Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiko gazteen hizkuntza-ohiturak

Azpeitiko gazteen hizkuntza-ohiturak

2012-11-20 / 13:15 / Azpeitiko Euskara Patronatua (AEP)   EUSKARA

Udaleko Euskara Patronatuak, herriko ikastetxeekin elkarlanean, gazteek hainbat arlo eta esparrutan zer hizkuntza eta nola erabiltzen duten aztertzeko inkesta egin zuen 2011ko urrian. Galdetegi haren emaitzak aurkeztu dituzte gaur (2012-11-20), prentsaurrekoan. Azpeitiko gazteen artean euskara osasuntsu dagoela erakutsi dute aipatutako emaitzok. Galera nabarmen bat ere badago, erregistroaren esparruan: nokaren erabilera izugarri jaitsi da.

Ainhoa Beristain Euskara batzordeburuak; Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko eta Urola Ikastolako ordezkari banak; eta azterketaren koordinazio lanak egin dituen Nerea Arexolaleiba teknikariak hartu dute parte aurkezpenean. Gaur aurkeztutako emaitzek "Azpeitian euskarak etorkizuna ziurtatuta" duela erakusten dutela nabarmendu du Beristainek, "baina ajeak ere baditu, eta horiek sendatzeko bidean jartzeko egin behar da lan".

Jarraian duzue, osorik, Azpeitiko gazteen hizkuntza-ohiturak txostenaren edukia

Sarrera

Azpeitiko gazteen hizkuntza-ohiturak ezagutzeko asmoz, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Urola Ikastolako eta Iraurgi Ikastetxeko ordezkariekin adostuta, 2011ko urrian, hiru ikastetxeetako Batxilergo IIko ikasleentzat hizkuntza-ohituren gaineko galdetegia prestatu genuen. Galdetegi horretan, beren eguneroko bizimoduan erabiltzen dituzten hizkuntzen gaineko galderez gain, erregistroari buruzko galderak ere txertatu genituen; hitanoaren erabilerari buruzkoak, hain zuzen.

Izan ere, Azpeitiak, oso herri euskalduna izanik, gainontzeko herri gehienek baino hobeto gorde izan du altxor hori; baina azken urteotan, gazteen artean batik bat, hikako hizkeraren erabilera asko murriztu da (neska/emakumezkoen hitanoa, batez ere).

Galdetegiaren egitura

Lau ardatz nagusitan banatzen da galdetegia:

  1. Aldagai sozio-demografikoak: sexua, jatorria...
  2. Familiako kideen hizkuntza-gaitasuna: ulertzeko eta irakurtzeko gaitasuna, ahozko eta idatzizko maila.
  3. Esparrukako erabilera: erabilera 8 azpi-arlotan antolatu dugu: familia, eskola, eskolaz kanpoko jarduerak, lagunartea, teknologia berriak, irakurketa, musika eta telebista.
  4. Hizkuntza-jarrerak.

Guztira 103 inkesta jaso ditugu eta ikastetxeka honela banatzen dira: Iraurgin 46 inkesta, Urolan 38 inkesta eta Ikasberrin 19 inkesta jaso dira. Inkesta bete dutenen artean, 57 emakumezkoak dira eta 46 gizonezkoak.

Emaitzak, aldagaiz aldagai

JATORRIA

Inkestatu eta guraso gehienak Euskal Herrian jaiotakoak dira. Euskal Herritik kanpo jaiotakoen kopurua oso baxua dela esan dezakegu.


ULERMENA EUSKARAZ

Euskarazko ulermen-maila erabatekoa da inkestatuen kasuan, eta oso ona gurasoen kasuan.


HITZ EGIN EUSKARAZ

Euskaraz hitz egiterakoan ere, inkestatu guztiek dute gaitasun hori. Gurasoei dagokienez, kopurua zertxobait jaisten den arren, hitz egiteko gaitasun ona dute.


IRAKURRI EUSKARAZ

Inkestatuek euskaraz irakurtzerakoan ere oso maila ona adierazten dute. Gurasoen kasuan, zertxobait jaisten da eta % 83k ondo irakurtzen dutela adierazi dute.


IDATZI EUSKARAZ

Ia inkestatu guztiek dute euskaraz idazteko gaitasuna. Gurasoen kasuan, berriz, idazteko gaitasuna baxuagoa dela ikusten da.


ULERMENA GAZTELANIAZ

Inkestatuen eta gurasoen gaztelaniazko ulermen maila oso ona da.


HITZ EGIN GAZTELANIAZ

Gaztelaniazko ulermen maila ona bada ere, hitz egiterakoan, inkestatuen % 23k zailtasunak dituela adierazten du.


IRAKURRI GAZTELANIAZ

Gaztelaniaz irakurtzerakoan, inkestatuen eta gurasoen maila oso ona da.


IDATZI GAZTELANIAZ

Inkestatuen % 25ek gaztelaniaz idazteko zailtasunak dituela aitortzen du. Kasu honetan gurasoen maila hobea da inkestatuena baino.


ULERMENA BESTE HIZKUNTZAK

Beste hizkuntzen ulermen mailari dagokionez, inkestatuen % 54k zailtasunak dituela adierazten du. Gurasoen kasuan, aitek amek baino maila baxuagoa dute.


HITZ EGIN BESTE HIZKUNTZAK

Beste hizkuntzetan hitz egiteko maila asko jaisten da inkestatuen artean. Gurasoen artean ere beherakada nabarmena da. Hala ere, amek maila pixka bat hobea dute aiten mailarekin alderatzen badugu.


IRAKURRI BESTE HIZKUNTZAK

Irakurtzerakoan ere, gaztelaniarekin eta euskararekin alderatuta, maila izugarri jaisten da.


IDATZI BESTE HIZKUNTZAK

Aurreko arloetan gertatzen den bezala, idazterakoan, inkestatuen % 60k zailtasunak dituela aitortzen du.


FAMILIAN

Familiako hizkuntza nagusia euskara da. Senitarteko solasaldiak aztertuz, anai-arreben arteko solasaldiak ia erabat euskaraz gauzatzen dira. Erabilera maila apalena, aldiz, gurasoen artean gertatzen da. Lehenago aipatu dugun bezala, gurasoek euskara maila ona duten arren, erabileraren ehunekoa jaitsi egiten da.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Beheko grafikoan jasotakoaren arabera, gurasoen artean zukaren erabilera da nagusi. Hala ere, tradiziotik jasotako arau sozialak hautsiz, gurasoen % 6k hika erabiltzen du elkarrekin hitz egiteko.


FAMILIAN: AMAREKIN

Hasieran aipatu dugun bezala, amarekin ere, euskara da harreman-hizkuntza nagusia. Semeei eta alabei zuzentzerakoan nagusiki zuka erabiltzen dute. Alabek ez dute hikarik erabiltzen amarekin, eta semeen artean gehienek zuka egiten badute ere, arauak hautsiz, % 2k hika erabiltzen duela ikusten da.


FAMILIAN: AITAREKIN

Aiten kasuan, amekin alderatuta, hitanoaren erabilera altuagoa da. Hala ere, alabekin nagusiki zuka egiten dute. Semeekin ere zuka gehiago egiten duten arren, hitanoaren presentzia nabarmenagoa da. Alabak soilik zuka zuzentzen zaizkie aitei. Mutilen kasuan ere, zuka nagusi izan arren, arauak hautsiz, gutxi batzuk hika ere egiten diete aitei.


FAMILIAN: NEBA-ARREBEKIN

Ahizpen eta neba-arreben arteko harremanetan, ia erabatekoa da zukaren erabilera. Ia ez dago hitanoaren presentziarik.

Lehen aipatu dugun bezala, neba-arreben solasaldietan zuka erabiltzen da. Anaien artean, aldiz, aldaketa nabarmena ematen da.

IKASTETXEAN

Ikastetxean ia hizkuntza bakarra euskara da; bai ikaskideen artean, eta baita irakasleekin ere.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Irakasle gizonezkoek, hika gehiago egiten diete ikasle mutilei neskei baino.

Neskek zuka egiten diete irakasleei. Mutilek, aldiz, irakasle gizonezkoei nagusiki hika egiten badiete ere, irakasle emakumezkoei hitz egiterakoan, zuka erabiltzen dute.

Irakasle emakumezkoen kasuan, hika mutilekin bakarrik erabiltzen dute, eta oso kopuru txikian.

Neskek zuka erabiltzen dute irakasle emakumezkoei zuzentzeko. Mutilak ere ia erabat zuka zuzentzen zaizkie, baina batzuek, araua hautsiz, kopuru txikian bada ere (% 6), hika egiten diete irakasle emakumezkoei.

Nesken artean, ez da sexuaren araberako erregistro aldaketa nabarmenik ikusten. Nesken erabileran, zuka da gehien erabiltzen den hizkuntza-erregistroa.

Mutilen kasuan, berriz, sexuaren araberako erregistroa nabarmen aldatzen da. Neskei batez ere zuka egiten diete, baina mutilekin hika erabiltzen dute.


LAGUNARTEAN

Lagunartean euskararen erabilera nabarmen nagusitzen da.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Nesken kasuan, neskei zein mutilei zuzendu, garbi ikusten da zuka dela hizkuntza-erregistrorik ohikoena.

Mutilen hizkuntza-erregistroari dagokionez, garbi ikusten da mutil artean hika jarduten dutela, eta neskekin, aldiz, zuka.

MEZU ELEKTRONIKOAK

Mezu elektronikoetan euskararen erabilera da nagusi. Erregistroari dagokionez, nesken artean zuka eta mutilen artean hika erabiltzen da.

SARE SOZIALAK

Sare sozialen erabilera handia da, batez ere emakumezkoen kasuan (% 100). Sare sozialetako hizkuntza nagusia euskara da. Erregistroari dagokionez, nesken artean zuka eta mutilen artean hika erabiltzen da.

MUGIKORREKO MEZUAK

SMS mezuak ere, oro har, euskaraz bidaltzen dira. Mutilen artean hika egiten dute, eta nesken kasuan, aldiz, zuka nagusitzen da.

EGUNKARIAK

Gehien irakurtzen duten egunkaria El Diario Vasco da. Irakurritako egunkarien artean, % 55 kirol-egunkariak dira. Euskara hutsezko egunkariak, Berria eta Hitza, % 24k irakurtzen dituzte.

ALDIZKARIAK

Aldizkari irakurriena Uztarria da (% 18). Irakurtzen dituzten aldizkari gehienak, prentsa arrosa motakoak dira. Aldizkarien % 39 euskarazko aldizkariak dira.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

LIBURUAK

Inkestatuen % 55ek ez du libururik irakurtzen. Hizkuntzari dagokionez, gehiengoak bi hizkuntzatan berdintsu irakurtzen duela adierazten du.

MUSIKA

Ia inkestatu guztiek musika entzutea gogoko dute. Hizkuntza guztietan berdintsu samar entzuten dute musika.

TELEBISTA

Inkestatuen gehiengoak telebista ikusteko ohitura duela adierazi du. Gehien ikusten den programa gaztelaniazko Los Simpson da. Euskarazko programarik ikusiena Goenkale da. Jasotako erantzunetatik, euskarazko programak gutxi gorabehera % 14 dira.

TELEBISTA PROGRAMEN MAIZTASUNAK

HIZKUNTZA - JARRERAK: LEHEN HITZA

Oro har, lehen hitza euskaraz egiten dute. Hala ere, Azpeititik kanpo ehunekoa baxuagoa da.

Norbait gaztelaniaz zuzentzen zaienean, gehienek ez diote euskaraz zuzentzeko eskatzen.

Oro har norbait gaztelaniaz zuzentzen bazaizu, eskatzen diozu euskaraz egitea?

HIZKUNTZA - JARRERAK: UDALETXEAN

Inkestatuen erdiak inguruk ez du udaletxean agiririk eskatu. % 44k euskara hutsezko eredua eskatzen duela aitortu du.

HIZKUNTZA- JARRERAK: KIROLDEGIAN

Inkestatuen ia erdiak kiroldegiko zerbitzuak euskaraz eskatzen ditu.

HIZKUNTZA - JARRERAK: ANBULATORIOAN

Anbulatorioan mediku eta erizainak euskaldunak ez badira, gehiengoak euskaldunak izatea eskatzen du.

HIZKUNTZA - JARRERAK: EPAITEGIAN

Gehienek ez dute epaitegian agiririk eskatu.

AHIZKUNTZA - JARRERAK: HIZKUNTZA ARLOKO ERREKLAMAZIOAK / GIDABAIMENA

Gehiengoak ez du hizkuntza arloko erreklamaziorik jarri.

Gidabaimena euskaraz atera edo aterako duela adierazi du inkestatuen gehiengoak.

ONDORIO OROKORRAK

  • Inkestatuen % 96 Euskal Herrian jaiotakoa da. Gurasoen kasuan ere, gehienak Euskal Herrian jaiotakoak dira (amen % 93 eta aiten % 95, hain zuzen).
  • Euskarari dagokionez, ulertzeko, hitz egiteko eta irakurtzeko gaitasuna ona da. Gurasoen kasuan, idazteko gaitasuna zertxobait jaisten da.
  • Gaztelaniaz ondo moldatzen dira inkestatuak. Hala ere, hitz egiteko eta idazteko orduan, zailtasunak dituztela aitortzen dute inkestatuen % 25 inguruk.
  • Beste hizkuntzei erreparatzen badiegu, ulertzeko, hitz egiteko eta irakurtzeko gaitasuna asko jaisten da, bai inkestatuen kasuan, eta baita beraien gurasoen artean ere.
  • Familian, ikastetxean eta lagunartean euskara da gehien erabiltzen den hizkuntza. Hizkuntza-erregistroari erreparatzen badiogu, sexuaren araberako bereizketa nabarmena da: nesken artean zuka eta mutilen artean hika erabiltzen da nagusiki. Nesken arteko hitanoaren galera nabarmena da. Galera hau aztertutako esparru guztietan gertatzen da. Galerarik nabarmenena familian gertatzen da, eta ondoren, ikastetxean. Hitanoa lagunartean edo ikaskideen artean erabiltzen da gehien.
  • Teknologia berriei dagokienez, mezu elektronikoei, sare sozialei eta mugikorreko mezuei buruz galdetu diegu. Euskara da beraien komunikazio-hizkuntza nagusia. Bitxikeri bezala, aipagarria da teknologia berrien erabiltzaile kopuru handiena emakumezkoetan ematen dela.
  • Egunkaria irakurtzen du inkestatuen % 65ek. Egunkaririk irakurriena gaztelaniazko El Diario Vasco da. Euskara hutsezko egunkariak % 24k irakurtzen dituzte (Berria eta Hitza).
  • Aldizkariak: euskarazko eskaintza txikiagoa izan arren, gehien irakurtzen den aldizkaria euskara hutsezko herri-aldizkaria da (Uztarria). Aldizkari gehienak prentsa-arrosa motakoak dira.
  • Musika entzutea gogoko du gehiengoak. Hizkuntza guztietan berdintsu samar entzuten dutela adierazi dute.
  • Liburuak: inkestatuen % 55ek libururik irakurtzen ez duela adierazi du. Euskaraz zein gaztelaniaz, antzera samar irakurtzen dutela aitortu dute gehienek (% 44).
  • Telebistako programarik ikusiena gaztelaniazko Los Simpson da. Euskarazko programarik ikusiena, aldiz, Goenkale da.
  • Hizkuntza-jarrerak: Oro har, lehen hitza euskaraz izaten da. Hala ere, Azpeititik kanpo ehunekoa zertxobait jaisten da. Udaletxe, anbulatorio eta kiroldegiko zerbitzuak jasotzerakoan euskara lehenesten dute. Epaitegiaren kasuan, oso gutxik eskatu dute agiriren bat (% 16). Euskara hutsezko eredua % 10ek eskatzen duela adierazi dute.
  • Norbait gaztelaniaz zuzentzen bazaie, gehienek ez diote solaskideari euskaraz zuzentzeko eskaria egiten (%76).

    Hizkuntza- erreklamazioen kopurua %10ekoa da. Nolanahi ere, inkesta egiterakoan, erreklamazio hori nola / nora bideratu duten galdetzea ahaztu zaigu.

  • Gidabaimenari dagokionez, % 88k euskaraz atera du edo ateratzeko asmoa dauka.

Txostena, PDF agirian

Ikusi aurkezpena bideoan


Azpeitiko gazteen hizkuntza-ohiturak: aurkezpena


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus