Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  «Natul» Azpeitiko euskara taldea kalean lehenego aldiz

«Natul» Azpeitiko euskara taldea kalean lehenego aldiz

2014-07-08 / 07:00 / UEMA eta Natul Euskara Taldea   EUSKALGINTZA

Sortu berria da euskara taldea, Azpeitian, eta, gaur, 2014-07-08, irtengo da lehenengo aldiz kalera. "Natul" du taldeak izena eta izen-abizenak euskalduntzeko kanpaina da egingo duten lehenengo ekimena.

Postua jarriko dute igerileku aurrean, gaur, asteartea, hilak 8, eta datorren ostegunean 17:00etatik 20:00etara. Euria egiten badu, plazako arkupeetan egongo dira. Herritarren egiteko bakarra nortasun agiria eta familia liburua hara eramatea izango da, gainontzekoa euskara taldeak bideratuko du.

Natul Azpeitiko euskara taldea, apurka-apurka, euskararen normalizazioan aurrera egiteko jaio da. Deituren aferan, besteak beste, herritarrei lanak samurtzea da taldearen helburua, eta postua jarriko dute herritarrei administrazioko izapideak errazteko. Izena edo abizena euskaratu nahi dutenek nahikoa izango dute familia liburua eta nortasun agiria postu horretara eramatea. Hortik aurrera, euskara taldeak egingo du lan guztia.

Behin paper kontua amaituta, eskaera egiten dutenek epaitegira joan beharko dute sinadura egitera. Beraz, honakoak dira herritarren egitekoak: dokumentazioa postura eraman eta, prozesuaren azken pausoan, epaitegiko papera sinatu.

"Echeverria, Aguirre edo Echaniz bada zure abizena; eta, behingoz, deiturak Natul idazteko gogoa baduzu, aukera hori eskainiko dizu Natul Azpeitiko euskara taldeak. Izana ez ezik, izena ere euskalduna nahi dugu guk, eta horregatik lagunduko dizugu abizena euskal grafiaz idazten.”

Edozer zalantza izanez gero, idatzi honako helbidera: natul.euskeraz@gmail.com

Natul Euskara Taldearen oharra:

Honela dio hitzez hitz Natul Euskara Taldeak zabaldu duen oharrak:

Izen-abizenak euskalduntzerakoan, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak ezarritako arauak jarraitu behar dira, haiek onartutako grafiak baitira ofizialak. Zuen pertsona-izenak edo abizenak euskaraz nola idatzi behar diren kontsultatu nahi baduzue, horretarako aukera duzue Interneten:

  • Abizenari buruzko zalantza izanez gero, egin klik hemen , eta idatzi zure deitura. Ondoren, Idazkera akademikoa jartzen duen lekuan agertuko da nola idatzi behar den abizena euskaraz.
  • Pertsona-izenaren kontsulta egin nahi baduzu, berriz, hemen begiratu behar duzu; izena sartu ostean, ‘Euskara’ zutabearen azpian begiratu behar duzu nola idazten den pertsona-izena, modu ofizialean.

Horrekin zera esan nahi dugu: adibidez, Mugika abizena euskaratzerakoan, Muxika idatzi behar dela onartu du Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak. Norbaitek g hizkia j hizkiagatik aldatu nahi badu, ezin diogu bermatu epaileak aldaketa onartuko duenik. Aldaketa-prozesua automatikoa da Euskaltzaindiaren irizpideak jarraituz gero, baina horiek ez baditugu jarraitzen (Mugika eta Mujikaren kasuan bezala) epailearen esku geldituko da aldaketa onartu edo ez. Hala ere, edozer zalantza izanez gero, beharrezko baliabide guztiak postuan izango ditugu, eta lagunduko dizuegu zuen arazoei irtenbidea aurkitzen.

Bestalde, Uemaren webgunean dituzue abizenak euskalduntzeko prozesuari buruz sortu izan diren zenbait galdera , eta haien erantzunak. Atari horretan agertzen ez den zalantzaren bat izanez gero, idatzi natul.euskeraz@gmail.com helbidera.

Gaur, asteartea, Sanjuandegiko igerileku aurrean egongo gara eguraldi ona eginez gero, 17:00etatik 20:00etara. Euria egiten badu, sanagustinpean aurkituko gaituzue. Ostegunean ere eskainiko dugu zerbitzua, ordutegi berarekin.

Gogoratu, honako dokumentazioa eraman behar duzue postura:

  • Nortasun agiria
  • Familia liburua


Inprimatu


Erantzun

 
Plazako arkupeetan jarriko dugu izen-abizenak euskalduntzeko postua
2014-07-08 / 12:01 / Natul

Eguraldi ezegonkorra dela-eta, sanagustinpean egongo gara gaur, 17:00etatik 20:00etara.

Plazako arkupeetan jarriko dugu pertsona-izenak eta abizenak euskalduntzeko postua, gaur 17:00etatik 20:00etara. Abizenak euskalduntzeko kanpainaren berri eman genuenean, ez genuen zehaztu lekua, eta eguraldia ezegonkorragatik sanagustipean jarriko dugu postua.

Beraz, izena edo deitura euskal grafiaz idatzi nahi dutenek plazan aurkituko gaituzte, gaur arratsaldean. Gogoratu, nortasun agiria eta familia liburua eraman behar dituzue postura. Gainontzekoaz gu arduratuko gara.

 
Euskaraz zarete
2014-07-09 / 09:54 / Natul Euskara Taldea

Berasategi, Iparragirre familia, Aranbarri, Agirre, Zinkunegi, Etxaniz, Iñaki, Alkorta familia, Izuzkitza, Korta, Otaegi, Ariztondo, Uzkudun familia, Sagardogi, Zinkunegi, Aranberri, Uzin, Urretabizkaia, Miren Arantxa, Joseba, Imanol, Arotzena familia, Etxeberria, Kerexeta, Labaka, Gurrutxaga eta gainontzekoak, mila esker, euskaraz zarete. Atzo hasi ginen pertsona-izenak eta abizenak euskalduntzeko kanpainarekin, eta oso gustura gaude herritarren erantzunarekin. 31 pertsona gerturatu ziren gure postura; eta, gutxi gorabehera, 35-40 izen eta deitura aldatzeko izapideak egin genituen guztion artean. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei gugan konfiantza izateagatik.

Atzoko hitzordua galdu zutenei, berriz, gogoratu nahi diegu bihar ere eskainiko dugula zerbitzua. Izan ere, udaletxe azpian egongo gara, 17:00etatik 20:00etara, zuen zain. Izena edo abizena Natul idatzi nahi duzuenok nortasun agiria eta familia liburua eraman beharko dituzue gure mahaira. Edozer zalantza izanez gero, natul.euskeraz@gmail.com helbidera idatz dezakezue.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus