Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Errenta Euskaraz: errentagarriago euskararentzat

Azpeitiko Euskara Patronatua (AEP) / Besterik / 2012-04-20 / 12:55


2011ko errenta aitortzeko epea zabalik da Gipuzkoan. Hori dela eta, aurten ere kanpaina abian jarri du Azpeitiko Udalak Euskara Patronatuaren bidez, herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatuz. Iaz, Azpeitian aurkeztu ziren 7.803 aitorpenetik 2.260 izan ziren euskaraz; % 29a, hain zuzen ere.



Errenta aitorpena euskaraz egitearen aldeko kanpaina gaur aurkeztu dute prentsaren aurrean Azpeitiko Euskara Patronatuan. Ainhoa Beristain Udaleko Euskara batzordeburuak honela laburtu du kanpainaren xedea: "Azpeitiko herritar guztiei, batik bat ondorengo egunetan Gipuzkoako Ogasunarekin harremanetan jarri behar dutenei, dei berezia egin nahi diegu Azpeitiko Udaletik, errenta aitorpena euskaraz egin dezaten". Apirilaren 17an hasi eta ekainaren 25era arte luzatuko da aurten errenta aitorpenak egiteko epea.

Deiarekin batera, aitorpena euskaraz egiteko arrazoiak ere eman ditu Beristainek: "Errentaren aitorpena euskaraz egitea errentagarriagoa da euskararentzat. Errenta aitorpena euskaraz egitea euskarari balioa ematea da. Izan ere, gero eta gehiago erabili, gero eta balio handiagoa hartzen du euskarak, gero eta errentagarriagoa da euskararentzat eta baita euskaldunontzat ere".

Euskaraz aitorpen gehien, batez beste, Azpeitian

Iaz, 2011n, Gipuzkoan 10.000 biztanletik gorako herrien artean, batez beste, Azpeitian egin ziren errenta aitorpen gehien euskaraz, % 29 hain zuzen ere.

Kopuru absolutuetan, bestalde, Gipuzkoa osoan, Donostian eta Azpeitian egin ziren euskarazko errenta aitorpen gehien: Donostian 4.534 aitorpen eta Azpeitian 2.260. Baina Donostian, guztira, 104.685 errenta aitorpen aurkeztu zituzten; beraz, bataz beste, euskaraz egindako aitorpenak % 4 besterik ez ziren bitartean, Azpeitian aurkeztu ziren 7.803 aitorpenetik 2.260 izan ziren euskaraz, % 29a.

Ogasunaren arlo honetan ere, beste arlo askotan bezalaxe, euskara poliki-poliki eta urtetik urtera aurrera egiten ari da etenik gabe.

Urtez urte igotzen ari da errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua. Datu historikoei begiratuta, euskarazko demandaren bilakaera nabarmena da: 2003an 11.623 gipuzkoarrek egin zuten errenta aitorpena euskaraz; 2010ean, 35.291 herritarrek, eta 2011n 38.393 herritarrek egin zuten errenta aitorpena euskaraz Gipuzkoako Ogasun eta Finantza departamenduan.

Aitorpen ereduak eta euskaraz egiteko aukerak

Errenta aitorpena egiteko lau eredu daude. Hona hemen bakoitza euskaraz egiteko moduak eta aukerak:

Aldundiarekin harremana euskaraz izatearen hautua

Gainera, aurtengo errenta kanpainaren bidez, Gipuzkoako Aldundiak beste helburu bat ere lortu nahi du euskararentzat: Aldundiaren edozein departamendurekin harremana euskara hutsez izan nahi duten herritarren, entitateen eta erakundeen errolda sortuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin aurrerantzean harremana euskara hutsez izan nahi duten gipuzkoar guztiei dei egiten zaie Gipuzkoako Foru Aldunditik, Ogasuneko bulegoetara gerturatzeko eta nahi hori adierazteko espresuki (nortasuna agiria erakutsi eta inprimaki labur bat beteta).

"Azpeitiko Udalak ere azpeitiar guztiak horretara animatu nahi ditu: joan daitezela Gipuzkoako Ogasunak eta Finantza departamentuak Azpeitian dituen bulegoetara (Julian Elorza kaleko 3. zenbakian) eta bete dezatela inprimakia, Foru Aldundiak beraiekin euskaraz egiteko"; esan du Ainhoa Beristainek.



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/plangintzak/gurien/1334915065