Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  15 urte arnasguneari arnasa ematen.

15 urte arnasguneari arnasa ematen.

2015-01-07 / 07:00 / Oier Salegi Odriozola   EUSKARA PATRONATUA

Azpeitiko Euskara Patronatuak 15 urte bete ditu Azpeitiko herriari eta herritarrei bere lana eskaintzen eta euskarari arnasa ematen.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Herrian egindako azken Mapa Soziolinguistikoaren arabera, Azpeitia da 5.000 biztanletik gorako herrien artean batez beste munduan euskaldun gehien dituen herria. Hain zuzen ere, Euskara Patronatuak Azpeitian euskararen bizi-indarra hauspotzen dihardu bere sorreratik. Lantegi horretan, gainera, ondo egindako lanaren aitormena jaso du, behin baino gehiagotan.

Baina susmoa dugu Azpeitiko Euskara Patronatuak egiten duen lanari buruzko oso ideia lausoa eta zehazgabea dutela herritar askok eta askok. Horregatik egokia iruditu zaigu herritar baten begietatik gure lanaren berri ematea. Orain hilabete batzuk Oier Salegi Odriozola herritarra ate joka etorri zitzaigun Unibertsitatean lan bat egin behar zuela eta. Oier Salegi Euskal Ikasketak izeneko gradua egiten ari da eta Azpeitiko Euskara Patronatuak egiten duen lanari buruzko txostena taxutzea otu zitzaion. Guri berriz, oso azalpen egokiak iruditu zitzaizkigun Oierrek txosten horretan jasotakoak, edozein herritarrek ulertzeko modukoak. Horregatik argitaratzeko baimena eskatu eta hementxe duzue txostena oso-osorik. Eskerrik asko, Oier, argitaratzeko baimena emateagatik.

Hitzaurrea

Nire lana Azpeitiko Euskara Patronatuari buruzkoa izango da. Elkarte hau, euskararen inguruan lan eskerga ari da egiten, eta nire lan honen bidez, egiten ari diren lan guzti horren xehetasun zenbait ematen ahaleginduko naiz ahal dudan neurrian.

Ni neu azpeitiarra izanik, behin baino gehiagotan izan dut Euskara Patronatuaren aditzea; Azpeitian, ikastolan nenbilela, aipatu ziguten gazteengan hitanoa biziberritzeko proiektu bat zegoela martxan, ikastetxeen eta Patronatuaren artean lankidetzan garatzen ari zirena. Prentsan ere, entzutetsuak izan dira burutu dituzten ikerketa lanak, esaterako, Badihardugu Euskara Elkartearekin lankidetzan 2011an amaitu zuten Azpeitiko Ahotsak proiektua, Azpeitiko ahozko ondarea biltzen duen artxibo aberats bat. Oso aipatua izan zen, baita ere, 2012an Azpeitiko gazteen hizkuntza-ohiturei buruz egindako ikerketa lana. Kontu hauetaz gain, EGA titulua ateratzeko euskaltegian ibili diren lagunak ere baditut, baita gurasoren bat euskaltegian ibili duen adiskiderik ere, eta jakin banekien, euskaltegi hauek Euskara Patronatuaren egituraren baitan biltzen zirela. Nahiko gertuko dudan merkatari batek ere, inoiz, aipatu zidan dendan jartzen zituzten kartelak Euskara Patronatuak dohainik egindakoak zirela. Azkenik, eta ziurrenik Patronatuarekin izan dudan loturarik handiena, erabili.com, euren web orrialdearen bidezkoa izan da, bertan eskaintzen diren lan-tresnen erabiltzaile izan bainaiz, baita argitaratzen diren artikuluen irakurle ere. Esan dezadan beraz, beti egon izan dela presente niregan elkarte honen lana modu batera edo bestera, oraintxe arte euren egitekoa nahiko gainetik begiratu besterik egin ez badut ere.

Lan hau egin behar genuela jakin nuenean laster etorri zitzaidan Azpeitiko Euskara Patronatuaren ideia. Goian aipatu dudanez, nahiko azaletik bazen ere, sarritan entzuna nuen elkarte honen lana, eta lan honen bidez berau gehiago ezagutzeko parada bikaina nuen, baita gainontzekoei honen berri emateko ere. Horretan gain, neure etorkizunean zer lan mota egiteko aukera izan dezakedan jakiteko ere oso baliotsua izan zait.

Bi izan dira lan hau egiteko iturri nagusiak: informazioz gainezka dagoen erabili.com web orria eta Patxi Saez, Euskara Patronatuko zuzendariarekin izandako elkarrizketa. erabili.com-en agertzen da elkarteak egiten dituen lan guztien informazioa, beronen planen eta helburuen berri ere jakin daiteke web orri honetan. Baina, web orri hau eskura izanik ere, ezinbesteko izan zait Patxi Saez-ek eskaini didan laguntza, berarekin izandako elkarrizketari esker izan baitut, modu antolatu batean, elkartearen lana zertan datzan eta euren lehentasunak zein diren jakiteko aukera. Eskerrik beroenak hemendik beraz Patxiri.

Sorrera

Azpeitiko Euskara Patronatua 1999an sortu zen, Eusko Jaurlaritzak 1998an ateratako dekretu baten eraginez. Dekretu horrek, udal barruan euskararen aldeko planak garatzeko eskatzen zuen. Momentu hartan Azpeitiko udalak ez zeukan azpiegiturarik euskararen normalizaziorako. Zeukan azpiegitura bakarra, udal euskaltegia zen, 1984an sortua. Baina, euskaltegiaren zeregina, 16 urtez gorako jendea euskalduntzea eta alfabetatzea zen ,beraz, ez zen euskararen normalizazioaz arduratzen zen erakunde bat. Hori dela eta, Azpeitiko Euskara Patronatua sortzea erabaki zen. Modu horretan, udal barruan euskararen normalizazioa helburu zuen plan bat jarri zen martxan.

Garaitsu hartan, 1998an, atera zuen Jaurlaritzak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) ere. Plan honek ere, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztiei eragiten zien, eta beraz, Patronatuak plan hau aurrera eramatea erabaki zuen. Plan honek, udalaz kanpoko Azpeitiko esparru sozioekonomiko guztian euskararen normalizazioa lortzea zuen helburu. Ondorioz, Azpeitiko Euskara Patronatuak, Jaurlaritzak ateratako bi plan hauei helduz, eta orain bezala Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzekin, Azpeitiko udal barruko zein udal kanpoko esparru sozioekonomiko guztiko euskararen normalizazioa helburu harturik, lehen plangintzaldia abiatu zuen.

Eginkizunak

Esan bezala, Azpeitiko Euskara Patronatuak EBPN plana jarri zuen martxan lehen plangintzaldi hartan. Egun, bosgarren plangintzaldia hasi berri dute, eta hasieran bezalaxe, hiru ildo nagusitan banatzen da euren lana:

  1. Euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioak etenik izan ez dezan lortzea.
  2. Euskararen erabilera gizarteko esparru guztietara zabaltzea.
  3. Euskara bera, komunikazio-tresna den aldetik, lantzea eta aberastea.

Beraz, hiru ildo hauek banan-banan azaltzeari ekingo diot, bakoitzean dituzten proiektu eta ekinbideen nondik norakoak azalduz:

Lehen lan ildoa

Zerrendatzerakoan aipatu bezala, lan ildo honen eginkizun nagusia euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bermatzea da. Transmisioaren alorrean, erantzukizunik handiena gurasoek eta ikastetxeek izan ohi dute, eurengandik jasotzen delako orokorrean hizkuntza. Arrazoi bat edo besteagatik guraso nahiz ikastetxetik euskara jaso ahal izan ezin duen horiei euskara transmititzea da Azpeitiko Euskara Patronatuak beregain hartzen duen betebeharra. Helburu honetarako hiru atal ezberdinen baitan dihardu Patronatuak oraintxe bertan:

  • a) Euskaltegia
  • b) EtorkiZUn programa
  • c) Hitanoa bultzatzeko programa
    • a) Euskaltegia:

    Lehenago aipatu dudan bezala, Euskaltegia 1984an jarri zen martxan. Bertan izena ematen zutenen euskalduntzea eta alfabetatzea helburu hartuta. Baina, lehen ikasturte hartatik gauzak asko aldatu dira. Batez ere, ikasleen profilaren aldaketaren ondorioz, euskaltegian eskaintzen diren ikastaroak ere asko aldatu dira. Gaur egun, 30 ikastarotatik gorako eskaintza dago Azpeitiko Udal Euskaltegian. Alde batetik, titulu ofizialak lortzeko ikastaroak eskaintzen dira (HABEren Lehen Maila, Bigarren Maila, Hirugarren Maila eta Laugarren Mailako titulu ofizialak ateratzeko ikastaroak). Beste aldetik, helburu ezberdinak dituzten ikastaroak, batzuk, euskalduntzearekin zuzenean loturarik ez dutenak ere bai; AISA ikastaroa: etorkinen beharretara egokitutakoa, ostalarientzako ikastaroa, dendarientzako ikastaroak, ipuin kontaketa ikastaroa, jolasak eta kantak, gurasoentzako ikastaroa: euren seme-alabei etxerako lanetan lagundu ahal izateko beharrezkoa dena eskuratzeko asmoz sortutako ikastaroa...

    • b) EtorkiZUn programa:

    EtorkiZUn da martxan dagoen beste programa bat, Euskara Patronatua eta herriko ikastetxeen arteko lankidetzari esker aurrera doana. EtorkiZUn hitzaren baitan biltzen diren etorkinen etorkizunarekin dihardute lanean. Hain zuzen ere, Azpeitia bezalako herri euskaldun batean errazago integratzeko euskara beharrezkoa denez, 2006an martxan jarri zen programa honek horixe du helburu, etorkin gazteak euskalduntzea. Horretarako ikastetxeetan dabiltzan ume zein gazte etorkinei ikastetxez kanpo ordubeteko klase bat eskaintzen zaie. Bertan jolasen eta bestelako ariketen bidez euskaraz ikasten eta hitz egiten laguntzen zaie. Esan bezala, 2006an jarri zen martxan programa, izan ere, ikusten zen geroz eta etorkin gehiago iristen ari zirela herrira eta zenbaitek arazoak zituztela bertakotzeko. Gerora ikusi denez, arrakastatsua izan da ekimena, euskara ikasterako orduan oso laguntza baliotsua izan baita EtorkiZUn-ek etorkin hauei eman diena.

    • c) Hitanoa bultzatzeko programa:

    Azpeitiko Euskara Patronatuak, Mintzola Fundazioak eta herriko ikastetxeek lankidetzan osatutako egitasmoa da Azpeitiko gazteen artean hitanoa bultzatzeko asmoarekin 2011an martxan jarritako programa hau. Azpeitian beti hitz egin izan da hika. Baina azken urteetan, hizkera honek beherako joera hartua zuen, bai kalitate aldetik, baita hiztunen kopuru aldetik ere. Batez ere, emakumeei egiten zaien hitanoa ari da galtzen, baina, gizonezkoei egiten zaienean ere akats gramatikalak nabari dira (bigarren ildoan aipatuko ditut honi buruz egindako azterketak). Hori dela eta, 3 eta 4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) mailetan "Xapurekin, arin-arin, hika egin" proiektua lantzen da sekuentzia didaktiko baten bidez. Egitasmo honen helburu nagusiak honakoak dira:

    • Hitanoaren ezagutza arauak ezagutu zein horien erabilera bultzatzea.
    • Gazteen artean hitanoa sustatzea.
    • Hitanoaren izateari eustea.
    • Hitanoaren kalitatea bermatzea.
    • Transmisioaren garrantziaz jabetzea.

    Gainera, gazteekin lantzen duten sekuentzia didaktiko honetaz gain, gurasoekin ere egiten dituzte saioak, modu honetan, gurasoen zenbait zalantzei erantzuna eman eta hauengan hitanoaren aldeko kontzientzia bat sortzea lortzen da.

Bigarren lan ildoa

Bigarren lan ildo hau izango da, ziurrenik, guztietan lan gehiena eskatzen duena. Izan ere, lehenago esan bezala, lan ildo honen helburua euskararen erabilera gizartearen esparru guztietara zabaltzea da. Horretarako, lehenbizi gabezia nagusiak identifikatu beharra dago, ondorioz, azterketa soziolinguistikoak egin ohi dira erabilera non indartu behar den jakiteko. Azken bost urteetan egin dira, beharbada, azterketarik esanguratsuenak. Hiru azpimarratuko nituzke nik: Azpeitiko gazteen hizkuntza-ohiturak aztertzeko egina, Euskaini Azpeitia 2009: Herriko euskarazko eskaintzaren neurketa eta Azpeitiko kale erabileraren neurketa. Lan honetan gehien interesatzen zaizkidan datu eta ondorioak aipatuko ditut (nahi izanez gero, eskuragarri daude azterketa hauen nondik norako guztiak lotura honetan).

Gazteen hizkuntza ohiturei buruzko azterketa 2012an aurkeztu zuten Azpeitiko Euskara Patronatuak eta herriko ikastetxeek elkarlanean. Bertan aipatzen diren ondorioetatik ondorengoak iruditu zaizkit aipagarrienak: orokorrean, Azpeitiko gazte gehienak euren artean euskara darabilte (%96), hitanoaren erabileran jaitsiera sumatu da, gehienbat emakumeei egiterakoan (hortik lehenengo lan ildoan gabezia hau lantzea), telebista, musika, liburuak, aldizkariak eta egunkariak orokorrean gazteleraz kontsumitzen dira (batez ere, telebista (soilik %14 euskaraz) eta egunkariak (%24 euskaraz), musika hizkuntza guztietan berdintsu eta aldizkari eta liburuak ere gaztelaniaz eta euskaraz antzeko maiztasunekin ageri dira, baina gazteleraz apur bat gehiago).

Euskaini Azpeitia 2009: Herriko euskarazko eskaintzaren neurketa da Azpeitian sona handia izan zuen beste azterketa bat. Bertan, Patronatua, Soziolinguistika Klusterrarekin aritu zen elkarlanean. Ikerketa honetarako, herriko 544 erakunde, enpresa eta talde ikertu ziren eta neurketarako erabili zen 0 eta 1 arteko eskalan 0,7koa izan zen guztira euskararen eskaintza Azpeitian. Sektoreka aztertuz gero, eskaintzarik altuena gizarte sektorean ematen da (0,95), administrazioan (0,86), hezkuntzan (0,82), osasuna (0,78), ekonomia (0,70) eta hedabideen sektorean dago euskarazko eskaintzarik baxuena (0,29).

2010ean aurkeztu zen Azpeitiko kale erabileraren neurketa. Honako honetan ere Soziolinguistika Klusterra izan zen, Patronatuaren laguntzarekin, azterketa hau aurrera eraman zuena. Ikerketa honen emaitzak ez ziren ezustekoak izan. Azken urteetako igoeraren joerari eutsiz euskararen kale erabilerak %86,1ekoa zen 2010ean, hiru urte lehenago %84,6koa zelarik. Igoera honen eragileetako bat haurren erabilera altua izan daiteke, izan ere, 2 urtetik 14 urtera bitartekoen artean euskararen erabilera %95ekoa zen aipatutako urte horretan.

Baina, bigarren lan ildo honetan ikerketena ez da pisu gehiena duen alorra. Datu bat emate aldera, 2013ko irailean, Azpeitiko udalak, 2025era bitartean jarraitzeko plan estrategiko bat atera zuen. Plan horretan euskarari dagokion alorrean, helburu nagusia enpresen funtzionamendua euskaratzean jarri zen. Hain zuzen ere, kontu honek du, egun, lehentasunik handiena Azpeitiko Euskara Patronatuan. Helburu honen baitan sortu zen 2006an Elegune deituriko bulego teknikoa. Ondorengo lerroetan azalduko ditut, laburki, Patronatuak sortutako bulego honen eginbeharrak:

Enpresen hizkuntza-gestioa hobetzeko zentro teknikoa da "Elegune". Hau sortzearen arrazoia nahiko sinplea da. Kontutan hartu behar da Azpeitiko langileen %90 euskalduna dela. Enpresen funtzionamendua berriz, "Elegune" sortu arte ia erabat gaztelerazkoa zen. Ondorioz, bulego tekniko honen lana, enpresa hauen funtzionamendua bertako langileen hizkuntzara egokitzea da, hau da, euskarara. Horretarako, enpresen hizkuntza gestioan adituak diren pertsonek enpresa bakoitzaren diagnostiko zehatz bat ateratzen dute eta diagnostiko horren arabera helburu jakin batzuk finkatzen dira, gero, enpresak berak, helburu horietarik zein bete nahi dituen eta zer erritmotan erabakitzen du, eta azkenik, "Elegune" helburu horiek betetzeko lanean jartzen da. Gainera, bulego tekniko honek eskaintzen duen zerbitzua erabat doakoa da. Dagoeneko, herriko 40 enpresekin izan dute harremana baina, diru murrizketen eraginez, euren jarduna ere gutxitua dago orain.

Esan bezala, enpresen funtzionamendua euskalduntzea da, gaur egun, lehentasun nagusia, baina, bigarren ildo honetan, bestelako lanak ere burutzen ditu Azpeitiko Euskara Patronatuak. Besteak beste, herritarrentzako itzulpen zerbitzu bat dauka martxan jarrita. Bertan edozein herritarrek kontratu bat, propaganda edo bestelako idazkiren bat euskaraz egin nahi badu, horretarako laguntza dohainik eskaintzen da. Honetaz gain, merkatariei ere eskaintzen zaie zerbitzu hau, honela herriko dendariei erakusleiho edo denda barruan jartzeko kartelak euskaraz egiten dizkie Patronatuak. Dendarientzat gainera, kartelen zerbitzuaz gain, dendarako programa informatikoak ere eskaini ziren orain gutxi arte dendaren gestioa euskarazkoa izan dadin. Orain, ordea, programa informatikoen zerbitzua kenduta dago murrizketa ekonomikoak direla eta. Honen haritik, elkarte gastronomikoentzako euskarazko programa informatikoak jartzeko diru-laguntzak ere banatu ziren, eta ekimen hartaz geroztik, herriko elkarte gastronomiko guztien programa informatikoak euskarazkoak dira.

Azkenik, euskararen erabilera sustatzeaz arduratzen den ildo honen baitan, beste ekimen bat ere garatu zen. Ekimen honek Azpeitiko udalarekin berarekin zeukan zerikusia. Izan ere, azken hogei urteetan, udalak gestionatzen dituen erakunde guztiak (polikiroldegia, udaletxea, igerilekua...) gehienbat gazteleraz funtzionatzetik, ia erabat euskarazkoak izatera igaro dira. Lan honen eraginez, Jaurlaritzak emandako urrezko Bikain egiaztagiria jaso zuen Azpeitiko udalak 2009an.

Hirugarren lan ildoa

Hirugarren eta azken lan ildo hau euskara bera komunikazio tresna gisa aberasteaz arduratzen da, esan dezagun, euskararen azpiegiturak finkatu eta indartzea dela hemen egiten den lana. Horrela esanda nahiko abstraktua eman badezake ere, erraz uler daiteke bertan egiten den lana ikusita. Alde batetik, herriko euskarazko komunikabideei beraien jarduna erabat euskarazkoa izan dadin diru-laguntzak ematen dizkie. Modu honetan, komunikabide hauen kontsumitzaileei euskara hutsean kontsumitu ahal dituzten egunkari (HITZA), aldizkari (UZTARRIA) eta telebista (ERLO TELEBISTA) izatea bermatzen zaie. Beste aldetik, korpusari buruzko ikerketak burutzen dira lan ildo honen baitan. Ikerketa horietatik bi aipatu nahiko nituzke: Azpeitiko Ahotsak proiektua eta herriko toponimiari buruzko azterketa. Lehenengoan, hau da, Azpeitiko Ahotsak proiektuan, ahotsak.com web orrialderako 70 pertsona inguru elkarrizketatu ziren, guztiak ere adin jakin batetik gorakoak. Elkarrizketa horri esker, belaunaldi oso baten hizkera jasota gelditu da, bai nahi duenak entzun eta jakin dezan ze hizkera mota erabiltzen zuten belaunaldi horretakoek, baita norbaitek egunen batean Azpeitiko hizkerari buruzko lanen bat egin nahi balu, horretarako azpiegitura egokiak izan ditzan ere. Bigarren ikerketari dagokionez, lan handia egin da herriko toponimia aztertzen. Bi sailkapen egin ohi dira toponimian, makro-toponimia eta mikro-toponimia. Aurrenengoa, mendi, kale, erreka, auzo eta baserrien izenez arduratzen da. Makro-toponimia ikerketa amaituta dago jada. Lan honetarako herriko nahiz Salamanca-ko artxiboen hustuketa bat egin zen eta bildutako izenen artean aldaerarik egokiena hautatu zen leku bakoitzarentzat Euskaltzaindiaren laguntzarekin. Honela bada, Azpeitiko mendi, kale, erreka, auzo eta baserrien izenak finkatuta daude. Bestalde, mikro-toponimia, terrenoen izenez arduratuko litzateke. Honen ikerketa hasi zen, baina murrizketa ekonomikoen eraginez, orain ez dago martxan.

Azkenik, Azpeitiko Euskara Patronatuari nahiz Azpeitiko herriari proiekzio berezi bat eman diona erabili.com web orrialdea da. 2003an jarri zen martxan interneteko orrialde hau, kontutan hartu behar da urte horretan web orri bat zabaltzea berrikuntza nabarmena zela, pentsa, erabili.com ireki zela eta “Radio Euskadi” irratikoek elkarrizketa egin zioten Patronatukoei esperientzia haren berri emateko. Hasierako helburua, herritarrei Patronatuan egiten ziren lanen berri ematea zen, martxan zeuden proiektuen informazioa eskuragarri izatea. Bazen ordea bigarren helburu bat, eta helburu honek eman dio orrialdeari izen bat euskararen munduan. Helburu hau, erabili.com euskararen alde egiten ziren proiektuen topagune bihurtzea zen. Hau da, beste edozein herri edo erakundek euskararen aldeko proiekturen bat garatzen bazuen, bertara joan eta proiektu hark zertan zetzan jakin nahian ibili beharrean, proiektu haren egileei erabili.com-en euren lan horren berri emateko eskatzen zitzaien, horrela, euskalgintzaren alorrean lanean zihardutenen esperientziak elkarbanatzeko topagune bilakatu nahi zen webgune hau. Ekimen honen ondorioz, dinamika bat jarri zen martxan, gaur egun ere jarraitzen duena, eta estimazio handia duena euskalgintzan lanean ari direnengan. Horretaz gain, hasierako garai hartan hain web orri gutxi izanik, euskarari buruzko adituen iritziak eta hausnarketak argitaratzeko plaza ere bilakatu zen. Eta horrek berak ere ospe handia eman zion. Gainera, hainbesteko sona izan ez arren, oso praktikoa den beste atal bat, lan tresnena da. Atal honetan, mota askotako baliabideak eskaintzen dira; hiztegiak, ortografia arauak, kanta eta idazki zaharrak, esamoldeak... Erabat gomendagarria beraz, erabili.com. Datu gisa, oraindik ere egunero 2000 bisita izaten ditu eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eskuliburu eta agendetan web orrialde gomendagarri gisa ageri da.

Ondorioak

15 urte jada 1999ko sorrera hartatik. Nire lan honetan, Azpeitiko Euskara Patronatuaren azken urteetako lanen berri eman dut, asko hala ere, kontatu gabe utzi ditudanak. Lehenago ere aipatu dut, euskara Azpeitiko kale erabileran goranzko joerari eutsiz doala urterik urte, egun, 10.000 biztanletik gorako herririk euskaldunena da. Hori dela eta, euskararen arnasgune izendatu berri dute. Horren eragile zuzena da Patronatua. Azaldu ditudan lanen bidez, eta aipatu gabe utzi ditudanen laguntzaz ere bai, arnasgune honen hauspo izan da erakunde hau.

Izan ere, herririk euskaldunena ere ez da bere hizkuntza galtzearen arriskutik salbu. Argi dago herririk erdaldunenak euskalduntzea izan behar dela euskalgintzaren lehentasuna, baina lehentasunak lehentasun, ezin dugu ahaztu bestelako hizkuntzen mehatxua (batik bat gaztelera gure kasuan, baina baita ingelera eta frantsesa ere etengabekoa dela denongan, eta euskara natural bizi eta erabiltzen diren herriak beharrezkoak dira, nola hizkuntza txiki honetan bizitzea posible dela erakusteko, hala hainbeste mendeetan zehar bizirik mantendu den altxor hau galdu ez dadin ere. Beharrezkoa hortaz, hemendik aurrera ere Azpeitiko Euskara Patronatuak, gaur arte bezalaxe, herri honi euskaraz bizitzeko baliabideak eta bultzadak ematen jarraitzea.

Nire kasuan, esperientzia aberasgarria izan da lan honetan aritzea. Beharrak eraginda, baina gogoak gidatuta, nire herrian hain maitea dudan hizkuntzaren alde burutzen diren lanen berri izateko aukera eman dit. Espero dut aldi berean, niri bezala, lan honen irakurle izan daiteken beste edozeini ere baliagarri izatea nire esperientzia hau, euskalgintzan aritu nahi duen edozeinentzat eredu baita Azpeitiko Euskara Patronatua.


(OIER SALEGI ODRIOZOLA Euskal Ikasketak Graduko ikaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean)

  • Txostena oso-osorik eskuratu nahi baduzu sakatu HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus