Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararen alderdi afektiboak eta efektiboak uztartu ditu Euskara Merkataritzara Klubak

Euskararen alderdi afektiboak eta efektiboak uztartu ditu Euskara Merkataritzara Klubak

2003-05-05 / 07:00 / SIADECO Ikerketa Elkartea   ENPRESA

Azpeitiko Euskara Patronatuaren eskariz SIADECO Ikerketa Elkarteak prestatu duen dokumentua da hau eta hainbat udalen finantziazioarekin diseinatua dagoen proiektu baten inguruko informazio orokorra www.erabili.com web gunean plazaratzeko helburuarekin prestatu da.

Euskal Herriko hainbat udalen laguntzarekin SIADECOk koordinatzen duen “Euskara Merkataritzara” egitasmo orokorraren barruan diseinatu den zerbitzu berri bat da “Euskara Merkataritzara Kluba”. Diseinua 2001-2002 ikasturtean egina da eta finantziazioan parte hartu duten udalak ondorengoak izan dira: Andoaingo Udala, Hernaniko Udala, Ibarrako Udala, Lasarte-Oriako Udala, Orioko Udala, Tolosako Udala eta Villabonako Udala.

Orain arte diseinu fasean dagoen proiektu hau indarrean jartzeko aukera, ordea, ahalik eta herririk gehienetara zabaltzea erabaki da eta dokumentu honetan ageri dena baino informazio zehatzagoa ere eskuratzeko modua izango luke interesatuak.

“Euskara Merkataritzara” egitasmoari elementu berriak eransten dizkion eta hizkuntza sentsibilizazioaz gain beste hainbat alderdi ere ukitzen dituen proiektu berri bat da “Euskara Merkataritzara Kluba”. Proiektu honen helburu eta ezaugarriak azaldu aurretik ordea, interesgarria izan daiteke “Euskara Merkataritzara” egitasmoaren azalpen labur bat egitea.

Euskara Merkataritzaraegitasmoa bi hitzetan

10 urteko ibilbidea egina du "Euskara Merkataritzara" proiektuak SIADECOren gidaritzapean. Euskararen erabilera sustatzea du helburu eta bere eragin esparrua txikizkako merkataritzako establezimenduek, ostalaritzakoek eta bestelako zerbitzuetakoek osatzen dute, beti ere, tamaina txikiko jarduerek. Egitasmoaren metodologiazko argibideak garrantzitsuak izan arren, azalpen horiek alde batera utzi eta egitasmoak une honetan eskaintzen dituen zerbitzu eta programa nagusienen aipamen laburra da ondorengoa:

  1. Sektorearen ezaugarrietara egokitutako hizkuntzazko diagnostikoak egiteko metodologia aplikatua eta kontrastatua.
  2. Jarraipenerako metodologia sistematizatua.
  3. Establezimenduen hizkuntza paisaian eragiteko programa.
  4. Merkatarientzako euskara ikastaro espezifikoak.
  5. Eskaintza eta eskariari buruzko datuak ezagutarazteko programak: “Merkataritza zeuregandik gertuago” eta “Ezagutu zure bezeroa”.
  6. Egitasmoaren material eta zerbitzu eskaintzak katalogo bidez zabaltzeko metodologia eta euskarriak: “zure esanetara” katalogoa.
  7. Establezimenduen hizkuntza normalizaziorako plangintza integralak: MEPI (Merkataritza Establezimenduen Plangintza Integralak) planak.
  8. Euskara ziurtagirien inguruko definizio, hizkuntza auditoria eta zabalpen lanetarako metodologia finkatua.

"Euskara Merkataritzara Klubarenfuntzioak egitasmo orokorraren barruan

Diseinu fasean dagoen proiektu honek ondorengo funtzio nagusiak bete beharko lituzke “Euskara Merkataritzara” egitasmoaren barruan:

  1. Hizkuntza sentsibilizazio eta motibazioan eragina izango duten elementu erakargarri eta berriekin osatuko du "Euskara Merkataritzara" egitasmoa. Horretarako proiektuaren oinarrian alderdi “afektiboak” (klubeko kide sentitzeko nahia,...) eta alderdi “efektiboak” (abantaila ekonomikoak eskuratzeko aukera,...) uztartzeko planteamendua dago.
  2. Hiru eragile mota desberdinen interesa piztuko duen zirkuitu bat osatzen lagunduko du: udalak, establezimenduak eta bezeroak edo herritarrak.
  3. Komunikaziorako teknologia berriak, marketing aplikaturako teknika berriak eta bestelako aurrerapenak, establezimenduetan euskararen erabilera sustatzeko lantresna modura integratzeko aukera eskainiko du.
  4. “Euskara Merkataritzara” egitasmoaren barruan orain artean martxan jarri diren programa, zerbitzu eta material eskaintzari batasun eta osotasuna emateko funtzioa ere izango du Klubaren antolaketak eta funtzionamenduak.
  5. Proiektuak herri eta gizarte mailan nabaritasun maila bat lortzeko bide berriak zabaltzen lagunduko du.

Zer da eta zein da Klubaren funtzionamendurako eredua

“Euskara Merkataritzara Kluba” zerbitzuen sektorerako eta bereziki establezimendu txikien ezaugarrietarako diseinatutako komunikazio-sentsibilizaziorako metodoa garatzeko aukera eskainiko lukeen plataforma gisa kontsideratu daiteke. Herrietako establezimendu txikien onurarako bezeroen fidelizatze soziokomertziala eta euskararen sustapena uztartuko dituen bitarteko edo tresna eraginkor bat lortzea da finkatutako erronka.

Funtzionamendurako oinarrizko zutabeak ondorengoak dira:

  • Udalak klubera atxikitzea (Udal Euskara Zerbitzuak), klubaren bidez “Euskara Merkataritzara” proiektuaren inguruko programak, materialak eta zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko.
  • Merkataritza, ostalaritza eta bestelako establezimendu txikiak, establezimendu asoziatu bezala klubera atxikitzea. Honela, eskatzen zaizkien datuak bete ondoren, atxikitako establezimendu bezala kreditatzen dituen ezaugarria bereizlea (eranskailua) jasoko dute, eta klub horrek bideratzen dituen jarduera eta ekimen guztietan hartu ahal izango dute parte.
  • Atxikitako establezimenduek, klubaren bazkide txartela eta klubak bideratzen dituen ekintza komunikatiboak eta fidelizazio ekintzak sustatzeko konpromisoa hartzea.
  • Merkataritza establezimendu eta zerbitzuetako bezero eta erabiltzaileak klubeko bazkide egitea (Eskaera orrian agertzen diren datuak bete ondoren, bazkide txartela jasoko du. Txartel hau erakutsi beharko du erosketak egiteko garaian, opariengatik trukatu ahal izango dituen puntuak jaso ahal izateko, zozketetan parte hartzeko, klubeko beste eskaintzen eta abantailen onuradun izateko, etab.)
  • Klubeko bazkideen eta atxikitako establezimenduen datu oinarriak etengabe hornitzen eta ustiatzen joango den Marketingeko Informazio Sistema (MIS) sortzea.
  • Proiektu honetan informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak txertatzea eta beroiei erabilera jarraitu eta berritzailea ematea.
  • Klubeko materialen eta zerbitzuen sustapen eta publizitatearen inguruan euskarri komunikatibo egokiak garatzea, hala nola: klubaren web orria, atxikitako establezimenduaren ezaugarri bereizlea, bazkide txartela, oparien katalogoa, etab.
  • Hasiera batean, euskararen eta txikizkako merkataritzaren eta zerbitzuen sektoreko establezimenduen sustapen soziokomertzialerako EUSMERK puntu sistema martxan jartzea. Sistema hau, bazkideak puntuak metatzeko aukeran oinarritzen da, opari eta sariekin truka daitezkeen puntuetan.

Bestalde, Klubaren funtzionamendu egokia bermatu beharko duen egiturak ondorengo zeregin nagusiak izango ditu:

  • Klubaren funtzionamenduaren etengabeko hobekuntza eta kalitatea bermatu asmoz egoki ikusten diren ekimenak proposatu, diseinatu eta planifikatu.
  • Sinergiak lortu eta beroien garapen koherentea erraztu ahal izateko, Klubaren funtzionamenduan eragiten duten ekimen eta jarduera guztiak koordinatu.
  • Proiektuaren irudi korporatiboaren estrategia modu iraunkorrean diseinatu, eta irudi estrategia horrek eskatzen duen komunikazioa zuzendu eta kontrolatu.

Zer eman eta eskatzen du Klubak

Udalen kasuan

Herriko komertzio eta establezimenduen ohiko jardueran eta bezeroekiko komunikazio fluxuetan euskarazko funtzionamendua izango duen marketing sozialeko tresna bat martxan izateko aukera izango luke udalak. Tresna horrek herriko komertzio txikien sustapen soziokomertzialerako ekimenen komunikazio hizkuntza euskara izatea lortuko luke.

Komunikazio eta fidelizazio sistema honen baitan, era guztietako euskarazko produktu eta zerbitzu soziokulturalen kontsumoa sustatzeko neurriak ere bultzatu daitezke.

“Euskara Merkataritzara” egitasmoa aurrera eramaten duten udaletan, egitasmo hori bezero edo herritarrengana hurbildu, proiektu horren nabaritasun maila areagotu eta euskararen erabileraren aldeko mezuak modu iraunkorrean zabalduko dituen zerbitzu gisa funtzionatuko du Klubak udalarentzat.

Bestetik, Klubak euskararen erabileran eta hizkuntza normalizazioan eragiten duten era guztietako jarduerak sustatzen lagun dezake. Adibide modura, besteak beste:

  • Klubera atxikitako Udalen, merkatarien eta merkatari-elkarteen topaketa: web orrialdearen aurkezpena.
  • Klubera atxikitako udaletan, merkataritzan egiten den euskararen erabileraren inguruko hitzaldi eta erakusketa ibiltaria (kultur etxe desberdinetan jar daiteke).
  • Erosketak egiterakoan eta zerbitzuak erabiltzerakoan egiten den euskararen inguruko prestakuntza-tailerra (tailer hau klubera atxikita dauden udalerrietako prestakuntza-zentruetan garatuko litzateke nagusiki).

Klubaren bitartez herriko establezimenduei eta udalari berari eskainitako zerbitzu eta publizitaterako aukeren truke, Klubaren funtzionamendu gastuei aurre egiteko urteroko kuota bat ordaindu beharko luke udalak. Diru baliabideak dira udalak ipini beharrekoak, gainerakoak (giza baliabideak, baliabide teknikoak eta baliabide materialak) Kluba beraren jarduera planean aurrikusiak daude. Klubaren finantziaziorako, udalez gain Klubeko zerbitzuen erabiltzaileak diren establezimenduen ordainketak ere aurrikusten dira. Udalei egokitutako kuotak ondorengo alderdien baitan egongo dira:

  • Herrian kokatutako establezimendu kopurua.
  • Klubaren proiektuan parte hartzen duten herri edo udal kopurua.
  • Klubaren funtzionamendu urteak, batetik establezimenduen finantziazio mailak gora egingo duelako eta bestetik bitartekoak optimizatuko direlako, udalen diru ekarpenak urtez urte murrizteko estrategiak jarriko baitira martxan.


Establezimenduen kasuan

Klubera atxikitako establezimenduek, eta honela kreditatzen dituen ezaugarria duten unetik, merkataritza eta zerbitzuen sektorean modu erabakigarrian euskararen erabilera sustatzeaz gain, bere bezeroen konfiantza eta leialtasuna lortzeko zerbitzu iraunkor bat izango dute.

Zentzu honetan establezimenduok, salmentak sustatzeko modu berriak martxan jarri, leialtze programak sortu eta bere bezeroen jokabideen inguruko informazioa lortu ahal izateko plataforma operatiboa izango dute.

Klubaren establezimenduetarako zerbitzu eskaintza horren xehetasunak urtez urte eta hiru urteetarako planifikatua dagoen jarduera planean daude jasoak.

Klubeko bazkide egiten den establezimenduarentzat bi kuota mota bereizten dira:

  • Urteko kuota finkoa: Klubak establezimendu bakoitzari eskainitako zerbitzu eta entregatutako materialei dagokiena.
  • Salmenta bolumenaren araberakoa: bezeroen fidelizaziorako oparien finantziazioari dagokiona.


Bezeroen kasuan

Merkataritza establezimenduetan eskatu eta erabat dohainekoa den Klubeko bazkide txartelak bezeroa “Euskara Merkataritzara Klubean” atxikitako establezimenduetako lehentasunezko bezero, eta euskararen normalizazio prozesuarekin sentsibilizatutako pertsona bezala "identifikatzeko" balioko du.

Klubeko bazkide diren establezimenduetan egindako erosketetan, opariak jasotzeko aukera emango dion puntuak eskuratu eta pilatzeko aukera izango du bezeroak.

Bezero bazkideek, klubera atxikitako establezimenduek eskainitako azken promozio eta berrien inguruko aurretiazko eta lehentasunezko informazioa jaso ahal izango dute, eta baita bere udalerrian hizkuntza normalizazioaren inguruan bideratzen diren ekimenen inguruko informazioa ere.

Bazkideak, klubaren inguruan antolatuko diren jarduera, eskaintza... guztien onuradun izango dira (deskontuak, egun berezietarako taloitegi-opariak -urtebetetzeetan...etab-, zozketatan parte hartzea, jarduera eta ekitaldietara abantailazko baldintzatan joateko aukera, etab.).

Bezeroak, Klubaren, establezimenduen eta bere herriko udalaren proiektu honi atxikitako abantailetaz baliatzeko aukera inolako diru ordainketarik egin gabe izango du.

Klubaren irudi korporatiboaren eskema

  • IDENTITATE ETA XEDEAK
    - HIZKUNTZA NORMALIZAZIOARI APLIKATUTAKO FIDELIZATZE SOZIOKOMERTZIALA
    - ERREFERENTZIAZKOA
    - ERAKARGARRIA
    - INTERES PUBLIKOAK ETA PRIBATUAK BATERATZEN DITUENA
    - ERAGINKORRA
    - EBALUATZAILEA
  • EGITEKOA IKUSPEGIA ETA ORIENTABIDEAK
    - ESPARRU SOZIOKOMERTZIALEAN HIZKUNTZA SENTSIBILIZAZIORAKO EGITURA ANTOLATUA.
    - EUSKARAREN ETA DINAMIKA SOZIOKOMERTZIALAREN ARTEKO HARREMANEAN ZENTRATUTAKO TRESNA TEKNIKOA. HONAKOETAN OINARRITZEN DA: Errealitatearen ezagutza ETA Elkarlana eta eragileen artikulazioa.
    - HAUEKIKO ORIENTABIDEAK: 1. Berrikuntza, kalitatea, eta etengabeko hobekuntza 2. Ingurunea 3. Pertsonak
  • KOKAPENA
    - KALITATEA/BIKAINTASUNA
    - INGURUNEAREKIKO ERABATEKO INTERAKZIOA
    - PARTE HARTZE ETA GARAPEN KOMUNITARIOA
    - PROAKTIBITATEA ETA ERANTZUTEKO GAITASUNA


"Euskara Merkataritza Kluba" egitasmoari buruzko galderaren bat egin nahi baduzu beherago duzun ERANTZUN atalean sakatu. Informazio pertsonalagoa eskatzeko, berriz, sakatu HEMEN.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus