Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Errenta aitorpena ere euskaraz

Errenta aitorpena ere euskaraz

2011-04-11 / 08:31 / Azpeitiko Euskara Patronatua   BESTERIK

Bihar, apirilak 12, hasiko da Gipuzkoan 2010eko errenta aitorpenaren kanpaina. Aitorpenak euskaraz egin daitezke modalitate guztietan, zergadunek hala aukeratuz gero.

Gipuzkoan, 2010eko errenta kanpaina hastear da. Jarraian ikus daitezkeenak dira kontuan hartu beharreko datak:

  • Autolikidazio proposamenak onartzea: 2011ko apirilaren 12tik maiatzaren 6ra.
  • Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea: 2011ko apirilaren 15etik ekainaren 10era (epea luzatu daiteke ordu libreak egonez gero).
  • Aitorpenak aurkezteko epea: 2011ko apirilaren 18tik ekainaren 25era.

Gaur egun errenta egiteko lau modu daude eta guztietan erabil daiteke euskara, nola? Segi irakurtzen

Autolikidazio poposamena

Zergadun batzuei etxera bidaliko dizuete proposamena, Foru Ogasunak eskura daukan informazioan oinarritutakoa. Proposamena ontzat ematen baduzu, bi bide daude onartzeko: telefonoz edota Internet bidez.

Egin euskaraz: proposamena eta eskutitza ele bietan jasoko duzu. Telefonoa erabiliz gero, euskaraz hitz egin eta Ogasuneko langileak euskaraz beteko du aitorpena; gainera, aurrerantzean Foru Ogasunarekin dituzun harremanak euskaraz izan daitezen nahi ote duzun galdetuko dizute. Internetez eginez gero, euskarazko aukera erabil dezakezu.

Mekanizatua

Foru Ogasuneko bulegoetan egiten da. Horretarako hitzordua eskatu behar da, telefonoz edo Internetez.

Egin euskaraz: telefonoak euskara aukeratzeko bidea emango dizu, baita Interneteko atariak ere. Bulegoan euskaraz hitz egiten baduzu, langileak euskaraz beteko du zure aitorpena; hala ere, ziur egoteko, adierazi aitorpena euskaraz egiteko borondatea. Bukatzeko, aurrerantzean Foru Ogasunarekin dituzun harremanak euskaraz izan daitezen nahi ote duzun galdetuko dizute.

Telematikoa

Baimenduta dauden erabiltzaileek har dezakete bide hau, eta batez ere finantza-erakundeek eta aholkularitza zerbitzuek erabiltzen dute. Gune horietara gure sarreren, gastuen, kenkarien eta abarren frogagiriak eraman eta bertako langileak arduratzen dira aitorpena egin eta bidaltzeaz. Bezero jakin batzuentzako zerbitzua izaten da.

Egin euskaraz: espresuki adierazi beharko duzu bertan euskaraz egiteko borondatea.

Nork bere bidetik

Inprimakia estankoetan eros daiteke edo internetetik jaitsi. Sinadura elektronikoa eta pasahitz operatiboa eskuratuz gero, aitorpena osorik Internet bidez ere egin daiteke.

Egin euskaraz: inprimakiak ele bietan daudenez, zeuk erabaki ahal izango duzu zein hizkuntza erabili. Interneteko gunean euskaraz betetzeko aukera izango duzu.

***

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun Sailaren webgunean daude 2010eko errenta kanpainaren gaineko jakingarri guztiak.

902 100 140 telefonora ere dei daiteke, informazioa eskuratu edota zalantzak argitzeko.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus