Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitian ere euskarari errenta atereaz

Azpeitian ere euskarari errenta atereaz

2013-04-18 / 12:32 / Azpeitiko Euskara Patronatua   BESTERIK

2012ko errenta aitortzeko kanpaina abian da Gipuzkoan. Apirilaren 16an hasi zen kanpaina ekainaren 25a arte luzatuko da. Azpeitiko Udalak, aurreko urteetan egin duen bezala, aitorpenak euskaraz egitera animatu nahi ditu herritarrak. Iazko kanpainan, Azpeitian guztira 7.822 aitorpen aurkeztu ziren eta horietatik 2.387 egin ziren euskaraz (% 30,52). Euskararen aldeko hautua goruntz doa urtetik urtera, poliki-poliki bada ere. Eman bultzada eta atera errenta euskarari!

Errenta aitorpena euskaraz egiteko modua dagoenetik beti doa goraka, Azpeitian, euskara aukeratzen dutenen kopurua, % 30eko kopuru hori oraindi xumea izan arren. Bere xumean, izan ere, Gipuzkoan euskaraz egindako aitorpen guztien (43.377) % 5,50 Azpeitian egindakoak izan ziren iaz; aitorpen guztiak kontuan hartuta, Azpeitiari kopuru osoaren % 2a baino gutxiago dagokio.

2011ko errentaren kanpainan, azken urteetan bezala, euskaraz aitorpen gehien egin diren herrien zerrendaren bigarrena izan zen Azpeitia, Donostiaren atzetik. Hiriburuan 5.167 aitorpen aurkeztu zituzten euskaraz, 104.189tik (% 4,96). Beste behin, era berean, 10.000 biztanletik gorako herrien artean euskarazko aitorpenen batez bestekoaren buruan agertzen zaigu Azpeitia; Oiartzun da % 30a gainditzen duen bestea (% 30,44), eta gainerakoak nahiko urruti gelditzen dira.

2008tik honako bilakaera

Hona hemen Azpeitian euskaraz egindako errenta aitorpenen bilakaera, 2008ko errentaren kanpainatik hona:

  • 2008: 2.027 aitorpen euskaraz (% 27,76)
  • 2009: 2.227 (% 28,23)
  • 2010: 2.260 (% 29)
  • 2011: 2.387 (% 30,52)

Aitorpen ereduak eta euskaraz egiteko aukerak

Errenta aitorpena egiteko lau eredu daude. Hona hemen bakoitza euskaraz egiteko moduak eta aukerak:

  • Mekanizatua: Foru Ogasuneko bulegoetan egiten da. Horretarako hitzordua eskatu behar da, telefonoz edo Internetez.

    Euskaraz egiteko:

    • Hitzordua hartzerakoan adierazi Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
    • Aurrez aurreko harremanak, telefono bidezkoak nahiz Internetekoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatuz gero.
    • Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.
  • Autolikidazio proposamena: Etxean jasotzen da, baina proposamena onartzeko Ogasunarekin harremanetan jarri beharra dago.

    Euskaraz egiteko:

    • Proposamena eta eskutitza ele bitan jasoko dituzu.
    • Onartzerakoan, euskaraz egitea nahi duzula esan eta, aurrerantzean, Haziendak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
  • Telematikoa: Aholkularitza zerbitzuek erabiltzen dute batik bat, baina partikularrek ere erabil dezakete, ONA txartela, NAN digitala edota pasahitza izanez gero.

    Euskaraz egiteko

    • Errenta programa Internetetik jaitsi eta euskarazkoa aukeratu.
    • Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espreski adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
  • Inprimakia: Estankoetan erosi edo Internet bidez eskuratu eta zergadun bakoitzak bete beharko du.

    Euskaraz egiteko

    • Inprimakiak ele bitan daude.

***

  • Errenta aitorpenaren gaineko xehetasun guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgune honetan aurki daiteke: www.gipuzkoa.net/ogasuna

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus