Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskararen aurkako erasoei bat eginda erantzuteko deia egin dute Azpeitiko Udalak eta UEMAk

Euskararen aurkako erasoei bat eginda erantzuteko deia egin dute Azpeitiko Udalak eta UEMAk

2014-04-05 / 07:00 / UEMA   UDALETXEA

Azpeitiko udalak, beste hainbat udalen antzera, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkariaren errekerimendua jaso du. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen iritziz Urkijok bidalitako ohartarazpenen helburua da “euskararen normalizazioa lortzeko neurriak atzera botatzea”. Eta horregatik, euskararen aurkako “erasotzat” jo ditu ohartarazpenak.

“Udalak herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko betebeharra” daukala gogora ekarri du Azpeitiko alkateak, eta kontratazio irizpideekin “eskubide hori bermatu” nahi dela nabarmendu du. Eusko Jaurlaritzak 1997. urtean onartutako dekretuan ezarri zien udalei kontratazioetan hizkuntza irizpideak betetzeko betebeharra. Orain, sortu den kalapita honek batzuek “euskararen aurka aritzeko duten obsesioari” erantzuten diola esan du Etxeberriak.

Euskararen aurkako erasoei guztiok bat eginda erantzutea garrantzitsua dela iritzita, Euskararen Kontseiluak datorren asteazkenerako deitu duen kontzentrazioan parte hartuko dute udal ordezkariek. Herritarrei ere protesta deialdiarekin bat egin dezaten.

Azpeitiko Udalak euskara sustatzeko duen “konpromisoa” berretsi, eta kontratazio irizpideak eta bestelako “aurrerapauso guztiak egiten” jarraituko dutela esan du Etxeberriak.

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak, bere aldetik, Carlos Urkijoren ohartarazpenaren dela eta, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak babes osoa adierazi dio Azpeitiko Udalari, antzeko egoeran aurkitzen diren udal guztiei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Euskararen aurkako erasoei erantzun bateratua ematea garrantzitsua dela uste du Belastegik, baina despistatu gabe. “Udalez udal, herriz herri euskararen normalizaziorako egiten ari garen lanean jarraitu behar dugu buru belarri”.

UEMAren helburu nagusia da udalerri euskaldunetako herritarrek bizitza publiko zein pribatua euskaraz egin dezaten lortzea. Horretarako, euskarak eremu berrietara jauzi egin behar du, erdara nagusi den eremuetan bideak urratu. Belastegiren esanetan horixe da errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainaren helburua,“euskarak bide berriak urratu ditzan lortzea”.

UEMAk abiatutako kanpaina Azpeititik harago doa. Eskualdean UEMAko kide diren udalerrietan ( Aizarnazabal, Beizama, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio) eta UEMAko kide diren 72 udalerrietan ere egingo da. Kanpainaren berri emateko 95.000 eskuorri banatuko dira etxez etxe.

Udalerri euskaldunak eredu eta aitzindari dira euskararen erabilerari dagokionean. UEMAko udalerriak euskararen arnasguneak dira eta funtzio garrantzitsua jokatzen dute euskararen biziraupenean. Euskararen normalizazioan ere bultzada garrantzitsua eman dezakete.

Belastegiren iritziz, hizkuntzaren ikuspegitik herri berezia da Azpeitia, “potentzialitate” handia duen herria da. Euskararen arnasgune indartsua izanik, horrelako herriak zaindu eta babestea “ezinbestekotzat” jo du Belastegik. Bere esanetan “garrantzitsua baita Azpeitia eta antzeko herriak euskararen normalizazioari eman diezaioketen bultzada baliatzen jakitea. Eta horretarako, behar beharrezkoa da bertako udala, eragileak, herritarrak eta beste udalerri euskaldunak euskaldunetako eragileak elkarlanean aritzea”.

Bide horretan, errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu ditu herritarrak Kontxita Martija Azpeitiko euskara zinegotziak. Herritarrak administrazioarekin dituzten harremanetan erdara gailentzen dela gogora ekarrita, euskararen normalizaziorako “euskararen erabilera eremu guztietara zabaldu” behar dela azpimarratu du.

Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarrak. 2013an errenta aitorpena egin zuten azpeitiarren 31,9ak egin zuen euskaraz. Aurten jauzi berri bat ematea lortu nahi da.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus