Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Zer egin behar da, 'hemen' eta 'orain' euskarak burua jasotzeko?

Zer egin behar da, 'hemen' eta 'orain' euskarak burua jasotzeko?

2003-04-02 / 08:59 / erabili.com   HIZKUNTZA

Galdera horixe egiten du Mikel Zalbidek Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio? idazlanean eta, gaur-gaurkoz, behintzat, euskarari dagokionez, benetako zuloa hor daukagula berresten du: "Benetako zuloa, hutsarte handia nolanahi ere, preskripzio horretan daukagu" eta, ildo beretik, zera gaineratzen du: "Guk berriz horixe behar, juxtu-juxtu: norbaitek esatea, behingoz, gure gaitza (hots, euskararen ezina) sendatzeko zer egin behar dugun. Zer egin behar dugun hemen eta orain, benetan ditugun baliabide mugatuak ditugularik eskueran". Mikel Zalbideren esanetan, euskaltzaleok gogoeta lanari dedikazio ahula eskaintzen diogu eta "askozaz emanagoak gara gehienok euskararen aldeko ekimen bizian murgiltzera (nola edo hala, baina zerbait egitera) hain funtsezkoa dugun arazoari gogoeta-lan jarraituaz irtenbide arrazoizkoak bilatzen saiatzea baino".

Nagitasun intelektual nabarmena

Nagitasun intelektual nabarmena

Mikel Zalbidek, Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio? idazlanean, hizkuntza indarberritzeko saioetan intuiziozko jokabidearekin ari garela dio eta hain inportantea den kontuari merezi lukeen trataera emateko guztiok hortik gora jo beharra daukagula aldarrikatzen du. Ahuldutako hizkuntzen indarberritze-saioei buruz gure artean egin den gogoeta ahaleginaz zera dio Zalbidek: "Salbuespen jakinak alde batera utzita, negargarria ere bada, alor honi dagokionez, nagusiturik daukagun axolagabetasuna. Egia da tradizio zientifiko handirik ez dagoela mundu zabalean indarberritze kontu hauetaz, nondik ikasia eta nola eskuratua erraz eskainiko digunik. Hori bezain egia da, ordea, nagitasun intelektual nabarmena ageri dela nagusi, ahuldutako indarberritze-saioei dagokienean". Zalbideren ustez, hizkuntzaren soziologiak gure artean bizi duen egoera ahularen eta, askotan prezientifikoaren, seinale eta iturburu nagitasun eta axolagabekeria hori ere baditugu.

Hizkuntza indarberritzeko oinarri teorikoak nola etxekotu

Gure barruti soziokulturalean euskara indarberritzeko ahalegina oinarri zientifiko eta teorikoz jantzi nahi badugu, gaur egun daukagun bide bakarretik jo behar dugu Mikel Zalbideren ustez: "Mundu zabalean gai horretaz osatzen eta garatzen ari den jakitatea eskuratuz, ikasiz, hausnartuz, gainerako fomulazioekin konparatuz eta, kontzeptu-argitze egokiaz, jendaurrean agertuz eta jasoko ditugun kritiken arabera zorroztuz, eguneratuz eta gure koordenatu soziokulturaletan egokiro txertatzen saiatuz. Nekez izan liteke hori guztia, inondik ere, pertsona edo lagun-taldetxo bakarrak, bere baitarik eta saio-kolpe batez, egin dezakeen lana. Are gutxiago, jakina, kontu horietan murgil egitera ausartzen garen apurrok teoriazko prestaeraz, esperientzia praktikoz edo alde bietarik behar bezain jantziak ez bagaude. Gure azalpenak osagabeak izango dira ezinbestean: kontzeptuzko integrazio-maila handirik gabeak hainbatetan, eta eguneroko gizarte-bizitzak eskaintzen dizkigun gertaera eta emaitza konkretuekin nahi baino ezkongaitzagoak ere bai hainbatetan. Hasten ez bagara ez dugu, ordea, inoiz biderik zabalduko. Nork geure mugak aitortuz has gaitezen, hortaz, dakiguntxo hori elkarri agertzen, jasoko ditugun kritika-oharrak hausnartzen eta, elkarren arrimuan, azterbide osatuagoa eskuratzen".

Bideak zabaltzen erabili.com erabiliz

Mikel Zalbidek Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio? idazlanean, hain zuzen ere, euskara indarberritzeko ahalegina zientziazko eta teoriazko soinekoz jazteko lantegia bere bizkar hartzen du eta bide erakusle eta bidegile azalduko zaigu: mundu zabalean gai horretaz osatzen eta garatzen ari den jakitatea eskuratzen dio irakurleari, azter dezan eta hausnar dezan. Era berean, gainerako fomulazioekin alderatzen du eta, kontzeptu-argitze egokiaz, jendaurrean agertzen da. Hain zuzen ere, erabili.com horretarako erabiliko du Mikel Zalbidek: zure kritikak jasotzeko eta jasoko dituen kritiken arabera, euskararen indarberritzea helburu duela, bere diskurtsoa etengabe zorrozteko, eguneratzeko eta gure koordenatu soziokulturaletan egokiro txertatzen saiatzeko. Baina horretarako, ezinbestean, zure laguntza behar du, irakurle. Euskarak dagoen atakatik irteteko guztion beharra du, zurea ere bai, jakina. Nor bakoitzak dakiguntxo horretatik elkarri apurtxo bat eskainiko bagenio, euskarak aurrez aurre dituen aldapak, ez nolanahikoak gainera, errazago zelaituko genituzke. Lehen ere esana dugu erabili.com-en eta behar hainbat aldiz ere esan beharko dugu aurrerantzean: Euskarak aurrera egitea nahi badugu, GU GEU GARA BIDEA. Hemen eta orain, zeu zara bide hori. Euskararen aurrerabidea beste batzuen eskuetan utzi beharrean, zeuri dagokizun arduratxoa hartzen baduzu, zuri eskerrak pauso txiki bat egin dezakegu aurrera eta, jakin badakizu, pausorik txikiena ere behar-beharrezkoa dela bidea burutu ahal izateko. Nagikeriaz jokatzen baduzu, eta zuk zeuk egin dezakezuna auzokoaren eskuetan uzten baduzu, akaso, nahi ez genukeen sasi bideetan ibili beharko dugu, zizta hemen eta zizta han, arantzaz inguraturik.

Behin behineko idazlana

Mikel Zalbidek erabili.com-en bitartez etxeratuko dizun idazlana behin-behinekoa da. Hain zuzen ere, Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio? idazlana gaiak eskatzen duen jakite zabal-sakonera hurbiltzeko saio bat da, estraineko ahalegin bat. Ahalegin honen guztionganatzea eta behin behineko izatetik behin betikora bidean jartzea, esan bezala, zu bezalako irakurleen ekarpenen baitan dago. Mikel Zalbidek bere ahalegina egin du (berebiziko ahalegina, egia esan) orain berriz, ahalegin hori hutsala gerta ez dadin guztion esku dago, elkarren babesean, azterbide osatuagoa eskuratzea euskararen indarberritzea eraginkorragoa bihur dadin.

Atalkako argitalpena

Mikel Zalbideren idazlanaren zabalera eta sakonera kontuan hartuta atalka argitaratzea erabaki dugu. Hala, irakurle zaretenok atal bakoitzaren edukiak irakurri eta hausnartu ahala nahi adina ekarpen kritiko egiteko aukera izango duzue. Gure asmoa eta nahia horixe izan da, orain berriz, beti bezala, irakurleok duzue azken hitza zuen erantzunekin Mikel Zalbideren idazlana osatzeko eta aberasteko.

Idazlana atalka

Irakurtzeko sakatu gainean:

  1. Definiziozko hasi-masiak.
  2. Ahuldutako hizkuntza noraino dago ahuldua?
  3. Zer da ahuldutako hizkuntza indarberritzea?
  4. Zer egin liteke, ahuldutako hizkuntza indarberritzeko?
  5. Acquisition planning: galbidean doan hizkuntza jendeari erakustea
  6. Ikasleek ba al dakite euskaraz?
  7. Ikasleek egiten al dute euskaraz?
  8. Osabetezko Status planning: aginpidea eskuratuz hizkuntza ahulari, ohikoez gain, goi-mailako funtzioak segurtatzea
  9. Community fostering: hizkuntza ahulari belaunez belauneko iraupen-bidea bermatzea eta hiztun-elkarteari bere neurriko esparru berriak zabaltzea

Idazlan osoa

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus