Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Gidabaimena euskaraz ateratzearen saria

Gidabaimena euskaraz ateratzearen saria

2010-11-12 / 18:30 / Azpeitiko Euskara Patronatua   LANBIDEAK

Azpeitian gidabaimena euskaraz prestatu eta atera duten aurreneko hamar lagunak saritu dituzte gaur (2010-11-12) Euskara Patronatuaren egoitzan. Udalak joan den udaberrian herriko autoeskolekin eta ikastetxeekin elkarlanean martxan jarri zuen kanpainan agindutakoa bete du, horrenbestez.

Sari banaketa eguna izan da gaurkoa Azpeitiko Euskara Patronatuan. Herenegun Azpeitiko Udala izan zen Donostian saria jaso zuena, Bikain Ziurtagiria eskuratzeagatik. Gaur, berriz, Udala izan da sari-emaile; hartzaileak, berriz, hamar lagun: Azpeitian gidabaimena euskaraz atera duten aurreneko hamar herritarrak, hain zuzen.

2010eko maiatzean jarri zuen abian Udalak Azpeitian, gidabaimena ere euskaraz kanpaina. Herriko bi autoeskolek -Urola eta Lagunak- eta Ikasberri, Iraurgi eta Urola ikastetxeek bat egin zuten kanpainarekin, eta emaitza "pozgarria" izan da, Ana Mendizabal Euskara batzordeburuaren hitzetan: "Udan karneta atera dutenen erdiek, batez beste, euskaraz atera dute". Urola autoeskolakoak izan dira karneta euskaraz atera duten aurreneko hamar ikasleak eta, kanpaina aurkeztu zutenean iragarri bezala, hamar horiek bina lagunentzako otordu banarentzat txartela irabazi dute, sari gisa.

Irune Etxeberriak, Ariane Astigarragak, Amaia Bilbaok, Josu Eizagirrek, Xuban Urbietak eta Iker Murillok gaurko ekitaldian jaso dute dagokien saria. Jokin Aranburuk, Aitor Azpiazuk, Mikel Rotetak eta Denis Astigarrak, berriz, ezin izan dute ekitaldira etorri, baina datozen egunetan jasoko dute saria.

Harrera, oso ona

Azpeitian, gidabaimena ere euskaraz kanpainak harrera oso ona izan duela baieztatu dute bai Ana Mendizabalek, bai autoeskoletako ordezkariek. Ikasleek ondo erantzun diote gidabaimena euskaraz atera ahal izateko aukerari, "euskaraz dakiten gehienek euskaraz egiteko aukera izan baitute", Urola autoeskolan nabarmendu dutenez. Urolakoen esanetan, ikasle euskaldunek gogoz hartu dute ekimena, "errazago ulertzen dutelako euskaraz dagoen materiala eta liburuxka". Lagunak autoeskolakoen arabera, hala ere, "batzuei errazago suertatzen zaie erderazko prestakuntza, terminologiarengatik".

Ikasleei dagokienez, saria jasoko duen Josu Eizagirrek behintzat ez zuen zalantzarik izan gidabaimena euskaraz ateratzeko aukeraren aurrean. "Betidanik euskaraz ikasi izan dut, eta errazagoa izango zela pentsatu nuen", dio. Lagun baten bidez jakin zuen Eizagirrek Azpeitian gidabaimena euskaraz ere atera zezakeela.

Materiala, dagoena eta osatu beharra

Euskarazko materialari dagokionez, testak eta gainerakoak "ondo" daudela deritzo Eizagirrek, "ulergarriak" direla.

Lagunak autoeskolakoen aburuz ere dagoen materiala "egokia" da. Urolan, berriz, "dagoena dago", erantzun dute: "Momentuan bi argitaletxek daukate materiala, eskuliburua bi horietako batek bakarrik, eta testak argitaratuta, inork ere ez. Hemen bertan ere lan asko egin behar izan dugu dagoen materiala konplimentatzeko, batez ere testei begira".

Azterketa praktikoa, hurrengo erronka

Gidabaimena atera aurreko prestakuntza osoa, bai teorikoa eta bai praktikoa, euskaraz egin dute saria jaso duten hamar lagunek. Azterketa teorikoa ere hala egin ahal izan zuten, euskaraz; baina, azterketa praktikoa ez. "Gu saiatu gara euskaraz egin ditzaten azterketak, dokumentuetan azterketa praktikoa euskaraz eskatuz, baina beraien erantzuna izan da oraindik ez daudela prestatuta", azaldu dute Urola autoeskolatik. Lagunak autoeskolan dioten bezala, "Trafikori dagokio" eskaerari erantzuna ematea.

Momentuz, ordea, erantzuna ez da autoeskolek eta gidabaimena euskaraz ateratzea hautatu dutenek nahi bezalakoa, eta azterketa praktikoa gaztelaniaz egitea beste erremediorik ez dute. Horren aurrean, eta autoeskolen eskaerari bultzada berria eman asmoz, Azpeitiko Udalak aurreratu du bere aldetik ere eskaera luzatuko diola Gipuzkoako Trafiko lurralde-ordezkaritzari, lehenbailehen aztertzaile euskaldunak jarri ditzan.

Eskaera handia

Gaurko ekitaldian esandakoaren arabera, joan den udakoa hasiera besterik ez da izan. Azpeitian "gero eta gehiago" dira gidabaimena euskaraz ateratzeko nahia azaltzen dutenak; gaztelaniaz hasi eta gero euskarara pasatu denik ere ba omen da. Momentuz, ordea, "B" klaseko karneta atera nahi dutenek bakarrik daukate azterketa teorikoa euskaraz egiteko aukera.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus