Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiak hizkuntza politika egokiena eta eraginkorrena du

Azpeitiak hizkuntza politika egokiena eta eraginkorrena du

2011-02-18 / 11:30 / AEP   UDALETXEA

Azpeitia hizkuntza politika egokiena eta eraginkorrena duen Euskal Herriko lehenengo hiru udalen artean dago, Bermeo eta Oriorekin batera.

2007an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Herriko udalerrietako hizkuntza politikak, erabilitako baliabideak eta lortutako emaitzak aztertu eta neurtu ondoren, Azpeitia azaldu zen lehendabiziko tokian neurketa egin ondoren plazaratu zuten rankingean, hamarretik 6,82 punturekin. Bigarren neurketa baten emaitzak plazaratu ditu Kontseiluak 2011an, lau urte geroago, eta Azpeitiko Udalak puntuazioa hobetu egin du 8,69 puntu lortuz eta rankingaren hirugarren tokian azalduz. Bermeo ageri da zerrendaren lehen tokian, eta Orio da bigarrena.

Kontseiluaren irizpideen arabera, hizkuntza politika batek zazpi puntu eskuratu behar ditu, gutxienez, eraginkorra izateko. Beraz, Azpeitiko Udala, 8,69 punturekin, Euskal Herrian hizkuntza politika egokia eta eraginkorra duten udalerrien aurreko muturrean dabil.

Kontseiluak Euskal Herri osoko 66 udalen hizkuntza politikak aztertu ditu atzo (2011-02-17) aurkeztutako ikerketa lana mamitzeko eta, horietatik, hamaseik bakarrik dituzte euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzeko moduko politikak, udal horien artean dago Azpeitikoa. Aztertu diren udalen %24 besterik ez dira.

Maiatzeko udal hauteskundeen atarian ezagutarazi ditu datuok Kontseiluak. Horrela, oraindik euskararen politika eraginkorrik ez duten herriak elkarlanera deitu ditu, eta hizkuntza politika eraginkorrak aurrera eramateko laguntza eskaini die Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Azpeitia lehenengo postutik hirugarrengora, hizkuntza politikaren azterketan
2011-02-18 / 12:16 / Uztarria

Kontseiluak Euskal Herriko 66 herri eta hiritako hizkuntza politikak aztertu ditu.

Azpeitiko Udalak hamarretik 8,69ko puntuazioa lortu du; duela lau urte baino altuagoa.

Kontseiluak Euskal Herriko 66 herri eta hiritako udalen hizkuntza politikak aztertu ditu. Azpeitia dago herri horien artean, eta duela lau urte egindako azterketan lehenengo postuan baldin bazegoen ere, orain hirugarrenera jaitsi da. Azpeitiko Udalak hamarretik 8,69ko batez besteko nota atera du, eta Kontseiluaren sailkapenaren arabera, "zazpi puntu eskuratzeak adierazten du euskara lehenesteko udalak egiten duen ahalegina".

Azpeitiak aurretik ditu, ordea, lehengo postuan, Bermeoko Udala (9,32) eta, bigarren postuan, Orioko Udala (8,77). Azkoitikoa 11. postuan dago, duela lau urte baino lau aurrerago, (7,87). Hazparnekoa (Azpeitiarekin senidetuta dago 80. hamarkadaren erdialdetik) ere aztertu dute eta 63. tokian dago, 1,32 punturekin.

Kontseiluak jakinarazi duenez, "azterketa berri honek aurkera emango digu, besteak beste, lau urtean hizkuntza-politikek emandakoa neurtu ahal izateko, eta beraz, aurrera begira normalizaziorako bidean eman beharreko urratsak hobeki zehazteko". Horrez gain, "udalak hartutako erabakiak, esleitutako baliabideak eta horien emaitzak aztertzeaz gain, herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzeko eta langileek euskaraz lan egiteko eskubideen bermea zein neurritaraino dagoen eta nola gauzatzen den neurtu da", gaineratu du.

Kontseiluak egindako azterketa osorik ikusteko egin klik hemen .

  • Estreinakoz Uztarria agerkari digitalean argitaratua, 2010-02-18an.
 
Hizkuntza politikaren azterketa gainditu dute eskualdeko udalek
2011-02-22 / 10:03 / Urola-Kostako HITZA

Kontseiluak 2010ean egindako datu bilketa du azterketak oinarrian; Orioko Udala bigarren postuan dago.

Kontseiluko ordezkari Paul Bilbao eta Maite Inda prentsaurrekoan (Kontseilua)
Udalek abian dituzten hizkuntza politikak baloratzeko asmoz, bigarren azterketa egin du Kontseiluak. Euskal Herriko udalerri nagusien datuak kaleratu ditu Kontseiluak, eta, txostenaren arabera, Urola Kostako herriek (Azkoitia, Azpeitia, Orio eta Zarautzek) gainditu egin dute azterketa. Normalizaziora gerturatzeko ahalegina egiten dutela erakusteko, gutxienez 7 puntu lortu behar dituzte udalek; eskualdeko guztiek gainditu dute langa.

Txosten hau egiteko datuak euskalgintzako eta udaletako ordezkarien artean bildu dituzte arduradunek. Batetik, euskararen korpus juridikoa neurtu dute: udalak euskararen ordenantzarik ba ote duen. Bestetik, udalek jarritako baliabide ekonomiko eta pertsonalak behatu dituzte. Eta azkenik, euskararen normalizazioa lortzeko udalek duten plangintza zehatza aztertu dute.

«Ezaugarri bateraturik ez»

Kontseiluaren ustez, Euskal Herriko udalen hizkuntz politika ondoen definitzen duen hitza «nahaspila» da: «Udalen arteko ezaugarri bateragarririk ez dago». Batetik, alderdi politikoak jarri ditu jomugan: «Alderdiek ez dute hizkuntza politika definiturik eta alderdi berekoak diren bi udalen artean alde handia egon daiteke». Bestetik, legezko ofizialtasuna izateak ere herrien arteko «koherentziarik ez» dakarrela diote, eta lurralde berean egoteak ere (kasu honetan, Gipuzkoan) ez du bermatzen hizkuntz politiken parekotasuna.

Kontseiluaren esanetan, koherentzia ezartzen duen irizpide bakarra herriko ezagutza tasa da: zenbat eta euskaldunago izan herria, orduan eta politika eraginkorragoa egin ohi dute.

Hala ere, faktore horrek badauka alde iluna ere. Kontseiluaren ustez, normalizazioa lortzeko «hikuntza politika eraldatzaileak ezinbestekoak» dira, egoera aldatzeko ahalegina egingo duten erabakiak. Baina neurketak «agerian utzi du egungo errealitateari erantzuteko politikak baino ez direla artikulatzen».

Webgune berria abian

2006an egindako lehen neurketan 66 herri aztertu zituzten; oraingoan, berriz, 113 izan dira. Egun batzuk barru Kontseiluak webgune berria irekiko du eta datu guztiak bertan jarriko dituzte.

Herriei 0tik 10era jarri die nota Kontseiluaren neurketak. Nahikoa lortzeko gutxienez 7 puntu izan behar dira.

  • Orio. 8,7745 puntu (herriko ezagutza %92,4).
  • Azpeitia. 8,6925 (herriko ezagutza %94,8).
  • Zarautz. 8,2457 (herriko ezagutza %86,4).
  • Azkoitia. 7,872 (herriko ezagutza %90,7).

________________________________________________

  • Estreinakoz Urola-Kostako Hitza agerkarian argitaratua, 2011-02-22an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus