Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskarazko produktuak kontsumitu, inoiz baino gehiago

Euskarazko produktuak kontsumitu, inoiz baino gehiago

2011-11-25 / 13:10 / Azpeitiko Euskara Patronatua (AEP)   AISIALDIA

Nafarroako udal gutxi batzuek ekin zioten orain dela 13 urte Euskarazko Produktuen Katalogoa banatzeari. Urtez urte ekimena zabaldu egin da eta, aurten, Euskal Herri osoko 200 udaletan baino gehiagotan banatuko da; guztira 200.000 ale eta, horietatik, Azpeitian 5.000 ale banatuko dituzte.

Euskal Herriko hainbat herritako udalek bat egin dute aurten ere euskarazko produktuak sustatzeko ekimen honetan. Ainhoa Beristain Azpeitiko Udaleko Euskara zinegotziak azaldu duen bezala, "guztiok ere argi ikusi dugu euskarazko produktuak erdaren itsasoan nabarmendu egin behar direla eta, askotan, saltokietako apaletan ezkutuan gelditzen diren euskarazko produktu horiek, itzaletik argitara ekarri beharra ikusi dugu eta horixe da, hain zuzen ere, katalogoaren eginkizun garrantzitsuenetako bat.

Baina, Euskarazko Produktuen Katalogoaren eginkizun edo funtzio nagusiena euskarazko kultur industria sustatzea eta bultzatzea da. Krisi garai honetan ere, euskarazko kultur industriarentzat, hil ala bizikoa da euskaldunok euskarazko produktuak kontsumitzea. Izan ere, euskarazko produktuak kontsumitu ezean desagertu egingo dira euskarazko produktuak sortzen dituzten kultur industria horiek eta, orduan, merkatua erabat erdaldunduko zaigu eta gure seme-alabentzat saltokietan ezingo ditugu euskarazko produktuak eskuratu. Beraz, Azpeitiko Udalak dei berezia egiten die azpeitiarrei Gabon hauetan ahalegin berezia egin dezaten, euskarazko produktuak erosteko eta oparitzeko.

Azpeitian gaur, ostiralarekin, hasi dira etxez etxe katalogoa banatzen eta gaur-biharretan etxe guztietara iritsiko da. Dena dela, edozein gorabeherengatik katalogoa eskuratu nahiko luketen azpeitiarrek Euskara Patronatuan ere eskuragai izango dute katalogoa.

Bestalde, eta azken urteetan bezala, Euskarazko Produktuen katalogoa Interneten ere kontsulta daiteke: www.katalogoa.org. Katalogoa PDF formatuan ere ikus dezakezue HEMEN

Jostailu egokiak aukeratzearen garrantzia

Aurtengo Euskarazko Produktuen Katalogoa aurkeztearekin batera, eta Gabonen bueltan haurrentzako jostailu eta jolas gehiago erosten direla kontuan hartuta, jostailuen aukeraketak duen garrantzia azpimarratzeko hainbat gomendio eta irizpide ere eman nahi izan dituzte Gazteriako zinegotzi arduradunak, Imanol Amenabarrek, eta Parekidetasuneko zinegotzi arduraduna den Leire Etxanizek.

"Haurraren jolasak librea izan behar duen arren, jostailuaren hautaketa oinarrizkoa da bere garapena bideratu eta jolasaren kalitatea bermatzeko", gogoratu du Amenabarrek. Horrela, jostailu egokia hautatzerakoan kontuan izan beharreko hainbat irizpide aipatu ditu:

  • Jostailuak bakarka zein beste umeekin aritzeko balio behar du: bakarkako jolasak bere fantasi pertsonalak adierazteko balio dio eta besteekin aritzen denean, komunikaziorako tresna izango da.
  • Jostailuak haurraren adina eta beharretara egokitu behar du:
  • Jostailuak opari bat izan behar du eta ez inposaketa bat: haurraren gustu eta lehentasunetatik abiatu beharko dugu eta ahal dugun neurrian, jostailua aukeratzerako garaian haurra parte hartzaile bihurtu.
  • Jostailuak haurren berezkoak diren ezaugarriak sendotzeko eta osagarriak izan daitezkeen joerak lantzeko ere balio dezake.
  • Jostailuak segurua izan behar du: CE markak, jostailu horrek beharrezko segurtasun arauak betetzen dituela adieraziko digu.
  • Jolasean, jostailua tresna hutsa baino ez da, garrantzitsuena jolas egitea da. Gurasoek haurrekin jolas egitea oso garrantzitsua dela, edo beraren kabuz ari direnean behatzea.

Azpeitian gai hau jorratzen urte osoan lanean diharduten bi ludoteka eta gaztelekua daudela ere gogora ekarri nahi izan du Amenabarrek. "Informazioa edo zalantzaren bat badaukazue jolas edo jostailuen inguruan, hurbildu lasai urtean zehar bertako hezitzaileengana", esan du Gazteriako batzordeburuak.

Hitzaldia

Leire Etxanizek, Parekidetasun saileko batzordeburuak, jostailuek askotan genero rolak finkatzerakoan hartzen duten pisuaz ohartarazi du, eta eragin hori parekidetasunaren irizpidetik egokia izaten laguntzeko hainbat aholko ere eman ditu:

  • Jostailuek badute genero rolak barneratzen laguntzeko funtzioa, eta beraz sexu eta rol estereotipoak errepikatzen ez dituzten jostailuak bultzatu behar ditugu.
  • Helduok gehienotan neska eta mutilen jostailuak ezberdindu egiten ditugu, eta ondorioz sexuen arteko muga eraikitzen laguntzen dugu.
  • Garrantzitsua da umeek era askotako jostailuak izatea, jostailu bakoitzak helduen bizitzan beharrezkoa izango ditugun garapen prozesu ezberdinak eragiten dituelako.
  • Ez uste, beraz, neskak neska izateagatik jostailu batzuekin jolastu behar duenik eta mutilek mutila izateagatik beste batzuekin.
  • Beraz, identifikatu estereotipo sexistak zein diren eta ezertan mugatzen gaituzten jostailuak baztertu.
  • Jolas belikoak edo jarrera bortitzak bultzatzen dituztenak baztertu, eta elkartasuna, komunikazioa kooperazioa eta konfiantza sustatzen dutenak bultzatu.
  • Bizitzako eredu anitzak bilatu. Beraiek bizitzako protagonistak direla gogoratu. Famili eredu ezberdinak, emakume eta gizon eredu ezberdinak, guraso eredu ezberdinak eta kultura eredu ezberdinak sustatzen dituzten jolasak sustatu.

Jostailu egokiaren hautaketarako irizpide horietan sakontzeko, Emakumeen Txokoan hitzaldia antolatu dute azaroaren 30erako, asteazkena, 19:30ean hasita. guraso, hezitzaile eta irakasleei zuzenduta, Txatxilipurdi elkarteko Itziar Ulibarri-Aranak Nola egin jostailu egokia aukeratzeko! gaia jorratuko du hitzaldi horretan.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus