Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu du Azpeitiko Udalak

Azpeitiko Udala / Udaletxea / 2015-01-15 / 07:00


Azpeitiko Udalak 2015-2017 eperako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu berri du joan den abenduaren 2an.



ESEP Azpeitian euskararen egoera hobetzeko erreminta bat da: etorkizuna aurreikusteko eta etorkizunari aurre hartzeko erreminta. Azpeitiko Udalak herritarrekin hartzen duen konpromiso bat, askoren ahaleginaren emaitza. Plan honek, Azpeitiko herritarren artean, euskararen erabateko normalizazioa lortzeko, lehentasunezko helburuak eta eragin eremuak identifikatzen ditu, hizkuntza politikako neurriak erabaki eta aplikatuz euskaraz bizi nahi duten azpeitiarrei horretarako aukerak eta bermeak eskaini ahal izateko. Plangintza honek Azpeitiko gizarte-sarearen maila guztietan euskararen balio funtzionala eta sinbolikoa indartzea du helburu.

Hizkuntza plangintza berria hiru helburu estrategikoren inguruan antolatuta dago. Helburu nagusia euskararen erabilera dugu (administrazioan, enpresetan...). Erabilerarekin batera jabekuntzak (euskararen belaunaldien arteko transmisioak) eta elikadurak (euskarazko produktuak sortzea: aldizkariak, liburuak, informatikako programak, antzerkiak, musika...) osatzen dute helburu estrategikoen atala.

Hona hemen, modu laburtuan, hiru ardatz estrategiko horien gainean hezurmamituko diren lan-ildo nagusiak:

  1. Euskararen ezagupena eta erabilera belaunaldi berrietan bermatzea.
  2. Euskara ohiko hizkuntza izango duten arnasgune eta funtzioak zaindu, indartu eta hedatzea, euskararen belaunez belauneko transmisioa bermatzeko eta erreferentzialtasun soziala indartzeko. Azken batean, helburua ez baita euskararen ezagutza zabaltzea, besterik gabe, baizik eta euskal hiztunak sortzea.
  3. Familia-transmisioa bermatzea, oso bereziki 25 urte barru izango diren 30 urtez azpiko gazte elebidunek euskara ere izan dezaten etxeko hizkuntza. Hauxe dugu etorkizunaren gako nagusia.
  4. Azpeitiko euskaldunen harreman-sareak trinkotzea, euskararen erabilerarako sare operatibo presentzialak zein birtualak hedatuz eta indartuz.
  5. Euskara erabiltzeko aukerak areagotzea, familia euskaldunei, gazteei eta haurrei lehentasuna emanez.
  6. Helduen eta edadetuen munduan -bizikidetzarako gutxieneko helburutzat hartuta- elebitasun simetrikoa edo pasiboa areagotzea eta prestigiatzea.
  7. Euskarazko kultura kontsumoa indartzea, euskal kultura industria, ekoizle eta sortzaileekiko ikuspegi askatzaile batetik.
  8. Euskara eta haren munduak etorkinengana hurbiltzea, hauen integrazio zabala eta aberasgarria ahalbidetzeko eta euskara erabilera-eremu demografikoki dinamikoetara hurbiltzeko xedez.
  9. Euskaraz komunikatzeko estandarrak malgutzea eta aberastea, hiztun berrien adierazkortasunaren mesedetan. Zuzentasunaren irizpide bakarretik komunikagarritasunarenera eta adierazkortasunarenera igarotzea.
  10. Hizkuntza eskubideak eremu publikoan aitortzeko ez ezik errespetatzeko bidean, euskara erabiltzeko aukerak bermatzea.
  11. Euskararen erakargarritasuna lantzea eta era egokian proiektatzea: euskarak mundu ugari ditu bere baitan, eta euskarara datozenen munduentzako tokirik ere badu bere barnean. Proiektatzen dugun baino anizkoitzagoa da euskararen unibertsoa, eta are anizkoitzagoa egin beharra dugu, gizartearen pare anizkoitza izatera iritsiko bada.
  12. Euskararen irudiari prestigioa ematea, kultura eta komunikazioaren alorreko lorpenak garbi proiektatuz, batetik, eta, bestetik, euskal gizartearen kohesiorako osagai ezinbestekoa dela praktikan eta diskurtso publikoan adieraziz.
  13. Hizkuntzaren teknologiak (informazio eta komunikazioaren teknologiak euskararen garapenerako baliatzea), sarerako euskarazko edukiak sortzea eta komunikaziorako sare birtualak era egokian baliatzea, euskararen normalkuntza eta erabilera aukeren mesedetan. Izan ere, euskarak informazio eta komunikazioaren teknologiak baliatu behar ditu, horixe baitu ezinbesteko baldintza hizkuntza guztiz garatua izatera iristeko.
  14. Hizkuntza politikaren inguruko akordiorik zabalena etengabe elikatu eta sendotzea, euskararen biziberritzea eta kohesio soziala estu lotuko dituen itun berritu baten bila.

Laburbilduz, Euskara Sustatzeko Azpeitiko Ekintza Plana, euskararen berrikuntza eta aurrerapenerako, ezinbesteko kudeaketa erreminta izango dugu datozen urteetan.



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/plangintzak/gurien/1419171532