Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Emaiozu euskarari Azpeitiko Udal Euskaltegian!

Azpeitiko Udal Euskaltegia / Euskaltegia / 2013-09-06 / 12:27


Hastear den 2013-2014 ikasturtean ere euskara ikasi edota hobetu nahi dutenek aukera paregabea izango dute Azpeitiko Udal Euskaltegian. Izena emateko garaia dute orain ikasleek, eta horretarako aukera irailaren 30a arte luzatuko da. Emaiozu euskarari!



Eskarmentua eta kalitatezko hezkuntza

Eskarmentua eta kalitatezko hezkuntza

Ia 30 urteko eskarmentua du gure euskaltegiak. Euskara ikasteko orduan kalitatezko hezkuntza bermatzen du eta, horregatik, zabaltzen duen irudia kalitatean eta konfiantzan oinarritzen da.

Baina hasiera hartatik, 1984-1985 ikasturte hartatik hona, aldaketa handiak eman dira ikastaroen eskaintzan. Kontua da, azken urteotan bai ikasleen profila eta bai ikasleen beharrak ere, asko aldatu direla.

Izan ere, gaur egun gure euskaltegira etortzen diren ikasleek (etxekoandreak, etorkinak, administrazioko langileak, osasun arloko langileak, ostalaritzakoak, irakasleak, ikasleak, erretiratuak, langabeak...) ez dituzte hasiera hartan gurera etortzen zirenek zituzten behar eta nahi berberak; eta, horregatik, gure ikastaroen eskaintza etengabe egokitu dugu, bai gaur egungo ikasleen eskaeretara eta bai hauen beharretara.

Euskara-gaitasun tituluen baliokidetza

Azpeitiko Udal Euskaltegian izena eman eta behar den maila eskuratuz gero, ikasleek HABEren lau mailatako azterketetara joateko aukera izango dute. Honela, ikasle horiek, behin azterketa gaindituz gero, balio ofiziala izango duten tituluak eskuratu ahal izango dituzte. Azterketa hauek egin ahal izateko bi aukera izango dituzte, bata lehen deialdian, maiatzean eta bestea, berriz, 2. deialdian, urrian.

48/2009 Dekretuaren bidez euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu direnetik, gainera, duela gutxi arte nork bere titulua eskatzen zuten hainbat erakunderen (IVAP, Osakidetza, Ertzaintza, Hezkuntza...) euskara egiaztagiriak baliokidetu egin dira. Europako Erreferentzia Markoa oinarri eta bide-erakusle hartuta, homologazioa aurkitu da Europako irizpideekin. Horren ondorioz, EUSKARA-GAITASUN tituluen baliokidetza lortu da.

30 ikastarotik gora

Azpeitiko Udal Euskaltegiak 2013-2014 ikasturterako ere ikastaroen eskaintza guztiz zabala dauka prestatua. Azpeitiko Udal Euskaltegian izena ematen duten ikasleek, batetik, balio ofiziala duten tituluak eskuratzeko ikastaroak egiteko aukera izango dute Bestetik, berriz, euren behar zehatzetara egokitzen diren 30 ikastarotik gora dituzte aukeran.

Izango ditugun ikastaroen artean honako hauek daude, besteak beste:



HABEren 4. maila

Eskaintza zabal horren barruan, azpimarratzekoa da 4. maila izeneko ikastaroa. Aurtengo ikasturtean ere, azken bost ikasturteetan bezalaxe, Azpeitiko Udal Euskaltegiak bere ikastaroen eskaintzaren barruan HABEren 4. maila eskuratzeko ikastaroa eskainiko du.

Gauza jakina da gure herria eta ingurua oso euskaldunak direla. Bertako biztanleak ia gehienak oso ondo moldatzen direla euskaraz ahoz zein idatziz. Baina aukera berezia eman nahi dio Azpeitiko Udal Euskaltegiak oinarrizko maila hori hobetu nahi duen edonori.

Gainera, egia den arren gure herrian eta inguruan euskara asko erabiltzen dela, era berean egia ere bada, gure euskararen erabilera hori esparru batzuetara ia soilik mugatzen dela: familia girora, lagunartera, ikasketetara, aisialdira... Baina euskarak eremu berriak ere behar ditu erabateko normalizazioa erdiesteko eta horietako bat lan munduaren esparrua da.

Lana euskaraz egiteko gai izan behar dugu eta horretarako geure burua prestatu beharra daukagu. Ikastaro hau oso aproposa izan daiteke orain arte lana erdaraz egin duen euskaldunarentzat edo bere lan teknikoa euskaraz egin arren zailtasunak dituenarentzat (gaitasun komunikatiboa xede berezietarako lantzeko asmoa duenarentzat), Administarazioko 4. hizkuntz eskakizuna lortu beharra daukanarentzat (HABEren 4. maila eta IVAPeko 4. HE jada baliokideak baitira) edo besterik gabe, behar berezirik izan gabe ere, EGAren oinarrizko maila hori hobetu, zaindu edo sakondu nahi duenarentzat (euskalduntze eta alfabetatze prozesutik datozenentzat, alegia).


Ikastaroaren ezaugarriak

Ikastaro hau egin ahal izateko ikasleak ezinbestean EGA agiria edo baliokidea izan behar du. Ikastaroa gainditu ahal izateko ikasleak proiektu/lan bat egin beharko du berak hautatutako gaiaren ingurukoa (formazioz, lanbidez edo zaletasunez ikaslea zein arlotan edo gaitan den aditu kontuan izanik, ikasleak berak egingo du aukeraketa).

Bestalde, 4. mailako egiaztatze-probara aurkeztu ahal izateko, ikasleak ikastaroa ez ezik proiektua ere gainditu egin beharko du.

4. mailako ikastaro honetan erabiliko den metodologiari eta orduen banaketari dagokionean, berriz, klaseak astean bitan izango dira eta hauek aurrez aurrekoak izango dira. Saio bakoitza bi ordu eta erdikoa izango da. Guztira aurrez aurreko 180 ordu inguruko ikastaroa izango da. Ikastaroa bai talde lanean bai bakarkako lanean oinarrituko da. Aurrez aurreko klaseetan ikasleek talde-lana egingo dute; bakarkako lanean, berriz, proiektua gauzatuko dute. Proiektua gauzatzeko orduan, ikasleak tutoretzen bidez irakaslearen zuzeneko 15 orduko laguntza berezia ere izango du.

Bekak eta laguntza sistemak

Era berean, Azpeitiko Udal Euskaltegiak euskara ikasteko orduan dirua arazo izan ez dadin, beka eta laguntza sistemak ere eskaintzen dizkigu. Honela, Azpeitian erroldatuta baldin bazaude eta ikasturtean zehar % 85eko asistentzia erreala izaten baduzu, ikasturte amaieran matrikulagatik ordaindu duzun diru guztia berreskuratu ahal izango duzu. Beraz, ikus dezakezunez, Azpeitiko Udal Euskaltegian euskara doan ikastea, zure esku dago.

Diru-laguntzen gaineko informazioa osatua duzue HEMEN

Izen-ematea: noiz arte, non, nola

Beraz, Azpeitiko Udal Euskaltegiaren ikastaro eskaintza zabal honetakoren batean izena eman nahi izanez gero, irailaren 30era arte egin dezakezu matrikula. Hori bai, lehenbailehen izena ematea komeni da. Izan ere, taldea sortu ahala (zortzi lagunez osatutako taldea, ordutegi bera aukeratu duena eta euskara maila bera duten ikasleez osatua), martxan jarriko dugu taldea.

Izena emateko orduan hiru aukera dituzu:


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/plangintzak/gurien/1378463237