Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskararen sozializazioa lan-munduan hezur-mamitzeko hitzarmena sinatu dute Azpeitian

Euskararen sozializazioa lan-munduan hezur-mamitzeko hitzarmena sinatu dute Azpeitian

2015-03-28 / 07:00 / erabili.eus   UDALETXEA

Azpeitiko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak hiru urteko hitzarmena sinatu dute.

Azpeitiko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute 2015-03-26an Azpeitiko udaletxean. Eneko Etxeberria alkateak eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak sinatu dute arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko akordioa. Bertan izan da Patxi Saez Euskararen Patronatuko zuzendaria ere.

Azpeitiko Udalak azken urteotan aurrera eraman duen hizkuntza-politikak eta alor horretan egindako ekintzak bat datoz Ziurtagiriaren Elkartearen helburuekin. Hala, lankidetza-hitzarmen honek bi erakundeen indar eta ahaleginen sinergiak batuko ditu arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko.

Hiru urterako hitzarmena

2011 urtea ezkero diruz laguntzen du Azpeitiko Udalak Bai Euskarari Ziurtagiriaren egitasmoa, baina aurten lehen aldiz jaso da hitzarmen batean.

Hitzarmenean jasotzen denez, Udalak eta Euskara Patronatuak urtean 3.000 euro bideratuko dituzte udalerrian Ziurtagiria hedatzeko. Diru-laguntza horri esker, Ziurtagiriaren Elkarteak deskontu bat aplikatuko die urteko kuotan Ziurtagiria berritzen duten edo lehen aldiz eskuratzen duten entitateei. Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du.

Azpeitiko ebaluazioak udazkenean egingo ditu Ziurtagiriaren Elkarteak, urtero egin ohi duen bezala.

Lan eta bizi euskaraz egiteko

Bi aldeak pozik agertu dira hitzarmena sinatu berritan. Etxeberria alkateak azpimarratu duenez, "5.000 biztanletik gorako udalerrien artean Azpeitia da herri euskaldunena" eta gaineratu du, "zentzu horretan, Udalarentzat estrategikoa da arlo sozioekonomikoan eragiteko egitasmoak babestea eta estrategia horretan txertatzen da Bai Euskarari egitasmoa".

Patxi Saez Euskararen Patronatuko zuzendariak nabarmendu duenez, "kontutan izanda egunero lan munduan pasatzen dugun ordu kopuru handia, lan mundua euskalduntzea estrategikoa da euskararen normalizaziorako". Saezek gehitu du: "Ildo horretatik, azpimarratu behar da arlo sozioekonomikoa euskalduntzearen garrantzia. Herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak ematea/areagotzea da azken helburua".

Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak eskerrak eman dizkio Udalari 2011tik egitasmoa laguntzeagatik. Era berean, Gutiérrezek zoriondu ditu une honetan Bai Euskarari Ziurtagiria duten Azpeitiko 29 entitateak, "eredugarriak direlako", haren esanetan.

Gutiérrezek gaineratu duenez, "elkarlana beharrezkoa da emaitzak positiboak izango badira. Zentzu horretan, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea ahalegintzen da lekuan lekuko administrazio, euskalgintza, merkatari elkarte eta bestelako eragileekin".

Gutiérrezek gogoratu du Ziurtagiria Euskal Herri osoko tresna dela eta, amaitzeko, Ziurtagiriarekin batera elkartea lantzen ari den beste proiektuak aipatu ditu (Enpresarean eta LanSarean)

Gutiérrezek gaineratu duenez, "Azpeitiko Udalarekin sinatu dugun hitzarmen honek bi erakundeen arteko indar eta ahaleginen sinergiak batu eta arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzen jarraitzea ahalbideratuko du".

Ziurtagiria eskuratzeko bost arrazoi

  1. Euskal Herriko alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko tresna baliagarria da.
  2. Bezeroei begira, entitateak bereiztea eta zerbitzuak eta produktuak bere hizkuntzan jasotzea erakargarriagoa da.
  3. Lehiakideengandik nabarmentzen eta merkatu kuota irabazten laguntzen du.
  4. Ziurtagiriak euskararekiko konpromisoa adierazten du, taldearen kohesioan eta motibazioan eraginez; horri esker ere lortzen da arrakasta.
  5. Urratsak egiten ari diren Euskal Herri osoko entitateak identifikatu eta saritzen ditu.

29 ziurtagiridun Azpeitian

Gaur egun 29 entitatek dute Ziurtagiria Azpeitian: zazpi entitatek ‘Zerbitzua eta lana euskaraz’ maila dute; 16k ‘Zerbitzua euskaraz’ maila; eta beste seik ‘Euskararen bidean’ maila.

Hemen duzue zerrenda osoa:

  1. Abelur Koop. Elk. / Zerbitzua eta lana euskaraz
  2. Agirre Oparidenda / Zerbitzua eta lana euskaraz
  3. Alberdi Farmazia / Euskararen bidean
  4. Ametsa Kafetegia / Zerbitzua euskaraz
  5. ANTZIBAR S.A.U. / Zerbitzua euskaraz
  6. Arrospide Oinetakoak - Azpeitia / Zerbitzua euskaraz
  7. Bankoa S.A. - Azpeitia / Zerbitzua euskaraz
  8. Biur arropa-denda / Euskararen bidean
  9. Edurne Oinetakoak / Zerbitzua euskaraz
  10. ELA Sindikatua - Urola Kosta / Zerbitzua eta lana euskaraz
  11. Electricidad Electrónica Esnaola S.L / Euskararen bidean
  12. EREGI, Euskara eta Komunikazioa / Zerbitzua eta lana euskaraz
  13. Funeraria Carmona Ehorzketak SL / Euskararen bidean
  14. Garai ileapaindegia / Zerbitzua euskaraz
  15. Giabeko E.M. / Zerbitzua euskaraz
  16. GIFE - Gipuzkoako Frisoi Elkartea / Zerbitzua eta lana euskaraz
  17. GOE - Gipuzkoako Oilozainen Elkartea / Zerbitzua euskaraz
  18. HEBE - Herri Behi Elkartea / Zerbitzua eta lana euskaraz
  19. Ilargi Mertzeria / Zerbitzua euskaraz
  20. J.B. Sansebastian Harategia / Zerbitzua euskaraz
  21. Juan Martin Intxausti Harategia / Zerbitzua euskaraz
  22. Kiruri Jatetxea / Zerbitzua euskaraz
  23. Lagun Onak Mendi Bazkuna / Zerbitzua euskaraz
  24. Loiola Sukaldeak / Euskararen bidean
  25. Luba Aholkularitza / Zerbitzua euskaraz
  26. Ongi-Etorri Jatetxea / Zerbitzua euskaraz
  27. Orbegozo autoak / Euskararen bidean
  28. Otamendi Erloju eta Bitxi Denda / Zerbitzua euskaraz
  29. Uztarria Kultur Koordinadora / Zerbitzua eta lana euskaraz

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus