Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiko Ahotsak proiektua, osatuta

Azpeitiko Ahotsak proiektua, osatuta

2011-11-18 / 14:00 / Azpeitiko Euskara Patronatua (AEP)   EUSKARA

Azpeitiko Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak hiru urteko lanaren azken emaitza aurkeztuz itxi dute 2009an elkarrekin abian jarri zuten ekimena. Azpeitiko ahozko ondarearen artxibo zabal, antolatu eta aberatsa sarean dago jada, nahi eta behar duen ororen eskura.

Aurreikusitako lanak burututa, Azpeitiko Ahotsak proiektuaren azken balantzea eginez agurtu dute Azpeitiko Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2009an elkarrekin hasitako bidea. 2009ko martxoan aurkeztu zuten udalerriko ahozko ondarearen artxiboa osatzeko sinatu zuten hitzarmena, Euskal Herriko Ahotsak proiektu globalean txertatuta. Hiru urterako hitzarmenaren epea bukatuta, Ainhoa Beristain Udaleko Euskara batzordeburuak eta Badiharduguko Haizea Odriak eta Aintzane Agirrebeņak tarte horretan egindako lanaren berri eman dute gaur (2011-11-18) prentsaurrekoan Euskara Patronatuan.

Altxorra sarean

Eskerrak emateko unea izan da gaurko prentsaurrekoa. Bai Udalaren izenean, bai Badiharduguren izenean, egitasmoan beraien hizkera ez ezik bizitzaren pasarteak utzi dituzten hiztun guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete. "Eskerrak eman behar dizkiegu lehengo eta oraingo azpeitiarrei, den-denen artean altxor izugarria utzi digutelako, euskara", esan du Ainhoa Beristain zinegotziak.

Orain dela urtebete ere proiektuan parte hartu duten herritarrek jaso zuten Azpeitiko Ahotsak egitasmoaren arduradunen esker ona. Orduan, 2010eko abenduan, egindako grabazioen aurkezpen ekitaldia egin zen udaletxean. Harrezkero, egindakoa txukundu, antolatu eta guztion eskura jartzen aritu dira Badihardugukoak Ahotsak.com webgunean Azpeitiari dagokion atalean: http://www.ahotsak.com/azpeitia/.

Hor aurkitu daitezke 2009-2011 epean egindako lanaren emaitzak:

  • Hizlariak: 75
  • Zintak: 81
  • Pasarteak: 816
  • Transkribatutako pasarteak: 114
  • Audioak: 10
  • Bideoak: 201

Badiharduguren eta Udalaren arteko hitzarmenaren barruan egindako grabazioez gain, Ahotsak.com-en Azpeitiko orrialdean lehendik eginak zeuden hainbat grabazio ere jaso dituzte; esaterako, Azpeitiko Euskara bekarako Eņaut Frantzesenak eta beste hainbat kidek egin zituztenak. Eta Azpeitiko Ahotsak proiektuaren barruan Azpeitiko hitanoa izenekoa ere sortu dute, lau elkarrizketarekin.

DVDak ere bai

Interneten txukun-txukun eta guztiz erabilgarri jarri den materialaz gain, Azpeitiko Ahotsak ekimenean jasotako materiala DVD euskarrian ere lortu daiteke. Azpeitiko Euskara Patronatuan daude elkarrizketa guztien DVDak; "edozeinek beharko balitu, ikertzeko edo dena delakorako, badago behar duenaren eskura jartzeko aukera", esan du Patronatuko zuzendari Patxi Saezek.

Azpeitiko Ahotsak proiektuaren xehetasunak, PDFan

Proiektuaren xehetasunak -hizlari guztienak barne- PDF batean ere jaso ditu Badiharduguk. Webgunean ikus daiteke, eta hona ere ekarri dugu:


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus