Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Gidabaimena euskaraz ateratzearen aldeko kanpaina, abian

Gidabaimena euskaraz ateratzearen aldeko kanpaina, abian

2010-05-07 / 15:41 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   LANBIDEAK

Azpeitian euskara eguneroko bizimoduaren arlo askotan erabil daiteke eta erabiltzen da. Gero eta arlo gehiagotan erabili ahal izatea eta erabiltzea da Udalaren helburua. Besteak beste, zergatik ez atera gidatzeko baimena euskaraz? Horretarako aukera eskura dago dagoeneko, herrian egoitza duten bi autoeskoletan. Eta horrela egitera animatzen diren aurrenekoek saria izango dute, gainera.

Gaur (2010-5-7) aurkeztu dute Udal Euskara Patronatuaren egoitzan Azpeitiko autoeskoletan gidabaimena ateratzeko asmoa dutenak euskaraz egiteko animatu nahi dituen kanpaina. Urola eta Lagunak autoeskolek eta Urola Ikastolak, Iraurgi Ikastetxeak eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolak bat egin dute Udalak bultzatutako ekimenarekin. Horrela gaurko aurkezpenean, Ana Mendizabal Euskara batzordeburuarekin batera, Lagunak autoeskolako kudeatzaile Joxe Mari Fernandezek, Urola autoeskolako zuzendari Asier Larraņagak, Urola Ikastolako zuzendari Alberto Izagirrek eta Iraurgi Ikastetxeko zuzendari Mamen Iriartek hartu dute parte; Ikasberri Azpeitiko Ikastolak ezin izan du ordezkaririk bidali.

Leloak eta irudiak

Kanpainarako bi lelo aukeratu dituzte: Azpeitian, gidabaimena ere euskaraz eta Atera gidabaimena euskaraz. Lelo horiek barne dituzten horma-irudiak prestatu dituzte, gidari hasiberriek kotxean eramaten duten L hizkiarekin eta euskararen E-arekin jolas eginez.

Gidabaimena ateratzeko ikastaroak egiten dituzten gehienak gazteak direla kontuan hartuta, horma-irudiok aipatutako hiru ikastetxeetan jarriko dituzte eta, nola ez, autoeskolen atarietan ere bai.

Kanpainaren euskarri izango diren bi irudiak.

Zailtasunak eta ohitzea

Ana Mendizabal batzordeburuak azaldu duen bezala, ikastetxeek kanpainaren "zabaltze lana" egingo dute "Batxilergo mailako gazteen artean". Ikastetxeen laguntza ez ezik, Lagunak eta Urola autoeskolena ere goraipatu eta eskertu nahi izan du Mendizabalek, "biak prestatu direlako hau aurrera eramateko eta beraiek jarriko dutelako praktikan". Alde horretatik, "lan eta esfortzu asko egin behar dela" nabarmendu du Mendizabalek, "liburuak eta test-ak egokitzeko". Ikastaro teorikoaz gain, kotxeko praktiketan ere euskara erabiliko dela gaineratu du batzordeburuak.

Azpeitiako autoeskolek orain eskaintzen duten aukera aurrez beste herri batzutan martxan jarria dute. Lagunak autoeskolak Gipuzkoa osoan dauzka egoitzak eta, Joxe Mari Fernandezek esan duenez, "beste tokietan harrera nahiko ona" izan dute gidabaimena euskaraz atera ahal izatearen aldeko ekimenek. Dena den, "esfortzu pixka bat gehiago" egin eta "azterketak ere" euskaraz egin ahal izateko pausoak eman beharko liratekela esan du Lagunak autoeskoletak kudeatzaileak.

Aurreneko hamarrentzat saria

Azpeitian duela gutxi jarri dute gidabaimena euskaraz ateratzearen aukera, baina momentuz ez du fruitu handirik eman. Hori aldatzeko dator, besteak beste, abian jarri berri duten kanpaina. Eta aukera berriak sor dezakeen interesa areagotzeko, kanpainaren barruan sariak ere aurrikusi dituzte. Hain zuzen ere, gidabaimena euskaraz ateratzen duten aurreneko hamar lagunek saria eskuratuko dute: bi lagunentzako afari-bazkari bana, herriko jatetxeetan.


Inprimatu


Erantzun

 
Gidabaimena euskaraz ere atera daiteke
2010-07-21 / 13:55 / Eli Aizpuru - EL DIARIO VASCO

"Gidabaimena euskaraz ateratzearena beste pauso bat da lehendik ere ona den euskara zerbitzuaren eskaintza zabaltzeko, gure bizitzako une denetara nahi baitugu euskara zabaltzea", adierazi berri du prentsaurrekoan Kultura eta Euskara batzordeburu Ana Mendizabalek.

Hemendik aurrera, Azpeitian gidabaimena ere euskaraz atera ahal izango da. Kanpaina abian da dagoeneko. Bertan, Euskara zerbitzuaz gain, herriko ikastetxeek (Urola Ikastola, Iraurgi Ikastetxea eta Ikasberri Azpeitiko Ikastola) eta autoeskolek (Urola eta Lagunak) hartu dute parte. Protagonisten esanetan, egin den esfortzua handia izan da. "Pauso ikaragarria eman da, bai terminologia aldetik, testak, liburuak... euskaraz eskaini ahal izateko".

Zailtasunak ere aipatu dituzte. "Ohitu egin beharko da, terminologia berezia da baina denborarekin geureganatuko dugu", adierazi zuen Mendizabalek. Izan ere, gazteak, hauei baitago gehienbat zuzenduta, "D eredutik datoz eta lan mundura sartzen direnean, erdararekin egin ohi dute topo. Orain, euskarazko aukera dute".

Kanpainarekin aurrera egiteko zabalkuntza lanetarako, batxilergoan, ikastetxeen laguntza dute. Euskarri bana ipiniko dute ikastetxe sarrereran eta praktikan, autoeskolek ipiniko dute ekimena, herriko bi autoeskoletako atarietan ere, Urola eta Lagunaken, ikusi ahal izango da euskarria. "Oraingo gazteak hobeto moldatzen dira euskaraz eta ez da lehengo euskaldun zaharren modura. Autoeskolen aldetik azterketa praktikoan izango dugu arazo gehien, azterketa egiten dutenek euskaraz ez jakiteagatik. Erronka polita da", azaldu zuen Lagunak autoeskoletako kudeatzaile Jose Mari Fernandezek.

Saria

Gidabaimena euskaraz ateratzen duten aurreneko hamar lagunek saria eskuratuko dute. Bi lagunentzat bazkaria edo afaria izango dute opari inguruko jatetxeetan.

 
Gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina abian da
2010-07-23 / 10:54 / Nerea Uranga - UROLA KOSTAKO HITZA
  • Udalaz gain, herriko ikastetxeek eta autoeskolek hartu dute parte euskararen aldeko ekimen berrian

Azpeitiko autoeskoletan gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina martxan jarri dute. Urola eta Lagunak autoeskolek eta Urola Ikastolak, Iraurgi Ikastetxeak eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolak bat egin dute Udalak bultzatu duen ekimenarekin, Azpeitian, gidabaimena ere euskaraz lelo hartuta .

Gidabaimena ateratzeko ikastaroak egiten dituzten gehienak gazteak direnez, kanpainaren leloa duten horma-irudiak ikastetxeen eta autoeskolen sarreretan jarriko dituzte. "Gazteak animatu nahi ditugu gidabaimena euskaraz ateratzera", azaldu du asmoaren helburua Ana Mendizabal Euskara zinegotziak.

Azpeitiko autoeskoletan gidabaimena ateratzeko saio teorikoak eta saio praktikoak egin daitezke euskaraz. Lagunak autoeskolak Gipuzkoa osoan dauzka egoitzak eta, Joxe Mari Fernandez autoeskolako kudeatzaileak esan duenez, "beste tokietan harrera nahiko ona" izan dute gidabaimena euskaraz ateratzeko ikastaroek. Dena den, zailtasun gehien azterketa praktikoa euskaraz egiteko dagoela azaldu du: "Azterketak egiten dituztenetatik bik besterik ez dakitelako euskaraz", azaldu du.

Lehenengoentzat saria

Kanpainaren baitan gidabaimena euskaraz ateratzen duten lehen hamar lagunek saria izango dute. Zehazki, bi lagunentzako afari-bazkari bana eskuratuko dute aurrenekoek.

  • UROLA KOSTAKO HITZA egunkarian argitaratua (2010-5-11).

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus