Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskaraz mintzo diren opariak

Euskaraz mintzo diren opariak

2010-11-26 / 14:53 / AEP- Azpeitiko Euskara Patronatua   AISIALDIA

Euskarazko Produktuen Katalogoa nerabezarora iritsi da. Aurtengoarekin 12. urtea du katalogoak Euskal Herriko 200 udalerritako etxeetara iristen. Haur eta gazteentzako merkatuan salgai dauden ehunka produkturen eskaintzaren berri ematen du Euskarazko Produktuen Katalogoak. Hurrengo egunotan banatuko dira 240.000 ale Euskal Herri osoan. Azpeitian 5.000 ale banatuko dira.

Euskarazko Produktuen Katalogoaren aurkezpena egiteko, Azpeitiko Udalaren hiru sailetako ordezkariak elkartu dira, gaur, (2010-11-26) Euskara Patronatuaren egoitzan: Ana Mendizabal Euskara Batzordeburua, Aloņa Larraņaga Gazteria Saileko teknikaria eta Edurne Aranbarri Parekidetasun Saileko teknikaria. Aurkezpenean, Azpeitiko Udaletik hiru gomendio nagusi eman dira gabonetako opariak erosteari begira: Euskaraz mintzo diren opariak, haurraren garapenerako egokiak eta sexu bereizkeriarik gabekoak.

Euskaraz egiten duten opariak

Lehendabizi, Ana Mendizabalek, Euskara Batzordeburuak, hartu du hitza eta Euskarazko produktuen katalogoak 12 urteko ibilbidea osatu duela jakinarazi du. "Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena eta 135 toki-entitate dira gaur egun parte hartzen dutenak, 200 udaletik gora guztira.

Euskal Herriko lurralde eta ezaugarri oso ezberdineko hainbat herritako udalok egin dugu bat euskarazko produktuak sustatzeko ekimen honetan: handiak nahiz txikiak; euskaldun kopuru altuko nahiz baxukoak; kostaldekoak, erriberakoak, errioxakoak edo mendialdekoak… Guztiok ere argi ikusi dugu euskarazko produktuak erdaren itsasoan nabarmendu behar direla, eta egon badagoen hori erdarazko produktuen itzaletik argitara ekarri behar dela.

Euskarazko produktuen katalogoa bultzatzen dugun udal erakundeak, horrenbestez, gure udalerrien ezaugarrien arteko aldeak gorabehera, bat egin dugu Euskal Herrian 240.000 aleko zabalkundea duen KATALOGOA osatzeko eta banatzeko, etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten".

Patxi Saez Euskara Patronatuko zuzendariaren arabera, katalogoaren helburua da dendetara joan aurretik katalogoan interesgarriak dauden gauzak aurkitzea eta haien bila joatea dendetara, hara-hona ibiliz denbora askorik galdu behar izan gabe. Gainera, opari horiekin, etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izango dute.

Katalogoa paperean izateaz gain, Interneten ere begira daiteke helbide honetan: www.katalogoa.org

Haurren garapenerako egokiak

Aloņa Larraņaga gazteria teknikariaren arabera, jolasak, haurraren garapenean paper garrantzitsua betetzen du. Haurrari jolasak bere burua eta ingurua ezagutzeko aukera ematen diolarik. Jolasa da, haurraren ekintza garrantzitsuena: gogo, denbora, ilusio gehien eskeintzen diona.

Aloņa Larraņagaren hitzetan "Haurraren jolasak librea izan behar duen arren, jostailuaren hautaketa oinarrizkoa da bere garapena bideratu eta jolasaren kalitatea bermatzeko.

Jostailua izango da, jolasaren prozesuan erabiliko dugun oinarrizko laguntzailea.

Garrantzitsua eta beharrezkoa da, haurrari txiki txikitatik jostailuaren hautaketa on bat egitea, horretarako jostailuak erosteko eta aukeratzerako garaian, ondorengo irizpide hauek kontutan hartzea komeniko litzateke.

Jostailuak bakarka zein beste umeekin aritzeko balio behar du: bakarkako jolasak bere fantasi pertsonalak adierazteko balio dio eta besteekin aritzen denean, komunikaziorako tresna izango da.

Jostailuak haurraren adina eta beharretara egokitu behar du:

Jostailuak opari bat izan behar du eta ez inposaketa bat: haurraren gustu eta lehentasunetatik abiatu beharko dugu eta ahal dugun neurrian, jostailua aukeratzerako garaian haurra parte hartzaile bihurtu.

Jostailuak haurren berezkoak diren ezaugarriak sendotzeko eta osagarriak izan daitezkeen joerak lantzeko ere balio dezake.

Jostailuak segurua izan behar du: CE markak, jostailu horrek beharrezko segurtasun arauak betetzen dituela adieraziko digu.

Jolasean, jostailua tresna hutsa baino ez da, garrantzitsuena jolas egitea da. Gurasoek haurrekin jolas egitea oso garrantzitsua dela, edo beraren kabuz ari direnean behatzea.

Bestalde aipatu, herrian baliabide ezberdinak dauzkagula: bi ludoteka eta gazte lekua jolas eta jostailuen bidez haurrak hezitzen ari garenak. Informazioa edo zalantzaren bat badaukazue jolas edo jostailuen inguruan hurbildu lasai urtean zehar bertako hezitzaileengana".

Sexu bereizkeriarik gabeko opariak

Edurne Aranbarri Parekidetasun teknikariak aldiz honako aholkuak eman ditu:

  • Jostailuek badute genero rolak barneratzen laguntzeko funtzioa, eta beraz sexu eta rol estereotipoak errepikatzen ez dituzten jostailuak bultzatu behar ditugu.
    • Helduok gehienotan neska eta mutilen jostailuak ezberdindu egiten ditugu, eta ondorioz sexuen arteko muga eraikitzen laguntzen dugu.
    • Garrantzitsua da umeek era askotako jostailuak izatea, jostailu bakoitzak helduen bizitzan beharrezkoa izango ditugun garapen prozesu ezberdinak eragiten dituelako.
    • Ez uste beraz neskak neska izateagatik jostailu batzuekin jolastu behar duenik eta mutilek mutila izateagatik beste batzuekin.
    • Beraz identifikatu estereotipo sexistak zein diren eta ezertan mugatzen gaituzten jostailuak baztertu.
  • Jolas belikoak edo jarrera bortitzak bultzatzen dituztenak baztertu, eta elkartasuna, komunikazioa kooperazioa eta konfiantza sustatzen dutenak bultzatu.
  • Bizitzako eredu anitzak bilatu. Beraiek bizitzako protagonistak direla gogoratu. Famili eredu ezberdinak, emakume eta gizon eredu ezberdinak, guraso eredu ezberdinak eta kultura eredu ezberdinak sustatzen dituzten jolasak sustatu.

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus