Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskarazko zerbitzu eta funtzionamenduaren bermea Azpeitiko establezimenduetan

Euskarazko zerbitzu eta funtzionamenduaren bermea Azpeitiko establezimenduetan

2010-07-01 / 11:59 / Siadeco   MERKATARITZA

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan herriko zerbitzu-establezimenduetan euskararen erabilera normalizatzeko ahalegin handia egiten ari da Azpeitiko Udala, Azpeitiko Euskara Patronatuaren bitartez. Zazpigarren urtez jarraian, "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" eta "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" prozesuak sustatu eta egitasmo horien jarraipen lanak burutu dira.

"Euskarazko Zerbitzuaren Bermea"k produktu bat saldu edo zerbitzu bat eskaintzeko establezimendu batek bezeroarekin dituen komunikazio guztietan (ahozko harremanetan, jendaurreko elementu idatzietan, publizitate eta promozio ekintzetan, eta abar), bezeroak euskara erabili ahal izango duela ziurtatzen du. "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea"k, berriz, establezimenduaren eguneroko eginbeharretarako lan-hizkuntza euskara dela egiaztatzen du. Azpeitiko establezimendu askotara zabalduak daude euskararen erabilera indartzeko lan-prozesu horiek eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren laguntza eta hizkuntza aholkularitza zerbitzuez baliatzen dira establezimenduak, euskararen erabateko normalizaziorako bide horretan aurrera egiteko.

Azpeitian, 2009ko urtearen amaieran, merkataritzako 280 establezimendutan egin dira euskara sustatzeko planak eta establezimendu horietatik guztietatik 184k zerbitzua euskaraz emateko bermea lortu dute eta 113 dira funtzionamendua ere euskaraz bermatzen dutenak. Beraz, beste era batera esanda, Azpeitiko establezimendu guztien artetik % 61ean egin dira euskara sustatzeko planak eta Azpeitiko merkataritzako establezimenduen artean % 40k zerbitzua euskaraz ematen duela bermatzen du eta % 25ek baita funtzionamendua ere.

Azpeitiko Euskara Patronatuarekin batera Siadeco Ikerketa Elkartea izan da 2009ko egitasmoa koordinatu, establezimenduetan lan-plangintza aurkeztu, datu-bilketak burutu, informazioa aztertu eta egindako lanen nahiz lortutako emaitzen 2009ko balantze txosten hau prestatu duena.

Hauek dira txosten hau egituratzen duten atal nagusiak:

  • Lan-faseak.
  • Lanerako unibertsoa.
  • "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" eta "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" prozesuekiko interes-maila.
  • "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" prozesuaren emaitzak.
  • "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" prozesuaren emaitzak.
  • Establezimenduetan neurtutako euskarri eta elementuen hizkuntza egoera.
  • Jarraipen fasean dauden establezimenduen hartutako hizkuntza konpromisoen betetze-maila.
  • Azken urtean establezimenduek erabiltzen dituzten komunikaziorako elementu berrien hizkuntza egoera.
  • Egitasmoaren ikuspegi bateratua.
  • 2006-2009 epealdiko bilakaeraren datuak.
  • "Bai Euskarari" ziurtagiriarekiko informazio-maila eta interes-maila.

2. Lan-faseak

Ondoko taulan ageri dira 2009ko egitasmoan garatu ditugun lan-fase nagusiak, fase bakoitzeko lanen xehetasunak eta lan-egutegia.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

3. Lan-unibertsoa

Urtetik urtera gero eta establezimendu gehiagotara egitasmo hau zabaltzeko ahalegina egiten da eta 2003tik 2008ra arte prozesuan sartu gabeko Azpeitiko beste 50 establezimendu berrirekin lan egin da 2009. urtean zehar; zazpigarren urtea izaki, VII. faseko establezimenduen multzoa deitu diogu azken multzo honi. Ondorioz, urtetik urtera lan-unibertsoa gero eta zabalagoa da eta gero eta establezimendu gehiagorekin eta gehiagorentzat lan egiten da.

Jarraipen faseko establezimenduak, aurreko urteetatik prozesuan sartu direnen edo sar daitezen lan egindako establezimendu guztien multzoa da eta zehazki 251 establezimendu dira horiek. Lehen eta bigarren fasekoak edo 2003 eta 2004 urteetan prozesuan sartu zirenekin aurtengoan hizkuntza auditoria eta jarraipen lanik ez egitea erabaki da, besteak beste, establezimendu horietan urtea joan eta urtea etorri bost urtez jarraian egin delako lan hori.


3.1. Jarraipen eta ebaluaketa lana egindako establezimenduen unibertsoa

Jarraipen faseko establezimenduen lan-unibertsoa, beraz, 2005etik aurrerakoek edo III, IV, V eta VI. faseetakoek osatu dute. Salbuespen modura eta Azpeitiko Euskara Patronatutik komenigarria ikusi delako, lehen faseko bi establezimendutan eta bigarren faseko beste bi establezimendutan ere bertako arduradunak elkarrizketatu dira.

Landa-lana eta establezimenduetara egin beharreko bisitei ekin aurretik, jarraipen lana burutu beharreko establezimenduen zerrenda 179 establezimendutakoa zen. Behin landa lanari ekin eta establezimenduetara joan ondoren, 2008tik 2009ra 11 establezimendu itxi egin direla atzeman da. Prozesuaren jarraipen eta ebaluaketa lanerako 2009ko lan-unibertsoa 168 establezimenduk osatu dute ondorioz. Guzti horietatik 2k jarraipen faseko lanetan parte hartzeari uko egin diote eta beste 4tan ezinezkoa izan da informazio bilketa osorik eta behar bezala egitea.

Ondorioz 2009an jarraipen eta ebaluaketa prozesua burututako establezimenduen kopurua 162koa izan da.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


3.2. 2009. urtean prozesuan sartutako establezimenduak

Lehendabiziko aldiz euskarazko zerbitzu eta funtzionamenduaren bermea lortzeko prozesu honetarako gonbitea egindako establezimenduak 50 izan dira 2009. urtean (VII. fasekoak deitu diegu horiei). 50 establezimendutatik 13 Azpeitiko Euskara Patronatuak estrategikoki aukeratutakoak izan dira, beste 3 2008tik 2009ra Azpeitian zabaldu diren zerbitzu-establezimendu berriak dira eta gainerako 34ak berriz, aurreko urteetan jasotako establezimenduei buruzko datuak erabiliz Siadecok proposatu dituenak izan dira.

Aurreko 50 establezimendu horietatik, halere, 2k ez dute prozesuan sartzeko interesik azaldu eta beste bitan ezin izan da establezimenduko inor elkarrizketatu egitasmoa aurkeztu eta establezimenduaren hizkuntza egoera ezagutzeko datu bilketa egitera joandako lehendabiziko landa-lanean. Ondorioz, hizkuntza auditoriaren fitxa osatu eta prozesu osoa gauzatzea lortu den VII. faseko establezimenduen kopurua 46koa izan da azkenean.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


3.3. Guztira 2009ko egitasmoan parte hartutako establezimenduak

Jarraipen faseari dagozkion lanetan parte hartu duten 162 establezimenduri, 2009an lehendabiziko aldiz prozesuan sartu diren 46 berriak erantsita, guztira 2009. urtean egitasmo honetan parte hartu duten establezimenduen unibertsoa 208 establezimendutakoa izan da.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

4. Hizkuntza neurketarako elementuak eta prozesuari ekiteko interes-maila

Bai "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea"ren prozesurako eta baita "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea"ren prozesurako ere, establezimenduetako errotulazio-elementuen hizkuntza egoera aztertu da, eta kasu bakoitzean, dagokion bermea ziurtatzeko jarritako baldintzak zenbateraino betetzen diren neurtu. Prozesu bakoitzerako kontuan hartu eta neurtu diren komunikazio euskarri, elementu eta harreman-mota desberdinen zerrenda ondoko koadroetan ageri dena da.


4.1. "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" prozesuan

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


4.2. "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" prozesuan


4.3. Prozesuei ekiteko interesa VII. faseko establezimenduetan

Azpeitiko Euskara Patronatua herriko zerbitzu-establezimenduetan euskararen normalizaziorako zabaltzen ari den egitasmo eta proiektuak harrera beroa izan du 2009 urtean egitasmo hau lehendabiziko aldiz aurkeztu zaien 46 establezimenduen artean. 46 establezimendutatik 40k (% 87) prozesuari ekiteko interes-maila altua erakutsi dute eta gainerako 6ek berriz ertaina; bakar batek ere ez du erantzun inolako interesik ez duela.

2008an prozesuarekiko interesik eza adierazitako establezimenduek orduan aipatutako zergatien artean bi nagusitu ziren, establezimenduan euskarak behar adinako presentzia bazuela bertako arduradunek kontsideratzea eta bezero asko erdaldunak izanik euskararen normalizaziorako prozesuaren beharrik ez zutela pentsatzea. 2009an VII. faseko establezimenduetara egindako bisitetan, aldiz, prozesua garatzeko zailtasun gisa gehiago aipatu diren faktoreak dira, ahozko harremanean euskara baino gaztelania erabiltzeko erosotasun handiagoa izatea eta gaztelaniaren erabilera nagusitzea establezimenduaren ahozko komunikazioetan.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

5. "Euskarazko Zerbitzuaren bermea" prozesuko emaitzak


5.1. Emaitza nagusiak

Guztira 2009an lan egindako 208 establezimendutatik 106k (% 51) egiaztatu dute "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" deituriko egoera; hauetatik erdiak baino gehiagok (62 establezimenduk) bermea ziurtatzeko baldintza guztiak betetzen dituzte eta gainerako 44 establezimenduren kasuan, ez dira baldintza guztiak betetzen, baina gaztelaniaz dauden elementuak ez dira establezimenduaren eskumenekoak (hala nola, marka jakinetako iragarki orokorra, denda kateko idazki eta katalogoak,...), elementu horiek salbuetsi egin dira eta "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" eskaitzen duten establezimenduak direla kontsideratu da.

Beste 23 establezimenduk (% 11) epe motzean "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" egoera ziurtatzeko konpromisoak hartu dituzte.

Eta azkenik, 79 establezimenduk, hirutik bat baino gehiagok (% 38), ez dute lortu "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" egoera ziurtatzea; horietatik 51k hartu du euskararen erabilera indartzeko konpromisoren bat baina ez dela horrekin "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" ziurtatzen kontsideratu da eta gainerako 28k berriz ez dute euskararekiko inolako konpromisorik hartu. Ikus datu zehatzak hurrengo laukian.

Aurreko datu horien irakurketa egiterakoan kontuan izan behar da urtetik urtera egitasmo honetan sartzen ari diren establezimenduetan euskararen presentzia maila gero eta baxuagoa dela.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


5.2. 2009. urtean prozesuan sartu diren establezimenduetako emaitzak

Proiektu hau lehendabizikoz aurten aurkeztu eta prozesua martxan jarritako 46 establezimendutatik 11tan (% 24) ziurtatu da "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" egoera. 2008an lan egindako VI. faseko 43 establezimendutatik 13k (% 30) ziurtatu zuten egoera hori. Beste 9 establezimendu izan dira (% 20) azken hizkuntza auditorian baldintza guztiak bete ez baina epe laburrean lortuko dituztela hitz eman dutenak edota gaztelania hutsean dituzten elementuak establezimenduaren eskumenekoak izan ez eta salbuetsi zaizkienak.

Gainerako 26 establezimendutan berriz (% 56,5), bezeroari zerbitzua komunikazio erregistro guztietan euskaraz eskaintzeko bermerik establezimendu horiek eskaintzen ez dutela ebaluatu da. Horietatik 6k gainera, hizkuntza egoera horretara iristeko inolako interesik ez dutela ere adierazi dute.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


5.3. Jarraipeneko establezimenduak: emaitzak eta bilakaera

2005. urteaz geroztik prozesuan sartuak dauden establezimenduetan 2009an egindako jarraipen eta ebaluaketa lanak erakusten du, 10 establezimendutatik ia 6k (% 59) "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" egoera ziurtatzen duela gaur egun. Kontuan hartu behar da gainera horien artean ez daudela euskararen erabilerari dagokionean egoerarik hoberena erakusten zuten I eta II faseko establezimenduak.

Jarraipenekoan artean bada bigarren multzo ez oso zabal bat, 14 establezimendukoa (% 9), orain egoera hori egiaztatu ez baina luze gabe egoera horretara iristeko konpromisoak hartu dituena.

Azkenik, establezimenduen heren bat (% 33) geratzen da oraindik ere 2005az geroztik prozesuan sartutakoen artean euskararen erabilerarekiko neurriak hartu beharrean "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" egoera egiaztatzen ez duena.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Jarraipeneko establezimenduen bilakaerari erreparatzen badiogu, ikus daiteke "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" egoera ziurtatzen duten establezimenduen portzentajeak behera egin duela iaztik hona. Bilakaera horren irakurketa egiterakoan ordea, ezin da ahaztu aurtengo lanean jarraipenekoen artean ez dira I eta II. fasekoak sartu, euskararen presentzia-mailarik altuetan eta bai Zerbitzu eta bai Funtzionamenduan ere euskarazko eskaintza egiaztatzen dutenen portzentaje altuenak dituzten establezimenduen multzoa hain zuzen ere.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

6. "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" prozesuko emaitzak


6.1. Emaitza nagusiak

2009an guztira lan egin dugun 208 establezimendutatik 62k (% 30) lortu dute "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" egoera ziurtatzea, hots, establezimenduaren komunikazio hizkuntza nagusia euskara izatea, bai ahozko jardunean eta baita idatzizkoan ere. Epe motzean egoera horretara iristeko borondatea erakutsi dutenak berriz 15 establezimendu izan dira (% 7).

Gainerako 131 establezimendutan oraingoz ezin esan daiteke lan jarduna (bai ahozkoa eta baita idatzizkoa ere) erabat euskarazkoa denik. Edonola ere azpimarratu behar da horietatik 86 establezimenduk hartu dutela konpromisoren bat euskararen erabilera bultzatzeko. Ikus datu zehatzak hurrengo taulan.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


6.2. 2009. urtean prozesuan sartu diren establezimenduen emaitzak

VII. fasekoak diren eta aurten prozesuan sartu diren establezimenduen 10etik 7k (% 72) ez du erabateko euskarazko lan funtzionamendurik. 6 establezimendu (% 13) atzeman dira euskarazko lan jarduna dutenak eta beste 7 establezimenduk hartu dute inolako hizkuntza konpromisorik horretara iristeko. Ikus datu zehatzak ondoko taulan.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


6.3. Jarraipeneko establezimenduak: emaitzak eta bilakaera

Aurreko urteetatik (2005etik aurrera) egitasmoan sartuak daudenen artean, portzentaje altuagoa da (%35) "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" hizkuntza egoera ziurtatu dutenena, guztira 56 establezimendu (I eta II. faseetakoak kontatu gabe).

Jarraipenekoak kontsideratutako 162 establezimendutatik % 60k (98 establezimendu) ez ditu baldintzak betetzen baina horietatik 65ek euskararen erabileran aurrera egiteko konpromisoren bat hartu dute.

Azkenik bada 8 establezimenduko multzo txiki bat euskararen erabilerarako neurriak hartu eta luze gabe "Euskarazko funtzionamenduaren bermea" egoera egiaztatzera iritsi daitekeena.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Jarraipeneko establezimenduen bilakaerari erreparatzen badiogu, ikus daiteke "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" egoera ziurtatzen duten establezimenduen portzentajeak behera egin duela iaztik hona. Oraingoan ere jarraipenekoen artean I eta II faseetakoak sartu ez direla hartu behar da kontuan.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

7. Aztertutako elementuen hizkuntza egoera


7.1. "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" prozesuko elementuen hizkuntza egoera

2009ko egitasmoan bisitatu ditugun Azpeitiko zerbitzu-establezimendu guztietako arduradun eta langileen hizkuntza gaitasunari buruzko datuak bildu dira eta VII. fasekoetan euskara dakitenen ehunekoak behera egiten duen arren, establezimendu guztiei dagozkien datuak erreparatuta (208 establezimendu), 10 enplegatutatik 9 gai dira ahozko harreman komertzialetan euskaraz egiteko eta baita normalean egiten duten hizkuntzaren idatzizko erabileran ere euskaraz idazteko.

Establezimendu jakin batek "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" egoera egiaztatzen duen edo ez neurtzerakoan kontuan hartzen diren hizkuntza-neurketarako elementu desberdinez ondokoa esan daiteke:

  • Establezimenduen kanpoaldeko errotulazioarekin zerikusia duten elementu desberdinetan (establezimenduaren errotulu nagusia, ordutegi-kartela, merkealdi edota eskaintza berezietako kartelak, prezio-txartelak...) gaztelania hutsean edo nagusiki gaztelaniaz daudenen presentzia % 4koa baino ez da, elebidunak dira elementu horien % 11, euskaraz daude % 33, izen propioa edo marka jakinetako errotulak dira % 6 eta establezimenduen gainerako % 46tan ez dago horrelako elementurik. Kanpoaldeko errotulazioan, presentziarik nabarmenena duen elementua errotulu nagusia da eta elementu horixe da hain zuzen ere gaztelaniazkoen ehunekorik altuena duena (% 10).
  • Barruko jendaurreko errotulazioa aztertzerakoan, behatu ditugun elementu desberdinak eta elementu horiek gaztelaniaz dituzten establezimenduen ehunekoak ondokoak dira (gaztelania hutsean edo gaztelaniaz gehiago): ageriko idazkiak eta oharrak % 8, prezioak % 5, etiketak % 9, produktuen katalogoak % 27, menuak % 1, denda kateko idazkiak % 5, marka jakinetako iragarki orokorrak % 31. Batez beste barruko errotulazioko elementuen % 12 dago gaztelaniaz (hala ere kontuan hartu behar da elementu horiek ez dituzten establezimenduak % 64 direla). Ikus datu zehatzak hurrengo taulan.

Jarduera komertzialean establezimenduek erabilitako kanpo harremanetarako euskarriei dagokienean, faktura edo ordainagiri eta albaranetan atzematen da gaztelaniaz bakarrik edo nagusiki gaztelaniaz erabilitakoen portzentajerik altuena. Hizkuntza egoera horretan dauden elementuen hurrenkera ondokoa da, handienetik txikienera: fakturak edo ordainagiriak (% 20), albaranak (% 18), telefono erantzungailua (% 13), zigilua (% 12), inprimakiak (% 8), bisita txartela (% 8), menbrete edo logotipoa (% 7), poltsak edo produktuak biltzeko papera (% 6), bestelako hainbat idazki komertzial (aurrekontuak, bezeroentzako gutunak...) (% 6), gutunazalak (% 6), fax makinaren azala (% 2) eta azkenik loteria edo zozketa orriak (% 2). Edonola ere kontuan hartu behar da establezimendu askotan elementu horiek ez dituztela eta beraz ehuneko horiek ez dute adierazten gainerako guztia euskaraz dagoenik.

Publizitate euskarri eta komunikazioetan ere euskararen erabilera gaztelaniarena baino altuagoa da. Aldizkarietako iragarkiak dira establezimenduen publizitate-biderik ohikoenak eta publizitate hori egiten dutenen artean gehienek euskara hutsean ipintzen dituzten iragarkiak. Interneteko web ataria dutenen artean berriz, gehienek bietara dute web ataria. Ikus datu zehatzak 15. taulan.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


7.2. "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" prozesuko elementuen hizkuntza egoera

Bezeroekiko komunikazio-harremanez haratago, establezimenduen lan-jarduneko eta establezimenduaren ohiko funtzionamenduko elementu eta harreman-mota desberdinei buruzko informazioa jasotzen da kasu honetan.

Ahozko harremanetako hizkuntzatik idatzizkora alde handia dago. Ahoz euskararen erabilera nagusitzen da (telefonoa hartzerakoan, lehen hitza bezeroei, bezeroekiko harremanetan, enplegatuen arteko elkarrizketetan, Azpeitiko Udalarekin...) eta aldiz Azpeitiko Udalarekin, finantza erakundeekin eta merkatarien elkartearekin izan ezik gainerako dokumentazio idatzi guztietan gaztelaniaren erabilera-maila altuagoa da euskararena baino. Ondorengo elementu idatzietan gaztelaniaren erabilera euskararena baino altuagoa da: hornitzaileekiko harremanak idatziz, establezimenduaren gestio eta kontu liburuak, urteko balantze txostenak, diru sarrera eta irteeren jarraipenerako dokumentuak, kontratu eta nominak, estatutuak edota barne araudiaren dokumentazioa, programa informatikoak eta aholkularitza enpresekiko harremanean erabiltzen den dokumentazioa. Ikus datu zehatzak 17. taulan.

Ahozko komunikazioetan euskararen erabilerak nabarmen behera egiten du hornitzaileekiko harremanetan, hirutik bitan gaztelania erabiltzen baita.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

8. Hartutako hizkuntza konpromisoen betetze-maila


8.1. "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" prozesuan hartutako konpromisoen betetze-maila

2008an "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" prozesuarekiko hizkuntza-konpromisorik hartu zuten establezimenduetan, urtebete beranduago zer nolako aurrerabiderik atzematen den jakiteko datuak dira atal honetan ageri direnak.

Orduan establezimenduek hartutako konpromiso kopurua guztira 339koa izan zen, horietatik 303tan egoera ez da aldatu eta 36 kasutan badago aldaketaren bat. Aurreko 36 horietatik 2 establezimendutan soilik egin du egoerak okerrera, 24 kasutan aurrera egin da eta euskararen presentzia ziurtatzera pasa da, beste 7 kasutan ere egoera hobetu da baina oraindik gaztelaniaren presentzia altuagoa da eta gainerako 3 kasuak, kanpo harremanetako elementu edo euskarririk orain ez duten establezimenduen kasuak dira. Aurrera pausurik nabarmenena, kanpo harremanetarako elementu edo euskarrietan eman da; horietan egin du gora gehien euskararen presentziak (fakturak edo ordainagiriak, bisita txartelak, albaranak, telefono erantzungailua...).

Barruko jendaurreko idazkiei dagokienean (ageriko errotuluak, etiketak, denda kateko idazkiak...) guztira 9 kasutan lortu da euskarak presentzia altuagoa izatea eta horietatik lautan euskararen erabateko presentzia.

Hizkuntza gaitasunari dagokionean, orain urtebete Euskarazko Zerbitzurako baldintzak betetzen ez ziren 5 establezimendutan orain betetzen dira; hiru establezimendutan bezeroekin lan egiten duten enplegatuen gutxienez % 80 euskalduna da orain eta beste bi establezimendutan berriz, orain bada enplegatuen artean gutxienez bat euskaldun alfabetatua. Atzera egin duen kasu bakarra dago eta kasu horretan euskara menderatzen ez duen langile berri batek lan egiten duelako ez da orain ziurtatzen bezeroekin harremana duten langileen % 80 euskaraz badakiena izatea.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


8.2. "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" prozesuan hartutako konpromisoen betetze-maila

"Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" egiaztatzeko neurtzen diren elementuei dagokienean 2008an konpromisorik hartutako kasuak guztira 878 izan ziren. Horietatik aldaketaren bat 2009ko neurketan atzemandako kasuak 41 izan dira; eta, 41 horietatik 26tan euskararen presentzia orain ziurtatzen da, 5 kasutan euskararen erabilerak gora egin du baina ez euskararen presentzia guztiz ziurtatzeraino, 3 kasu lehen bai baina orain elementu horiek erabiltzen ez dituzten establezimenduei dagozkie eta azkenik gainerako 7 kasuetan egoerak okerrera egin du.

Aurrerapenik handienak idatzizko barne harremanetakoak diren elementuetan gertatu dira (guztira 21 kasu): barne inprimaki desberdinak (5 kasu), programa informatikoak (4 kasu), urteko balantze txostenak (3 kasu), kontu liburuak (2 kasu), diru sarrera-irteeren aurreikuspenetarako dokumentazioa (2 kasu), kontratuak eta nominak (2 kasu), estatutuak edo barne araudia (2 kasu) eta eskuz idatzitako barne oharrak (kasu 1).

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


9. Establezimenduek erabiltzen dituzten komunikazio elementu berrien hizkuntza egoera


9.1. "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" prozesuan neurtzen direnak

Bezeroari begira establezimenduek erabiltzen dituzten edo saltokietan jendaurrean dauden elementuei dagokienean, 89 elementu berri atzeman dira 2009ko datu-bilketan eta horietatik 75etan euskararen erabilera ziurtatzen dela ikusi da; beraz kanpora begirako elementu berriei sarbidea ematen zaienean euskararen erabilera oso maila altuan ziurtatzen dute egun (% 85) Azpeitiko establezimenduek. Euskaraz ipinitako edo euskara erabilitako elementu berri horien artean aipagarria da web gunea duten Azpeitiko establezimenduak gero eta gehiago direla eta 2008tik 2009ra abian jarritako 10 web atarietatik guztietan euskararen erabilera ziurtatzen dela. Faktura edo ordainagiri berriak ateratzen direnean ere, euskararen erabilera gero eta maila altuagoa ziurtatzen da.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


9.2. "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" prozesuan neurtzen direnak

"Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" deritzon prozesurako kontuan hartzen diren elementuei erreparatuz eta 2009ko neurketetan atzeman diren elementu berrien hizkuntza aztertuz, guztira 42 komunikazio harreman edo elementu berri agertu dira. Horietatik 34tan euskara erabiltzen da (% 80) eta gaztelania gainerako 8etan. Gaztelania erabiltzen den kasuetatik guztiak idatzizkoak dira eta barne harremanen atalean kokatzen direnak: kontu liburuak, estatutuak edo barne araudia, bestelako barne inprimakiak, eskuz idatzitako barne oharrak eta programa informatikoak.

Azpimarragarriak da ordea, euskaraz erabiltzen diren barne harremanetako idatzizko elementuen presentzia: kontratuak eta nominak, hornitzaileekiko harremanean erabilitako gutunak, estatutuak edota barne araudiak, bestelako barne inprimakiak, kontu liburuak, programa informatikoak eta diru sarrera eta irteeren jarraipenerako dokumentuak.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

10. Egitasmoaren ikuspegi bateratua


10.1. Guztira egitasmoan parte hartzen duten establezimenduen bilakaera (2004-2009)

Lehen eta bigarren faseko establezimenduak ere kontuan hartuta, Azpeitiko Euskara Patronatuaren Euskarazko Zerbitzua eta Funtzionamendua proiektuan parte hartzen duten establezimenduak guztira 280 dira gaur egun. Horietatik 208 2009an bisitatu direnak eta beste 72 azkena 2008ko landa lanean bisitatutakoak.

Bezeroari euskarazko zerbitzua bermatzeko egoerara iritsiak daudenak 184 dira guztira; aurreko horietatik 129 establezimendutan egin dira aurten neurketa lanak eta gainerako 55etan berriz iaz (lehen eta bigarren faseko establezimenduak dira horiek).

Azkenik adierazi, euskarazko jarduna edota funtzionamendua egiaztatzen dutenak guztira 113 direla, 77 aurten bisitatutakoak eta gainerako 36ak iaz bisitatutakoak (lehen eta bigarren fasekoak).

2004tik 2009ra arteko bilakaera berriz, ondoko grafikoak erakusten duena da:


10.2. Zerbitzua eta Funtzionamendurako hizkuntza baldintzen egoera 2009an neurketak egindako establezimenduetan

2009an bisitatu eta lan egindako establezimenduen laurden batek (% 25), bi prozesuetako baldintza guztiak egiaztatu ditu, alegia, "Euskarazko Zerbitzuaren Bermea" eta "Euskarazko Funtzionamenduaren Bermea" ere eskaintzen dituzten establezimenduak dira. Bigarren multzo zabal bat (establezimenduen % 21), Euskarazko Zerbitzua bai baina Euskarazko jarduna edo funtzionamendua ziurtatzen ez duten establezimenduek osatzen dutena da. Beste 19 establezimendutan (% 9) ez dira Euskarazko Funtzionamenduak eskatzen dituen baldintzak betetzen baina Euskarazko Zerbitzuak eskatzen dituenak epe motzean beteko direla aurreikusten da. Azkenik 2009an bisitatutako establezimenduen herena pasatxo da (% 35) bi prozesuetako bakar batean ere baldintza guztiak betetzen ez dituena.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

11. 2006-2009 epealdiko bilakaeraren datuak

Hiru urteren buruan, 2006tik 2009ra egitasmo honetan parte hartu duten Azpeitiko establezimenduetan euskararen erabilera eta presentzia-mailak zenbateraino egin duen gora erakusten dute atal honetan eraiki ditugun tauletako datuek. Elementuz elementu bilakaera horren nondik norakoak ageri dira hurrengo tauletan beraz. Atal nagusienak hartuta ondoriorik azpimarragarrienak ondorengoak dira:

  • Kanpoko errotulazioa (errotulu nagusia, merkealdiko kartelak...): erdara hutsezkoen presentzia puntu batean jaitsi da, ele bietan daudenena hiru puntu igo eta euskara hutsean daudenena 5 puntu igo.
  • Barruko jendaurreko errotulazioa (ageriko idazkiak, etiketak, denda kateen kartelak, marka orokorretako errotuluak...): oro har ez dago alde nabarmenik 2006ko datuetatik 2009koetara.
  • Kanpo harremanetarako elementu eta euskarriak (menbrete edo logotipoa, fakturak, albaranak, telefono erantzungailua...): gaztelania hutsean zeudenen presentzia 3 puntu jaitsi da eta euskara hutsean daudenena bi puntu igo.
  • Publizitate arloa (ibilgailuko errotulazioa, aldizkarietako iragarkiak, web gunea...): gaztelania hutsean zeudenen presentziak 2 puntu egin du behera, ele bietan daudenek puntu 1 gora eta euskara hutsean daudenek 3 puntu gora.
  • Ahozko harremanak (telefono harrera, bezeroekiko harremanak ahoz, langile arteko elkarrizketak, hornitzaileekiko ahozko harremanak...): batez besteko datuei erreparatuta (kanpo harremanak guztira), gaztelania (soilik edo nagusiki) erabiltzen duten establezimenduen ehunekoak puntu 1 egin du behera, erdara gehiago erabiltzen dutenenak puntu eta erdi egin du behera, euskara gehiago erabiltzen dutenenen ehunekoak puntu eta erdi egin du gora eta nagusiki euskara erabiltzen dutenen ehunekoak puntu bat egin du gora.
  • Idatzizko harremanak (hornitzaileekin, eskuz idatzitako barne oharrak, kontu liburuak, nomina eta kontratuak, programa informatikoak, finantza erakundeekiko harreman idatziak, Azpeitiko Udalarekikoak, aholkularitza enpresekin erabiltzen den dokumentazioa...): kasu honetan ere datu orokorrei erreparatuta (kanpo harremanak guztira idatzizko elementuetan) gaztelania (soilik edo nagusiki) erabilitako kasuen ehunekoan 6 puntuko aldea dago eta jaitsiera nahiko nabarmena da, bi hizkuntzak erabiltzen diren idatzien ehunekoak 3 puntu eta erdi egin du gora eta nagusiki euskara erabiltzen den elementuek ere puntu bat eta erdi egin dute gora.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

12. Bai Euskarari ziurtagiria

Aurreko urteetan egin bezala, Ziurtagiriaren Elkarteak kudeatzen duen Bai Euskarari ziurtagiriari buruzko informazioa eman eta interes-maila jaso da aurten bisitatu diren Azpeitiko zerbitzu-establezimendu guztietan.

Establezimenduen gehiengoak (% 59) Bai Euskarari ziurtagiriaren inguruan nahikoa informazio baduela erantzun du; % 26k badutela informaziorik, baina hau ez dela nahikoa; % 3k ez dutela batere informaziorik adierazi dute, % 8k ez inolako iritzirik eman. Gainerako % 4k dagoeneko badu Bai Euskarari ziurtagiria. Datu hauen irakurketa egiterakoan kontuan izan behar da 2003an eta 2004an prozesuan sartu ziren I eta II. faseko establezimenduak kanpora utzi direla 2009an burutu den landa-lanean.

Egiaztagiria eskuratzeko interes-mailari dagokionez, 10 establezimendutatik ia 9tan (% 89) egiaztagiriarekiko erakutsi duten interesa baxua edo nulua izan da; establezimenduen % 4k berriz interes ertaina edo nolabaiteko interesa agertu du.

Bai Euskarari ziurtagiriarekiko interes-maila baxua erakutsi duten merkatariei, horretan zein faktorek eragiten duen galdetu diegu eta honatx establezimenduetan jasotako erantzun nagusienak: establezimenduen ia erdiak (% 45) adierazi du ez duela interesik nahiz eta ez duen horretarako arrazoi jakin bat eman, 10etik 1ek (% 10) arrazoi ekonomikoak aipatu ditu, diru kantitate bat ordaindu beharra alegia; establezimenduko arduradunak euskara ez jakitearekin lotu da berriz zenbait establezimendutan (% 3), Euskara Patronatutik establezimenduak jasotzen duen zerbitzu onarekin lotura egin duten establezimenduak 3 izan dira. Bestelako erantzunik ere izan da eta horiek ondoko taulan ageri direnak dira.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus