Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Gurasoentzako saioa egin dute, hitanoa suspertzeko egitasmoaren barruan

Gurasoentzako saioa egin dute, hitanoa suspertzeko egitasmoaren barruan

2011-10-28 / 12:49 / Azpeitiko Euskara Patronatua (AEP)   IKASTETXEAK

Gaur zortzi (2011-10-21) aurkeztutako egitasmoaren barruan aurreikusi bezala, Azpeitian hitanoa landu eta bultzatzeko ekimenean parte hartuko duten ikasleen gurasoei zuzendutako saioa egin zuten atzo (2011-10-27) Euskara Patronatuan.

Hitanoa landu eta bultzatzeko egitasmoaren aurreneko fasean, herriko ikastetxeetako DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleek landuko dituzte egitasmoari dagozkion edukiak. Ikasleak ez ezik, ordea, irakasleak eta gurasoak ere kontuan hartu dituzte hitanoaren galerari aurre egin asmoz abian jarritako proiektuan.

Ikasleak azaroan hasiko dira hitanoa lantzeko edukiak eskolan ematen eta, aurreikusitakoaren arabera, haien gurasoei zuzendutako saioa egin dute aurrez. Izan ere, ikastetxeko lanketak bezain besteko garrantzia, edo handiagoa, izango dute kasu honetan ere etxeko hizkuntza ohiturek; transmisioak, alegia.

Transmisioaren garrantzia nabarmendu eta horretaz aritzeaz gain, saioan parte hartu zuten gurasoek bakoitzaren bizipenak azaltzeko aukera izan zuten: hitanoa erabiltzen al duten, zenbat edota norekin, bizipenen bat... Seme-alabek gelan landuko dutenaren berri ere eman zitzaien saiora inguratu ziren gurasoei.

Hitanoaren arau sozialak (itxiak ez, baina bai ezagutu eta kontuan hartu beharrekoak), egokitasuna, zuzentasuna eta kalitatea ere hizpide izan zituzten. Erabilerari lotuta, gazteen artean generoaren maila ematen ari den galera nabarmena eta erregistroari eustearen garrantzia ere landu zituzten. Eta, hika aritzearen inguruan nagusitu ohi diren jarrerez hizketan, hitanoa/prestigioa bikoaren gaineko aurreiritziak berraztertu beharraz eta generoa kontuan hartzeaz aritu ziren.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus