Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Saguarekin zirika hemen eta zirika han

Saguarekin zirika hemen eta zirika han

2003-06-11 / 07:15 / erabili.com   IRAKASKUNTZA

Irakasle eta gurasoek badute zer eta non aukeratu: El racó del Clic izeneko interneteko txokoan haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako haur eta gaztetxoentzat ordenagailu bidezko 132 jarduera didaktiko eskura daitezke eta, gainera, jarduera horiek guztiak euskaraz daude.

Zer dago

Zer dago

Matematika, Gizarte Zientziak, Musika, hizkuntzak, euskal aditza, Euskal Herriko inauteriak edota Eguzki sistema ordenagailu bidez lantzeko materiale didaktikoa aurkituko duzu El racó del Clic atarian. Berez, interneteko gune hori irakasleek Clic izeneko tresnaren bidez sortutako materiale didaktikoa trukatzeko plaza da. Bertan dagoen guztia edozeinentzat dago eskuragarri eta dohainik da. Materiale didaktiko guztia irakasleek sortu dute, batzuetan auzolanean eta gehienetan bakarka. Milaka eta milaka lanordu behar izan dira El racó del Clic gunean bildu den materiale didaktiko guztia egiteko. Bertan dauden lan guztiak borondatezkoak dira, diru ordainik gabeak.

Euskaraz ere bai

El racó del Clic atarian dagoen materiale didaktiko guztia lau hizkuntzatan dago: gazteleraz, katalanez, galegoz eta euskaraz. Euskaraz dagoen materiale didaktikorik gehiena katalaneratik eta gazteleratik itzulitakoa da baina, hala ere, badago jatorriz euskaraz sortutakorik ere, eta ez gutxi gainera. Euskaratutako jarduera batzuk (gutxi batzuk) orraztu txiki bat behar dutela ere aitortu beharra dago.

Erabiltzeko sortua

Oro har, kalitate didaktiko handiko materiala biltzen du El racó del Clic elkartrukerako guneak. Bertan bildu den materialaren helburu nagusia ikastetxeetan lantzen den curriculumaren baitako hainbat esparru indartzea eta osatzea da ordenagailu bidezko ariketa osagarrien bitartez. El racó del Clic gunean eskuragarri dauden lantresna guztiak, gure erabili.com atariaren izena eta izanarekin gertatzen den bezalaxe, "erabiltzeko sortu dira".

Zer egin behar da

  1. El Racó del Clic gunean dauden jarduera didaktikoak erabili ahal izateko, lehenik eta behin, hemen (1209Kb) eskuragarri duzun Clic 3.0 lantresna informatikoa sartu behar duzu zeure ordenagailuan.
  2. Ondoren hemen sakatu eta nahi dituzun jarduera didaktikoak banan-banan ekarri beharko dituzu zeure ordenagailura. Lasai hartu: ugaritasunean aukeratzen bakar-bakarrik lanak izango dituzu. (berehala konturatuko zara baina, aldez aurretik jakin ezazu: tamalez, bertako argibideak gazteleraz daude nagusiki)
  3. Jarduera bakoitza zeure ordenagailura ekarri ondoren, fitxategiaren gainean sakatu eta txistu batean, inolako zailtasunik gabe, zeure ordenagailuan ezarriko dira eta ariketak egiteko prest izango dituzu.
  4. Ez ahaztu eta eskerrona azal iezaiozu eskuratzen duzun material didaktikoaren egileari. Bidal iezaiozu posta mezutxo bat: guztioi gustatzen zaigu egindako lanarengatik eskerrona jasotzea. Poza emateak ere berea balio du lanean jarraitzeko.
  5. Arazorik baduzu, hots egiguzu telefonoz (943 81 45 18) edota, ezordutan bazabiltza, posta-mezu bat bidal iezaguzu. Saiatuko gara, ahal dugun neurrian, zeure arazoa konpontzen.


Informazio sakonagoa nahi baduzu sakatu HEMEN


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus