Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Kutxak, bostetik batera

Kutxak, bostetik batera

2010-12-09 / 08:30 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   BESTERIK

Herritarrek hizkuntza eskubideen gainean dituzten kexak edota iradokizunak jasotzeko kanpaina martxan jarri zuten Azpeitian orain dela urtebete. Orain, kanpaina hura amaitu egingo da, baina ez hala herritarren kexak bideratzeko aukera.

Azpeitiko Udalak, UEMA eta Behatokiarekin elkarlanean, hizkuntza eskubideen inguruko kanpaina jarri zuen abian duela urtebete. Kanpaina haren helburua, azpeitiarrak eskubide urraketak salatzera bultzatzea izan zen, Azpeitian eta Azpeititik kanpo euskaldun gisa bizi nahi izateagatik izan dituzten oztopoak agerian uztea. Izan ere, oraindik asko dira euskaldunak baztertzen dituzten tokiak eta eragileak: medikuaren kontsultan badira gaztelaniaz mintzatzeko eskatzen digutenak, informazio komertziala gaztelania hutsez bidaltzen digutenak, hainbat informazio euskaraz eskatu eta trabak jartzen dizkigutenak...

Kanpainaren baitan, udalerriko bost gunetan jarri ziren herritarren kexak jasotzeko kutxak. Baina urtebeteko epea igaro dela ikusita, eta baliabideak modu egokiagoan kudeatzeko asmoarekin, azpeitiarrok ere, Euskal Herriko gainerako herritarrek bezalaxe, kexa horiek ohiko bideetatik bideratzera pasatzeko urratsa ematea nahi du Azpeitiko Udalak.

Ohiko bideak bi dira: bata, www.behatokia.org webgunea erabiltzea; eta bestea, 902 194 332 zuzeneko telefonoa erabiltzea.

Euskara Patronatuan, kutxan edota zuzenean

Nolanahi ere, eta hauekin batera, Azpeitiko Euskara Patronatuan mantendu egingo da joan den urtean jarritako kutxa. Horrela, hala nahi duten herritarrek bertan utz ditzakete euren kexak. Eta, nahiago izanez gero, Euskara Patronatuaren bulegoetan zuzenean eta aurrez aurre eman dezakete kexa zein iradokizunen berri.

Euskara Mahaiak, beraz, herritar guztioi hizkuntza eskubideen urraketen aurrean jarrera aktiboa hartu, eta kanpainan parte hartzen jarraitzeko deia egin nahi die azpeitiar guztiei. Banaka egiten dugun apur horrek emaitza handiak ekar ditzakeela sinesten dugulako.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus