Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Ahotsak eta memoria, uztartuta eta gordeta

Ahotsak eta memoria, uztartuta eta gordeta

2010-12-07 / 12:12 / Azpeitiko Euskara Patronatua   EUSKARA

Azpeitiko Ahotsak proiektuan parte hartu duten dozenaka lagun elkartu ziren abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Azpeitiko udaletxean, haien testigantzekin osatutako lana ikusi eta entzun, eta esker ona jasotzeko.

Udaletxeko Areto Nagusia txiki gelditu zen joan den ostiral arratsean. Han elkartu ziren Azpeitiko Ahotsak proiektuan parte hartu duten ia 70 herritarretako asko, haien eta bertaratu ezin izan zutenen etxekoekin eta beste hainbat herritarrekin batera, Udalak eta Badihardugu elkartearen gonbitari erantzunez. Guztien helburua, 2009an abian jarri zen proiektuaren emaitzak ikusi eta entzutea. Udalerriko auzo eta gune ezberdinetako gizon-emakumeak dira euren testigantzekin proiektuan parte hartu dutenak; hartara, Azpeitiko euskalkiaren-euskalkien aldaera ezberdinak jasotzea nahi izan da.

Herriko ahozko ondarea biltzeko, Azpeitiko kulturan, politikan, kirolean, baina batik bat eguneroko bizimoduan, protagonista izan ziren 70-80 urtetik gorako gizon-emakumeen testigantzak jaso eta gordetzea izan da hasieratik Azpeitiko Ahotsak-ek helburua. Azpeitiko XX. mendeko bizimodu tradizionala jaso eta gordeko duen datu-base digitala sortzearekin batera, herriko euskalkia aztertu ahal izateko Azpeitiko ahozko artxiboa antolatuta utziko du proiektuak, bukatzen denean. 70 lagunen soinu eta irudi grabazioak eginak daude dagoeneko.

Hain zuzen ere, parte-hartzaile bakoitzari bere testigantzarekin osatutako DVD bana banatuko zaio; askok udaletxeko ekitaldian bertan jaso zuten, Julian Eizmendi alkatearen eskutik, eta besteei datozen asteetan helaraziko zaie. Grabazio horietako askoren pasarteekin bideo polita osatu dute proiektuaren sustatzaileek, eta hori ere jasoko dute Azpeitiko Ahotsak-en parte hartu dutenek. Bideo hori izan zen, zalantzarik gabe, abenduaren 3ko ekitaldiko izarra, jendaurreko aurkezpenean. Areto Nagusian elkartutakoek ondo baino hobeto pasatu zuten batzuen eta besteen esan biziekin, ordu erdira iritsi ez zen emanaldian. Ahotsak.com webgunetik hartu dugu guk bideoa eta albiste honen bukaeran duzue txertatuta, ikusgai.

Julian Eizmendik eta Euskara batzordeburu Ana Mendizabalek Azpeitiko Ahotsak proiektuaren garrantzia nabarmendu zuten. Erakundeek euskararen sustapenean eta babesean izan behar duten ezinbesteko pisua gogorarazi zuen Azpeitiko alkateak. Proiektuari dagokionez, berriz, egindako bilketa-lanari esker "belaunaldi berriek herriko euskara eta antzinako bizimoduak ezagutu ahal izango" dituztela adierazi zuen Mendizabalek.

Azken fasean sartuta

Aurreikusitako grabaketa guztiak eginda eta proiektuaren jendaurreko aurkezpena burutu ondoren, azken fasean sartuko da 2011n Azpeitiko Ahotsak proiektua. Grabazio asko dagoeneko amaraunean ikus daitezke, http://www.ahotsak.com/azpeitia/ helbidean, baina Interneten guztiak -soinu zein bideo dokumentuak- jarri arte ez da bukatuko proiektua.

Aurkezpen bideoa


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus