.

    Oihane, oker idatzita, bi eratara ageri da: Ohiane (18) eta Oiane (14). Baina benetan bitxia Ainhize izenarekin gertatzen dena da, izan ere, zazpi era ezberdinetan idatzita ageri baita: Ainhise, Ainise, Ainize, Ainixe, Ainitze eta Ainhitze. Azken lau urteotan Ainhize izena 71 aldiz zuzen idatzita ageri da baina beste 58tan oker idatzi da.

  • Hipokoristikoak

    Familia eta lagunarteko erabileratik sortutako izenak dira hipokoristikoak eta Euskal Izendegi Ofizialak ez ditu ponte izentzat hartzen. Beraz, Erregistro Zibiletan ez lituzkete onartu behar baina, zenbait kasutan, izen hipokoristikoak jatorrizko izenak baino maiztasun handiagoz azaltzen dira EAEko Erregistro Zibiletan.

    Lehendabizi jatorrizko ponte-izena idatzi dugu eta ondoren hipokoristikoa:

    • Anton (18) / Antton (19)
    • Biktor (0) / Bittor (18)
    • Katalin (14) / Kattalin (27)
    • Martin (239) / Mattin (24)

Izendegian ageri ez diren izenak

Euskaltzaindiaren Euskal Izendegian inondik inora ageri ez diren izenak ere azaltzen dira alez ale eta urtez urte EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak EAEko Erregistro Zibiletatik jaso dituen datuetan. Neska-izenetan hauek aurkitu ditugu: Euri, Gerezi, Marrubi, Ilbete, Itzal, Itzel, Izarbe eta Leize, besteak beste. Mutil izenetan, berriz, honako hauek: Arkatz, Ekiotz, Itsazain, Itsusko, Mugaitz, Oinatz eta Zuhitz.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus