Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu ditu lehenengoz Azpeitian

Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu ditu lehenengoz Azpeitian

2012-01-13 / 12:10 / Ziurtagiriaren Elkartea   ENPRESAK

Ainhoa Beristain eta Mari Jose Iturria Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuek eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak banatu zituzten atzo (2012-1-12) Bai Euskarari Ziurtagiriak. Ekitaldia Sanagustin kulturgunean izan zen eta guztira Azpeitiko 47 enpresa, komertzio eta era guztietako entitatek jaso zuten Ziurtagiria. Atzo eguerdiko banaketa ekitaldiak bi urteko sustapen lanari amaiera eman zion.

Ziurtagiriaren Elkarteak, euskararen normalizazioa eragiteko helburuarekin Bai Euskarari Ziurtagiria jaso duten 47 enpresek, saltokiek eta bestelako entitateek egiten duten lanaren aitortza egin zuen atzo Azpeitian, Sanagustin kulturgunean. Atzo eguerdiko Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldia 2010az geroztik egindako sustapen lanaren emaitza izan zen. Ordura arte, Azpeitiko 24 enpresek, komertziok eta era guztietako entitateek zeukaten Ziurtagiria, eta bi urteren bueltan, kopurua bikoiztea lortu eta gaur egun 47 dira ziurtagiridunak.

Azpeitian banatu diren 47 Ziurtagirietatik zortzik Zerbitzua eta lana euskaraz maila lortu dute, 28k Zerbitzua euskaraz maila eta gainontzeko guztiek, hots, 11k, Bidean maila. Maila igotzea lortu dutenen artean, aipagarria da Otamendi erloju eta bitxidenda eta Katuka zerbitzua euskaraz emateko gai direla. Era berean, aipagarria da azkeneko urtean hiru entitate berrik eskuratu dutela Ziurtagiria: Biur arropa denda, Carmona Ehorzketak eta Electricidad Electrónica Esnaola.

Banaketa ekitaldian Ainhoa Beristain Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak nabarmendu zuen "euskarak Azpeitiko jendearen nortasuna" eraikitzen duela. "Euskarak egiten gaitu euskaldun eta azpeitiar -jarraitu zuen-, garena euskaraz garelako".

Euskara batzordeburuak esker oneko hitzak izan zituen Bai Euskarari Ziurtagiria jaso duten guztientzat: "Saltokietan ere euskaraz saltzen duzue, euskaraz egiten duzue azpeitiarrekin, zuek ere Azpeitia zaretelako. Gaur, zaretena aitortuko zaizue Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez. Azpeitiarren izenean aitormen hori egin nahi dizuegu; Azpeitiko herriaren izenean, esker ona adierazi nahi dizuegu: mila esker zuek ere, euskaraz, Azpeitia izateagatik eta Azpeitia egiteagatik".

Rober Gutiérrezek, Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak, Bai Euskarari Ziurtagiria jaso duten entitateak zoriondu ondoren, norabide berean "urrats biziak" ematen jarraitzera animatu zituen Sanagustin kulturgunean bildutako guztiak. Euskarari arnasgune berriak zabaltzeko beharraz hitz egin zuen Gutiérrezek: "Ezinbestekoa da euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenei horretarako aukerak eta erraztasunak ematea".

Zentzu horretan, erantzukizunez jokatu behar dela adierazi zuen, "eredu egokiak eskainiz, lege ausart eta egokiak bideratuz, epeak ezarriz, diru inbertsioak eginez eta diruz lagunduz urrats biziak eman nahi dituzten entitate, enpresa eta era guztietako establezimenduak".

Era berean, enpresa, saltoki eta gainerako entitateei hizkuntzaren aldagaia "baliatzeko" deia egin zien, "besteekiko abantaila lortzeko osagai edo ezaugarri esanguratsua delako. Berritzaileak izan behar duzue, eta jabetu kontsumitzaile eta erabiltzaileontzat hizkuntza aldagai ezinbestekoa dela, produktuak eta zerbitzuak erakargarriagoak direla gure hizkuntzan eskainiz gero".


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus