Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Hitanoaren trena abian da Azpeitian

Hitanoaren trena abian da Azpeitian

2011-10-21 / 15:15 / Azpeitiko Euskara Patronatua (AEP)   IKASTETXEAK

Azpeitiko Euskara Patronatuak, Mintzola Fundazioak eta herriko ikastetxeek Azpeitian hitanoa landu eta bultzatzeko mamitu duten egitasmoa gaur (2011-10-21) aurkeztu dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. 2011-2012 ikasturte honetan DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleekin landuko dutena egitasmoaren hasiera besterik ez da izango.

Azpeitia herri euskalduna denik ezin uka; hori dela eta, bertako Euskara Patronatuak eta Udalak herri mailan duten aberastasuna bermatzea dute helburu. Herri euskalduna den aldetik, bada erregistro bat oso aberatsa izan dena urteetan barna: hitanoa. Hitanoa erabili arren, halere, pixkanaka erabilera murriztuz joan da eta kalitatea ere jaisten ari da.

Egoera horri guztiari aurre egiteko xedez sortua da orain dela urtebete lantzen hasi eta gaur aurkeztu den egitasmoa, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta Mintzola Fundazioaren zuzendari Josune Zabalak nabarmendu duten bezala. Haiekin batera, Euskara zinegotzi Ainhoa Beristainek, Mintzolako teknikari Inazio Usarraldek, egitasmoa tajutzen lanean aritu diren herriko lau ikastetxeetako irakasleek (Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Iraurgi Ikastetxea eta Urola Ikastola dira lau ikastetxeak) eta ikastetxeetan landu beharreko materiala egiteaz arduratu den Bit&mina etxeko Arkaitz Barriolak hartu dute parte aurkezpenean.

Zumaian Mintzolarekin orain dela hilabete batzuk martxan jarritakoaren segidan dator, orain, Azpeitiko esperientzia.

Hitanoa, zaindu beharreko altxorra

Hitanoaren egoeraren aurrean errealitateari aurre egiteko beharra aurreikusi da, euskarak eskaintzen duen altxor hori zaindu egin behar baita. Izan ere, testuinguruaren azterketa aintzat hartuz, hitanoaren erabilera gauzatzen den arren ez da lehen moduan erabiltzen eta, bestalde, erabileraren kalitatea beheraka doa. Azken batean, hika erabiltzen duten hiztunen kopurua beherantz doa, hitanoaren kalitatea ere okertzen ari da eta hitanoa erabiltzeko esparruak ere urritzen ari dira, batik bat, nesken/emakumezkoen hitanoari dagokionez.

Erregistro mota honen egoera ikusirik eta horretaz arduraturik, Azpeitiko Euskara Patronatuak eta Mintzola Fundazioak martxan jarri dute proiektu bat hezkuntza mailan, helburu hauek dituena:

  • hitanoaren ezagutza arauak ezagutu zein horien erabilera bultzatzea
  • gazteen artean hitanoa sustatzea
  • hitanoaren izateari eustea
  • hitanoaren kalitatea bermatzea
  • transmisioaren garrantziaz jabetzea

Helburu horiek aurrera eraman ahal izateko murgilduko garen esparruak izango dira hezkuntza, gurasoak zein gazteak.

Proiektu honekin herri mailan antzematen den beharrari erantzun nahi zaio. Behar hori asetzeko proposamen bat zehaztu da, hezkuntza mailan abiatzen dena. Horrez gain, aurreikusiak daude irakasleentzat formazio saioak eta irakasle zein gurasoentzat motibazio saioak.

Hitanoaren egungo gabeziak

Euskararen ahozkotasunean, gainerako hizkuntzetan bezala, erregistro ezberdinak erabiltzen dira; eta hain justu, gertuko hizkuntzetan osasuntsu eta bizirik dirauen 2. pertsonaren erabilerak euskaraz galera handia izan du: lagun arteko edo egoera informaletako hitanoak izan du galerarik handiena. Hitanoa gure ahozko ondareetako bat izanik, erabilera mailan beharko lukeen prestigioa galdu izan du azken hamarkadetan. Zenbaitek okertzat edo desegokitzat hartu izan du hika komunikatzea; euskara bizi-bizirik den lurraldeetan gizonezkoen artean mantentzen da erregistro hau, baina emakumeen arteko (edo emakumeari egiten zaion) hitanoa ikaragarri murriztu da azken urteetan.

Horrez gain, haren erabilera gramatikala ere okertzen ari dela badakigu: gazteek gero eta akats gehiago egiten dituzte hitanoa darabiltenean; ez gazteek bakarrik, herrien arabera ere nabarmentzen da gramatikalki aditza oker josteko ugaritzen ari den ohitura.

Erregistroari dagokionez ere, komunikazio egoera bakoitzak bere erabilera arauak izan ohi ditu, eta hain justu, hitanoarekin erabilera arauen kontzientzia ere galtzen ari dela ohartuak gaude. Gero eta gazte gehiagok kontzientzia galdu du adinaren edo egoeraren arabera erregistroa aldatzekoa, eta behin baino gehiagotan entzun izan diegu adinduei errespetua ere galtzen ari direla gazteak.

Ildo horretatik, esan genezake euskarak bere-berea duen erregistroa galtzen ari garela, bere prestigioa galtzen ari dela, baita erabileraren egokitasuna ere. Are gehiago herri hizkerei begiratzen badiegu. Euskara estandarrak jarriak ditu hitanoaren arauak, baina herriko hizkeran ba al dakigu bertako hitanoaren ezaugarriak zein diren? Herriko hizkerari dagokion hitanoa erabiltzen moldatzen ote gara?

Hainbat azterketak dioenez, hitanoaren erabilera arauak eta egokitasuna eraldatzen ari dira, eta beharrezko ikusten da gune bakoitzeko hizkerari dagozkion erregistroak ere bultzatzea. Helburu horri ere heldu gatzaizkio egitasmo honetan, hain zuzen, Azpeitian hitanoa lantzeko unitate didaktikoek, guraso zein irakasleentzako motibazio saioek eta irakasleentzako metodologiaren inguruko formazioak osatzen baitute egitasmoa.

Xapurekin, arin-arin, hika egin

Azpeitiko hitanoaren egitasmoari dagokion helburu orokorra izango da gazteen artean erabilera-konpetentziak ezagutarazi, landu eta aberastea. Helburu orokor horrez gain, proposamen honetan zehatzagoak diren helburuek ere badute beraien lekua, hala nola, gazteen artean erabilera berpiztea, irakasleei metodologiaren inguruan formazioa eskaintzea eta guraso zein irakasleei motibazio saioak ematea.

Bestalde, interesgarria iruditzen zaigu hezkuntza formalaz gain herri mailan ere hitanoaren inguruko kanpainak egitea, herritarrei zuzenduriko ikastaroak zein hitzaldiak antolatzea, besteak beste.

Aurrez aipatu diren helburu horietara iritsi ahal izateko, hona hemen egitasmoaren eduki aipagarrienak:

  1. Azpeitiko ikastetxeetan gauzatuko da, bertako irakasle, ikasle eta gurasoak kontuan hartuz.
  2. 2011-2012 ikasturtean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan lantzeko 4 sekuentzia didaktiko sortu ditu Mintzolak, bakoitza bost ordukoa.

    Bi sekuentzia landuko dituzte DBH 3.ean, eta beste bi 4. mailan. Marijo Ezamak esan du azaroan hasiko direla egitasmoa geletan lantzen; proiektuan parte hartu duten irakasleen izenean hitz egin du Ezamak.

    Bit&minako Arkaitz Barriolak ikasleek landuko dutenaren zertzelada batzuk erakutsi ditu Sanagustinen. Inazio Usarraldek azaldu bezala, "gazteentzat erakargarria izango den zerbait" egitea izan dute hasieratik helburu, teknologia berriekin zuzenean uztartuta. Horrela, sekuentzia didaktikoen lanketarako euskarri nagusia egitasmo honetarako espreski sortu duten webgunea izango da.

  3. Hitanoa gazteek ezagutu, landu zein erabiltzeko proposamenak izango dira sekuentzia didaktikoen bitartez egingo direnak.
  4. Mintzolak Azpeitiko ereduak jorratu ditu, ikus-entzunezko materialak aztertuz, hitanoaren inguruko erreferentziak bilatuz zein hautatuz.

    Sekuentzia didaktikoak josi eta gidatzeko pertsonaia bat sortu dute, Xapu zapoa. Eta lelo bat ere bai: Arin-arin, hika egin.

    Horrez gain, herriko aktore eta bertsolariek ere hartu dute parte egitasmoan, euren ahotsa eta hizkera jarrita.

  5. Irakasleei metodologiaren esparruan formazioa eskainiko zaie.
  6. Irakasle zein gurasoei begira motibazio saioak egitea ere aurreikusita dago.

Beraz, aurrekoa kontuan harturik, proposamena hiru ardatz nagusitan banatu da:

  • Material didaktikoa sortzea eta esperimentatzea.
  • Motibazio saioak eskaintzea guraso zein irakasleei.
  • Metodologiaren inguruan irakasleei formazioa ematea.

2011-2012 ikasturtea egitasmoaren hasiera besterik ez da izango. Datozen ikasturteetan egitasmo beraren eragin-eremua zabaltzea eta material sorkuntzarekin aurrera egitea aurreikusita dago.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus