Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Hizkuntzaren sistematizazioa: Elay-ren esperientzia

Hizkuntzaren sistematizazioa: Elay-ren esperientzia

2010-10-20 / 12:38 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   ENPRESAK

Elay enpresa taldeko ordezkariak Azpeitiko Euskara Patronatuaren egoitzan izango ditugu datorren asteartean, 2010eko urriaren 26an. Elegunek gonbidatuta, hizkuntza kudeaketan duten esperientziaren berri emango dute Antzuolako enpresakoek. Saioa irekia izango denez, gaian interesa duen orok izango du bertaratzeko aukera.

Hizkuntza politika enpresa munduan, horixe izan zen iaz Elegunetik landutako gaia. Kasu praktiko gisa, iaz Copreci Kooperatiba gonbidatu genuen beraien ibilbidea ezagutzeko.

Ia 30 urteko esperientzia

Aurten ere, iazkoari jarraituz, Elayko ordezkariak gonbidatu ditugu beraien esperientzia ezagutu ahal izateko. Gaur egun Elay Taldea Antzuolako Elay SLk, Elay Industrial SAk eta Mexikoko Celay SA de CVk osatzen dute.

Elay proiektu pilotua izan zen Euskara Planak enpresetan txertatzerakoan. Euskara plana txertatu aurretik, 1982an egindako aurrelanetatik hasi eta euskara sistematizatzeraino, hots, euskara erakundetzera arteko ibilbidean emandako urratsen berri eta lortutako emaitzak ezagutzeko aukera izango dugu Euskara Patronatuko saioan.

Elayk hizkuntza kudeaketan egindako urratsak sakonago ezagutu nahi izanez gero, Erabili.com-en argitaratutako artikulua ikus dezakezue:

Saio irekia

Saioa urriaren 26an egingo da Azpeitiko Euskara Patronatuan, 18:00etan hasita. Elegunen diharduten enpresez gain, sindikatuak ere gonbidatu dira. Saio irekia izango denez, lerro hauen bitartez gonbidapena luzatzen dizuegu interesa duzuen guztioi, eta bereziki Azpeitiko enpresetako kide orori.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus