Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Errenta aitorpena: Aukeratu euskaraz!

Errenta aitorpena: Aukeratu euskaraz!

2011-04-15 / 13:09 / Azpeitiko Euskara Patronatua   BESTERIK

Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuaren bidez, kanpaina jarri du abian, 2010eko errenta aitorpena egin behar duten azpeitiarrak aitorpena euskaraz egitera gonbidatuz.

2010eko errenta kanpaina abian da Gipuzkoan. Joan den apirilaren 12tik, autolikidazio proposamenak etxean jasoko dituztenek egin dezakete aitorpena, eta Internet bidez egiteko aukera ere zabalik dago.

Kartelak

Errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera dute herritarrek, kasu guztietan. Eta aukera hori bultzatzea, azpeitiarrak aitorpena euskaraz egitera animatzea da, hain zuzen ere, Azpeitiko Udalak Euskara Patronatuaren bidez abian jarri duen kanpainaren helburua.

Kanpainaren euskarria kartel hau izango da. Gaur bertan (2011-4-15) hasiko dira herritarrak kartel hori kalean ikusten, eta datozen asteetan ere ikusiko dute, herriko hainbat txokotan dauden adierazguneetan. Kalean ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitian dituen bulegoetan ere ikusiko dute kartela.

Errenta aitorpena: Aukeratu euskaraz! da kanpainaren leloa, kartelean irakur daitekeena. Horrekin batera, iaz aitorpena euskaraz egin zuten azpetiarren kopurua dator, honako esaldiekin osatuta: Aurten zuk duzu aukera. Eman balioa euskarari.

Gero eta gehiago

Gipuzkoako 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, Azpeitia da euskaraz egindako errenta aitorpen kopuru handiena duena. 2008ko errentaren kanpainan 2.027 azpeitiarrek egin zuten aitorpena euskaraz, eta 2009koan berrehun gehiagok, 2.227k. Hala ere, Azpeitian egiten diren aitorpen guztien % 30era ez da iristen euskaraz egindakoen kopurua: % 27,76 izan ziren 2008ko kanpainan, eta % 28,23 2009koan. Zenbateko horiek gorako bidean indarra hartzea da, hain zuzen ere, Udalaren kanpaina berriaren helburua.

2008ko eta 2009ko errenta kanpainetan euskaraz zenbat egin ziren ikus daiteke, udalerriz udalerri, PDF honetan.


Erantzun

 
Badaezpada ere, erdaraz
2011-05-06 / 09:31 / Gipuzkoako Hitza

Gipuzkoarren %9k errenta aitorpena euskaraz egin zuen 2009ko ekitaldian, aurreko urtean baino puntu bat gehiagok.

Herri handienen artean, Azpeitia da euskarazko errenta aitorpen gehien egiten den herria: 2009an, 2.227 egin ziren euskaraz -%28,2-.

10.000 biztanletik gorako gainerako herrietan, hauek izan ziren euskarazko errenta aitorpenen portzentajeak:

  • Azkoitian %20,6
  • Oņatin %13,6
  • Bergaran %13,2
  • Hernanin %13
  • Tolosan % 12,5
  • Zarautzen %11,15
  • Arrasaten %10,5
  • Andoainen %9
  • Beasainen %8,4
  • Elgoibarren %7,9
  • Hondarribian %5,8
  • Lasarte-Orian %5,4
  • Errenterian %4,9
  • Pasaian %4,7
  • Eibarren %4,7
  • Donostian %3,95
  • Irunen %2,5
    • Estreinakoz Gipuzkoako Hitzan argitaratua 2011-05-06an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus