Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiko Udala, gorabidean eta tontorrera begira

Azpeitiko Udala, gorabidean eta tontorrera begira

2013-12-12 / 14:25 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   UDALETXEA

Udalaren barneko Euskara Erabilera Planaren V. Plangintzaldia abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Udalbatzarrean behin-behinean onartu ondoren, gaur, abenduak 12, aurkeztu dute haren edukia prentsaurrean Kontxita Martija Euskara batzordeburuak eta Iratxe Ibarra UEMAko teknikariak.

Udalaren Euskara Patronatuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) elkarlanean osatu dute, izan ere, 2013-2017 epean indarrean izango den V. Plangintzaldia. Iratxe Ibarrak gogora ekarri duen bezala, Azpeitiko Udala 2008an sartu zen UEMAn.

Egindako asko, baina oraindik egitekoak ere bai

Kontxita Martija Euskara batzordeburuak, 1990eko hamarkadan egiten hasitako lehen urrats haietatik gaur arte Azpeitiko Udalean euskararen erabilera sustatzeko egindakoari errepasoa egin dio prentsaurrean.

"Lehenengo lanak 1990-1995 epealdian egin ziren. Orduan, Azpeitiko Udalak udal langileen lanpostueei hizkuntza eskakizunak ezarri zizkien; alegia, lanpostu bakoitzaren lanak euskaraz betetzeko zein gaitasun maila behar zen zehaztu zuen, lanpostuz lanpostu, udaletxeko lanpostu guztietan. Hortik aurrera, langile berriak hartzeko garaian, lanpostuak zehaztuta zeukan hizkuntza eskakizuna eskatzen hasi zen Azpeitiko Udala". Garai hartan administrazioak "erabat gaztelaniaz funtzionatzen" zuela gogoratu du Martijak, "baita Azpeitikoak ere. Pentsa ezazue, orduan ere, gaur bezalaxe, zinegotzi guztiak euskaldunak ziren eta plenoetan euskaraz egiten zuten erabat, baina orduko idazkariak plenoetan euskaraz esaten ziren guztiak gaztelaniaz jasotzen zituen aktetan. Horixe zen egoera: hitz egin, bai, euskaraz, baina dokumentu guztiak gaztelaniaz idazten ziren".

Aldaketa nagusia, 1997an Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretu batekin etorri zen; udal guztiak euskara planak egitera behartzen zituen dekretu hark. "Harrezkeroztik 16 urte igaro dira. Urte hauetan guztietan lan asko eta handiak egin dira Azpeitiko Udalean euskara gero eta gehiago erabiltzeko", esan du batzordeburuak. Ahalegin horrek emaitzak izan ditu: Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu zuen Udalak 2009an; Bikain ziurtagiria eskuratu duen lehenengo udala da Azpeitikoa. Beste adibide eta daturik ere bada, ordea, eta hala azaldu du Martijak: "Azpeitiko Udaletik, 2013. urteko lehenengo 9 hilabeteetan, Gipuzkoako Foru Aldundira bidalitako dokumentu guztietatik % 90 euskara hutsean igorri zen, % 9 ele bietara (euskaraz eta gaztelaniaz) eta % 1 bakarrik bidali zen gaztelania hutsean".

"Beraz, esan dezakegu aurrerapauso handiak eman ditugula eta bidearen zati handiena egina daukagula", adierazi du Euskara batzordeburuak, eta orain arte egindakoan "meritu handia" aitortu die, "batez ere, Azpeitiko Udalean lanean ari diren langile guztiei. Gaur eta hemen, egindako ahalegina aitortu nahi diet eta eskerrak eman nahi dizkiet Azpeitiko herriaren izenean".

Egindakoak azpimarratuta, "oraindik badugu zer eginik", esan du Martijak. Zeregin horietan aurrera egiteko taxutu eta onartu dute, hain zuzen ere, 2013tik 2017ra iraungo duen Udal Barruko Euskara Plana.

Udala, eredu

Iratxe Ibarra UEMAko teknikaria izan da V. Plangintzaldia nola eta zer irizpide kontuan hartuta gauzatu nahi den azaldu duena. Euskararen erabileraren normalizazioa sustatzeko "udalak herritarren aurrean eredu" izatearen garrantzia nabarmendu du.

Plan berria gauzatzeko, Udalaren gaur eguneko egoeraren diagnostikoa izan dute abiapuntu. Eta, diagnostiko hori egiteko, "zerbitzuburuekin aurrez aurreko elkarrizketak" egin dituztela azaldu du Ibarrak: "Ahalik eta errealistenak izateko eskatu zitzaien, egoera benetan nolakoa den garbi izatea garrantzitsua baita". Onartu den planak lau urterako helburuak jasotzen baditu ere, urtean urteko kudeaketa planak osatuko direla aurreratu du Ibarrak. Gainera, planaren garapena modu egokian zaintzeko jarraipen batzordea ere eratuko dute.

UEMAk bere baitan hartzen dituen udalak lau multzotan sailkatuta ditu, euskararen erabileraren mailari dagokionez:

  • Abian: ele bietan funtzionatzera bidean, oraindik urrats handia egiteko dutenak kokatzen dira hemen.
  • Magalean: nagusiki ele bietan modu orekatuan funtzionatu arren, tartean gaztelania hutsez ere funtzionatzen dutenak.
  • Gorabidean: nagusiki euskaraz eta ele bietan (euskarari lehentasuna emanda) funtzionatzen dutenak.
  • Tontorrean: oro har, salbuespenak salbuespen, euskaraz funtzionatzen dutenak.

Sailkapen hori kontuan hartuta, Azpeitia gorabidean dauden udalen artean dagoela esan du Ibarrak. "Emaitza ona da, herri handia dela kontuan hartuta". Azpeitiko Udalaren diagnostikoaren emaitzetan "esanguratsuak egin zaizkidan" pare bat datu ere eman ditu UEMAko teknikariak: "Batetik, udal langileen arteko ahozko erabilera altuagoa izatea espero nuen, inguru hau oso euskalduna dela kontuan izanda. Eurek aitortu dute, ordea, erdadarako joera handia dutela, edo elkarrizketak euskaraz hasi eta erdaraz bukatzekoa, batik bat adin batetik gorakoen artean. Bestetik, datu positibo bezala, Udalak egin duen lana. Adibidez, ordenagailu guztiak euskaraz ditu, eta hori ez dut ikusi udal askotan".

V. Plangintzaldiarekin, beraz, "tontorrera iristeko pausoak" ematea izango da helburu nagusia.

V. Plangintzaldirako (2013-2017) helburu orokorrak


UDALAREN IRUDI KORPORATIBOA

  1. Erabilera sustatzeko elementuak:

    Herritarrek argi izatea udalarekin dituzten harremanetan euskaraz jardun ahal izango dutela.

  2. Webgunea eta sare sozialak:
    • Webgunea
      • Udalaren webgunea hasiera-hasieratik euskaraz zabaltzea.
      • Erabiltzaileak webguneko eduki guztiak euskaraz izatea, baita kanpo loturak ere.
      • Erabiltzaileei eragitea euskarazko baliabideak erabil ditzaten (esaterako, nabigatzailea euskaraz, sistema operatiboa euskaraz...).
    • Sare sozialak
      • Udalaren profila euskaraz egotea.
      • Sare sozialen euskarazko bertsioak erabiltzea.
      • Zabaltzen diren mezu guztiak euskaraz izatea.
      • Aukera dagoenetan, euskarazko estekak jartzea.
  3. Hizkuntza paisaia
    • Barnekoa
      • Errotuluak, oharrak eta gainerakoak euskaraz egotea.
      • Udalak irudi korporatiboa euskaraz izatea.
      • Papeleria (gutun azalak, orriak...) euskaraz egotea.
      • Ageriko euskarriak euskaraz egotea (egutegiak, horma irudiak..).
      • Zigiluak euskaraz egotea, legeak ezinbestean arautzen duenari kalterik egin gabe.
      • Segurtasun tresnak (su-itzalgailuak) euskaraz egotea.
      • Tresneria (fotokopiagailua) euskaraz egotea.
    • Kanpokoa
      • Udalaren eskumeneko ohar, seinale eta gainerakoak euskaraz egotea.
      • Udalak beste eragile batekin batera eskumena duen ohar, seinale eta gainerakoak euskaraz egotea.
  4. Iragarkiak, publizitatea eta kanpainak

    Bai derrigorrezko iragarkiak bai publizitatea egitekoak euskaraz bidaltzea hedabideetara.

    Udalerrian zabaldu beharreko agirietan ere euskara erabiltzea, beti ere arreta berezia jarriz hizkuntzaren kalitateari.

    Kanpainak euskaraz egitea.

  5. Argitalpenak

    Argitalpenak euskaraz izatea.

  6. Adierazpenak

    Hedabideen aurrean egin beharreko adierazpenak euskaraz egitea.


UDALAREN BARNE HARREMANAK

  1. Ahozko barne harremanak

    Ahozko harremanetan euskaraz jardutea, bai langileek euren artean, bai ordezkari politikoek euren artean, bai langile eta ordezkariek euren artean.

    Batzar edo batzorde berririk egin behar denean, batzordekide berriak hautatzerakoan, kontuan hartuko da Udaleko lan hizkuntza euskara izatea dela Udalaren helburua.

  2. Idatzizko barne harremanak

    Barrurako sortzen diren idatzi guztiak euskaraz egotea.


UDALAREN KANPO HARREMANAK

  1. Ahozko kanpo harremanak
    • Herritarrekin
      • Herritarrei harrera euskaraz egitea, herritarrekin batzarrak euskaraz egitea, jendaurreko ekitaldiak euskaraz egitea...
      • Herritarrentzako ikastarorik antolatuko balu udalak, horiek euskaraz izatea bermatzea.
      • Arreta berezia jartzea hedabideen aurreko agerraldiei. Ekitaldi publiko edo/eta prentsaurrekoetan udalaren izenean aritzen den edozeinek euskarazko gaitasun egokia izan dezala bermatzea, eta argi izan dezala, agerraldiok euskaraz izan behar dutela.
    • Erakunde publikoekin

      Udalaren eta beste erakunde publikoen arteko harremanak euskara hutsez izan daitezen bermatzea, bai telefonoz, bai aurrez aurreko bilera edo aurkezpenetan. Horretarako, alde biko hitzarmenak egitea sustatuko du Udalak.

    • Eragileekin (alderdi politikoak, sindikatuak, elkarteak...)
      • Eragileekin harremana euskaraz izatea.
      • Era berean, eragileen aurreko agerraldietan udalaren izenean aritzen den edozeinek euskarazko gaitasun egokia izan dezan bermatzea. Hala, ekimen horiek euskaraz izango direla bermatuko da beti, herritar gisa dituzten hizkuntza eskubideak errespetatuz.
  2. Idatzizko kanpo harremanak
    • Herritarrekin

      Herritarrek udalarengandik jasotzen dituzten agiri guztiak euskaraz egotea, herritarren eskura uzten dituen bestelako erakunde publikoetako agiriak barne.

    • Erakunde publikoekin
      • Hego Euskal Herriko lurralde esparruan kokatuta dauden beste administrazio publiko nahiz erakunde ofizialekin, euskara ofiziala den lurraldeetakoekin, behintzat, euskararen erabilerari dagokionez, eredugarri izatea eta elkarrekiko harremanak euskara hutsez izan daitezen bultzatzea.
      • EAEko lurralde esparruan kokatutako Estatuaren eta honen menpeko administrazioetarako komunikazio administratiboetan, berriz, Udala euskararen erabileran eredugarri izatea eta erakunde horiekiko harremanak euskaraz ere izan daitezen bultzatzea.
    • Eragileekin (alderdi politikoak, sindikatuak, elkarteak...)

      Eragileek udalarengandik jasotzen dituzten agiriak (jakinarazpenak, baimenak, dekretuak, gutunak...) euskaraz egotea, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz eta 10/1982 oinarrizko legeari kalterik egin gabe.

  3. Zerbitzu enpresak eta hornitzaileak
    • Udalak zerbitzu enpresa guztiekin harremana euskaraz izatea, eta enpresek udalarekiko zein herritarrekiko izan ditzaketen ahozko zein idatzizko harremanei begira, ematen duten zerbitzuetan euskara kontuan har dezaten bermatzea.
    • Kontraturik ez duten hornitzaileen kasuan, harremana (ahozkoa zein idatzizkoa) euskaraz izatea bultzatzea.
  4. Diruz lagundutako elkarteak eta jarduerak

    Udalak diruz laguntzen dituen elkarteei zein jarduerei begira, diruz lagundutako jendaurreko ekimen guztietan (xede den ekintza, publizitatea...) zein udalarekiko harremanetan (ahozkoak eta idatzizkoak) euskara bermatuko dela sustatzea.

  5. Baimenak
    • Hirigintza baimenak
      • Udalak herritar arruntei edo jardunbide honetako enpresei hirigintzako baimenen bat eman behar dienean, bermatzea ageriko hizkuntza erabileran bederen -iragarpen, errotulu, ohar, seinale eta abarretan, alegia- euskara erabiliko dutela.
      • Merkataritza eta ostalaritza establezimenduen kasuan, Udalak errotulazioa euskaraz jar dezala gomendatzea eta laguntzen berri ematea (diru-laguntzak eta laguntza teknikoa).
    • Udal eraikinak eta udalerriko espazioak erabiltzeko baimenak

      Herrian egingo diren jendaurreko ekitaldiak euskaraz izango direla bermatzea.

    • Jaietako postuak eta txosnak jartzeko baimenak

      Jaietan herrira etortzen diren saltzaile eta abarrek errotulazioan -eta kasu batzuetan musikan- euskara erabillko dutela bermatzea.


UDAL BALIABIDEAK

  1. Giza baliabideak
    • a. Hizkuntza gaitasuna
      • Udal langileak

        Hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten langileak kontratatzea, lanpostu zerrendarako zein aldi baterako.

      • Udal ordezkariak

        Euskaldunak izango direla bermatzea, eta, era berean, euskaraz lan egiteko gutxieneko gaitasuna izango dutela, udalaren eguneroko funtzionamenduan traba izan ez daitezen.

    • b. Hizkuntza prestakuntza

      Orain arte bezala, langileek hizkuntza prestakuntza egokia jasoko dutela bermatzea.

    • c. Prestakuntza orokorra

      Udalak berak antolatzen dituen prestakuntza jarduerak euskaraz izatea. Eta, udal langileek kanpo erakunderen batek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartu behar badute, jarduera horiek euskaraz izan daitezen sustatzea.

  2. Baliabide teknikoak
    • a. Aplikazio orokorrak

      Orain arte bezala, udal ardurapeko ordenagailuak euskaraz egotea, hau da, sistema operatiboa eta ofimatika euskaraz izatea.

    • b. Berariazko aplikazioak

      Kanpo erakunderen batek sortutako berariazko aplikazioen kasuan, aplikaziook euskaraz ere erabilgarri egon daitezen sustatzea.

    • c. Intraneta

      Noizbait egotekotan, euskaraz egongo dela bermatzea.

    • d. Telefonia
      • Telefono finkoetako erantzungailuak

        Hartzaile jakinik ez duten ahozko mezuak (erantzungailu automatikoz, bozgorailuz... emandakoak) euskaraz egongo direla bermatzea, herritarren hizkuntza eskubideei kalterik egin gabe.

      • Telefono mobiletako erantzungailuak

        Hartzaile jakinik ez duten ahozko mezuak (erantzungailu automatikoz, bozgorailuz... emandakoak) euskaraz egongo direla bermatzea, herritarren hizkuntza eskubideei kalterik egin gabe.

    • e. Bestelako gailuak (megafoniako mezuak, hari musikala, irratia...)

      Bestelako gailuak (irratia...), euskaraz erabiltzea.

  3. Itzulpen baliabideak
    • Herritarrei nahiz beste administrazio batzuei ele biz bidali beharreko dokumentazioa euskaratik eta euskarara itzultzea.
    • Udal langileak arduratzea itzulpena egiteaz agiri labur (orri 1) edo errepikakorra denean, eta itzulpen zerbitzura jotzea itzulpen luzeagoetan.
  4. Espediente ereduak

    Udalak dituen espedienteak eta dokumentu ereduak euskaraz egotea.

V. Plangintzaldia, osorik


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus