Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskaraz gaztelaniaz baino jaiotza erregistro gehiago Azpeitian

Euskaraz gaztelaniaz baino jaiotza erregistro gehiago Azpeitian

2011-04-07 / 13:54 / Azpeitiko Euskara Patronatua   BESTERIK

2009an Erregistro Zibilean inskribatutako haurren % 52a euskaraz erregistratuak izan ziren. 2010ean kopuruak gora egin zuen, % 64raino.

Aukeran jarri eta aukera emanez gero, azpeitiarrek euskaraz nahiago. Euskal Herriko udalerri gehienetan gurasoek haur jaioberriak euskaraz erregistratzeko komeriak izaten dituzte. Behin baino gehiagotan salatutako kontua da; azkena orain dela egun gutxi, Behatokiak eta UEMAk Donostian egin zuten agerraldian. Azpeitian, zorionez, badirudi garai bateko zailtasunak gainditzen hasita daudela: haur jaioberriak euskaraz inskribatzeko bide eta moduak jarri dituzte, eta Azpeitiko guraso gehienek euskararen hautua egin dute.

2009an hasi ziren ezartzen EAEko 14 barruti judizialetan -tartean Azpeitian- InfoReg aplikazioa. Aplikazio informatiko horrekin, ordura arte nahi eta behar baino zailtasun gehiago ematen zuten euskarazko inskripzioei ateak irekiko zitzaizkiela iragarri zuten; jaiotzei bakarrik ez, Erregistro Zibilari dagozkion inskripzio guztietan izango zuen eragina InfoReg-ek. Eta Azpeitian behintzat, jaiotza inskripzioei dagokienez, badirudi aplikazio berriaren ezarpena emaitzak ematen ari dela, aurreko bi urteetako datuei erreparatuta.

2009an, InfoReg erabiltzen hasi ziren urtean, 263 jaioberriren izena eman zuten Azpeitiko Erregistro Zibilean: 125 haur (% 47,5) gaztelaniaz erregistratu zituzten, eta 138 (% 52,5) euskaraz. 2010ean berriz, InfoReg urte hasieratik erabilgarri zela, erregistratu zituzten 222 haurretatik 142 (% 64) euskaraz inskribatu zituzten, eta 80 (% 36) gaztelaniaz.

Alderaketak

Tresna eta baliabide kontua ez da, ordea, gai honetan erabakiorra. Gipuzkoako beste barruti judizialetan ere -Bergara, Donostia, Eibar, Irun eta Tolosa- erregistroak euskaraz egin ahal izateko aukera teknikoa hor dago, baina emaitzak ez dira Azpeitikoetara inguratzen. Gehien gerturatzen dena Tolosa da: 2009an jaioberrien euskarazko erregistroen kopurua % 52koa izan zen han, eta % 53koa 2010ean. Bergaran -UEMAko kide da, Azpeitia bezala-, 2009an haurren % 43a erregistratu zituzten euskaraz, eta % 48a 2010ean.

Deigarria da beste hiru barrutietako joera: Azpeitian, Tolosan eta Bergaran gutxi-asko euskarazko erregistroek gorako bidea egin duten bitartean, Donostian (euskaraz % 18 2009an, % 15 2010ean), Eibarren (% 12 2009an, % 8 2010ean) eta Irunen (% 3 2009an eta % 1 2010ean) beherantz egin dute.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus