Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Galdetuz gero, Azpeitian erregistroak euskaraz

Azpeitiko Euskara Patronatua (AEP) / Besterik / 2012-07-12 / 12:37


Azpeitiko Epaitegiko Erregistro Zibilean inskripzioak euskaraz egiteko aukera zabaldu zenetik goraka doa erregistroak euskaraz egitea hautatzen dutenen kopurua. Daturik nabarmenena jaiotzen erregistroan antzeman daiteke: zortzi puntu gora egin dute euskaraz erregistratutako jaiotzek 2010etik 2011ra, eta 2012an goranzko joerari eusten zaio momentuz. Ezkontza eta heriotzen erregistroetan gorabehera gehiago dago, baina horietan ere laster hasi daiteke antzematen aldaketa.



2011n Azpeitiko 177 jaioberri inskribatu zituzten Erregistro Zibilean eta ia hiru laurden, 129 (% 72,8), euskaraz erregistratu zituzten. 2010eko datuekin alderatuta, zortzi puntu egin dute gora jaiotzen euskarazko erregistroek; urte hartan inskribatutako 222 haurretatik 142 erregistratu zituzten euskaraz.

Erregistro Zibilean hizkuntza aukeratzeko bidea 2009an hasi zen errazten EAEko epaitegietan. Erregistroak ezin dira erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan -euskara eta gaztelania- egin; bietako bat aukeratu behar da, kasu guztietan.

Jaiotzekin jarraituta, 2012ko orain arteko datuek euskarazko hautuaren goranzko bidea baieztatu besterik ez dute egiten: uztailaren 10a bitartean erregistratutako 78 jaioberrietatik 63 euskaraz inskribatu dituzte, %80,7a.

Galdetzean dago gakoa

Jaiotzek ez bezala, Erregistro Zibilean jasotzen diren beste bi inskripzio mota nagusiek ez dute, momentuz, euskararen erabilerari dagokionez datu onik ematen. Arrazoiak eta aldagaiak ezberdinak izan daitezke baina, funtsean, galdetzean dago gakoa; aukera eman eta aukeran jarriz gero, izan ere, azpeitiarrek euskararen aldeko apustua egiten dutela garbi utzi baitute jaiotzen erregistroek.

Ume bat jaiotzen denean, haren gurasoek derrigorrean hartu behar dute epaitegirako bidea, jaioberria Erregistro Zibilean inskribatzeko. Han, epaitegian, erregistro hori euskaraz edo gaztelaniaz egin nahi duten galdetzen zaie, gaur egun.

Galdetu ezean, hori bai, edo dagokion herritarrak bere hizkuntza hautua espreski adierazi ezean, erregistroak gaztelaniaz egiten dituzte Erregistro Zibilean.

Horrela, ezkontzen kasuan, izapideak epaitegian egiten dituzten bikoteek zuzenean aukera dezakete erregistroaren hizkuntza; Elizaz ezkontzen diren askoren kasuan, ordea, hizkuntza-hautaketa zehaztu gabe iristen zaiela diote Erregistro Zibilean eta, hartara, ezkontza horiek gaztelaniaz inskribatzen dituzte. Datuei begiratuta, 2011n Azpeitiko Erregistro Zibilean jaso zituzten 74 ezkontzetatik 34 erregistratu zituzten euskaraz (% 45,9). 2012an, orain arte -uztailaren 10a arte-, erregistratu diren 42 ezkontzetatik 26 dira euskaraz egin direnak (% 61,9).

Aurrerantzean, heriotza-erregistroetan ere aukera

Ezkontzetan gutxi-asko hizkuntza aukeratzeak aurrera egin duen bitartean, heriotza-erregistroetan orain arte ez da horrelakorik gertatu: gaztelaniaz erregistratu izan dira Azpeitian heriotza guzti-guztiak.

Ehorzketa zerbitzua eskaintzen duen enpresak izapide guztiak gaztelaniaz egin izan dituelako gertatu da hori. Aurrerantzean, ordea, gauzak bestelakoak izatea espero du Azpeitiko Udalak. Euskara Patronatuaren bidez, aipatu enpresarekin harremanetan jarri dira eta hango arduradunek prestutasun osoa agertu dute, hemendik aurrera heriotza-erregistroak zer hizkuntzatan egin nahi diren bezero guztiei galdetzeko.



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/plangintzak/gurien/1342089454