Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskaini Azpeitia 2009: Herriko euskarazko eskaintzaren neurketa

Euskaini Azpeitia 2009: Herriko euskarazko eskaintzaren neurketa

2010-05-21 / 12:20 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   EUSKARA

Azpeitian euskararen eskaintza zenbatekoa den neurtu du Soziolinguistika Klusterrak, Euskaini indizea erabiliz. 2009an eta hilabete bateko tartean 544 erakunde, enpresa eta talde ikertu ondoren, neurketarako erabili den 0 eta 1 arteko eskalan, 0,70ekoa da euskarazko eskaintza Azpeitian.

Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburuak eta Euskainiren arduradun den Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak aurkeztu dituzte gaur (2010-5-21) iaz neurtutako euskararen eskaintzaren gaineko datuak eta ondorioak. Biek gogoratu duten bezala, 2001ean egin zen antzeko lehen neurketa Azpeitian. Orduan SEI-k egin zuen, eta Euskal Herrian antzeko neurketa bat egin zen lehen aldia izan zen, esperientzia pilotu gisa, aurrez Katalunian abiatutako esperientzian oinarrituta. Orduko datuak eta gaur egunekoak "guztiz alderagarriak ez" direla aipatu du Olatz Altunak, harrezkero metodologian aldaketak sartzen joan direlako. 2001etik hona, Azpeitiaz gain beste hamar udalerritako euskararen eskaintza neurtu dute Euskainirekin.

Elkarte, enpresa eta taldeek herritarrekin komunikatzeko erabiltzen duten hizkuntza neurtzen du Euskainik. Azpeitiko kasuan eskaintza "altua" bada ere, Ana Mendizabalen hitzetan, nabarmentzeko datu bat ere bada: azterketa berdina egin den beste herrietan ez bezala, Azpeitian euskarazko eskaintza ezagutza eta erabilera datuen azpitik dago. "Herritarren esku dagoena, oso goian dago", Mendizabalek esan duen bezala, baina hainbat eragilek -Estatuko administrazioak, komunikabide gehienek eta publizitateak, esaterako- ez dute bat egiten herritarren hizkuntza errealitatearekin, euren zerbitzuak eskaintzerakoan.

Euskara Mahaiak hala erabakita, euskararen eskaintza lau urtez behin neurtuko da aurrerantzean.



Jarraian irakur dezakezue, osorik, Euskaini Azpeitia 2009: Herriko euskarazko eskaintzaren neurketa txostena.

Sarrera

Euskaini, euskarazko eskaintzaren adierazlea da. Euskainiren bitartez, konplexua den errealitate bat (herri bateko hizkuntza eskaintza) modu sinplean eta indize zehatzen bidez adierazi dezakegu. Eskaintza publikoa neurtzen du, alegia, gizartearen sektore ezberdinetan (administrazioan, ekonomian, hedabideetan, e.a.) topatzen dugun hizkuntza eskaintza zenbatekoa den. Argazki moduko bat eskaintzen digu, zehatza eta konparagarria. Hizkuntza plangintzarako tresna baliagarria da, bereziki udalerri mailan alderatzeko, sektoreka aztertzeko eta urteek aurrera egin ahala errepikatuz gero bilakaerak ikusteko aukera ematen baitu.

Hizkuntza eskaintzaren neurketa

Euskaini hizkuntza eskaintza publikoaren erradiografia indize batean laburtzen duen adierazle sistema da. Gizartearen sektore ezberdinetan (administrazioan, ekonomian, komunikabideetan, etab.) jasotzen dugun hizkuntza eskaintza du aztergai; hau da, herritar batek jasotzen duen hizkuntza errealitatearen zein proportzio dagoen hizkuntza horretan (errotuluak, idazkiak, ahozko komunikazioa...). Beste modu batera esanda: Euskal Herriko udalerrietan EUSkara zenbat esKAINI ohi zaigun neurtzeko adierazle sistema da.

Herritarrari egiten zaion hizkuntza eskaintzak mugatzen du herritarraren hizkuntza aukera egoera askotan. Eskaintzarik ezean, hala nahi duenak gizarte mailan euskara erabiltzeko mugak ditu.

Alde batetik, harreman bat euskaraz sor eta gara dadin, beharrezkoa da bi aldeek hizkuntza menperatzea. Baina bestetik, zerbitzu, elkarte, denda... berri batera sartzen garenean funtsezkoa da kontuan hartzea bertan zein hizkuntzatan zuzentzen zaizkigun ahoz edota zein hizkuntzatan dauden bertako errotulu eta idazkiak. Izan ere, harremanaren abiapuntuko hizkuntzak harremana hizkuntza horretan garatzera eramango du, sarri.

Erabilerarekin gertatzen den moduan, eskaintza aldetik ere, gizarte mailan jasotzen ditugun zerbitzu, iragarki, eta gainerakoetatik zati bat baino ez da egoten euskaraz. Herriaren arabera, zati hori handiagoa ala txikiagoa izaten da. Hizkuntza gutxiagotuaren "presentzia" mugatua da gizarte mailan eta ondorioz euskara erabili nahi duenak trabak ditu erabilera hori gizarteko arlo ezberdinetara hedatzeko.

Hizkuntza eskaintza murriztuaren testuinguru honetan, Euskainik udalerri batean hizkuntza eskaintza neurtzen du, eta indize zehatz batean adierazi. Ez du erabilera neurtzen, ez eta biztanleriaren gaitasun maila ere. Eskaintzak, ordea, gorago esan dugunez, nabarmen baldintzatzen du erabilera.

Beraz, eskaintza neurtzea eta kontuan hartzeak bi helburu nagusiri erantzuten diela esan daiteke: alde batetik, euskararen egoeraren neurri bat eskuratzea eta bestetik hizkuntza plangintzari begira indargune eta ahuluneak identifikatzen laguntzea.

Euskainiren ibilbidea

2002an aurkeztu zituen SEI elkarte desagertuak Azpeitian Euskainiren neurketa pilotuaren emaitzak (datu bilketa 2001ean egin zen). Ordutik hona, beste hainbat herritan ere egin dira euskarazko eskaintzaren neurketak, SEI elkartearen eskutik, lehenengo, eta Soziolinguistika Klusterrak zuzenduta honen sorreratik aurrera. Azpeitian egin zen aurreneko neurketa (2001ean), gero Laudion (2002an), Arrasaten eta Hernanin (2003an), Durangon (2004an), Oarsoaldeko hiru herritan (Pasaian, Lezon, eta Oiartzunen) (2005an), Elgoibarren, Arrasaten eta Hernanin (2008an). Azkenengoa, 2009an, Azpeitian egin dugu bigarren aldiz. Oraingo honetan, 2001ean ez bezala, metodoa doituta eta finkatuta dugu. Bi neurketako datuak ez dira konparagarriak, duela zortzi urte egindakoa lehena baitzen Euskal Herrian eta geroztik metodoak hainbat aldaketa izan baititu.


Euskaini Azpeitian

Azpeitian datu jasoketa 2009an maiatzetik iraila bitarte egin zen. Guztira 540tik gora erakundetako datuak jaso dira. Txosten honetan Azpeitiko Euskaini neurketaren emaitzak zein izan diren azalduko dugu. Informazioa atalka eskainiko dugu, eta hauek izango dira, hain zuzen ere, atal nagusiak:

  • Lehendabizi, Euskaini neurketan datuen antolaketa nola egiten den azaltzen da.
  • Jasotako datuak atalean datu bilketaren neurri bat ematen da. Sektore eta azpisektoreka neurtu diren erakunde kopuruak aipatzen dira, neurketaren bolumena adierazteko.
  • Ondorengo atalean, sektore eta azpisektore bakoitzean neurtu diren indize orokorrak biltzen dira. Grafikoen bidez adierazten da sektore bakoitzean Azpeitian eskaintzen dena eta grafiko horiek irakurketa labur bat dute alboan.
  • Jarraian, datu orokorrei xeheago begiratu asmoz, indizeak komunikazio motaka aztertzen dira grafiko eta iruzkinetan, komunikazio mota hauetako bakoitzak adierazten duena labur azaldu ostean.
  • Hurrengo atalean, neurketaren emaitzen azterketa erreferentzia batzuk kontuan hartuta egin ahal izateko, aurrez Euskaini neurketa egin den beste herrietako ezagutza, erabilera eta eskaintzaren neurriaren berri ematen da, balorazioetan lagungarri izan dadin.
  • Amaitzeko, ondorio nagusiak laburtuta jasotzen dira azken atalean.
  • Eranskin gisa, neurketaren datuen laburpen taula eta eskaintzaren neurketei buruz gehiago jakin nahi izanez gero kontsultatzeko erreferentzia interesgarri batzuk aipatzen dira.

Datuen antolaketa

Euskaini adierazleak, euskarazko eskaintzari buruz jasotako informazioa sektoreka eta komunikazio-motaka sailkatuta eskaintzen digu, 0tik 1erako indizeen arabera. 1 indizeak erabateko euskarazko eskaintza adierazten du, eta 0k berriz, erabat gaztelaniazkoa (euskarazko eskaintza eza).

Sektoreei dagokionez, herriko errealitatea 6 sektoretan sailkatzen du Euskainik, eta sektore bakoitzak bere azpisektoreak ditu.

Sektore eta azpisektore horietako bakoitzean herriko erakunde guztietan egiten dira datu-jasoketak (enpresa eta komertzioen kasuan, lagin adierazgarri bat hautatzen da), elementu jakin batzuk behatuz (ahozkoak zein idatzizkoak). Behaturiko erakunde bakoitzaren informazioa, 5 komunikazio-motatan banatzen da.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Jasotako datuak

Hasieran esan bezala, Azpeitian herritarrek topatzen duten eskaintza neurtu ahal izateko 540 erakunde baino gehiagotan jaso dira datuak. Erakunde hauetan guztietan, herritarrekin harremana izateko dituzten bide ezberdinetako hizkuntz ezaugarriak jaso dira, horretarako komunikazio motak bereizita. Guztira 3.997 datu dira erakunde bakoitzaren komunikazio mota bakoitzerako erabilitako elementuak.

Administrazioa, Gizartea, Hezkuntza eta Osasuna sektoreetan eta bertako Komunikabideen kasuan, herriko eskaintza osoari buruzko datuak jaso dira.

Kanpoko komunikabideen kasuan, herrian irakurrienak diren aldizkariak (gehienez 20) eta egunkariak (gehienez 10) aukeratzen dira datu bilketa egiteko.

Ekonomia sektorean, berriz, eskaintza osoa sakon aztertzeko zailtasunen aurrean herriko errealitatearen adierazgarri den lagin bat izan da aztertutakoa. Lagin hau orekatua izan da; denetariko erakundeak hartu dira kontuan bai jarduerari dagokionez eta baita langile kopuruari dagokionez ere.

Ondoko koadroan sektorekako erakunde kopuruak jasotzen dira:

Indize orokorrak


Sektoreka

Grafikoan ikusten den bezala, herriko Euskaini indize orokorra 0,70ekoa da.

Herriko indize orokorra baino nabarmen gorago kokatzen dira Administrazioa, Gizartea eta Hezkuntza sektoreak. Osasungintzaren sektoreko indizea ere herriko orokorra baino altuagoa da, aldea hain nabarmena izan ez arren. Maila berean kokatzen da Ekonomiako erakundeak biltzen dituen sektorea. Azkenik, besteak baino askoz ere indize baxuagoarekin Hedabideen sektorea dago. Azken datu hau irakurtzerakoan, kontuan izan behar da azpeitiarrek duten hedabideen eskaintzaren zatirik handiena herritik kanpokoa dela (TVE, Antena 3, Diario Vasco,...).


Azpisektoreka

Lehenago aipatu bezala, Administrazioaren datua herriko indize orokorra baino nabarmen altuagoa da.

Administrazioaren azpisektoreen artean aldeak daudela erakusten digu grafiko honek. Udalak eta mankomunitateak herritarrei eskainitako harremanak ia osorik euskaraz dira (0,93). Azpisektore honetan kokatzen da administrazioko erakundeen gehiengoa, beraz, herritarrek harreman gehien duten administrazioaren zatia. Foru eta autonomi erakundeetako eskaintza ere euskaraz da gehienbat (0,89), Justizia administrazioan indizea ere altua da (0,84). Aldiz, Estatuko administrazioen eskaintza aurrekoetatik oso urrun kokatzen da. Datua nabarmen baxuagoa da: 0,45 hain zuzen. Kontuan hartu behar da hiru azpisektore hauetako bakoitzean erakunde gutxi neurtzen direla (Estatuko administrazioetan bost erakunde, eta Forala/Autonomikoetan nahiz Justizian hiru erakunde bakoitzean). Horregatik, horiek Azpeitiko biztanleen egunerokotasunean duten pisua erlatibizatu egin dezakegu.

Azpeitian herritarrei ekonomia sektoretik euskaraz eskaintzen zaienaren neurria 0,70ekoa da. Honen barruan, komertzio eta zerbitzuen indizea (0,80) gainetik kokatzen da eta herriko enpresen indizea (0,66) azpitik. Herritarrek etxean jasotzen duten publizitateari dagokionez, euskaraz jasotzen dena eskaintzaren zati oso txiki bat besterik ez dela esan daiteke (0,12). Puntu honetan kontuan hartu behar da publizitate horren igorleak herrikoak nahiz kanpokoak izan daitezkeela.

Sektorez aldatu gabe, merkataritza eta zerbitzuen azpisektorearen datuari xeheago erreparatuz gero, ikus dezakegu herriko denda eta ostatuek (0,83) zerbitzuek (0,72) baino eskaintza euskaldunagoa zuzentzen dietela herritarrei.

Gizartea deitutako sektorean, herrian topa litezkeen elkarte, talde eta mugimenduak biltzen dira. Hiru multzo bereizten ditugu azpisektore honetan: kirola; kultura, aisia eta erlijioa; eta, alderdiak, sindikatuak eta gizarte mugimenduak. Hiru multzoen eskaintzaren indize orokorrak 0,92tik 0,98ra bitarte kokatzen dira.

Herritarrek hedabideetatik jasotzen duten eskaintzaren indize orokorra 0,29koa da. Oso baxua da beste sektoreekin alderatuta; gaztelaniazko eskaintza da nagusi, nabarmen.

Datu hau irakurtzerakoan, azpimarratu beharrekoa da ezberdintasun handia dagoela bertako komunikabideen eta kanpoko komunikabideen artean. Bertakoetan indize altua dugu, 0,87, eta kanpokoetan, aldiz, nabarmen jaisten da, 0,15. Horrez gain, kontuan izan behar dugu azpeitiarrek topatzen duten eskaintzaren zatirik handiena kanpoko hedabideei dagokiela, eta ondorioz, datu orokorrean kanpoko horien pisua altuagoa da.

Bertako hedabideen indizea 0,87koa da, esan bezala. Izan ere, herritik herrirako lan egiten duten hedabideen eskaintza ia osoa euskaraz da.

Herriko elkarte, erakunde, zerbitzu eta komertzioen webguneena da bertako hedabideen indizea lortzeko erabilitako beste datua. Enpresak ez diren erakunde guztien webguneak hartzen dira kontuan indize honetan, eta bertako telebista, aldizkari eta egunkarietan jasotako indizea baino baxuagoa da, 0,61 hain zuzen.

Azpeitiarrek hezkuntzaren alorrean topa dezaketen euskarazko eskaintza 0,82koa da. Indize honen barruan, hezkuntza arautua eta arautu gabea bereizi ditugu, interpretaziorako garaian lagungarri izan dadin.

Arautuaren datuak erakusten digu herriko eskola, ikastola, ikastetxe eta institutuetan euskarazko eskaintza dela nagusi (0,96). Ez arautuaren datua, akademia, autoeskola eta antzekoen eskaintza neurtzen duena, askoz ere baxuagoa da (0,61). Hezkuntza ez arautuak herriko merkataritza edo zerbitzuetako beste atal batek bezala jokatzen duela esan liteke, hauetan jasotako datuak baino baxuagoa duela ikusita ere.

Herritarren bizimoduan eragin handiagoa eta zuzenagoa duelakoan, egoki ikusi dugu hezkuntza arautuaren datuei xeheago begiratzea. Goiko grafikoan ikusi daiteke eskaintza publikoa eta pribatuaren artean alde handirik ez dagoela. Bietan eskaintzaren ia osotasuna euskaraz jasotzeko aukera dago. Orotara, Azpeitian titularitate publikoko hiru ikastetxe ditugu eta pribatuko lau ikastetxe.

Euskaini metodologiak, bestelakoetatik bereizita aztertzen du osasunarekin erlazionatutako erakundeen aldetik aurki daitekeen eskaintza. Hauen barruan, publikoak eta pribatuak independenteki ere aztertzen dira. Datuei erreparatuta, ikus dezakegu osasungintza publikoan eta pribatuan eskaintza indize bera dugula, 0,78 hain zuzen. Alegia, osasungintza sektorean arlo publikoan zein pribatuan hamar komunikazio motetatik (errotulazioak, idatzizko elementuak, ahozko harremanak,...) ia zortzi euskaraz jaso daitezke.

Komunikazio motak

Neurketaren egitura azaltzerakoan esan bezala, Euskaini indizeak hainbat komunikazio mota ezberdini buruzko datuak bildu eta konbinatuta kalkulatzen dira. Behaturiko erakunde bakoitzaren informazioa, 5 komunikazio-motatan banatzen da. Komunikazio-mota hauen arabera eskaintzen dira sektore eta azpisektore bakoitzaren indizeak, eta bost komunikazio-mota hauetatik kalkulatzen da kasuan kasuko indize orokorra (herrikoa, sektore bakoitzarena, azpisektore bakoitzarena...).

Jarraian dituzue komunikazio-mota hauen laburdurak (grafikoetan ageri direnak) eta bakoitzak adierazten duena. Indize orokorren kasuan bezala, komunikazio-mota bakoitzean ere, 0k erabat gaztelaniazko eskaintza adierazten du herritarrarekiko eta 1ak erabat euskarazkoa.

  • Errotulazio identifikatzailea ("ERR. IDENT."): erakundea herritarren aurrean identifikatzen duen errotulazioa da.
  • Errotulazio informatzailea ("ERR. INFO."): azalpenak edo informazioa emateko eraikinean jarrita dagoen errotulazio osagarria edota oharrak dira.
  • Idatzizko komunikazioak ("IDATZ. KOM."): paperean edo euskarri elektronikoan sortzen dituzten idatzizko dokumentuak dira. Hiru ataletan banatzen da: komunikazio idatziak, zabalpen edo publizitaterako elementuak eta web orriak.
  • Ahoz identifikatzeko hizkuntza ("AHOZ IDENT. HIZ."): erakundeak herritarrekin komunikatzeko lehenik erabiltzen duen hizkuntza da, erakunde horren aldetik jasotzen dugun "lehen hitza", nolabait (kasurik gehienetan, telefonozko dei bidezko lehen hitza).
  • Ahoz egokitzeko hizkuntza ("AHOZ EGOK. HIZ."): erakundean dagoen pertsonala herritarren euskarazko elkarrizketara egokitzen den (euskaraz jarraitzen digun) edo ez. Erakundearen aldetik "lehen hitza" euskaraz edo gaztelaniaz jaso, euskarazko elkarrizketa bat hasten dugu eta beren erantzuna neurtzen dugu.

Herriko eskaintza orokorrari begira, komunikazio mota bakoitzaren bidez burutzen den euskarazko eskaintza alderatzen du grafiko honek.

Ikus liteke ahoz egokitzeko hizkuntza dela bataz besteko indizetik gailentzen dena, izan ere, Azpeitian ahozko egokitzeko hizkuntza ia erabat euskaraz da (0,91).

Ahoz identifikatzeko hizkuntza, errotulazio identifikatzailea eta informatzailea 0,75 indizearen bueltan kokatzen dira. Aldiz, idatzizko komunikazioen hizkuntzari dagokionez, euskaraz eskaintza txikiagoa neurtu da (0,57).

Komunikazio moten arteko hurrenkera hau beste herrietan egindako Euskaini neurketetan ohikoena izaten dena da. Zerbait deigarria egotekotan, ahoz identifikatzeko eta egokitzeko hizkuntzen datuen artean dagoen alde altu samarra da. Hala ere, komeni da sektoreka hurrenkera bera ematen den aztertzea.

Administrazioaren jardunean herritarrek aurkitzen duten hizkuntz eskaintza komunikazio motaka aztertuz gero ikusten duguna biltzen da grafiko honetan. Administrazioaren eskaintza, orokorrean, herrikoaren gainetik dago, salbuespena idatzizko komunikazioak dira, datu orokorra baino euskarazko eskaintza indizea txikiagoa baitu. Komunikazio motaren arabera herritarrek 0,66 eta 0,97 arteko eskaintza topatzen dute administrazioarekiko harremanean.

Deigarria egiten da ahoz identifikatzeko hizkuntza eta ahoz egokitzekoa neurtuta pareko datuak jaso direla, izan ere kontuan eduki behar da herriko datu orokorretan bi komunikazio mota hauetan aldea dagoela.

Ekonomia sektoreko datuei begiratuta, errotulazio bidezko komunikazioa (identifikatzailea eta informatzailea) eta idatzizko komunikazioa herriko indize orokorrak baino baxuagoak dira (hurrenez hurren 0,62, 0,57, eta 0,48). Aldiz, ahoz identifikatzeko eta egokitzeko hizkuntzak indize orokorrak baino altuagoak dira (0,85 eta 0,93). Hala ere, komunikazio moten arteko hurrenkera orokorrean dugun berbera da, alegia, idatzizkoa da baxuena eta ahoz egokitzekoa altuena.

Dena den, ekonomia deitutako sektorearen barnean sartzen den eskaintza oso zabala eta anitza da. Ondorio baliagarriak atera ahal izateko, azpisektoreka aztertzea komeni da: enpresak, merkataritza eta zerbitzuak.

Ekonomiaren barruan enpresak dira euskarazko eskaintza baxuena egiten dutenak. Horrez gain, komunikazio motaka enpresetan jasotako indizeek oro har euskarazko eskaintza apala adierazten dute. Salbuespena batez ere ahoz egokitzeko hizkuntzan gertatzen da, eta maila apalagoan, ahoz identifikatzeko hizkuntzan, hurrenez hurren, indizeak 0,97 eta 0,78 dira. Bi komunikazio mota horiek besteengandik oso urrun daude, izan ere, errotulazio identifikatzailearen, informatzailearen eta idatzizko komunikazioaren indizeak 0,20 eta 0,37 artean kokatzen dira.

Esan bezala, ahoz egokitzeko eskaintzak beste komunikazio motek baino datu altuagoa du. Hala ere, datu hau kasu batzuetan enpresen jokaera-irizpideekin baino, lotuago dago langile bakoitzaren gaitasun eta jarrerarekin, izan ere, telefonoz deitu eta euskarazko elkarrizketa bat izaten saiatuta eskuratzen baita.

Merkataritzako datu gehienak ekonomiako orokorren gainetik daude. Salbuespen bakarra idatzizko komunikazioan gertatzen da. Komunikazio motaka begiratuta ohikoena den hurrenkera dute (idatzizko datu baxuenetik ahoz egokitzeko altuenera).

Herriko zerbitzuek komunikazio motaka dituzten indizeetan altuenak ahoz egokitzeko hizkuntzan eta ahozko identifikatzeko hizkuntzan ditugu (hurrenez hurren 0,89 eta 0,85). Tarte handiarekin, indize txikiagoak errotulazio identifikatzailean, informatzailean eta idatzizko komunikazioan behatu ditugu (0,46 eta 0,53 artean). Deigarria da errotulazio informatzailea komunikazio moten artean baxuena izatea (0,46), normalean idatzizko komunikazioa baita indizerik baxuena duena.

Gizartea sektorean datu altuak jaso dira. Baxuena idatzizko komunikazioaren datua da; dena den, altua da hori ere: 0,84. Ahoz identifikatzeko hizkuntzaren, egokitzeko hizkuntzaren, eta errotulazio informatzailearen eskaintza ia erabat euskaraz da (0,99-0,98). Errotulazio informatzailearen eta komunikazio idatziaren indizeak baxuagoak dira. Jaitsiera hori hizkuntzaren balio sinboliko eta praktikoaren adierazle gisa interpreta daiteke, alegia, errotulazio identifikatzaileak balio sinbolikoagoa du, eta informatzaileak praktikoagoa. Datu hauen harira, balio sinbolikoa praktikoaren aurretik lehenesten dela esan dezakegu.

Herrian kirolaren inguruan antolatzen diren elkarteetan neurtutako eskaintza, gizarte sektorekoaren antzekoa da. Datu hau positiboki baloratzeko modukoa da, beste herri batzuetako egoera ez baita horrelakoa izaten.

Gehienetan bezala, ahozko komunikazioen indizeak gailentzen dira. Kasu honetan, errotulazio identifikatzailearen indizea ere bai. Hiru indizeek erabateko euskarazko eskaintza adierazten dute (1,00). Eskaintza txikiagoarekin, errotulazio informatzailean eta komunikazio idatzian datu bera dugu, 0,81eko indizea hain zuzen.

Kultur, aisialdi, erlijio eta gastronomi elkarteetako eskaintzan hamarretik bederatzi euskaraz jaso daiteke (0,92). Eskaintza hori komunikazio motaka aztertzen badugu, ahoz identifikatzeko eta egokitzeko hizkuntzan dugu eskaintza-indizerik altuena (0,96), gainontzeko hiru komunikazio motatan batez besteko indizea baino baxuagoa dugu (0,85 eta 0,88 artean). Aipagarria da idatzizko komunikazioaren indizea (0,88) bi errotulazioen (identifikatzailearen eta informatzailearen) gainetik egotea. Aldea ez da handia, baina ez da normalean gertatzen.

Alderdi politiko, sindikatu eta gizarte mugimenduetan ahozko bi komunikazioen indizeak (identifikatzailea eta egokitzeko hizkuntza) eta errotulazio identifikatzailearen indizeek eskaintza erabat euskaraz dela (edo izan daitekeela, ahoz egokitzeko hizkuntzaren kasuan) adierazten dute (1,00). Errotulazio informatzailearen indizea ere altua da (0,95). Azkenik, idatzizko komunikazioa dugu (0,86).

Azpeitiko kasuan, hezkuntza sektoreko datu orokorrei begiratzea ez da oso adierazkorra, hezkuntza arautuak eta ez arautuak joera ezberdinak azaltzen dituztelako eta, beraz, sektoreko datuak erdibidean geratzen direlako.

Hezkuntza arautuko eskaintza nagusiki euskarazkoa da. Idatzizko komunikazioa da beste komunikazio motetatik bereizten dena, baxuagoa izanagatik (0,85). Ahozko indizeei dagokionez, euskaraz eskaintzaren osotasuna jasotzeko aukeratik oso gertu dago Azpeitian topatzen dena (0,99). Errotulazioei dagokionean ere identifikatzailea nahiz informatzailea ia erabat euskaraz izaten dira. Aipagarria da errotulazio informatzaileak identifikatzaileak baino indize altuagoa izatea; 0,97 batak eta 0,95 besteak.

Hezkuntza ez arautuan topa daitekeen eskaintzan euskararen presentzia nabarmen baxuagoa da. Orokorrean, komunikazio mota guztiak hartuta, hamarretatik sei jaso daiteke euskaraz. Komunikazio motak banatuta, oso deigarria da ahozko komunikazio motetan jaso dugun datua, bietan indize bera dugu 0,57. Indize hori gainontzeko komunikazio moten indizea baino baxuagoa da. Ez da horrela gertatzen gainontzeko sektore eta azpisektoreetan; besteetan errotulazio identifikatzailea, informatzailea eta idatzizko komunikazioa ahozko komunikazioen azpitik ageri baitira.

Osasungintzaren barruan, eskaintza orokorra 0,78koa da. Ahozko komunikazio motak bataz bestekoaren gainetik ageri dira (0,86) eta indize baxuagoarekin beste hiru komunikazio motak ditugu, idatzizko errotulazio identifikatzailearen, informatzailearen, eta idatzizko komunikazioaren indizeak (0,64 eta 0,66 artean).

Osasungintza publikoa eta pribatua banatuta ere ahozko komunikazio moten indizeak bataz besteko eskaintza-indizetik gora ageri zaizkigu, eta gainontzeko komunikazio motak behera. Nabarmentzekoa da osasungintza publikoan errotulazio informatzaileetan errotulazio identifikatzaile eta idatzizko komunikazioetan baino euskarazko eskaintza altuagoa dela. Osasungintza pribatuan, aldiz, alderantziz gertatzen da, errotulazio informatzaileetan euskarazko eskaintza-indizea baxuagoa da errotulazio identifikatzaileetan eta idatzizko komunikazioetan baino.

Emaitzen azterketa


Eskaintza beste ezaugarrien alboan

Euskaini neurketaren bidez herriko euskarazko eskaintzari neurria hartu diogu. 0,70ko indizea neurtu da 0-1 eskalan. Emaitza hori baloratzerakoan, herriko datu soziolinguistiko nagusiak erreferentzia modura erabiltzea komeni izaten da. Horregatik daude, goiko grafikoan, herriko euskaldunen proportzioa eta herriko kaleetan egindako azken neurketan jasotako erabilera datua eskaintzarenaren alboan.

Ikusi daitekeen bezala, eskaintzaren datua kale erabilerarenaren eta ezagutzarenaren azpitik kokatzen da. Ezagutzaren datua eta erabilerarena oso gertu daude, kontuan izan behar da, dena den, ezagutza datua 2006ko zentsukoa dela. Aldiz, erabilera eta eskaintzarena 2009ko datuak dira. Azken bi hauen aldea 16 puntukoa da.


AZPEITIA beste herrien alboan

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Lehenago esan bezala, herri bateko eskaintza neurtu eta indizea baloratzeko, bertako euskararen ezagutza proportzioa eta kaleko erabileraren datuak baliagarri zaizkigu erreferentzia bezala. Beraz, beste herri batzuetan hiru datuen artean dagoen harremana, elkarren arteko aldeak, ikustea interesgarria da.

Aurreko orriko koadro eta grafikoetan ikus daiteke Euskaini neurketa egin izan duten herrietako eskaintzaren datua ezagutza eta kale erabilerarenaren alboan.

Grafiko eta taula hauen irakurketa egiterakoan berebiziko garrantzia du datu bakoitza zein urtetakoa den kontuan izateak; izan ere, eskura dauzkagun datu soziolinguistikoekin kasu guztietan ez da posible urte berekoen arteko alderaketa egitea. Ondorengo taulan adierazi dugu zein urtetan eskuratu diren datuak:

Goiko taulara ekarri ditugun sei udalerrien artean Azpeitian dugu euskaldun proportziorik altuena. Bertan behatu dugu eskaintza-indizerik altuena. Gainontzekoen artean Oiartzun da euskaldunena, kontuan hartzeko da bi udalerrien artean ezagutza-mailan dagoen tartea ia neurri berean errepikatzen dela bi udalerrien eskaintza-indizean (aldea 8 eta 12 puntukoa da).

Neurketaren ondorio nagusiak

  • Azpeitiko herritarrek jasotzen duten euskarazko eskaintza 0,70ekoa da (0-1 eskalan).
  • Gizartea da (kirola, kultura, erlijioa, aisialdi taldeak, alderdi politikoak,...) euskarazko eskaintza altuena eskaintzen duen sektorea (0,95).
  • Administrazioa, Hezkuntza eta Osasungintza sektoreetan euskarazko eskaintza maila altua (0,86, 0,82 eta 0,78) topa dezakete herritarrek.
  • Ekonomian eskaintza maila altua-ertainekoa da (0,70). Datu horrek Azpeitiko indize orokorrarekin bat egiten du.
  • Eta azkenik, hedabideen aldetik euskaraz jasotzen dutenaren proportzioa oso baxua da (0,29).

***

  • Udal eta mankomunitateko erakundeak dira euskarazko eskaintza altuena eskaintzen dutenak; Estatuko erakundeak, berriz, indize baxuena dutenak.
  • Ekonomiaren barruan, merkataritza eta zerbitzuetako euskarazko eskaintza enpresetakoa baino altuagoa da. Eta publizitate bidez jasotzen dena baino nabarmen altuagoa.
  • Gizarte sektoreko erakundeetan mugimendu politiko-sindikaletakoak kirol erakundeen parean kokatzen dira, eskaintzari dagokionez. Aldiz, euskarazko eskaintza zertxobait baxuagoa da kultura eta aisialdiaren inguruko erakundeetan. Dena den, azpisektore guztien indize orokorrak 0,90etik gora kokatzen dira.
  • Hedabideen sektorearen datua nagusiki herritik kanpoko hedabideek markatzen dute. Hauetan topa daitekeen euskarazko eskaintza oso baxua da (0,15). Herritik herrirako eskaintzen diren hedabideetan aldiz indize altua neurtu da (0,87).
  • Hezkuntza sektoreko datu orokorra altua da (0,82). Azpisektoreak bereiziz ikus liteke hezkuntza arautuan eskaintzen dena gehien bat euskaraz jasotzeko aukera dagoen bitartean (0,96), hezkuntza ez arautuan eskaintza dezente jaisten dela (0,61).

***

  • Orokorrean, herrian errotulazio identifikatzaile bidez, errotulazio informatzaile bidez eta ahoz identifikatzeko hizkuntza bidez neurtutako eskaintza herriko indize orokorraren inguruan kokatzen da (0,72-0,76).
  • Idatzizko komunikazio bidez herritarrek jaso dezaketenaren indizea 0,57koa da eta ahoz egokitzeari dagokionez, eskaintzaren zatirik handiena (0,91) euskaraz jasotzeko aukera dute. Azken datu hau interpretatzeko, esan daiteke euskaraz eskatutakoan hamarretik bederatzitan euskaraz jarraitzeko aukera izango dugula.
  • Ahozko komunikazio horri xeheago erreparatuta, oro har sektore guztietan ahoz identifikatzeko eta ahoz egokitzeko indizeak nahiko bat datoz, bi komunikazio mota hauen arteko alde handiena enpresetan eta estatuko administrazioan aurkitu dugu.

***

  • Administrazioaren komunikazio motakako datuei erreparatuta, ahoz identifikatzeko hizkuntza eta ahoz egokitzekoaren indizeak parean daudela ikus dezakegu, indize altuenekin (0,97-0,94). Ondoren, errotulazio identifikatzaileetan eta informatzaileetan ere antzeko datua jaso dugu (0,75-0,79). Azkenik, komunikazio idatzian euskaraz eskaintzen den indizea jaitsi egiten da (0,66).
  • Enpresen kasuan, errotulazio eta idatzizko komunikazio bidezko euskarazko eskaintza oso baxua da, ahozko komunikazio bidez eskaintzen denaren alboan ikusita.
  • Zerbitzuei dagokionez, kontuan hartzekoa da errotulazio informatzaileetan euskararen presentzia txikiagoa dela merkataritzako errotulazio informatzaileetan baino, zerbitzuetan indizea 0,46koa da eta merkataritzan 0,73koa.
  • Gizartea sektorean eta hezkuntza arautuan nabarmentzekoa da komunikazio mota guztiak 0,85 indizetik gora kokatzen direla.
  • Hezkuntza ez arautuan, berriz, euskarazko eskaintza batez ere errotulazio identifikatzaile bidezkoa dela esan liteke. Bestalde, azpimarratzekoa da ahozko komunikazioek duten indize baxua (0,57).
  • Osasungintza sektorean, nabarmentzekoa da arlo publikoan errotulazio informatzaileetan errotulazio identifikatzaile eta idatzizko komunikazioetan baino euskarazko eskaintza altuagoa dela. Osasungintza pribatuan, aldiz, alderantziz gertatzen da, errotulazio informatzailetan euskarazko eskaintza-indizea baxuagoa da errotulazio identifikatzaileetan eta idatzizko komunikazioetan baino.

***

  • Azpeitiko euskarazko eskaintza, herriko euskaldunen proportzioa eta kaleko euskararen erabileraren datuak baino beherago kokatzen da (-15/16).

Erreferentzia interesgarriak

Eranskina


2009KO DATUEN LABURPEN TAULA

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


Erantzun

 
Euskararen eskaintza altua
2010-07-21 / 14:10 / Eli Aizpuru - EL DIARIO VASCO
  • Azpeitian egindako neurketaren arabera % 70ekoa da herritarrei egiten zaien euskara eskaintza. Hala ere, euskararen ezagutza (% 85) eta kale erabilera (% 86) altuagoak dira

Azpeitian euskararen eskaintza zenbatekoa den neurtu du Soziolinguistika Klusterrak, Euskaini indizea erabiliz. 2009an eta hilabete bateko tartean 544 erakunde, enpresa eta talde ikertu ondoren, neurketarako erabili den 0 eta 1 arteko eskalan, 0,70ekoa da euskarazko eskaintza, % 70ekoa gutxi gorabehera.

Elkarte, enpresa eta taldeek herritarrekin komunikatzeko erabili ohi duten hizkuntza neurtzen du Euskainik. Azpeitiko kasuan eskaintza altua da. Horretan bat etorri dira Euskainiren arduradun den Soziolingustika Klusterreko Olatz Altuna eta Udaleko Euskara Batzordeburu Ana Mendizabal, datuak aurkezterako orduan. Hala ere, batzordeburuaren esanetan, Azpeitian nabarmentzeko datua da, azterketa egin den beste herrietan ez bezala, euskarazko eskaintza ezagutza eta erabileraren azpitik egotearena. "Badago zer hobetua, Estatuko administrazioak, komunikabideek edo publizidadeak ez dute herritarren hizkuntza errealiatearekin bat egiten baina datu altuak dira. Herritarren esku dagoena goian dago. Notable, esango nuke nik baina bikainera jo behar dugu".

Lau urtean behin egingo da aurrerantzean ikerketa hau, Euskara Mahaiak hala erabakita. "Oso garrantzitsua da erabakia, bilakaera aztertzeko aukera emango baitu eta hutsuneak non dauden ikusteko", esan du Olatz Altunak.

Lehen aldiz 2001ean egin zen, esperientzia pilotu gisa, euskararen eskaintzaren inguruko ikerketa Azpeitian. Ondoren metodologia ere aldatu da eta datuak "ez dira alderagarriak".

Ikerketa egiterakoan 544 erakunde, enpresa eta talde hartu dira kontutan. Hizkuntza eskaintza publikoaren erradiografia indize bakar batean bildu da eta aipatu bezala, 0-1 arteko eskalan, 0,7a da euskarazko eskaintza.

Sektoreka

Guztira 3.993 elementu jaso dira. Ikerketa sei sektoretan banatu dute: Administrazioa (Udala eta Mankomunitatea, Forala eta autonomikoa, Estatukoa eta Justizia); Ekonomia (enpresak, komertzioak, zerbitzuak, publizitatea); Gizartea (Kirol elkarteak, kultura , aisialdi eta gastronomia elkarteak; alderdi politiko, sindikatu eta gizarte mugimenduak); Komunikabideak (ida-tzizkoak, ikus-entzunezkoak); Hezkuntza (Arautua eta ez arautua) eta Osasuna (publikoa eta pribatua).

Sektore eta azpisektore hauetako bakoitzean komunikazio motak aztertu dira (errotulazio identifikatzaileak, errotulazio informa-tzaileak, idatzizko komunikazioa zein hizkuntzatan eskaintzen den, lehen hitza (telefonoz adibidez) euskarazkoa al den edo ez, eta, azkenik, euskaraz jarraitzeko gaitasuna). Eskaintzarik altuena gizarte sektorean ematen da (0,95), Hezkuntzan, Administrazioan (0,86), Hezkuntzan (0,82), Osasuna (0,78), Ekonomia (0,70) eta hedabideen sektorean dago euskarazko eskaintzarik bajuena (0,29). "Bertako komunikabideek, herrikoak, euskaraz egiten badute ere, kanpokoek eragin handia dute".

  • EL DIARIO VASCO egunkarian argitaratua (2010-5-26)
 
Azpeitian herritarrek jasotzen duten euskarazko eskaintza % 70ekoa da
2010-07-23 / 11:17 / Nerea Uranga - UROLA KOSTAKO HITZA
  • Eskaintza altua den arren, Azpeitiko euskararen ezagutzaren eta kale erabileraren azpitik dago

Soziolinguistika Klusterrak Azpeitiko euskarazko eskaintza zenbatekoa den neurtu du. Atzo ikerketaren emaitzen berri eman zuten Ana Mendizabal Euskara zinegotziak eta Olatz Altuna Soliziolinguistika Klusterreko Euskaini ikerketaren zuzendariak. Jasotako datuen arabera, azpeitiarrek jasotzen duten euskarazko eskaintza 1etik 0,7koa da; hau da, % 70ekoa.

Euskaini adierazleak euskarazko eskaintzari buruz jasotako informazioa sektoreka eta komunikazio-motaren arabera sailkatuta eskaintzen du. Eta herrian elkarteek, enpresek eta taldeek herritarrekin komunikatzeko erabiltzen duten errotulazio bidezko, ahozko eta idatzizko hizkuntza neurtzen ditu.

Euskararen eskaintza aztertzeko herriko 544 erakunde, enpresa eta talde ikertu ditu, eta 3.997 elementu edo komunikazio bide jaso.

Hori hala, "Azpeitian euskarazko eskaintza altua da, baina euskarazko ezagutzaren eta erabileraren azpitik dago", nabarmendu du Euskara zinegotziak.

Sektoreka, berriz, Gizarte alorra da eskaintza gehienbat euskaraz egiten duena, % 95a, hain zuzen. Horren atzetik Administrazioa legoke, % 86ko eskaintzarekin. Euskarazko eskaintza gutxiena hedabideek egiten dute, % 29a. Kasu horretan, kanpoko hedabideek euskarazko eduki gutxi izateak zeresan handia du.

Ekonomia sektorearen baitako enpresak dira publizitatea egitean euskara gutxien baliatzen dutenak: eskaintzaren % 12a baino ez da euskaraz. Bi etxetan jasotako publizitatearen hizkuntza aztertu dute ondorio hori ateratzeko. Komunikazio motari dagokionez, euskarazko eskaintza ahozko hizkuntzan ematen da gehien: % 91a. Baxuena, berriz, idatzizkoan: % 57.

Azpeitian euskararen eskaintzari buruzko ikerketa lau urtean behin egitea erabaki du Euskara Mahaiak, "ondoren datuak alderatzeko aukera izateko".

Euskaini.Euskararen eskaintza Azpeitian

  • Azpeitiko neurketa. Herrian euskararen eskaintzaren neurketa iaz egin zuen Soziolinguistika Klusterrak. Euskaini adierazlea kontutan hartuta, Azpeitian euskararen eskaintza 1 indizea kontutan hartuta 0,7koa da.
    • Neurketa egiteko 544 erakunde, enpresa eta talde ikertu dituzte.
    • 3.997 elementu edo komunikazio bide jaso dituzte.
    • Sei sektoretan banatuta egin dute ikerketa: Administrazioa (Udala eta Udal Elkartea; Forala eta Autonomikoa; Estatukoa; eta, Justizia administrazioa), Ekonomia (enpresak; merkataritza eta zerbitzuak; eta, publizitatea), Gizartea (kirola; kultura, aisia, erlijioa eta elkarte gastronomikoak; eta, alderdi politikoak, sindikatuak eta mugimenduak), Hedabideak (bertakoak eta kanpokoak), Hezkuntza (arautua eta ez arautua) eta Osasungintza (publikoa eta pribatua).
  • Euskararen ezagutza eta kale erabilera altuagoak. Euskararen eskaintza (% 70) baino altuagoak dira Azpeitian euskararen ezagutza (% 85) eta kale erabilera (% 86).
  • Gizarte sektorean euskara eskaintza altuena: % 95. Sektoreka Gizarte sektorean euskarazko eskaintza altuena ematen da, % 95; Administrazioan, % 86; Hezkuntzan % 82; Osasungintzan, % 78; Ekonomian, % 70; eta, Hedabideen sektorean, % 29.
  • Hedabideen sektorean eskaintza baxuena: % 29. Hemen eragin nabarmena kanpoko hedabideen euskararen eskaintzak du. Bertako hedabideen artean bost aztertu dituzte: Erlo Telebista, Azpeitian Zer?, Azpeitia Eginez, Uztarria eta UROLA KOSTAKO HITZA. Horietan, euskarazko eskaintza % 100 da.
  • Komunikazio motaren araberako eskaintza.
    • Ahoz eskaintzen den hizkuntza euskara da, kasueetatik % 91. "Altua da, beste herrietan ez dugu horrelakorik jaso, honetan euskaraz jarduteko gaitasunak eta erabilerak zerikusia du", esan dute ikerketaren arduradunek.
    • Idatzizko komunikazioan ematen da datu baxuena, % 57a. Kasu honetan, paperean edo euskarri elektronikoan sortutako idatzizko dokumentuen hizkuntza ikertu dituzte.
  • UROLA KOSTAKO HITZA egunkarian argitaratua (2010-5-22). Ikusi azalean ere

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus