Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Osakidetzak mediku erdalduna kontratatu du Azpeitian lan egiteko

Osakidetzak mediku erdalduna kontratatu du Azpeitian lan egiteko

2014-07-25 / 07:00 / Natul Euskara Taldea   EUSKALGINTZA

Osakidetzak langile erdalduna kontratatu du Azpeitiko lau familia medikuren udako ordezkapena egiteko.

Erabaki horren aurrean, Natul Azpeitiko euskara taldeak kezka eta haserrea adierazi nahi du. Izan ere, azpeitiarrok euskaraz artatuak izateko zailtasunak izango ditugu uda honetan. Herritar batek salaketa egin du Twitter sare sozialaren bitartez, eta Azpeitiko Euskara Patronatuak informazioa kontrastatu du herriko anbulatorioko arduradunekin. Beraz, kontratua berrikusi, eta lehenbailehen arazoari konponbidea eman diezaioten eskatu nahi diegu Osakidetzako arduradunei.

Hainbat arrazoirengatik iruditzen zaigu kezkagarria Osakidetzak hartu duen erabakia:

  • Osakidetzak ez ditu kontutan hartu Azpeitiko herritarrak, ezta bertako errealitate soziolinguistikoa ere.
  • Administrazio publikoak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharrari muzin egin dio; eta, beraz, Azpeitiko herritarren hizkuntza eskubideak urratuko ditu Osakidetzak.
  • Hainbat herritarrek erdaraz komunikatzeko dituzten trabek pertsona horientzako zailtasun nabarmena eragingo dute, eta osasun zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena izango du.
  • Azpeitian, euskararen arnasguneetako batean, erdara nagusi den eremua sortuko du Osakidetzak. Azpeitian euskaraz bizi gara. Bertako herritarren %80k baino gehiagok daki euskaraz; eta, egunerokoan, euskara da gure hizkuntza.

Arnasguneek hizkuntzaren biziraupenean egindako ekarpena handia izan da, eta handia izan daiteke euskararen normalizaziorako egin dezaketen ekarpena ere. Horretarako, ordea, euskararen arnasguneei dagokien garrantzia aitortu behar zaie, zaindu egin behar dira.

Gure ustez, ezin da onartu mediku erdaldunak jartzea, euskaldunen partez. Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik; eta, ondorioz, trataera berezia behar dute. Beste hainbat arlotan bezala, hizkuntza politikan ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu behar dira. Azpeitiko herritarrok osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubide osoa daukagu; eta, beraz, zor zaigun begirunea eta errespetuarekin jokatu dezala eskatzen diogu Osakidetzari.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus