Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Lan munduan euskararen erabilera areagotzeko planak

Lan munduan euskararen erabilera areagotzeko planak

2003-05-14 / 08:16 / Juan Luis Arexolaleiba "Gatxi" EMUN   ENPRESA

Lehenik eta behin zoriondu egin nahi dugu Azpeitiko Euskara Patronatua euskararen normalizazioari begira garatzen ari den dinamikagatik eta, zehazki, martxan jarri berri duen erabili.com webguneagatik. Bestalde eskertu nahi diegu bertako arduradunei EMUN kooperatibari bere burua aurkezteko aukera eman eta lan munduko enpresa planei buruzko artikulu hau sarean argitaratzeagatik.

"GU GEU GARA BIDEA" leloa aukeratuz eta euskararen aldeko lana erabilera parametrotan jarriz, Azpeitiko Euskara Patronatuaren eta webgunearen arduradunek asmatu dutelakoan gaude. Izan ere, gure artikuluan nabarmen azalduko den moduan, lan munduko euskara planetan eta EMUNen eginkizunetan ere, euskararen erabilera bultzatzea dugu oinarri eta iparra.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren lan-ildo bat honakoa da: “ Euskararen erabilera gizarteko esparru guztietara zabaltzea”. Ez dugu zalantzarik: Azpeitian enpresa munduan bizi du euskarak egoera zailena eta kaxkarrena. Egoera horri aurre egin eta urratsak emateko, beste herri eta enpresa askotan egin den bezala, lanari ekin beharra dago. Hemen ere ez da miraririk izango, “gu geu gara bidea”; hau da, enpresak eta bera osatzen duten pertsonek heldu behar diote gaiari eta hizkuntza zerbitzu enpresek, EMUN kasu, zeregin horretan, premien arabera, laguntza teknikoa eskainiz eta zerbitzu kualifikatuak emanez prozesuan lagundu dezakete.

Artikuluan lan munduko euskara planei buruzko ikuspegi orokorra ematea dugu helburu. Horretarako planen historia laburra, bilakaera, filosofia eta oinarriak, metodologia eta beste hainbat xehetasun azalduko ditugu.

Lan munduko euskara planen aurrekariak

Balorazioak era guztietakoak izan daitezke (azkarregi/motelegi doa, botila erdi betea/erdi hutsa...) baina, azken hamarkadetan euskara espazio berriak irabazten joan dela nabarmena da: Irakaskuntzan, komunikabideetan, euskararen normalizaziorako gizarte mugimenduen eta administrazioen lana, hizkuntzaren “corpus”aren nahiz hizkuntzaren “estatus”aren inguruan emandako urratsak,... horietan guztietan euskarak urratsak eman ditu baina urte luzetan lan mundua dinamika horretatik kanpo gelditu da.

Urte luzetan lan mundua dinamika horretatik kanpo gelditu da eta 90eko hamarkadara arte egindako ahaleginek ez zuten behar besteko fruiturik eman. Lan munduan euskarari lekua egiten joateko ez zegoen metodologia zehatzik eta euskara eskolak eta itzulpenak izan ziren euskararen erabileran urratsak emateko erabilitako tresnak.

Euskararen normalizazioari begira lan munduan egindako ahalegin urriek ez zuten behar besteko fruiturik ematen alde batetik eta, bestetik, euskararen egoera eta bilakaeraren egoeran, batez ere zonalde euskaldunetan, gizartearen gainerako esparruen eta lan munduaren arteko aldea nabarmentzen joan zen.

Testuinguru horretan 90eko hamarkadaren hasieran ibilbide berri bati eman zitzaion hasiera eta Antzuolako ELAY S.A. enpresak eman zituen lehen urratsak aro berriko proiektuaren barruan. Proiektu honekin hasi zen sortzen eta mamitzen gaur egungo euskara planen metodologia berria. Plan horietan lehen ezaugarri nagusi gisa erabilerak protagonismo nagusia hartzen du.

Euskara planen bilakaera

Hasieran plan pilotuak martxan jarri zirenetik gaur arte goranzko bilakaera izan dute euskalduntze planek.

  • 1991-1996: PROIEKTU PILOTUAK edo FASE KUALITATIBOA
    1991-1996 epean hiru izan ziren prozesu honi ekin zioten enpresak: ELAY S.A (Antzuola), Ikerlan Koop. Elk. (Arrasate) eta CAF S.A. (Beasain). Fase horri, fase kualitatiboa deitzen diogu. Helburua ez zen izan enpresa askotara hedatzea baizik eta baliagarria izan eta arrakasta bermatuko duen metodologian sakontzea. Edozein esparrutan hizkuntza egoeran eragitea ez da erraza eta lan munduan badira prozesua zailtzen duten berezitasunak: denbora dirua da, errentagarritasun eta eraginkortasun parametroetan aritzea...

  • 1996-1998: JAUZI KUANTITATIBOA
    Euskara planek jauzi kuantitatiboa eman zuten oso denbora gutxian (24 enpresa: 19 Gipuzkoan eta 5 Bizkaian). Hasiera batean jauzi hori, batez ere, kooperatibetan (18 enpresa) eta Debarroan (15 enpresa) eman zen.

  • EUSKARA PLANAK 2002. URTEAN: HEDAPENA
    Euskara planek hedapen eta dimentsio handia hartu zuten urte honetan (57 enpresa: 40 Gipuzkoan, 15 Bizkaian eta 2 Araban) eta kooperatibek ez ezik, bestelako erakunde eta enpresek ere planetan sartzeko erabakia hartu zuten. Geografikoki ere hedadura nabarmena izango dute planek. Horrela, 2003. urtearen hasierarako 60 enpresa baino gehiagotan daude euskara planak abian.

Lan munduan euskarari bidea egiteko arrazoiak

  • Euskarak irabazi behar dituen esparruen artean esparru sozio-ekonomikoa dugu. Sarritan entzuten da euskaraz eskolatutakoei dagokiela euskara ekartzea lan mundura eta hauek era naturalean burutuko dutela euskararen normalizazioa lan munduan. Uste hori okerra da, ordea. Sartu berriak nekez eragin dezake, bestelako laguntzarik gabe behintzat, ohitura aldaketarik.
  • Alderantzizkoa da gertatzen dena, lortutako euskara maila kamustuz joango zaio gaztelania besterik erabiltzen ez duelako. Benetan kezkagarria litzateke joera horri kontra egiteko bitartekorik ez jartzea, euskal hiztuna erdalduntzeko gunea izateaz gain, beste esparru batzuetan egindako lan guztia zalantzan jar baitezake lan munduak.
  • Euskara erabiltzeak balio erantsia du: baldintza berdinetan gehiago eskaintzen da eta enpresako prestigioan eragina du.
  • Enpresa gizartean gertatzen ari den euskararen normalizazio prozesura egokitzeko balio du.
  • Euskara plana daukaten enpresak erronkei erantzuteko gai dira eta berrikuntzak egiteko gaitasuna eta enpresa dinamikoaren itxura ematen dute. Euskararen erabilera kalitate eta profesionaltasunaren seinalea da.
  • Enpresaren barne-kohesiorako eta gizartearen konpaktazio sozialerako bidea da.
  • Eleaniztasunak gero eta indar handiagoa du: hainbat hizkuntza erabiltzeko ohitura eta beharra sortzen ari da (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa...) eta horretara moldatu behar dugu.

Euskara planen oinarri eta ezaugarri nagusiak

1- Erabilera ardatz

  • Euskara enpresan era normalizatuan erabiltzea da helburua. Euskara lan arlo guztietan (bai idatziz eta bai ahoz, barneko nahiz kanpoko harremanetan, maila informalean zein formalean).
  • Lortu nahi den helburua konplexua da, beraz, era egokian neurtu eta zehaztu behar dira proposatuko diren helburuak, beti ere, eskuragarri izan daitezen.


2- Euskaldunak protagonista

  • Plan hauetan langile euskaldunen konpromisoa ezinbestekoa da prozesuaren motor gisa jokatzeko. Langile euskaldunek beren lana euskaraz egiteko duten motibaziotik abiatu behar du planak eta euskara teknikariak langileei motibazio lanetan laguntzen badie ere, langileek eurek hartu behar dute euskararekiko konpromisoa eta plana bultzatu eta aurrera atera. Hala eta guztiz ere, plangintza martxan jartzeko ez da ezinbestekoa langile guztiak euskaldunak izatea, ez eta langile erdaldunak euskara ikastera bidaltzea ere; euskal hiztunak eguneroko zereginetan euskara erabiltzen hastea da kontua, lan eginkizun errazen eta ohikoenetatik eta arian-arian helburu sakonagoak jarrita.


3- Adostasuna

  • Filosofia parte hartzailea izan behar du planak eta horretarako plana abiarazteko beste baldintza bat enpresaren adostasuna lortzea da. Proiektuak enpresako kide guztiek adostua behar du izan, bakoitzak bere erantzukizunak ezagutu ondoren eta horien inguruko konpromisoa hartuta.


4- Borondatezkotasuna

  • Euskalduntze planak borondatezkoak dira, ez da inor derrigortzen euskara planean parte hartzera eta langileek nahi dutelako parte hartzen dute. Dena dela, plangintzan aurrera egin ahala eta enpresak euskararen erabileraren inguruko erabakiak hartzen dituen heinean, planaren eragina ere enpresa guztira zabaltzen da.


5- Izaera metodikoa, neurtua eta ebaluatua

  • Planak helburu lorgarriak ditu ipar, erritmo orekatu bat izateko. Sinesgarritasunean oinarritua izan dadin, metodo bat jorratu da, beti ere, fase batzuk definitu, epe batzuk ezarri eta helburu batzuk lortu eta ebaluatu ahal izateko.

Euskara planaren eragileak

Euskara planetako protagonistak langileak direla esan dugu, baina horien artean badira era zuzenagoan parte hartu eta planaren metodo egoki bat lortzeko lanean eragile dihardutenak eta horiexek izaten dira planaren bultzatzaile:

  • Euskara Batzordea: Hasera batean motor lana egin eta jarraipena egiten die planei. Batzorde honetako kideak kargu eta izaera ezberdinetakoak izatea ere komeni izaten da eta horien arteko kopuru orekatua ere bai.
  • Koordinatzailea: enpresako langilea izaten da. Bere funtzioa proposamen, kezka nahiz beharrak aztertu eta zuzendaritzara bideratzea izaten da. Enpresa ondo ezagutzeaz gain, gestiorako gaitasuna duena eta jendeak aintzat hartzen duen pertsona izaten da.
  • Euskara teknikaria: bera da prozesuaren sustatzaileetako bat. Planaren hasieran bera izaten da erdigunea, motibazio lana egiteko nahiz langileei laguntza emateko. Baina organoek heldutasuna lortu ahala, teknikaria erantzukizunak gutxitu eta ardurak utziz joango da eta aholkulari funtzioa hartuko du, batez ere, bere gain. Hauxe da euskara planetan EMUNek eskaintzen duen zerbitzua, planaren ardura teknikoa asumituz, teknikari edota aholkulari lanak eginez.
  • Zuzendaritzaren inplikazioa: beharrezkoa da planaren eraginkortasuna bermatzeko. Izan ere, enpresetan edozein proiektu aurrera ateratzeko enpresako erantzule sozial eta gestioaren erantzule da zuzendaritza.

Euskara planen metodologiaren ardatzak

Euskararen erabileraren normalizazioa metodo jakin bati jarraituz planifikatu behar da, martxan jarri ondoren ebaluatu eta lana era egokian sistematizatuz. Horrela izan dadin, planek honako pausu edo faseak izaten dituzte:


1- Diagnostikoa eta diseinua

Enpresaren egoera errealaren diagnostiko zehatza egiten da fase honetan eta honakoak dira burutzen diren lan zehatzak:

  • Gaiarekiko langileen egoera eta jarrera aztertzen da.
  • Euskararen erabileraren indize edo ratioa kalkulatzen da, kanpo eta barne harremanetan (irudi, ahozko eta idatzizko harremanetan) euskara zein portzentajetan erabiltzen den kalkulutik abiatuta. Horretarako, EMUNek ardura teknikoa duen planetan, berak sortutako tresna informatikoa erabiltzen da.
  • Enpresan euskararen erabilerarako zein egoeratan dagoen jakiteko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indar guneak eta aukerak) egiten da.
  • Euskararen erabileraren egoera aztertu ondoren planaren diseinuari ekiten zaio; hau da, erabilera horrek hurrengo hiru urteetan izango duen bilakaera zehazten duen plan estrategikoa diseinatzen da. Azterketa horren ondorioz identifikatu diren eginkizun, barne eta kanpo dokumentu, harreman mota eta guneak orokorretik partikularrera, errazenetik zailenera eta maiztasunaren arabera sailkatuko dira, eta horren arabera zehaztuko dira helburuak.
  • Plana bizpahiru urtetarako diseinatuko da eta epe horretan lorgarriak diren helburuak definituko dira. Helburuekin batera, epeak eta bitartekoak definituko dira.


2- Inplementazioa edo garapen fasea

Enpresak martxan jartzen du plana. Honela, erabilera taldeak, euskara eskolak eta erabakitako bitartekoak hasten dira funtzionatzen eta zuzendaritza, euskara batzordea eta koordinatzaileak hainbat erabaki hartuz joango dira, enpresaren garapen eta erritmoaren arabera.

Euskara planaren inplementazioan erabili ohi diren bitarteko nagusiak, beti ere enpresaren egoerari eta nortasunari egokituta, honakoak dira:

  • Erabilera taldeak: talde hauek, hasiera batean, planaren oinarri bilakatzen dira eta bertan motibazioa, ezagutza eta erabilera hobetzeko taldeak dira. Hizkuntza egoera batetik abiatuta, hizkuntza ohiturak (ahoz eta idatziz) aldatzeko gune dira.
  • Lanpostuko laguntzak: langileei euren zereginak euskaraz betetzeko behar duten laguntza ematen zaie eta, bide batez, langileak euskaraz trebatzen joango dira.
  • Euskara eskolak: batez ere ezagutza hobetzeko, dena den, motibazioa ere beti lantzen da eta maila batetik aurrera erabilera ere bai. Eskolak langile bakoitzaren lanpostuaren beharretara egokitzen dira.
  • Itzulpenak eta terminologia lanak: ahal den neurrian langileak euskarazko testuak sortzera bideratuko dira, baina hori ezinezkoa denean itzulpenak ere egingo dira. Langileek euskaraz lan egiteko behar duten terminologia landu eta eskura jartzen zaie (euskarri informatikoan), euskaraz lan egin ahal izateko autonomia bultzatzeko, gainera euskaraz sortzeko dauden laguntza informatikoei buruzko informazioa emango zaie plan osoan zehar (Euskalterm terminologia bankua, Xuxen zuzentzaile ortografikoa, interneteko hiztegiak...).
  • Euskara Batzordea: oso garrantzitsua da enpresa barruan euskara plana bultzatzeko eta erabakiak proposatzeko, enpresan ofizialtasuna izango duen batzordea izatea.

Enpresa txikietako euskara planak

Artikulua irakurtzen ari zareten askorentzat beharbada “handiegia edo gehiegizkoa” irudituko zaizue azaldutako metodologia. Egia esan, orain artean, enpresa arloan enpresa handiak eta antolaketa konplexua duten enpresetan garatu dira euskara planak. Enpresa ertaina eta handietan kudeaketa sistemak oso garatuta daude eta dinamika horretan euskara txertatu ahal izateko gainerako arloak (produkzioa, kalitatea, finantzak...) kudeatzen diren seriotasunarekin kudeatu behar da euskara plana.

Kontuan izan behar dugu, ordea, enpresa gehienak txikiak eta antolaketa aldetik horren konplexua ez direla. Enpresa txikietan euskarari sarbidea emateari begira EMUN kooperatibak metodologia egokitua landu berri du eta lehen esperientziak martxan daude.

Enpresa txikietako planetan helburuei dagokienez ez dago aldaketarik, aldaketak helburu horiek lortzeko ematen diren urratsetan eta lana egiteko eran ematen dira. Enpresaren beharrak eta ahalmenak eskatzen dutelako metodologia eta prozesua asko errazten da. Enpresak bere barne baliabideekin hartzen du planaren erantzukizuna eta EMUNek aholkularitza kualifikatua ematen du euskarri teknikoen eta jarraipen zein laguntzarako bisiten bidez.

Gaiaren inguruko hainbat xehetasun

Neurrira egindako euskara planak

Enpresetan euskararen normalizazioari ekiteko metodologia indarrean dago eta metodologia horretan urratsak ematen ari dira. Dena den, esperientziak zera esaten digu: herri bakoitza, enpresa bakoitza eta pertsona bakoitza mundu bat da. Beraz, esku artean garatutako metodologia bat izatea oso garrantzitsua izanik ere, euskara plana enpresaren izaera, kultura, giro, premia, sentsibilitate, lan egiteko era... egokitu behar da. Enpresa batean baliagarria edo bidezkoa dena beste batean, sarritan, ez da horrela izaten eta, beraz, plan bakoitzak bere nortasuna izan behar du.


Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea eta dirulaguntzak

Enpresetako euskara planen garapenean Eusko Jaurlaritzak hasiera beretik parte hartu du. 1991. urtean Antzuolako ELAY enpresan plana martxan jarri zenean Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan zuen eta 1997. urtetik, urtero, deialdi publikoa egiten du eta dirulaguntzak ematen dizkie euskara planetan murgiltzen diren enpresei. Eusko Jaurlaritzak gai honi HPS (Hizkuntza Politikarako Sailordetza)tik erantzuten dio.

Eusko Jaurlaritzak ematen dituen dirulaguntzez gain, beste Erakunde Publiko batzuk ere ematen dituzte zuzeneko dirulaguntzak (Bizkaiko Foru Aldundia, Tolosako Udala...). Kontuan izan behar da, bestalde, HOBETUZek formaziorako urtero ematen dituen dirulaguntzetan, euskara planetan erabili ohi diren hainbat bitarteko (euskara eskolak, erabilera taldeak....) subentzionagarriak direla.

(JUAN LUIS AREXOLALEIBA "Gatxi" lana euskalduntzeko EMUN Koop. Elk.)

Informazio zehatzagoa behar baduzu, eskatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus