Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Ongi etorri Azpeitiko Udal Euskaltegiaren ikasturte berrira

Azpeitiko Udal Euskaltegia / Euskaltegia / 2011-09-06 / 12:50


Euskara ikasi edota maila hobetzeko asmoa duenak aurten ere ez du aitzakiarik izango Azpeitiko Udal Euskaltegian. 2011-2012 ikasturterako izen-emate epea zabalik dago, irailaren 30a arte. 30 ikastarotik gora jarriko ditu aukeran aurten ere Udal Euskaltegiak, 4. mailakoa tartean dela.



2011-2012 ikasturtean 27 urte beteko dira gure euskaltegiak lehen aldiz bere ateak ireki zituela. Euskara mundura hurbildu nahi izan duten herritarrek, bai euskara ikasteko edo bai euren euskara maila hobetzeko, aukera paregabea izan dute urte luze hauetan eman diren hamaika ikastarotan parte hartzeko.

Ongi etorri!

Udal Euskaltegiok aurtengo ikasturterako hautatu dugun leloarekin ongi etorria eman nahi diogu Udal Euskaltegira datorrenari. Ongi etorria, hainbat hizkuntzatan, lehentasuna euskarari emanez, euskaraz bizi garelako eta Udal Euskaltegiok euskara irakastea dugulako helburu. Denok dugu euskaraz bizitzeko nahia eta gogoa, bai euskaraz bizi garenok edo egitea pentsatzen dutenek, guztiei eman nahi diegu ongietorria. Guztiok ditugu ateak zabalik eta guztiok etxean bezala sentiarazi nahi dugulako/ditugulako aukeratu dugu aurtengorako Udal Euskaltegiok lelo hau.

Azpeitiko Udal Euskaltegiak zu behar zaitu: 16 urtetik gorakoa, hemengoa edo etorkina; ikaslea, langilea, langabea edo jubilatua; euskara ikasteko gogoa, borondatea edo beharra duena. Azpeitiko Udal Euskaltegira etorriz gero, besteak beste, lagun berriak egingo dituzu, esperientzia berriak biziko dituzu, hizkuntza berri bat ezagutzeko, ulertzeko eta hitz egiteko aukera izango duzu, hainbat urtetan eskuratu nahian ibili zaren titulu ofiziala eta homologatua lortzeko aukera izango duzu, zure euskara maila hobetuko duzu, zure seme-alabei etxerako lanetan laguntzeko aukera izango duzu... Gutako edonork euskara bereganatu ahal izateko beharrezkoa dugun hori lortzeko aukera emango digu Azpeitiko Udal Euskaltegiak, hau da, behar horiek asetzeko bide nagusia eskainiko digu.

Izan ere, 26 urteko historiak ematen duen eskarmentua du eta, nola ez, ordutegi zabalak eskaintzen dizkigu gure helburuak lortu ahal izateko.

Bekak eta laguntza sistemak

Era berean, Azpeitiko Udal Euskaltegiak euskara ikasteko orduan dirua arazo izan ez dadin, beka eta laguntza sistemak ere eskaintzen dizkigu. Honela, Azpeitian erroldatuta baldin bazaude eta ikasturtean zehar % 85eko asistentzia erreala izaten baduzu, ikasturte amaieran matrikulagatik ordaindu duzun diru guztia berreskuratu ahal izango duzu. Beraz, ikus dezakezunez, Azpeitiko Udal Euskaltegian euskara doan ikastea, zure esku dago.

Diru-laguntzen gaineko informazioa osatua duzue HEMEN

Tituluen baliokidetza

Azpeitiko Udal Euskaltegian izena eman eta behar den maila eskuratuz gero, ikasleek HABEren lau mailatako azterketetara joateko aukera izango dute. Honela, ikasle hauek, behin azterketa gaindituz gero, balio ofiziala izango duten tituluak eskuratu ahal izango dituzte. Azterketa hauek egin ahal izateko bi aukera izango dituzte, bata lehen deialdian, maiatzean eta bestea, berriz, 2. deialdian, urrian.

Kontua da, duela gutxi arte hainbat erakundek (IVAPek, Osakidetzak, Ertzaintzak, Hezkuntzak...) nork bere titulua eskatzen eta ematen zuela. Orain arte ez da egon agiri guztiak batera bildu eta elkarrekin baliokidetu dituen araurik. Baina 48/2009 Dekretuaren bidez, azkenean euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu dira. Eginbehar honetan aritu direnek Europako Erreferentzia Markoa izan dute oinarri eta bide-erakusle. Honela, homologazioa aurkitu da Europako irizpideekin. Horren ondorioz, EUSKARA-GAITASUN tituluen baliokidetza lortu da.

Berri hau pozgarria izan da urte hauetan zehar euskara-tituluren bat lortua duten milaka eta milaka herritarrentzat, baita oraintxe bertan euskara ikasten ari direnentzat edo ikasteko asmoa dutenentzat ere. Izan ere, hemendik aurrera herritarrek ez baitute ezinbestekoa izango erakunde jakin batean lan egin ahal izateko, horrek eskatzen duen euskara agiri zehatz hori izatea.

Ikastaro aukera zabala

Azpeitiko Udal Euskaltegiak 2011-2012 ikasturterako ere ikastaroen eskaintza guztiz zabala dauka prestatua. Azpeitiko Udal Euskaltegian izena ematen duten ikasleek, batetik, balio ofiziala duten tituluak eskuratzeko ikastaroak egiteko aukera izango dute Bestetik, berriz, euren behar zehatzetara egokitzen diren 30 ikastarotik gora.

Izango ditugun ikastaroen artean honako hauek daude, besteak beste:



HABEren 4. maila

Eskaintza zabal honen barruan, azpimarratzekoa da 4. maila izeneko ikastaroa. Aurtengo ikasturtean ere, azken lau ikasturteetan bezalaxe, Azpeitiko Udal Euskaltegiak bere ikastaroen eskaintzaren barruan HABEren 4. maila eskuratzeko ikastaroa eskainiko du.

Gauza jakina da gure herria eta ingurua oso euskaldunak direla. Bertako biztanleak ia gehienak oso ondo moldatzen direla euskaraz ahoz zein idatziz. Baina aukera berezia eman nahi dio Azpeitiko Udal Euskaltegiak oinarrizko maila hori hobetu nahi duen edonori.

Gainera, egia den arren gure herrian eta inguruan euskara asko erabiltzen dela, era berean egia ere bada, gure euskararen erabilera hori esparru batzuetara ia soilik mugatzen dela: familia girora, lagunartera, ikasketetara, aisialdira... Baina euskarak eremu berriak ere behar ditu erabateko normalizazioa erdiesteko eta horietako bat lan munduaren esparrua da.

Lana euskaraz egiteko gai izan behar dugu eta horretarako geure burua prestatu beharra daukagu. Ikastaro hau oso aproposa izan daiteke orain arte lana erdaraz egin duen euskaldunarentzat edo bere lan teknikoa euskaraz egin arren zailtasunak dituenarentzat (gaitasun komunikatiboa xede berezietarako lantzeko asmoa duenarentzat), Administarazioko 4. hizkuntz eskakizuna lortu beharra daukanarentzat (HABEren 4. maila eta IVAPeko 4. HE jada baliokideak baitira) edo besterik gabe, behar berezirik izan gabe ere, EGAren oinarrizko maila hori hobetu, zaindu edo sakondu nahi duenarentzat (euskalduntze eta alfabetatze prozesutik datozenentzat, alegia).

Ikastaro hau egin ahal izateko ikasleak ezinbestean EGA agiria edo baliokidea izan behar du. Ikastaroa gainditu ahal izateko ikasleak proiektu/lan bat egin beharko du berak hautatutako gaiaren ingurukoa (formazioz, lanbidez edo zaletasunez ikaslea zein arlotan edo gaitan den aditu kontuan izanik, ikasleak berak egingo du aukeraketa).

Bestalde, 4. mailako egiaztatze-probara aurkeztu ahal izateko, ikasleak ikastaroa ez ezik proiektua ere gainditu egin beharko du.

4. mailako ikastaro honetan erabiliko den metodologiari eta orduen banaketari dagokionean, berriz, klaseak astean bitan izango dira eta hauek aurrez aurrekoak izango dira. Saio bakoitza bi ordu eta erdikoa izango da. Guztira aurrez aurreko 180 ordu inguruko ikastaroa izango da. Ikastaroa bai talde lanean bai bakarkako lanean oinarrituko da. Aurrez aurreko klaseetan ikasleek talde-lana egingo dute; bakarkako lanean, berriz, proiektua gauzatuko dute. Proiektua gauzatzeko orduan, ikasleak tutoretzen bidez irakaslearen zuzeneko 15 orduko laguntza berezia ere izango du.

Izen-ematea: noiz arte, non, nola

Beraz, Azpeitiko Udal Euskaltegiaren ikastaro eskaintza zabal honetakoren batean izena eman nahi izanez gero, irailaren 1etik 30era arte gin dezakezu matrikula. Hori bai, lehenbailehen izena ematea komeni da. Izan ere, taldea sortu ahala (zortzi lagunez osatutako taldea, ordutegi bera aukeratu duena eta euskara maila bera duten ikasleez osatua), martxan jarriko dugu taldea.

Izena emateko orduan hiru aukera dituzu:


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/plangintzak/gurien/1315306246