Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskara gu guztion aho-belarrietan

Euskara gu guztion aho-belarrietan

2011-12-02 / 14:24 / erabili.com   UDALETXEA

Euskararen Egunaren bezperan, euskararen aurrerabidean emandako beste pauso txiki baten berri eman dugu Azpeitian "Euskara gu guztion aho-belarrietan" adierazpen instituzionalaren bidez. Hemendik aurrera, Udaletxeko telefono guztiek, 200 inguruk, euskaraz bakarrik hitz egingo dute.

Azpeitiko Udalak eta Euskatelek, aurten, 2011n, estrainekoz, elkarlanari ekin diote Azpeitiko Udalaren telefonia eta internet beharrei erantzuteko. Euskaltelek Azpeitiko Udalari eskaini dion aukeraren bidez, Azpeitiko Udalaren telefonoetan, finko nahiz mugikorretan, telefono operadorearengandik jasotzen diren ahozko eta sms mezu guztiak euskaraz bakarrik jasoko dira. Alegia, Azpeitiko Udalaren historian lehenengo aldiz, udaleko telefonoak euskaraz bakarrik hitz egingo dute.

Euskal Herriko telefoniaren historian lehenengo aldiz, 200 telefono inguru dauden erakunde batean, telefonia erabat euskaraz jartzea euskararen bilakabidean aurrerapauso garrantzitsutzat jo dute Azpeitiko Udaleko eta Euskalteleko ordezkariek. Horregatik, Euskal Herriko udal, erakunde eta euskaldun guztiei aukera horren berri eman nahi izan diete gaur eguerdiko 12:00etan Azpeitiko Udaletxeko Batzar Areto Nagusian egin duten adierazpen instituzionalean.

Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuko zuzenariaren arabera, Ekitaldiak bi helburu nagusi izan ditu: batetik, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Euskararen aldeko aldarrikapena egitea, Euskaltelen bitartez telefonoak euskaraz jartzeko aukeraren berri emanez, eta, bestetik, Euskal Herriko udal eta erakundeak pauso hori ematera gonbidatzeaz gain, Euskal Herriko euskaltzale eta euskaldun guztiei dei bikoitza egitea: telefonoaren bestaldean dagoenarekin euskaraz egin eta telefonoa euskaraz erabiltzeko.

Hizlarietatik, hitza hartzen lehenengoa, Azpeitiko Udalaren Euskara zinegotzia, Ainhoa Beristain izan da eta hona ekarri ditugu, hitzez hitz esan dituen guztiak:

"Euskara mendez mende, belaunez belaun, gurasoengandik seme-alabengana, ahoz aho eta belarriz belarri iritsi zaigu gaur egunera, gure artera.

Euskararen ahotik hitz egiten dugu euskaldunok eta azpeitiarrok. Eta, euskaldunok eta azpeitiarrok, euskararen belarrietatik entzuten ditugu etxekoak eta auzokoak. Euskara dugu gu guztion, herritarron eta herriaren, aho eta belarri.

Xalbador handiak esan zuena gogoratuz, "herria da gorputza, hizkuntza bihotza".

Euskarak eraikitzen du gure Euskal Herriaren eta gure Azpeitiaren nortasun soziala eta pertsonala. Euskarak egiten gaitu euskaldun eta azpeitiar, euskarak egiten gaitu seme-alaba, aita-ama, attitte-amama, lagun eta adiskide.

Euskarak eraikitzen du Euskararen Herria: Euskal Herria. Eta, euskarak eraikitzen du gure Azpeitia. Euskarak eraikitzen du geure mundu pertsonala eta soziala. Euskaraz goibeltzen gara, euskaraz haserretzen gara, euskaraz adiskidetzen gara eta euskararekin jaio, bizi eta hiltzen gara Azpeitian.

Herritarren arteko eguneroko harremanak, eguneroko komunikazioak sortzen du, eraikitzen du, eraldatzen du, etengabe, gure herria. Euskal Herriaren garapenak herritarren hizkuntza bidezko etengabeko harreman horretan du sorburua eta komunikazio harreman horretan hizkuntza, euskara, ezinbesteko komunikazio lanabesa dugu.

Hizkuntzek, oro har, eta euskarak bereziki, gizarte-molde berrien komunikazio beharrak betetzeko, komunikaziorako teknologia berrien beharretara ere egokitu behar izan du etengabe. Eta, hain zuzen ere, etengabeko egokitze horretatik etorri da euskararen garapena edota modernizazioa.

Gizarte-molde berrietara eta komunikaziorako tresna berrietara egokitzeko ahalegina hizkuntzek ez ezik, garaian garaiko gizarte horietako gizon-emakumeek ere egin behar izan dute. Gutemberg jaunak inprenta asmatu zuenean, esate baterako, asmakuntza berrira egokitu ahal izateko, hizkuntzek estandarizatu eta idatzizkora moldatu behar izan zuten, baita euskarak ere. Baina, era berean, gizarte hartako gizon-emakumeei ere irakurtzen eta idazten ikasteko, alfabetatzeko, ahalegina eskatu zien komunikaziorako tresna berriak.

Poliki-poliki eta konturatu gabe, ezari-ezarian, mundua komunikaziorako mugarik gabeko barruti bihurtu zaigu, eta, horretan, besteak beste, telefonoak ere zerikusi handia dauka.

Gure zaharrentzat, eta guretzat ere bai, zergatik ez esan, sorginkeria dirudi telefonoarenak: patrikatik atera, belarrian jarri eta edozeinekin hitz egiteko moduan gara. Telefonoak ere gizarte-molde berri baten komunikazio beharrei erantzuten dio, baina, aldi berean, prehistoriako komunikazioan, hasiera-hasierako komunikazioan du oinarri: aho eta belarrian.

Oraingo honetan ere euskarak jakin du komunikazio tresna berri horretara egokitzen. Euskaltel enpresaren bidez Azpeitiko Udalak, bere historian lehenengo aldiz, Euskal Herriko udal baten historian lehenengo aldiz, euskaraz hitz egingo duten telefonoak izango ditu. Telefono operadoreak, Euskaltelek, ematen dituen aho-idatzizko mezu guztiak euskaraz bakarrik entzungo dira Azpeitiko Udalaren telefonoetan.

Orain arte, telefonoetatik, beti-beti entzun izan ditugun mezuak honelakoxeak izan dira: “El número marcado no es correcto. Por favor vuelva a marcar. Gracias.” Orain, berriz, euskaraz hitz egingo dute Azpeitiko Udalaren telefonoek: “Euskalteleko doako informazioa: markatutako zenbakia ez da zuzena. Arren, markatu berriro. Eskerrik asko.”

Euskalteli esker beste pauso bat eman du euskarak, oraingo honetan ere aurrera pausoa, euskararena pausoz pauso egindako bidea dugu, pauso txikiz egindako bide luzea, baina garrantzitsuena ez da telefonoak euskaraz egitea baizik eta guk telefonoaren bestaldean dagoenari euskaraz egitea. Horregatik gaurkoan, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, mezu hau zabaldu nahi dugu lau haizetara: “Izan bedi euskara gu guztion aho-belarrietan”.

Ondoren, Nerea Lupardok Euskalteleko Harreman Instituzionaletarako zuzendariak hartu du hitza eta honakoak esan ditu:

"Euskaltel euskal gizartearekin konpromisoa hartuta dago; enpresa honen xedea gizartea zerbitzatzea izan da sorreratik, eta euskal gizartea euskaraz mintzo da. Abiapuntu horretatik, Euskaltelentzat identitate-erakusle da euskara, gure DNAren zati, eta beharrezko neurri guztiak hartzen ditugu euskarazko komunikazioan dauden beharrei erantzuteko, gizartearen eta gure bezeroen eskakizunak baitira.

Gaur, Euskaltel erreferentzia da bezeroekiko harremanetan nahiz barne-harremanetan euskara integratzeko ahalegin handiena egiten ari diren EAEko enpresen artean. Bere inguruari errotuta dago telekomunikazioen euskal operadorea, eta hainbat ekintza egiten ditu filosofia horren arabera. Kanpo-harremanetan hizlarien hizkuntza-aukeren egokitzapena bermatzea eta, langile trebatuagoak izatearen ondorioz, euskararen barne-erabilera areagotzea du helburu Euskara Planak, euskara enpresaren maila guztietan integratzea lortu arte. Eta lortu du. Gure Euskara Plana diseinatu genuen 2001-2002an, eta, orduz geroztik, urrats handiak egin ditugu: langileen % 24 euskalduna izatetik % 37 izatera pasatu gara, eta langileen % 80k baino gehiagok parte hartzen dugu Euskara Planaren jarduera edo ekimenen batean.

Gainera, Euskaltelek bermatzen du jakinarazpenak eta dokumentazio orokorrak elebidunak direla eta hizkuntza hizlariaren aukerara egokitzen dugula (web-orria, Euskaltelen aldizkaria, bezeroarekiko arreta, Telebistaren programazioa, ahots-postontzia…). Halaber, politika hori saltokietara eta call centeretara hedatu dugu. Hala, arro esan dezaket call-center guztiak EAEn dituen operadore bakarra garela. Baina badaude nabarmentzeko beste gai batzuk; adibidez, Euskal Ikastolen Federazioarekiko lankidetza. Horrez gain, telefonoen eskuliburu guztiak euskarara itzultzen dituen munduko operadore bakarra da Euskaltel. Lan horretan hasi ginenean, terminologia-arazoak agertu ziren, telekomunikazio-terminologia oso zehatza behar zelako. Horregatik, hitz horiek guztiak barnean erabiltzeko terminologia-hiztegi batean elkartzen hasi ginen. Hiztegi hori erabilgarri dago orain Euskaltelen webgunean. “Telekomunikazio Hiztegia” da. Arro diot Euskaltel dela ekimen hori aurrera eraman duen bakarra.

Hainbat ekimen dira Euskaltelek euskararen alde egiten duen lanaren erakusle. Bezero orori nahi duen hizkuntzan zerbitzu ematea bermatzeko eta enpresa barruan euskara gehiago erabiltzeko egindako ahaleginak izan du bere aitortza: Zilarrezko Bikain ziurtagiria eta “Bai Euskarari” saria.

Lehen esan bezala, oso arro gaude orain arte egindako lanarekin, baina badakigu oraindik ere asko dugula egiteko. Bezeroei ematen dizkiegun produktu eta zerbitzuak etengabe hobetzeko lan egiten dugu, eta, etengabe hobetzeko lan horretan, zailtasun ugarirekin egin dugu topo. Izan ere, telekomunikazio-munduak merkatu globalizatuak ditu oinarri, eta euskara bezalako hizkuntzak itzalpean gelditzen dira Gure konpromisoa ez da etengo, eta lanean jarraituko dugu, euskara mantentzeko, gure euskara, identitate-ikur moduan.

Ekitaldian, Azpeitiko Udaleko eta Euskaltel enpresako ordezkariez gain, Ikastetxeetako, Udal Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA), Azkoitiko Udala eta Euskara Patronatuko ordezkariak izan dira.

  • Argazkia: uztarria.com

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus