Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiko Kale Erabileraren Neurketa 2009

Azpeitiko Kale Erabileraren Neurketa 2009

2010-03-26 / 12:15 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   EUSKARA

Udalak hala eskatuta, Soziolinguistika Klusterrak hizkuntzaren kale erabilera neurtu du Azpeitian. Udalerrirako espreski prestatutako lehendabiziko neurketa izan da hori. Neurketak 2009ko ekainean egin zituzten, eta emaitzak gaur (2010-3-26) plazaratu dituzte prentsaurrekoan. Azpeitiko kaleetan % 86,1ek euskaraz hitz egiten du.

Ana Mendizabal Euskara batzordeburuak esan duenez, "jakinekoa konstatatu dute datuek". Alegia, Azpeitiko kaleetan euskara dela hizkuntza nagusia, alde handiarekin, eta azpeitiarrek euskararen aldeko hautua egiten dutela. Iazko kale erabileraren neurketak adieraziko luke, Soziolinguistika Klusterreko Pablo Suberbiolaren arabera, "herriko euskaldungoaren komunitateak trinkotze maila oso altua duela, eta arau soziala euskaraz egitekoaren aldekoa dela, oso nabarmen".

2009ko kale erabileraren neurketaren txosten osoa irakur dezakezue jarraian.

1. Sarrera

Soziolinguistika Klusterrak Azpeitian egin duen Kale Erabileraren lehen neurketa berezia izan da 2009koa. Aurretik, Euskal Herriko Kale Erabileraren neurketak egin direnean, jaso izan dira datuak Azpeitian ere: 1993, 1997, 2001 eta 2006. urteetan, hain zuzen.

Kasu horietan, datu-jasoketak mugatuagoak izan dira, neurketen diseinua esparru zabalekoa zelako. 2009koa izan da Azpeitiko kaleko euskarazko erabilera maila aztertzeko berariaz diseinatu eta eginiko lehen azterketa.

Txosten honek jasotzen du nolakoa den hizkuntza-erabilera hori gaur egun Azpeitian, bai orokorrean eta bai aztertzen diren aldagai nagusien arabera: adin-taldeak, sexua eta haurren presentzia.


1.1. Erabilera neurtzearen beharra

Euskararen egoera ona den edo txarra den, hobera doan edo okerrera doan galdetzen digutenean, askotan ez dugu jakiten nola erantzun, eta sarri erantzuna bera oso modu subjektiboan ematen dugu. Zentzu honetan, gero eta garrantzitsuagoa zaigu euskararen egoera eta bilakaera modu objektiboan baloratzeko aukera ematen diguten datuak izatea, eta datu horien artean bada bat herriko euskararen errealitatea adierazteko funtsezkoa dena: kalean euskara zenbat erabiltzen den, hain zuzen ere.

Badira beste hainbat datu (erroldako ezagutza datuak, ikastetxe eta euskaltegietako matrikulazio datuak...) herriko hizkuntza egoera ezagutzeko baliagarri direnak. Datu eta joera horiek guztiak, nonbait nabarmentzekotan, eguneroko erabileran nabarmentzen dira, gure herriko esparru ezberdinetan ematen dena, herriko kaleetan besteak beste. Kale erabileraren neurketak, hortaz, errealitate horren berri ematen digu modu zuzen eta objektibo batean.

Kontuan izan behar dugu, hizkuntza egoerari buruz ematen diren datu gehienak, oro har, hiztunek inkestetan aitorturiko datuak direla (erroldakoak, inkesta bidezko ikerketak, etab.). Hau horrela da, besteak beste, erabilera modu errealean neurtzea ez delako erraza izaten. Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketa honek kalean behaketa zuzenaren bidez lorturiko datuak eskaintzen dizkizue. Horretarako, gainera, oinarri metodologiko sendoa dugu. Gaur egun Soziolinguistika Klusterra arduratzen da Euskal Herri mailan Kale Erabileraren Neurketa egiteaz eta horrez gain hainbat udalerritan ere egin ditugu honen antzeko neurketak (esate baterako, gaur egunera arte 40 bat herritan burutu ditugu neurketak SEI Elkartearen izenean eta beste hainbeste Soziolinguistika Klusterraren izenean).


1.2. Euskal Herriko Neurketa

Azpeitian egin dugun Kale Erabileraren Neurketaren oinarri metodologikoa Euskal Herri mailan egiten den neurketan garaturikoa da, baina kasu honetan herriko berezitasunetara egokituta.

Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa Orokorra 1989. urtean egin zen lehen aldiz eta geroztik lau urtez behin errepikatu da (2001etik aurrera bost urtez behin): 1993an, 1997an, 2001ean eta 2006an ere egin da. Azken neurketan bezala, hemendik aurrerakoak ere bost urtean behin egingo dira (besteak beste, erroldako datuekin bateratze aldera). Neurketa horretan Euskal Herriko 5.000 biztanletik gorako herri guztietan eta hortik beherako batzuetan egiten dira neurketak. Orotara 250.000 hiztunetik gora behatzen dira kalean hizketan. 2006ko neurketan ikerketa sendotzeko hainbat aldaketa metodologiko egon dira. Guztira 63 herri neurtu dira, eta erabilera datuak fitxa bakarrean jaso dira (aurreko neurketetan ez bezala). Fitxa honetan informazio baliagarriena ahalik eta egokien jasotzera iristeko lan handia egin da.

1998an EKB desagertu ondoren, SEIk hartu zuen bere gain Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa egitearen ardura eta 2001eko azaroan egin zen IV. Neurketa. Modu horretan, beraz, SEIk ordura arteko neurketen oinarri metodologikoa eta esperientzia jaso zuen, eta 2004az geroztik, Soziolinguistika Klusterrak oinarri kontrastatu hau erabiliz egin du 2006. urteko V. Kale Neurketa orokorra, eta horrez gain jarraipena eman dio herri mailako neurketa berezituak egiteari.


1.3. Erabilera datuen garrantzia herri mailako hizkuntza planifikazioan

Kale Erabileraren datua funtsezkoa da herri mailan hizkuntza errealitatea ezagutu edota planifikatu nahi duen edonorentzat. Euskararen aldeko sustapen lan bat aurrera eraman ahal izateko baliabideak mugatuak izan ohi direnez, beharrezkoa zaigu premiarik larrienak zein diren ezagutzea, lehentasunak finkatzea, eta ondoren horietan eragiteko ekimenak martxan jartzea.

Neurketak, besteak beste, adin talde bakoitzak kalean euskara zenbat erabiltzen duen esaten digu, eta horrek erraztu egiten digu ondoren lehentasunak non dauden erabakitzea. Gainera, Kale Erabileraren neurketak maiztasun batekin eginez gero (urtero, bi urtez behin, bost urtez behin...), gertatzen den bilakaera ezagutu ahal izango dugu, eta modu horretan herrian izaten diren hizkuntza aldaketak gertutik jarraitu.

Azpeitian 1993, 1997, 2001 eta 2006an jasotako datuak dauzkagu. Gorago aipatu bezala (ikus Sarrera), konparaketak egiteko datu jasoketaren diseinua berbera izatea beharrezkoa den arren, Euskal Herriko neurketarako Azpeitian jaso izan diren datuak erreferentzia moduan erabili ditzakegu, baina beti ere aurrez onartuz alderaketa hauen sendotasuna mugatua dela, eta kasu batzuetan akats tarte handiak egon daitezkeela alderaketa batzuetan: bereziki datu orokorrak alderatu beharrean, aldagaika berezitakoak alderatzen ditugunean (adin taldeka, haurren presentziaren arabera...).

Beraz aipatutako muga horiek kontuan hartu behar dira ezinbestean alderaketak "irakurtzean". Dena den, lan honetan datu horien alderaketa txertatzen da hizkuntzaren egoera sozialaz ari garenean datuen bilakaerak garrantzia berezia duelako. Une bateko "argazki" bakarra izan ordez, bilakaera datuek kaleko hizkuntza erabileran herrian gertatzen diren fenomeno batzuen joerak sumatzen laguntzen digute, eta horrek gutxieneko oinarri bat ematen digu bilakaera hori nolakoa eta norazkoa izango den aurresateko.

2. Neurketa nola egin dugun


2.1. Neurketa egunak eta orduak

Euskararen Erabileraren Kale Neurketaren datu-jasoketa 2009ko ekainean egin da. Honako egun hauetan konkretuki: ekainaren 17an (asteazkena), 20an (larunbata), 22an (astelehena) eta 26an (ostirala).

Ondorengo koadroan zehazten dira egun bakoitzeko neurketen ordutegiak:


2.2. Neurketarako ibilbidea

Ibilbide nagusi batean egin da kaleko hizkuntza-erabileraren behaketa. Ibilbide honek Azpeitiko erdiguneko kaleak biltzen ditu, eta bere diseinuan kontuan izan dira bi aldagai: alde batetik adierazgarria izatea edo herriko errealitate orokorraren isla egokia izatea (kalerik jendetsuenak...), eta bestetik, orain arte jaso izan diren datuekin alderagarritasuna ahalik eta gehien bermatzea.

Neurketarako ibilbidea:

Enparantza Nagusia Plaza Txikia Erdikale Done Jakue kalea Enparantza Nagusia Goiko kalea Bustinzuriko errebala Arana kalea Loiolako Ignazio etorbidea (Bariantetik San Joandegiko biribilgunera) Ibai aldetik Urbitarte auzoa Jose Antonio Agirre Plaza Salbe Auzoa Urbitarte auzoa Euskal Herria auzoa (San Joandegiko biribilgunetik) Jose Artetxe kalea Ildefonso Gurrutxaga kalea Artzubia etorbidea Foru pasealekua Enparantza Nagusia.


2.3. Neurketarako metodologia

Arestian aurreratu dugun moduan, ibilbidearen nondik norakoa zehazterakoan eta definitzerakoan irizpide nagusia herriko kalerik jendetsuenak biltzea da: plaza inguruak, parkeak, geltokiak, salerosketa kaleak, etab. Ibilbidearekin batera, neurketarako egunak eta orduak ere definitu ditugu, eta hauen hautaketan gure helburua herriko biztanle guztiak (potentzialki behintzat) neurtu ahal izatea da; alegia, hautatutako egun eta orduetan herritar guztiek izatea estatistikoki neurtuak izateko aukera.

Neurtzaileak

Kale erabileraren neurketak egiteko Soziolinguistika Klusterrak neurtzaileen konbinaketa bat erabili ohi du: bikoteka antolatuta, alde batetik, neurketak egiteko formazio egokia jasotzen duten eta esperientzia duten neurtzaileak (SL Klusterrak berak formatutakoak), eta horiekin batera neurtzaileen gidari lana egin duten laguntzaileak.

2009ko neurketa honetan, dena den, kontuan hartuta SL Klusterraren neurtzaile gisa ari zen teknikaria Azpeitia bertakoa zela, eta beraz herriaren ezagutza erabatekoa zuela, neurketa guztiak pertsona berdinak egin ditu. Neurketa horiek egin dituen teknikaria Jaione Unanue izan da.

Behaketa zuzena

Neurketa hauen ikerketa metodologia behaketa zuzena izan da. Hau da, hiztunek neurketaren momentuan erabiltzen duten hizkuntza jaso da zuzenean, ezer ere galdetu gabe. Horrela, neurtzaileek ibilbidean zehar topatu duten jendeak darabilen hizkuntza jaso da, modu sistematikoan, irizpide metodologiko zehatzei jarraituta eta horretarako espresuki prestatutako fitxetan (ikus 3. eranskina).

Hiztunek ez dakitenez behatuak direnik, neurtzaileek hiztunen joera naturala jaso dute. Modu honetan, inkesta bidez jasotako datuek errealitatearekiko izan dezaketen aldea -edo aldearen zati bat behintzat- gutxitzea lortzen da.

Elkarrizketa hizkuntza

Ezaugarri metodologikoen artean aipatu beharreko beste bat honakoa da: neurtzen duguna, norbanakoaren hizkuntza baino, taldeko elkarrizketa hizkuntza da. Kaleko erabileraz ari garela, elkarrizketak dira behatzen eta zenbatzen ditugunak, eta elkarrizketok beti dira bi lagun edo gehiagoren artekoak (ezinbestean). Ondorioz, talde batean elkarrizketa bat behatzen dugunean, une horretan hizketan ari denaren hizkuntza hartzen dugu kontuan talde osoarentzat, suposatuz une horretan hizkuntza horretan ari badira, beste egoera askotan ere hala ariko direla. Eta aldi berean suposatuz, behatutako talde horretan, une horretan hiztun den hori izan beharrean, hiztuna beste bat balitz, oso litekeena dela taldean neurtu dugun hizkuntza berean aritzea orduan ere.

Kale erabileraren neurketa izanik, hiztun talde bakoitza une labur batean baino ez dugu behatzen eta ondorioz metodologia honekin ezin dugu taldeko kide bakoitzaren jokaera ezagutu. Dena den, hemen horretan luzatuko ez bagara ere, hautu horren atzean dauden oinarri teoriko, metodologiko eta enpirikoak ugariak dira.

Fitxak

2009ko neurketa honetan erabilera datuak fitxa bakarrean jaso ditugu (ikus 3. Eranskina). Fitxa honen bidez, erabilera orokorrean zenbatekoa den jakiteaz gain, ondorengo hiru aldagai hauek euskararen erabilerarekin nolako lotura duten aztertzeko ere aukera izango dugu: adin taldea, sexua, eta haurren presentzia.

Aipatutako aldagai horiek hizkuntz erabileran suposatzen duten baldintzapenaren neurri bat atera dezakegu, esan bezala, hiztunen ezaugarriak jasotzeko aukera ematen digun fitxaren bidez. Hala eta guztiz ere, kategoria bakoitzeko neurtutako hiztun kopuruek, ez dute uzten aldagaiak elkar gurutzatuta aztertzeko aukerarik. Izan ere, aldagaia zenbat eta zehatzagoa izan lagina txikiagoa izango da eta datuek adierazgarritasuna galduko dute. Esaterako, behatutako hiztunen adina taldeka banatzeko behar adina lagin (neurtutako pertsona kopurua) izango dugu, baina adin talde bakoitzean sexuaren araberako azterketa egiteko ez, aldagai bat zenbat eta gehiago deskonposatu, orduan eta lagin txikiagoa baitugu emaitzen irakurketa egiteko.

"Azpeitiarren" erabilera baino Azpeitiko kaleetakoa

Muga metodologikoak tarteko, ezin dugu erabateko ziurtasunez esan neurketa honetan jasotakoa Azpeitiko biztanleen (azpeitiarren) erabilera denik. Horren ordez, zuzenagoa da esatea Azpeitiko kaleetan jaso dugun erabilera dela hemen aurkezten duguna. Izan ere, ezin dugu ziurtatu kalean neurtzen ditugun hiztun guztiak herrikoak direnik.

Bestalde, Kale Erabileraren Neurketa egitean neurtzen ditugun hiztunak ez dira beti berdinak, eta ezin dugu aurreikusi kalean noiz, nork norekin topo egingo duen. Ondorioz, jasotako datuak adierazgarriak izanik ere, aztergai dugun aldagaia -euskararen kale erabilera, alegia- neurri batean aldagarria da. Horregatik da, besteak beste, bereziki interesgarria maiztasun jakin batekin neurketak egin eta joera nagusiei erreparatzea. Edonola ere, erabilitako metodologiak bermea ematen digu neurketa bakoitzaren emaitzetatik zenbait ondorio orokor ateratzeko.

Adierazgarritasuna

Esan bezala hainbat aldagaik erabileran duen eragina aztertu dugu neurketan: adina, haurren presentzia, eta sexua.

Aztertzen ari garen fenomenoaren konplexutasunak, neurketaren datu jasoketaren akats-tartea edo errore-marjina zehaztea ezinezko egiten digu. Azken finean, Kale Erabileraren Neurketen bidez, elkarrizketak dira kontatzen ditugunak (elkarrizketako hiztun kopuruaren arabera) eta herri batean ibilbide jakin batean zenbat elkarrizketa egon daitezkeen oso gertaera aldakorra da, hainbat faktoreren arabera.

Gizarte ikerketetan ezagutza teorikoa eta esperientzia duten hainbat adituren gomendioak aintzat hartuz, Soziolinguistika Klusterrak herri bakoitzeko biztanle kopuruan oinarrituta, neurketetan behatu beharreko gutxieneko elkarrizketa eta hiztun kopuru batzuk finkatzen ditu. Gutxieneko hiztun kopuru horiek neurketaren emaitzen adierazgarritasuna ontzat ematerakoan ezinbesteko baldintza dira.

Gutxieneko biztanle kopuru horiek azterketa soziologikoetan populazio finituetarako erabiltzen diren akats-tarteen kalkuluetatik ondorioztatzen dira. Ondorengo taulan modu sinplifikatuan ageri dira biztanle kopuru ezberdinetarako, neurketek gutxieneko balio metodologiko bat izan dezaten neurtu beharreko hiztunen kopuruak:

3. Neurketaren emaitzak


3.1. Emaitza orokorrak

2009an Azpeitiko euskararen kale erabilera % 86koa da. Gainerako % 14a gaztelaniazko erabilera da, eta beste hizkuntzen presentzia oso-oso baxua da (% 1 baino askoz txikiagoa).

Egindako neurketetan guztira 2.137 hiztuni(1) dagozkien datuak jaso dira, herriko biztanleriaren % 16,0(2) litzatekeena. Behatutako hiztun kopuru honek Soziolinguistika Klusterrak neurketaren emaitzen fidagarritasuna bermatzeko ezarritako gutxienekoa gainditzen du, eta hortaz, neurketa honetan lortutako erabilera datuek oinarri sendoa dute laginaren tamainari dagokionean.

2009an kalean neurtutako euskarazko erabilera maila, beraz, ezagutza aldetik ditugun 2006ko herriko euskaldunen proportzioaren maila berean dago, puntu bat gainetik.

  • Euskarak gaur egun EAEn eta Euskal Herrian duen ukipen egoeraren eta egoera sozialaren ikuspegitik, Azpeitiko kaleko euskarazko erabileraren 2009ko emaitza honek muturreko egoera bat islatzen du, ezinbestean herrian euskarazko erabilera sozialaren aldeko elementu ugari bere baitan biltzen dituena.
  • Herri bateko kaleko erabilera herrian hizkuntzak duen egoera orokorraren isla oso adierazgarri bat bada ere, muga nabarmenak ditu erabilera horren nolakotasunez, zergatiez edo beste hainbat aspektuz ondorioak ateratzeko. Hala ere, euskaldunen proportzioaren eta hauen kale erabileraren datu hauek euskararen aldekoak diren oso baldintza sozial nabarmenak eskatzen ditu herri mailan ezinbestean.
  • Euskararen eta gaztelaniaren arteko egungo hizkuntza ukipen egoeran, herriko euskaldunen proportzioa eta euskarazko kaleko erabilera maila elkarrengandik gertu egon ahal izateko, gutxienez bi baldintza bete behar dira (ikus 5.1. puntua):
    • Euskaldunen euskararekiko leialtasuna (oso) altua izatea: hau da, euskaldunek, beraien artean euskara edo gaztelania erabiltzeko aukera izanik, euskara erabiltzeko joera nabarmena izatea.
    • Herriko euskaldun komunitatearen konpaktazioa oso handia izatea, edo beste era batera esanda, euskara ez dakiten herriko hiztunek euskaldunekin oso harreman gutxi izatea.
  • 2009ko datuek argi erakusten dute bi baldintza horiek oso modu nabarmenean ematen direla gaur egun Azpeitian. Lan honetan baldintza horien atzean egon daitezkeen faktoreetan sakondu ezin dugun arren, bistan da gaur egun herrian ematen direla hainbat baldintza batera, herriko erabileraren arau soziala erabat euskararen aldean jartzen dutenak. Soziolinguistikan ohikoa den terminologia bat erabiltzearren, kale erabilera datu orokor horrek adierazten du Azpeitian euskal hiztun komunitatearen bizindar etnolinguistikoa oso altua dela gaur egun.


3.2. Erabileraren bilakaera orokorra

Herriko euskararen erabilera aztertzeko garaian, erabileraren bilakaerari erreparatzeak berebiziko garrantzia du: batetik, normalizazio mailan egindako ahaleginen ebaluaziorako informazio interesgarria eskainiko digulako, eta bestetik, ondorengo urteetako jokaerak aurreikusten ere lagun diezagukeelako.

2009koa izan da Azpeitian Kale Erabilera neurtzeko berariaz diseinatu eta egin den lehen neurketa, eta beraz ezin dugu alderaketa zuzenik egin lehenagoko datuekin. Dena den, badira lehendik herrian jasotako kale erabilerari buruzko datuak. Konkretuki, Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa egin izan denean (E.K.B., SEI eta Soziolinguistika Klusterra) datuak jaso izan dira Azpeitian, beste hamaika udalerritan bezala. 1993, 1997, 2001 eta 2006 urteko neurketa orokorretan jaso izan dira aipatu datuok eta, erreferentzia mailan soilik bada ere, 2009an jasotakoekin aldera ditzakegu, datu guztiak metodologia beraren arabera jasotakoak baitira.

Ondorengo taulan orain arteko neurketetan herri mailako datu orokorrak, eta azpiko grafikoak adierazten du azken hamasei urteetako Azpeitiko kale erabileraren bilakaera:

  • Erreferentzia gisa har ditzakegun aurreko urteetako datuek euskararen erabilera oso egonkor bat islatzen dute azken 16 urteotan.
  • Egindako neurketa guztietan herriko euskarazko erabilera % 80aren ingurukoa da, 2009ko neurketan jasotako % 86ko erabilera mailaren ingurukoa da 2006ko erreferentzia ere.
  • Daturik sendoena 2009koa den arren, aurreko urteetako erreferentziazko datuekiko bilakaerak goranzko joera leun bat adierazten du.


3.3. Adin taldekako emaitzak

Neurketako datuak adin taldeka bereizita jaso ditugu. Kalean elkarrizketetan behatutako hiztunak adin taldeka sailkatzen ditugu, ondorengo adin talde hauek horretarako erreferentzia gisa hartuta:

Egindako neurketa guztiak batuta, honako hau da adin talde bakoitzean neurtutako euskararen erabilera:

  • Adin talde guztien euskarazko erabilera % 75 edo hortik gorakoa da. Euskararen erabilera % 80-90 ingurukoa da, eta homogeneoa.
  • Zenbat eta gazteago izan, orduan eta erabilera altuagoa: aldeak txikiak diren arren, haurrak dira herrian euskara gehien erabiltzen dutenak, eta haur-gazte-heldu-adineko hurrenkera ematen da.
  • Hurrenkera hori bera da Euskal Herriko azken kale erabileraren neurketan jasotakoa (2006), baina bistan denez, oso datu ezberdinekin.
  • Ditugun datuen arabera, adinekoen ezagutza ez da herrian helduena baino baxuagoa, beraz bost puntuko alde hori ez da, behintzat ezagutza maila txikiagoa izatearen ondorio. Neurtu diren heldu eta adinekoak kontuan izanik, dena den, helduen datua adinekoena baino askoz sendoagoa dela nabarmendu behar da.
  • Ditugun EAEko eta Euskal Herriko erabilera datuak kontuan hartuta, Azpeitiko adin taldekako erabileraren datuek, euskarazko erabileraren proportzioa oso altua izateaz gain, osotasun bat adierazten dute. Ez dago alde nabarmen bat, esaterako, haurren euskarazko erabileraren eta gazteenaren artean. Ez da gauza bera gertatzen, Gipuzkoan adibidez: haurren erabilera % 49,6koa da (2006) eta helduena, berriz % 27,8koa. Gazteena hurbilago dago helduenetik haurrenetik baino (% 34), eta ondorioz haurren euskarazko erabileratik gazteen erabilerara urte gutxitan aldaketa handia ematen da.
  • Gorago emaitza orokorren atalean aipatu dugu euskarazko kale erabileraren datu hauek euskararen oso aldekoa den herri mailako egoera sozial bat adierazten dutela. Adin taldekako erabilerari dagokionez, aipatzekoa da azken urteotan zenbait herri euskaldun batzuetan aldaketa nabarmenak gertatu direla gazteen artean gaztelania erabiltzeari dagokionez (adibidez, Aramaion 2008ko neurketek erakutsi dutena). Lan honetan jasotako datuen arabera esan dezakegu Azpeitian gaur egun ez dela halako fenomenoen inolako zantzurik, eta adin taldekako datuen azterketak jarraitasun bat eta bateratasun bat islatzen duela herriko adin talde guztien artean.


3.4. Adin taldekako erabileraren bilakaera

Euskararen erabilera aztertzeko garaian erabileraren adin taldekako bilakaerak informazio bereziki adierazgarria ematen digu sarri. Kasu honetan, aipatu den bezala, 2009ko datua da sendoena, baina erreferentzia mailako alderaketa bat egin genezake aurrez jaso izan diren datuekin.

Horrela, azpiko diagraman eta taulan, 1993tik 2009ra artean adin talde bakoitzaren euskarazko kale erabileraren bilakaeraren ikuspegi orokorra jasotzen da:

  • Haurren eta gazteen erabilerak oso bilakaera egonkorra izan du, eta egindako neurketa ia guztietan euskarazko erabilera % 85 eta % 95 artean kokatzen da.
  • Helduen erabilerak goranzko joera leun bat adierazten du, 90. hamarkadan jasotako % 70 inguruko euskarazko erabileratik, azken bi neurketetan jasotako % 80 inguruko erabilera mailara.
  • Adinekoen erabilera da neurketetan gora-behera gehien duena eta, gorago esan bezala, 2009an jasotako datuen aldetik oinarririk ahulena duena.
  • Adin taldekako datuak irakurtzean, kontuan hartu behar dugu datuak aldagaika banatzean, beren oinarri estatistikoa ahuldu egiten dela: horregatik gora-behera gehiago ikus ditzakegu adin taldeka berezitako bilakaeraren datu hauetan, herriko datu orokorren bilakaeran baino.
  • 1993tik 2006rako datuak herri mailan erreferentzia gisa soilik hartzea komeni bada, are gehiago adin taldeka bereizten ditugunean: kasu honetan joera orokorrei baino ez diegu erreparatu behar.

  • Haurren euskarazko erabileraren hamasei urteko bilakaera honek % 90-95eko erabilera egonkor bat islatzen du, 1993ko neurketako salbuespenarekin.
  • Erabilera maila hau oso altua da kontuan hartzen badugu ezagutza aldetik ditugun datuen arabera herriko haur euskaldunen proportzioa % 90 ingurukoa dela (Ikus 4.3 atalean Ezagutzaren bilakaera). Pentsatzekoa da, beraz, herriko haurren ezagutza datu horiek adierazten dutena baino altuagoa izan daitekeela.

  • Gazteen hamasei urte hauetako euskarazko erabilerak ere oso bilakaera egonkorra izan du, eta erabilera % 85-90 ingurukoa da egindako neurketa guztietan.

  • Gorago aipatu bezala, datuek iradokitzen dute helduen artean erabilerak goranzko joera leun bat izan duela, % 70 inguruko euskarazko erabilera batetik % 80 ingurukora paseaz azken bi neurketetan.
  • Herriko biztanleria lau adin taldetan banatzen badugu ere, ez dute guztiek pisu bera. Helduena da adin talderik handiena demografikoki, eta kale erabileraren neurketan ere helduenak dira behatutako daturik gehienak.
  • Demografikoki ezezik, kualitatiboki ere helduena da sozialki adin talderik garrantzizkoena, gainerako guztientzat erreferente den neurrian; bai herriko jarduera orokorretan, eta nola ez, baita hizkuntzen erabileraren ere.
  • Helduen euskarazko erabilerari buruz ditugun datuek goranzko joera bat adierazten dute, 10 puntu inguruko igoera bat marraztuz 16 urte hauetan.

  • Adinekoen euskarazko erabileraren bilakaera ere nahiko egonkorra da. 1993ko datua da erregulartasun hori hausten duena, ia % 90eko euskarazko erabilera neurtu baitzen. Gainerako erreferentzien arabera, 97tik 2006rako datuak 2009ko neurketak jasotzen duen % 75eko euskarazko erabileraren inguruan kokatzen dira (4 puntuko gora-beherekin).

3.5. Neurketa egunen araberako emaitzak

Bost neurraldi ezberdinetan egin da 2009ko neurketa honen landa lana edo datu jasoketa. Azpiko diagraman adierazten da zenbatekoa izan den horietako bakoitzean neurtutako elkarrizketen euskarazko proportzioa:

  • Bost kasuetan neurtutako kaleko euskarazko erabilera % 80 eta 90 artekoa izan da.
  • Daturik altuena asteazken arratsaldeko neurketan jaso da, eta baxuena ostiral arratsaldekoan, baina esan bezala egun batetik besterako aldeak ez dira esanguratsuak.

    Herriko euskarazko erabilera orokorra % 85 ingurukoa izateak ere badu horretan bere eragina: egun batetik bestera neurtu daitekeen erabileraren aldeak txikiagoak izan ohi dira zenbat eta gehiago nabarmendu hizkuntzetako bat herriko erabileran.


3.6. Sexuaren araberako emaitzak

3.3. puntuan herriko erabilera datu orokorrak adin taldea aldagaiaren arabera aztertu baditugu, atal honetan sexuaren araberako datuak bereizten dira. Egindako neurketa guztietan bereizi da elkarrizketetan behatutako herritarrak gizonezkoak ala emakumezkoak ziren, eta ondorengo diagraman ikus dezakegu emaitza orokorra:

  • Azpeitian herriko datu orokorren ikuspegitik, gizonezkoen eta emakumezkoen euskarazko erabilera maila berean dago.
  • Baliteke adin talderen batean sexuaren arabera euskarazko erabileran alderen bat egotea, baina hemen datu orokorrak soilik azter ditzakegu, jasotako datuek ez baitigute nahiko oinarririk eskaintzen aldagai hau, esate baterako, adin taldeka aztertzeko gutxieneko sendotasun batekin.

Datu orokorrekin egin den bezala, sexuaren araberako datuen kasuan ere, 1993 eta 2006 arteko neurketetan Azpeitian jaso diren datuek 2009koekiko erreferentzia mailako alderaketa bat egiteko aukera ematen digute.

Ondorengo diagraman jasotzen da emakumezkoen eta gizonezkoen euskarazko erabilera zenbatekoa izan den 1993az geroztik herrian egin diren kale erabileraren neurketetan.

  • 2009an eginiko neurketak adierazten digu euskarazko erabilera orokorra berdina dela herriko gizonezko eta emakumezkoen artean gaur egun.
  • Aurreko urteetako neurketetan 6-8 puntuko aldeak neurtu izan dira (2006an eta 1997an), eta kasu horietan gizonezkoen erabilera altuagoa izan da emakumezkoena baino. Dena den, aurreko urteetako neurketen balioa erreferentziazkoa soilik izanik, ez daukagu oinarri nahikorik iradokitzeko aurreko urteetan emakumezkoen eta gizonezkoen euskarazko erabileran alde esanguratsurik egon denik. Bereziki 1997 eta 2001eko neurketen kasuan gertatzen da hori, egindako neurketa guztietan ez baitzen kontuan hartzen sexuaren aldagaia.


3.7. Haurren presentziaren araberako emaitzak

Haurren presentziaren aldagaia ere biziki interesgarria zaigu, kasu askotan euskararen erabileran eragin nabarmena baitu. Egin ditugun hainbat neurketatan (beste herrietan, Euskal Herrian...) haurrak tartean egotean euskararen erabilera altuagoa izaten dela baieztatu ahal izan dugu. Datuek adierazten dute arau orokor hau Azpeitian ere betetzen dela gaur egun. Azpiko diagramak jasotzen du nolakoa den aldea herri mailan behatutako elkarrizketetan, haurren presentzia badagoenean eta ez dagoenean.

  • Datuek erakusten digute euskararen erabileran beste hainbat herri eta zonaldetan bezala, Azpeitian ere haurren presentziaren aldagaiak eragina duela gaur egun. Oro har, euskarazko erabilera altuagoa da elkarrizketan parte hartzen duten pertsonen artean haurrak daudenean. Aldea esanguratsua da, 17 puntukoa, hain zuzen.
  • Haurrak bai datuak biltzen ditu haurrak presente direla behatu diren elkarrizketa guztiak: helduek edo adinekoek haurrei hitz egiten dietenean, haurrek beraien artean hitz egiten dutenean eta baita haurrak tartean egonik beste adin taldeetakoen artean ematen diren elkarrizketak ere (adibidez, bi guraso hizketan, seme-alabak ondoan izanik). Aldiz, haurrik ez datuak biltzen dituen elkarrizketak, gazte, heldu edo adinekoen artekoak dira, baina haurrak ez daude tartean: ez hitz egiten, baina ezta elkarrizketan ari direnen taldean entzule gisa ere.
  • Euskarazko erabileraren eta haurren presentziaren artean ematen den lotura horrek adierazten du badirela haurrekin lotutako hainbat baldintza (giroak izan daitezke, edo jarduerak, edo haurrekin lotutako hizkuntzei buruzko irudikapenak...) eragiten dutenak haurrak tartean dauden elkarrizketetan euskarazko erabilera gainerakoetan baino handiagoa izatea.
  • Kale erabileraren neurketak ematen diren testuinguruak aldagai honen neurketarako baldintza egokiak eskaintzen ditu metodologiaren ikuspegitik. Izan ere, herri batean 15 urte bitarteko haurrak gizarte mailan gutxiengo bat badira ere, beren presentzia kalean nabarmena da, eta horri esker, kalean neurtzen diren elkarrizketen proportzio handi batean haurren presentzia egoten da. 2009an Azpeitian eginiko neurketetan, neurtutako 2 elkarrizketatik 1ean, haurren presentzia zegoen.

HAURREN PRESENTZIAREN ARABERAKO ERABILERAREN BILAKAERA

Erabilera orokorraren azterketan egin bezala, haurren presentziaren datuen azterketarako ere, erreferentzia gisa erabili ditzakegu 1997tik 2006ra bitartean eginiko neurketa orokorretan jasotako datuak. Azpiko diagramak adierazten du bilakaera hori:

  • Gorago sexua aldagaiaren datuen bilakaeran aipatu bezala, aurreko urteetan jasotako datuen oinarria nahiko ahula da. Eta hala da haurren presentziaren aldagaia aztertzeko ere, aurreko hiru neurketetan herrian jasotako datu kopurua txikiagoa izateaz gain, egindako neurketa batzuetan soilik aztertu baitzen haurren presentziaren aldagaia.
  • 2009ko neurketan aldagai honen eragina nabarmen handiagoa da aurreko hiru neurketetan baino, eta beraz hasiera batean pentsa genezake haurren presentzia aldagaiaren eragina indartu egin dela azken urteotan. Dena den, daturik sendoena 2009koa dela jakinik, ez dugu nahiko datu hori baieztatzeko, litekeena baita aurreko urteetan ere eragin hau berdintsua izatea, baina eginiko neurketek aspektu honetan dituzten mugengatik eragin hori ez behar bezala islatu izana datuetan.

HAURREN PRESENTZIAREN ARABERAKO EMAITZAK II

Aurreko puntuan bereizketa orokorra egin dugu: haurren presentziarik BAI edo EZ behatutako elkarrizketetan. Aldagai horrek euskarazko erabileran duen balizko eraginaren azterketan sakontzeko, jarraian bigarren bereizketa bat egiten dugu: haurren presentzia hori hiru egoera ezberdinetan banatzen da, eta bakoitzean ematen den euskarazko erabilera neurtu eta alderatu da:

  • Aurreko puntuan ikusi dugu haurren presentziarik gabe neurtutako elkarrizketa guztien artean euskarazko erabilera % 76,4koa dela, eta presentziarekin neurtutakoetan, berriz, % 93,9koa.
  • Goiko diagraman ikus dezakegu % 93,9ko erabilera orokor hori nola banatzen den hiru egoera konkretutan bereiztean: haurren arteko elkarrizketetan (tartean heldurik izan gabe) euskarazko erabilera % 96,4koa da. Elkarrizketa haurren eta heldu-gazte-adinekoen artean denean, % 91,4koa eta, haurrak tartean izanik, elkarrizketa helduen artekoa denean (zuzenean haurrekin hitz egin gabe), % 95,1ekoa.
  • Euskarazko erabilerari buruzko hainbat azterketetan deskribatu izan da joera bat, non guraso gazteek, esate baterako, talde berean egonik euskara erabiltzen duten haurrei zuzenean hitz egiteko, eta jarraian gaztelaniara aldatzen diren aldamenean duten bikotekide edo adiskide euskaldunarekin hitz egiten jarraitzeko. Datuek adierazten dute Azpeitian gaur egun joera hori ez dela ematen eta ez dagoela alde esanguratsurik egoera eta talde berdinetan egonik haurrak mintzakide zuzen izatearen eta ez izatearen artean.

4. Hizkuntza gaitasuna eta bilakaera herrian

Ohar teknikoa:

Soziolinguistika Klusterrak burutzen dituen Herrietako Kale Erabileraren Neurketa Berezietan, jasotako erabilera datuak aztertu eta baloratzeko garaian lagungarri izan daitezen, hizkuntza gaitasunari buruzko datuak txertatzen ditu emaitza-txostenetan, besteak beste. Herri bakoitzeko hizkuntza gaitasunaren datuak EUSTAT, euskal estatistika erakundeak eskaintzen ditu. 1981. urtetik aurrera dago eskuragarri datu serie hori, bost urteroko maiztasunarekin.

2008. urteko uztailean 2006an jasotako datuak kaleratu ziren. Datu hauek eskuratzeko jarraitu den metodologian aldaketa handiak eman dira ordura artekoen ondoan. Datu bilketa murritzagoa burutu da eta estimazioetan oinarritutako sistema baten emaitza dira hizkuntza gaitasunaren datu berrienak.

Hau guztia kontuan izanda, 2006ko datuak 2001era artekoekin alderagarriak ez direlakoan gaude. Hala eta guztiz ere, herri bateko hizkuntza erabilera baloratzerako garaian hizkuntza gaitasunaren neurria ezinbestekotzat jotzen dugunez, 2006ko datuak txostenean sartu ditugu erreferentzia modura. Hauek irakurtzerakoan, aurrez aipatutako oharrak kontuan hartzea beharrezko ikusten dugu.


4.1. Azpeitiko ezagutza (2006)

Azpeitiko hizkuntza ezagutza (2006ko datuetan oinarriturik) hiru kategoria nagusietan banatu dugu, EUSTATek erabiltzen duen banaketari jarraituz: euskaldunak, ia euskaldunak eta erdaldunak. Ondorengo diagraman herriko euskaldunen proportzioari buruz dugun daturik berriena ikus daiteke:


4.2. Azpeitiko ezagutza adin taldeka (2006)

Ondorengo diagraman berriz, 2006ko herriko euskaldunen proportzioak adin taldeka banatuta ikus ditzakegu:

Adin taldeen arteko aldeak oso txikiak diren arren (2-3 puntu), euskaldunen proportzioen hurrenkera hau harrigarria da ditugun datuen arabera: badirudi 2006an haurren eta gazteen euskaldunen proportzioa zertxobait txikiagoa dela Azpeitian helduena eta adinekoena baino.

Beherago, 4.4. atalean aztertzen da xeheago puntu hau, ezagutzak herrian 1986tik 2006ra izan duen bilakaera adin taldeka berezita aztertzen baita.


4.3. Ezagutzaren bilakaera

Herri mailako ezagutza datu orokorretara itzuliz, eta ezagutza horren bilakaera nolakoa izan den ezagutze aldera, 1986etik 2006ra bitarteko hiru hiztun tipologia nagusien ezagutzaren bilakaera duzue ondorengo diagraman:

Lan honetan, dena den, herriko euskaldunen proportzioa informazio iturri osagarri zaigu, aztergai nagusi dugun kaleko erabilera aztertzeko. Azpian dugu, beraz, 3.2. atalean ikusi dugun kaleko erabilera orokorraren diagrama:

  • Ezagutzari dagokionez, 1986tik 2001era bitarteko datuetan herriko euskaldunen proportzioa ia erabat konstantea da, % 87. 2001etik 2006ra bitartean datuek jaitsiera oso txiki bat jasotzen dute, baina gorago aipatu bezala, azken neurketa horretan eginiko aldaketek datu hori tentuz hartzea gomendatzen dute.
  • Herriko erdaldunei eta ia euskaldunei dagokionean ere, 20 urteko bilakaeran aldaketak oso txikiak izan dira. Bi kasuetan % 5-10 artean kokatzen dira, eta nabarmendu dezakegun ideia da, neurri txiki horren barruan izanik ere, ia euskaldunen kopuruak zertxobait gora egin duela (% 5etik % 9ra), eta erdaldunenak alderantziz, zertxobait behera (% 8tik % 6ra).
  • Euskaldunen proportzioaren datuen eta kaleko euskararen erabileran jasotako datuen arteko alderaketa eginda, ikusten dugu bien kasuan egonkortasun handia ematen dela. Xehetasunei erreparatuta, esan genezake erabilera mailan datuek adierazten duten igoera leunaren atzean ez dagoela, antza, euskaldunen proportzioaren igoera bat.
  • Kaleko erabilera datu orokorren irakurketa egitean aipatu den moduan, euskaldunen proportzioak Eustat-en datuetan jasotzen direnak izanik, kale erabilera datu horiek muturrekoak dira. Azpeitikoa bezalako hizkuntza egoera batean, litekeena da ezagutza datuetan "ia euskaldun" gisa ageri diren hiztunetako batzuk beste leku batzuetan baino gaitasun altuagoa izatea, eta praktikan kaleko beren elkarrizketa askotan euskaraz aritzea, maila pasiboan bada ere.


4.4. Ezagutzaren bilakaera adin taldeka

Aurreko puntuan egin dugun azterketa bera egingo dugu jarraian, baina kasu honetan datuak adin taldeka bereizita:

  • Herriko euskaldunen proportzioaren datuak adin taldeka berezita, argiago ikusten da nondik etor daitekeen, ustez, 2001etik 2006ra datuetan ageri den herriko euskaldunen proportzio orokorraren hiru puntuko jaitsiera: diagraman bertan deigarri egiten da nola 2006ko datuen arabera hain justu herriko haurren eta gazteen ezagutzan eman den beheranzko joera hori.
  • Datu horien arabera, 2001etik 2006ra haurren ezagutzak 8 puntu egin du behera (% 90etik % 82ra) eta gazteenak 13 puntu (% 96tik % 83ra). Atal honen hasieran adierazi ditugun arrazoi metodologikoak tarteko, 2006ko ezagutza datuak erreparo handiz hartzekoak dira.
  • Datu horiek alde batera utzita, 1993tik 2001era bitarteko bilakaerari erreparatzen badiogu, ikusten dugu adin taldeka berezita ere euskaldunen proportzioaren bilakaera oso egonkorra izan dela bi hamarkada horietan, euskaldunen herriko proportzioa adin talde guztietan eta urte guztietan % 85 eta % 90 artean egonik. Egonkortasun horretan nabarmentzen den datu bakarra gazteen ezagutzaren goranzko joera da, 2001ean ia % 100 izatera iritsi zena.
  • Kaleko euskarazko erabilera eta ezagutzaren bilakaerak alderatuta, ikusten da nola, helduen aldetik sumatzen den kale erabileraren goranzko joera leun horren atzean ez dagoen, antza, herriko pertsona heldu euskaldunen proportzioaren igoera bat.

5. Emaitzen azterketa eta esanahia


5.1. Espero daitekeen erabilera: kontzeptuaren azalpena

Atal honetan erabilera erreala eta espero daitekeen erabileraren (erabilera isotropiakoaren) arteko alderaketa egingo dugu; bata, erabilera erreala, Kale Neurketan jasotako emaitza da, eta bestea J.L Alvarez Enparantza Txillardegiren eredu matematikoa aplikatu ondoren lortutakoa. Horretarako euskararen ezagutza mailaren arabera espero daitekeen erabilera kalkulatzen da, hau da, ezagutza hainbestekoa izanik (Azpeitiko kasuan 2006an % 85ekoa) bikotekako, hirukotekako, eta laukotekako elkarrizketetan euskaraz hitz egitea estatistikoki zenbatean den posible aztertzen da. Horretarako gure hipotesian euskaldunak euskaldunekin elkartzen direnean BETI euskaraz mintzatuko direla suposatuko dugu; egoera baikorrena beraz, elebidunak euskararekiko erabat leialak baitira, eta elebidun batekin topatzean beti euskaraz arituko dira.

Beraz, hipotesi horri jarraituta ezagutzaren eta erabileraren arteko erlazioa aztertuko dugu. Sarritan entzun ohi da erabilera ezagutza mailara iristen (edo gerturatzen) ez den bitartean, erabilera baxua dela. Baieztapen hori, ordea, ez da zuzena, ezagutza eta erabilera ezin daitezkeelako bat etorri, gurea bezalako aldebakarreko elebitasun egoerarik gehienetan.

Azter dezagun ezagutzaren eta erabileraren arteko erlazio hori adibide batekin:

Eman dezagun laukote batean (A, B, D, C) hiru elebidun ditugula: A, B, D. Demagun elebidun horiek euskararekiko erabat leialak direla, alegia, beraien mintzakideak euskaraz baldin badaki beti euskaraz aritzen direla (adibiderako hipotesi didaktiko bat da, dudarik gabe).

Laukote horretan euskararen ezagutza % 75 da, lautik hiru baitira euskaraz hitz egiteko gai. Azter dezagun jarraian euskararen erabilera.

Horretarako zoriz gerta daitezkeen elkarrizketa posibleak kalkulatuko ditugu.

Bikoteka, 6 talde ditugu: AB, AD, AC, BD, BC, eta DC. Horietatik C ez dagoenean hitz egingo da euskaraz, hiru kasutan beraz (AB, AD, eta BD), beste bikoteetan erdaldun elebakarra baitago.

Hirukoteka, 4 talde ditugu: ABD, ABC, ADC, eta BDC. Horietatik elkarrizketa bakarrean hitz egingo da euskaraz (ABD), gainontzeko hiruretan erdaraz mintzatuko dira.

Azkenik, laukoteka talde bakarra dugu. Eta noski C erdaldun elebakarra bertan egonez gero, erdaraz arituko dira.

Ondorioa garbia da: hamaika taldetatik -6 bikote, 4 hirukote eta laukote 1- lau taldetan arituko dira euskaraz -3 bikotetan eta hirukoteko batean-. Hau da, taldeen % 36,4an arituko dira euskaraz.

Erabilera isotropiakoaren formulak aplikatzen baditugu, ikusten dugu nola euskararen ezagutza % 75 izanik (gure adibidea), eta euskaldunak aukera guztietan (mintzakidea euskalduna den guztietan) euskaraz arituko direla suposatuta -egoera baikorrena, beraz- erabilera % 48,16 da.


5.2. Erabilera erreala eta espero daitekeen erabilera Azpeitian

Aurreko adibidearen oinarria matematikara ekarrita, J.L. Alvarez Enparantza Txillardegik espero daitekeen erabilera kalkulatzeko eredua sortu zuen. Ikus dezagun jarraian Azpeitian egindako eredu horren aplikazioa.

Azpeitiko euskararen ezagutza, 2006ko datuen arabera, % 85ekoa da. Espero daitekeen erabilera (edo erabilera isotropiakoa) ondorengo formularekin kalkulatuko dugu:

Hortaz, Azpeitiko biztanleen arteko zorizko harreman posibleetan, estatistikoki espero daitekeen euskararen erabilera % 65,8koa da. Kale Neurketak jaso duen erabilera erreala, ordea, % 86,1koa da. Espero daitekeena baino 20 puntu altuagoa, hain zuzen ere.

Esan bezala, espero daitekeen erabilerak zera adierazten du: herriko edonork beste edonorekin hitz eginez gero (ausazko konbinaketak eginaz), zenbat aukera dauden estatistikoki biak euskaldunak izateko. Beste era batera esanda, euskaldunek, aukera duten egoera guztietan (leialtasuna % 100) euskaraz egiten dutela suposatuz, erabilera zenbatekoa izango litzatekeen.

Hau erreferentzia teorikoa da, dena den. Izan ere, praktikan jakin badakigu:

  • Euskaldunen leialtasuna ez dela % 100ekoa izaten: euskara dakitenen arteko elkarrizketak ez direla kasu guztietan euskaraz izaten.
  • Herriko edonork ez duela praktikan beste edonorekin harremanik izaten (harreman gehiago dugu gure ingurukoekin, adin berekoekin eta herriko zenbaitekin ez dugu praktikan inoiz harremanik).

Hau guztia kontuan izanik, Erabileraren Neurketan jasotako emaitza honela baloratu dezakegu espero daitekeen erabilerarekin alderatuta:

  • Erabilera erreala, espero daitekeen erabilera edo erabilera isotropiakoa baino askoz altuagoa da gaur egun Azpeitian, 20 puntu altuagoa. Hau da, ezagutza datuetan oinarriturik, matematikoki espero zitekeena baino nabarmen altuagoa da euskararen erabilera Azpeitian. Hori horrela izan dadin arrazoi asko dago, seguruenik, eta arrazoi posible horien azterketak gainditu egiten du, noski, lan honen eremua eta jasotako informazioa. Dena den, oinarri soziolinguistikoen ikuspegitik, ezinbestekoa da gutxienez bi gertaera ematea gaur egun herrian, ezagutza eta kaleko erabilera mailan datu horiek izateko:
    • Herriko euskaldunen komunitateak trinkotze-maila handia izatea. Ezinbestekoa da hori hala izatea erabilera isotropiakoa gainditu ahal izateko, eta seguruenik hori Azpeitian oso modu nabarmenean gertatzen da.
    • Erabiltzeko aukera izanik, herriko euskaldunen leialtasuna handia da, edota herrian euskaraz egitearen aldeko joera edo arau soziala oso indarrean dago. Ondorioz, euskaldunen arteko elkarrizketak gehien-gehienetan euskaraz dira.
  • Hortaz, Azpeitiko biztanle guztien arteko zorizko hizkuntza harreman posibleetan euskaldunek euren artean beti euskaraz egiten dutenaren indize teorikoa % 65,8koa bada ere, praktikan, kaleko erabilera nabarmen altuagoa da: % 86,1.

Espero daitekeen erabileraren inguruan gehiago sakondu nahi izanez gero, "Txillardegiren eredu matematikoa eta erabilera isotropiakoa" eranskinera jo dezakezue.


5.3. Eskualdeko, probintziako eta Euskal Herriko datuekiko alderaketa

Atal honetan Azpeitian azterturiko datuak eskualdekoekin, probintziakoekin eta Euskal Herrikoekin alderatuko ditugu. Eskualdeko herrien artean, bi herri aukeratu ditugu, biztanle kopuruari eta euskaldunen proportzioaren aldetik neurri batean Azpeitiarekin konparagarriak izan daitezkeenak: Azkoitia eta Zestoa. Ikus ditzagun beren datuak ezagutza, kaleko erabilera eta espero daitekeen erabilera mailan.

Ezagutzari dagokionean, hiru kasuetan erreferentzia gisa ditugun daturik berrienak hartu ditugu: Eustat-en 2006koak. Kaleko erabilerari dagokionez, Zestoako kasuan 2006an herri mailako neurketa berezia egin zen (Azpeitian 2009an egin den bezala), baina Azkoitiko kasuan datua erreferentzia mailakoa baino ez da, 2006ko Euskal Herriko neurketa orokorrean herrian jasotako datuak baitira hemen azaldutakoak, ez herrirako diseinaturiko neurketa batean jasoak.

Ikus ditzagun datuak diagraman:

  • Azpeitiko kaleetan neurtutako euskarazko erabilera eta teorizazio bidez lorturiko espero daitekeen erabilera alderatzean ikusi dugu nabarmen handiagoa dela neurtutakoa. Aurreko orriko datuetan eta diagraman ikus dezakegu joera bertsua ematen dela eskualdeko beste bi herrietan ere: bai Zestoan eta bai Azkoitian nabarmen gainditzen du kale erabileran neurtutako euskara mailak espero daitekeen erabilera: Azkoitian eta Zestoan 17 puntu altuagoa da kalean neurtutakoa.
  • Azpeitia da hiruen artean kaleko erabilera mailarik altuena duena gaur egun, baina joera hiru kasuetan betetzen da. Azpeitiko kasuan bezala, beste bi herrien kasuan ere horrek ezinbestean eskatzen du bai herriko euskaldungoaren trinkotze maila altu bat, eta bai leialtasun handia edo herriko joera soziala nabarmen euskararen aldekoa izatea.
  • Gipuzkoako kasuan, euskarazko ezagutza eta erabilera datuak askoz baxuagoak dira eskualdeko hiru herrietan baino. Dena den, lurralde mailan ere 2006an neurtutako kale erabileraren maila (% 32,7), biztanleen ezagutzagatik dagokion espero daitekeen erabilera baino (% 20,9) altuagoa da.

Eskualdeko, probintziako eta Euskal Herriko datuak:

Azkenik, ikus ditzagun ondorengo taula eta diagrametan Urola Kostako datu orokorrak, Gipuzkoako eta Euskal Herrikoekin alderatuta. Kasu honetan ere ezagutza datuak Eustat-ek eskainitakoak dira eta kale erabilera datuak, berriz, Euskal Herriko neurketetan jasoak: Gipuzkoa eta Euskal Herriko kasuan 2006ko datuak dira, eta eskualdeko kasuan 2001ekoak (2006ko neurketan datuak ez dira eskualdeka eman).

  • Urola Kostako eskualdean, 2001eko neurketan jasotako kale erabilera orokorra % 61,1ekoa da, eta horrek gainditu egiten du ezagutzaren arabera espero daitekeena, baina aldea 5 puntukoa da: Azpeitia, Azkoitia eta Zestoaren kasuan baino askoz alde apalagoa.
  • Datuen arabera bistan da Urola Kosta, Gipuzkoa eta Euskal Herria hiru hizkuntza errealitate ezberdin direla gaur egun, baina aztergai dugun aldagaian, hiru kasuetan kale erabilera altuagoa da espero daitekeen erabilera baino.

6. Eranskinak


6.1. Txillardegiren eredu matematikoa eta erabilera isotropiakoa

OINARRI TEORIKOAZ ETA KONTZEPTUAREN ESANAHIARI BURUZKO ZENBAIT AZALPEN (laburpen gisa)

Txostenean espero daitekeen erabilera bezala izendatu duguna, berez, J.L. Alvarez Enparantza Txillardegik garaturiko erabilera isotropiakoa da, eta egile beraren Eredu Matematikoan oinarrituriko kontzeptua da. Ondorengo lerrootan kontzeptu honen oinarria, esanahia eta erabilgarritasunari buruzko laburpen bat duzue.

Gaiari buruz informazio osatuagoa nahi duenak jo beza BAT Soziolinguistika aldizkariaren 28. zenbakira (51-68 orr, Xabier Isasi eta Arantxa Iriarteren artikulua, bertatik hartu ditugu laburpen honetan letra etzanean ageri diren testu batzuk). Eredu osoa, berriz, Txillardegik eta Xabier Isasik argitaraturiko Soziolinguistika Matematikoa liburuan duzue (UEU-EKB, Bilbo; 1994).

Laburpen honetan Txillardegiren eredutik zenbait puntu aipatuko ditugu soilik, Kale Erabileraren Neurketa egiteko moduarekin eta Erabilera Isotropiakoa kontzeptuarekin lotura zuzena dutenak, beti ere erabilitako metodologiaren eta kontzeptuen ulermena errazteko xedez.

  • Abiapuntua: ukipen egoera

    Hasteko, kontuan izan behar dugu gurea hizkuntza ukipen egoera bat dela (gure kasuan, gizarte berean bi hizkuntza):

    Txillardegik garatutako eredu matematikotik alderdi bati erreparatuko diogu hemen, eta hizkuntzen arteko ukipen egoerari aplikatuko diogu. Egoera horretan, esan dugunez, B hizkuntzako hiztun elebakar multzo esanguratsurik ez dago, hiztun guztiak A hizkuntzaren jabe diren bitartean, haien arteko batzuk B hizkuntza jakin eta erabiltzeko moduan daude. Gure kasuan B euskara litzateke eta A gaztelania edo frantsesa.

    Elebidunen aldetik B hizkuntzaren erabilera gertaera estokastiko gisa definitu dugu. Azken buru, ez dugu ezagutzen aldez aurretik zein den elebidunen portaera linguistikoa. Biztanle bakoitzak eta guztien artean momentu jakinetan hizkuntza harremanen bat gerta daitekeela suposatzen badugu, orduan B hizkuntzaren erabilera maila elebidunen proportzioaren funtzio zuzena izaten da.

    Hortaz, kontuan izan behar dugu, batetik ukipen egoeran gaudela eta gainera, gure kasuan, euskara dakiten guztiek dakitela gaztelania edo frantsesa. Ondorioz, euskara egoera jakin batzuetan erabili ahal izango da, eta egoera horien zenbatekoa B hizkuntzaren hiztunen (alegia, euskaldunen) proportzioaren araberakoa izango da. Gogoan izan erabiltzeko aukeraz ari garela, aukera potentzialaz, gero beste gauza bat da zer hizkuntza jokaera duten elebidun horiek, baina aukerak zenbat izango diren kalkula dezakegu.

  • Probabilitatea:

    Zein da B hizkuntzako 2 hiztunen arteko elkarrizketa bat gertatzeko probabilitatea?

Demagun, adibidez, % 55a euskalduna den herri batean garela. Bertako bi biztanle (edozein) kalean elkartzen badira, zenbatekoa da biak euskaldunak izateko probabilitatea?

PR2= 0,55 0,55 = 0,302, beraz % 30,2 probabilitatea biak euskaldunak izateko.

Baina, noski, kalean ematen diren elkarrizketak ez dira beti bi pertsonen artekoak izaten: bikoteen, hirukoteen, laukoteen eta hiztun talde handiagoen arteko elkarrizketak ere eman daitezke. Eta zenbatekoa da hirukote bat kalean elkartuta elkarrizketa euskaraz izateko probabilitatea, alegia; zenbatekoa da hiru hiztun horiek euskaldunak izateko probabilitatea? (lehengo adibide bera erabiliz);

PR3= 0,55 0,55 0,55= 0,166 , alegia % 16,6ko probabilitatea.

Eta hirukotea izan beharrean, laukotea bada, probabilitatea oraindik eta gehiago gutxitzen da:

PR4= 0,55 0,55 0,55 0,55= 0,091 ; % 9,1ko probabilitatea.

Eta probabilitatea gero eta txikiagoa da taldea handitu ahala. Txillardegiren hitzetan: "talde handietan (n =4,5,6,...), B hizkuntzaren erabilerak erritmo esponentzial batean egiten du ihes". Eta errealitatean zenbateko taldetan ematen dira elkarrizketak? Orain arte Euskal Herri mailan egindako Kale Erabilera Neurketen informazioa erabil dezakegu horretarako.

  • Bikote, hirukote eta laukoteen proportzioa:

    EKBk 1993 eta 1997ko neurraldietan solaskide kopurua behatu zuen. Hau da, behatutako elkar hizketak bikoteetan, hirukoteetan, laukoteetan, boskoteetan edo talde handiagoetan gertatzen zirenen arabera, bikote, hirukote, laukote, boskote,... kopuruak zenbatu eta haien artean zeintzuk egiten zuten euskaraz zehaztu ere.

    Bi neurraldi horietan solaskide kopuruaz, guk Wi pisu estatistikoak deitutakoaz, jasotako datuetatik abiaturik, laukoteetara mugatu dugu hiztun taldeen tamainaren eragina eta W2, W3 eta W4 pisu estatistikoak balio finkotzat jo. Horrela, bataz beste bikote, hirukote eta laukoteen pisuak ondorengoak finkatu ditugu:

Beraz, kalean behatutakotik ondorioztatu dugu lau hiztunetik gorako taldeen arteko elkarrizketak oso gutxitan gertatzen direla (talde handiagoetan normalki ez da elkarrizketa bakarra egoten, gehiago baizik). Bestalde, orain badakigu bikote, hirukote eta laukoteen pisua zenbatekoa den eta proportzio hori gure kalkuluetarako finkotzat hartuko dugu.

Horrela ba, probabilitate mailan, euskarazko elkarrizketak gerta daitezen dagoen aukera (berriz ere eX herriko euskaldunen proportzioa izanik) hau izango da:

Baina, noski, gogoan izan hasieran aipatu duguna: ukipen egoeran gaudela eta gainera, gure kasuan, euskara dakiten guztiek dakitela gaztelania edo frantsesa. Ondorioz, Txillardegik dioskunez: "B -ren erabilera eman dadin erabat beharrezkoa den baldintza bakarra da elebidunak, horretara beharturik ez egon arren, leialtasunez, beraien artean B erabiltzen jarraitzea (lasai-lasai erabil baitezakete A beraien artean ere)".

Orain arteko urratsetan, elebidunen proportzio jakin bat izanik, hiztunen artean euskarazko elkarrizketak eman daitezen zenbat aukera ditugun kalkulatu dugu. Baina, jakina, mila arrazoi ezberdin tarteko, gerta daiteke euskaldunen arteko elkarrizketak erdaraz izatea. Beharrezko ez izanik ere euskaraz egite hori Txillardegik hizkuntza leialtasun bezala izendatu du (mB).

Erabilera maila hiru osagaien funtzio zuzena izango litzateke, elebidunen proportzioa (eX), mintzakide taldearen tamaina edo solaskide kopurua erabilera askean (wi) eta hizkuntza gutxiagotuarekiko leialtasuna (mB). Horrela, erabilera maila kalkulatzeko formula ondorengoa izango litzateke.

Formula honetatik abiatuta, erabilera isotropiakoa (edo espero daitekeena) kalkulatzeko m=1 dela suposatuko dugu, alegia, euskara dakitenen arteko elkarrizketak ematen direnean beti euskaraz direla eta egoera isotropiakoa dela. Formula, hortaz:

  • Azken oharrak: Isotropia / Anisotropia eta Konpaktazioa:

    Probabilitateak kalkulatzeko garaian, B hizkuntzaren ageriko erabilera zorizko gertaeratzat jo dugu. Nonahi eta noiznahi ager daitekeen jazoera dela esan nahi dugu. Gure eredua eredu estokastikoa dela esaterakoan, B hizkuntzaren erabilerari buruzko aurreiritzi guztiak baztertzen ditugula esan gura dugu, zuzenak zein okerrak, ez dugu aurreiritzi bakar bat onartzen. Esaten dugu, B hizkuntzaren erabilera, elebidunak tarteko direlarik, gertaera probablea dela, besterik ez. Orokorrean, kontrakoa frogatu ezean, gizartea linguistikoki isotropiakoa da; B hizkuntzaren erabilera, printzipioz, elebidunen proportzioaren funtzio zuzena da.

    Orain arteko urratsetan gizarteko egoera isotropiakotzat hartu dugu, hortaz: alegia, suposatu dugu edozein hiztunek beste edozeinekin hitz egiteko probabilitatea duela, eta probabilitate berdina kasu guztietan.

    Dena den, J.L. Alvarez Enparantzak eta X. Isasik egindako azterketetan ikusi da herri askotan hori ez dela horrela. Neurketak eginda, kasu batzuetan m-ren balioa 1 baino handiagoa lortzen zen neurketaren emaitza errealak gorago azaldu dugun formulan sartuta, eta hori estatistikoki onartezina da (leialtasuna % 100ekoa baino handiagoa izatea suposatuko luke). Txillardegiren hitzetan "Neurketen emaitzak (mota guztietako herrietan behin eta berriz errepikatuak) soilik uler zitezkeen A hizkuntzako elebakarren kopuru handi bat hiztun elebidunekin harremanetan ez zegoela suposatuz. A hizkuntzako elebakarren isolamendu linguistiko honek B hizkuntzaren erabilera hobetzen du".

    "Horrek behartu gintuen isotropia linguistikoaren hipotesia alde batera uztera. Euskal Herrian ez da isotropia hori ematen".

    Horrek esan nahi du nolabait gure herrietan bi sare edo komunitate ezberdin daudela (euskarazkoa eta erdarazkoa) eta bateko zein besteko kideen artean harremanak izateko aukera ez dela estatistikoki askea, ausazkoa, guk hasieran suposatu dugun bezala. Beste modu batean esanda, hiztun bakoitzak bere sareko kideekin maizago ditugula harremanak beste sarekoekin baino.

    Errealitate honetaz jabetzeak eraman zituen J.L. Alvarez Enparantza eta X. Isasi eredu matematikoaren garapenean urrats berriak ematera. Besteak beste, "gizarteratze tasa" (g) kontzeptua erabili dute, aipatu bi sareen arteko integrazio maila deskribatzeko.

    Gorago esan bezala, neurketen emaitzetako bat izan da ohartzea badagoela A hizkuntzako elebakarren proportzio bat ez duena elebidunekin harremanik izaten. g=0 izango da inolako harremanik ez dagoenean (alegia, erdaldunen eta euskaldunen sareak bata besteagandik erabat berezita bizi direnean, harremanik gabe) eta g=1 izango da herriko A elebakar guztiak elebidunen sarean erabat integratuta dauden kasuetan (kasu honetan sare bakarrean leudeke guztiak, elebakarrak eta elebidunak).

    Pentsa daitekeenez, kasu errealik gehienak mutur batean zein bestean baino, bien artean kokatzen dira. Horrela, hemen aipatu ditugunez gain beste formula batzuk ere erabilita, kaleko erabilera neurtuta Txillardegiren eredua iristen da komunitate baten leialtasuna (m) eta gizarteratze tasa (g) zehaztera. Azken honek, nolabait Txepetxek definituriko euskaldungoaren konpaktazioa kontzeptuaren antzeko zerbait adierazten digu.

    Dena den, Kale Erabileraren Neurketa egin dugun honetan leialtasun eta konpaktazio kalkulurik egin ez dugunez, hemen kontzeptu hauen aipamena baino ez dugu egin nahi, interesa duen oro hasieran aipatu iturrietara jotzera gonbidatuz.

    Ikusi dugu, hortaz, nola kalkula daitekeen erabilera isotropiakoa herri batean euskaldunen proportzioa zenbatekoa den jakinda. Gerora ikusi dugu nola praktikan Euskal Herrian ez den egoera isotropiakoa ematen, eta gizarteratze tasa ere kontuan hartu behar dugun.

    Dena den, erabilera isotropiakoa oso erabilgarria zaigu, herrian neurtu dugun erabilera errealaren emaitzak altuak edo baxuak diren baloratu ahal izateko erreferentzia teoriko bat ematen digulako. Eta, horretarakoxe erabili dugu guk erabilera isotropiakoa txosten honetan.


6.2. Neurketa arauak eta oharrak

Eranskin modura jasotzen dira hemen Neurketa arauak eta oharrak. Ohar hauek datuak jasotzeaz arduratzen diren neurtzaile eta laguntzaileek eskura izaten duten materialaren parte dira. Helburu hori izanik, hizkera ulerterraz batean idatzita daude, baina neurketa hauen xehetasun metodologikoak ezagutu nahi dituenarentzat material zehatz eta egokia direlakoan jasotzen ditugu hemen.

Zer neurtu behar da?

Kalean, eta kalean soilik dabilen jendearen arteko hizkuntz erabilera. Leku itxiak beraz (tabernak, dendak, kiroldegiak, etxeak, lantegiak, garraioak, edonolako lokalak,...), neurketa honetatik kanpo geratzen dira.

Neurketa, ez inkesta:

Kalean goazela jendeari ez zaio galdetu behar normalean zein hizkuntza hitz egiten duen edo une horretan zein hizkuntzaz ari den mintzatzen. Ez galdetu, entzun egin behar dugu eta entzuten dugun hizkuntza jaso taulan, jendeari ezer esan gabe. Gure helburua kaleko hizkuntza errealitatea bere horretan jasotzea da, ahalik eta modurik objektiboenean: kalean doazenek ez dute jakin behar neurketa egiten ari garenik.

Neurtzaileak:

Neurketa neurtzaile bat eta neurtzen den herriko laguntzaile baten artean egiten da. Neurtzailea datu jasoketa modu egokian egiten dakien pertsona da, behatzen den kasu bakoitzaren berezitasunak fitxan nola bete behar diren jakin behar du (sexua, haurren presentzia, adin taldeak,...). Laguntzaileak, neurtzailea aurrez finkatutako ibilbidetik gidatuko du. Horrez gain, bikoteka lan egiteak beste alde on batzuk dauzka:

  • Biren artean askoz hobeki disimulatzen da, eta oso inportantea da saiatzea inor ez dadin konturatu neurketa egiten ari garela. Gainerakoan, jendearen jokabide naturalak alda daitezke eta: isilduz, hizkuntzaz aldatuz, haserretuz...
  • Atseginagoa da bi orduz beste norbaitekin neurtzen aritzea, bakarrik jardutea baino.
  • Bertako laguntzaileek bermatzen dute neurketa diseinatutako kaleetatik egiten dela.

Ibilbidea :

Bikote bakoitzak ibilbide jakin bat eduki behar du finkaturik neurketa egin aurretik. Ibilbide hori zein izango den Soziolinguistika Klusterreko teknikarien eta herriko arduradunen artean finkatuko da. Ibilbidea herriko kalerik jendetsuenek osatuko dute, normalean erdigunean (erdigunea zentzu zabalean ulertuta).

Ibilbideak inguru ezberdinak zeharkatzea komeni da: erosketa-kaleak, poteo kaleak, haur jolas-lekuak, pasealeku eta parkeak, etab. Ibilbideak hasi eta bukatu leku berean egin beharko du, bikoteak behar bezainbat aldiz egin ahal izateko ibilbide hori, neurraldi bakoitzak irauten dituen bi ordu horietan.

Bikote bakoitza bere ibilbidean paseatzen ibiliko da. Ez dago arazorik noizbehinka eserlekuren batean eserita neurketa egiteko, eta batzuetan gainera, disimulatzeko beharrezkoa ere izango da. Baina eserita denbora gehiegi ematea ere ez da komeni. Izan ere, helburua neurketa ibilbide guztian zehar modu homogeneoan egitea da.

Datuak nola jaso:

Datuak idazteko eranskinean doan eredua erabiliko duzue, eta bertan ageri den moduan idaztea komeni da, hots, neurtutako lagun bakoitzeko makilatxo bat jarriz.

2006ko EHko kale erabileraren neurketatik aurrera, neurketa egiteko fitxa bakarra erabiltzen da.

Fitxan lau datu hartzen dira kontutan:

  1. Hizkuntza: hiru zutabe nagusi ditugu: euskara, frantsesa / gaztelera eta beste hizkuntzak.
  2. Adin taldea: behin elkarrizketa hizkuntza zehaztuta adin taldea zehaztu behar da: haurrak (2 urtetik 14 urtera), gazteak (15-24 urte), helduak (25-64 urte) eta adinekoak (65 urtetik gorakoak). Jendeak zein adin izango duen sumatzea neurtzaileen egitekoa izango da, eta neurketa unean jasotzen dugun inpresioaren arabera jasoko da, balorazio-modu horrek akats tarte bat duela onartuz.
  3. Neurtzen dugun taldearen osaera: behatutako taldea adin talde bereko kideez osaturik dagoen ala ez bereiziko dugu. Eta ez badira denak adin talde bereko multzoan sartzen, tartean haurrak presente dauden ala ez jasoko dugu eta presente badira, mintzakide diren ala ez.
  4. Generoa: bukatzeko mintzakideen sexua jasoko dugu.

Neurtu horrela egiten da:

Neurketa nola egiten den azaltzeko hiru adibide jarriko ditugu:

  1. Bi haur (neska bat eta mutil bat) badoaz euskaraz hitz egiten
    • 1. pausoa: Euskaraz zutabe nagusian (hizkuntza)
    • 2. pausoa: adin talde bereko zutabean (adin talde berekoak)
    • 3. pausoa: haurren atalean (adin taldea)
    • 4. pausoa: nesketan (emakumea) apuntatzen dugu makilatxo bat eta gizonezkoetan beste bat (sexua).
  2. Senar-emazteak erdaraz hitz egiten ari dira haien artean; 5 urteko alaba eta 16 urteko semea beraiekin doaz, baina hitz egin gabe:
    • 1. pausoa: frantsesa/gaztelera zutabean (hizkuntza)
    • 2. pausoa: adin talde ezberdinekoak zutabean, haurrak ez dira mintzakide azpi multzoan.
    • 3.pausoa: helduetan (adin taldea)
    • 4. pausoa: gizonezkoetan (sexua) makilatxo 1 jartzen da, eta emakumezkoetan beste bat (sexua)
    • 5. pausoa: haurretako emakumezkoen zutabean makilatxo bat jarriko dugu (alabarena)
    • 6. pausoa: gazteen gizonezkoen zutabean makilatxo bat jarriko dugu (semearena)
  3. Senar-emazteak, 5 urteko alabarekin eta 16 urteko semearekin doaz kaletik, ama alabari euskaraz zuzentzen ari zaio:
    • 1. pausoa: euskara zutabean (hizkuntza)
    • 2. pausoa: adin talde ezberdinekoak zutabean, haurrak mintzakide azpi multzoan
    • 3.pausoa: helduetan (adin taldea)
    • 4. pausoa: gizonezkoetan (sexua) makilatxo 1 jartzen da, eta emakumezkoetan beste bat (sexua).
    • 5. pausoa: haurretako emakumezkoen zutabean makilatxo bat jarriko dugu (alabarena)
    • 6. pausoa: gazteen gizonezkoen zutabean makilatxo bat jarriko dugu (semearena)

Azalpena merezi duen puntua da hau: lau lagun elkarrekin doazenean normalean bat entzungo dugu hizketan eta beste hirurak entzule izango dira (arreta gehiago edo gutxiago jarriaz, guri hori ez zaigu axola). Kasu horretan guk fitxan lau lagun entzun ditugula jarriko dugu, hau da, lau makilatxo, hizketan zihoan bakar horren hizkuntzan. Tartean haur bat hitz egiten ari bada edo berari zuzenduta badago elkarrizketa haurrak mintzakide zutabean jarriko ditugu makilatxoak, dagokien azpimultzoan (adin taldearen eta sexuaren arabera).

Fitxaren atzeko partean beste hizkuntzak jasotzen dira, alegia, Hego Euskal Herrian euskara edo gaztelera ez den beste hizkuntza bat entzuten badugu atal honetan sartuko ditugu behatutako pertsonak. Ipar Euskal Herrian beste hizkuntzak atalean euskara edo frantsesa ez diren beste hizkuntzak sartuko ditugu. Atal honen ondoan bakarrizketak neurtzen dituen atala dugu. Bertan, eskuko telefonoz hitz egiten ari direnak eta bestelakoak (animaliekin, atarietako interfonoz, etab.) apuntatuko ditugu. Atal horretan, jakina, elkarrizketa bakoitzeko marratxo bakarra egingo dugu, mintzakide bakarra entzun (eta ikusiko) baitugu.

Fitxaren laukitxo bat betetzen denean beste fitxa batera pasatu behar da. Fitxa bat baino gehiago erabiltzen bada zenbakitu behar dira fitxak eta behaketaren bukaeran datu guztiak jaso behar dira fitxa bakar batean. Neurketa bakoitzean fitxa berri bat erabili behar da.

Beste ohar batzuk:

  • Ibilbidean zehar pertsona bera -neurraldi eta elkarrizketa berean- ez dugu behin baino gehiagotan neurtuko. Alegia, pertsona bera jende berdinarekin eta hizkuntza berean entzuten badugu, behin bakarrik jasoko dugu. Aldiz, taldean partaideren bat aldatzen bada (norbait etorri edo norbait joan) edo taldeak hizkuntza aldatzen badu (mintzakideak berdinak izan arren), hori gertaera ezberdina izango da, eta beraz, jaso egingo dugu.
  • Neurtzaileekin hitz egiten dutenei ez zaie neurtuko.
  • Dudazko kasuak ez jaso, hau da, entzundako hizkuntza zein den ziur ez dakigunean, jaso gabe utzi.
  • Inoiz ez dugu galderarik egingo, ez galdetu ezer: ez zein adin duen, ez zein hizkuntza erabili ohi duen, ez une horretan zein hizkuntzaz ari den mintzatzen... Ez da ezer galdetu behar, ez baikara inkesta bat egiten ari; gurea neurketa denez, entzundakoa jaso behar dugu.

Azken oharrak:

Kaleetan euskara "gutxi" entzutea gogorra izan daiteke neurtzailearentzat, baina fitxetan ez da inolako baloraziorik jaso behar: entzundakoa bere horretan jasotzera mugatu behar gara.

Euskaltzaleon joera psikologikoa izan daiteke errealitateak adierazten duena baino euskara gehiago aditu nahi izatea. Baina azterketa hau euskararen egoera ezagutzeko tresna oso garrantzitsua da eta errealitatea egiazki nolakoa den jakitea interesatzen zaigu, ez besterik.


6.3. Fitxak

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Txostena PDFan

Oin-oharrak

  • (1) Hiztuna diogunean 2 urtetik gorako biztanleriaz ari gara; hots, hitz egiteko gaitasuna 2 urtetik gorakoek dutela kontsideratzen dugu.
  • (2) Azpeitiak 13.387 biztanle ditu 2006ko erroldako datuen arabera. Kontuan hartzekoa da, dena den, kale neurketa batean zenbait hiztun behin baino gehiago neur daitezkeela edota neurtutako hiztunen bat herrikoa ez izatea gerta daitekeela.


Inprimatu


Erantzun

 
Euskararekiko "leialtasun" handia
2010-07-21 / 10:43 / Eli Aizpuru - EL DIARIO VASCO
  • Udalak eskatuta, euskararen kale erabilera neurtu da aurrenekoz. Herriko kaleetan, % 86,1ek euskaraz hitz egiten duela adierazten dute datuek

Iazko ekainean, lau egunetan zehar egindako datu bilketaren ostean, neurketa egin eta gero, atzo aurkeztu zituen Soziolinguistikako Klusterraren ordezkari Pablo Suberbiolak Azpeitian euskararen erabilpenaren inguruko datuak, Euskara batzordeburu Ana Mendizabalekin batera.

Mendizabalek Azpeitian "euskarekiko dagoen leialtasuna" azpimarratu zuen. "Ahal dugun guztietan egiten dugu euskaraz. Leku askotan, ikastetxeetan ikasi bai baino gero kalean ez da hitzegiten eta Azpeitian ez da horrelakorik gertatzen. Poztekoa da leialtasun hori", adierazi zuen. Datuen emaitzak aztertu eta gero, Suberbiolak "euskaldunen hizkuntz komunitateak trinkotasun maila altua" duela gaineratu zuen. Datuak barneratzerakoan, kontutan hartu behar da orain arte ez dela herrian horrelako neurketarik egin. Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketak kalean behaketa zuzenaren bidez lorturiko datuak eskaintzen ditu. Oinarri metodologiko sendoa du. Gaur egun Soziolinguistika Klusterra arduratzen da Euskal Herri mailan Kale Erabileraren Neurketa egiteaz eta horrez gain hainbat udalerritan ere egin ditu honen antzeko neurketak. Azpeitiari buruzko azken datuak Euskal Herriko Kale Erabileraren azken neurketan jasotakoak dira, 2006an, alegia. Beraz, erreferentzia gisa hartu dira datu horiek baina oraingoan, estrainekoz, herriko berezitasunetara egokitutako neurketa egin da.

Horren arabera, Azpeitian, herriko euskaldunak "euskaraz egitearen aldekoak" direla ondorioztatu dute behaketa zuzenean jasotako datuek.

Adin taldeen araberako erabilera aztertuz gero, joera sozial nabarmena agertzen dute Azpeitiko euskaldunek euskaraz egiteko. Haurrak dira euskaraz gehien egiten dutenak. Hala ere "osotasun bat" ikusten dela adin taldeei dagokienez, adierazi zuen Pablo Suberbiolak, eta aurreko datuekin alderatuta, bilakaerak "gorantzko joera leuna" agertzen duela.

Haurren presentzia

Kale erabilera neurtzerakoan, haurren presentzia hartu da kontutan. Haurren presentzia dagoenean, % 94ko erabilera dago, eta ez dagoenean, % 76koa. "Joera bezala, haurren presentzia dagoen elkarrizketetan, bataz beste, altuagoada euskararen erabilera haurrik ez dagoenean baino".

Lau mailatan bereizten da erabilera hau. Elkarrizketan haurrik ez dagoenean, erabilera % 76,4 da. Haurrak daudenean, hiru zatitan banatzen da: haurren artean bakarrik (% 96,4); Heldua haurrarekin ari denean (% 91,4) eta, haurra tartean dagoenean baina elkarrizketa helduena denean (% 95,1). Beraz, haurrak mintzakide izan edo ez izan, euskaraz berdin hitz egiten da. Baina, % 86, erabilera altua edo bajua den nola jakin? Txilardegiren kalkuluan oinarritu da ikerketa, hau da, elebidunek zein proportziotan egiten dute euskaraz egiteko aukera dutenean eta erdaldun bat tartean dagoenean. Kalkulo matematikoaren arabera, atera daiteke elebidun kopurua eta erabileraren arteko proportzioa. Horrela, "Azpeitiko euskaldunek joera handia dute euskaldunekin hitz egiteko. Komunidadearen trinkotze maila altua da".(Espero daitekeen erabilera % 65,8 da).

Ezagutza, erabilera eta espero daitekeen erabileraren inguruko datuek joera berdina dutela ondorioztatu da Azkoitia edo Zestoarekin alderatuta.

 
Azpeitiarren % 86k kalean euskaraz hitz egiten du
2010-07-22 / 13:32 / Nerea Uranga - UROLA KOSTAKO HITZA
  • Haurrak eta 25 urte arteko gazteak dira kalean euskaraz gehien jarduten dutenak; % 91ek erabiltzen dute hizkuntza

Soziolinguistika Klusterrak iaz euskararen kale erabilera neurtu zuen Azpeitian. Atzo aurkeztu zituzten emaitzak, Ana Mendizabal Euskara batzordeburuak eta Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kideak. Azterketaren arabera, azpeitiarretatik % 86ek kalean euskaraz egiten zuten iaz; eta, % 14ek gazteleraz. Datu horrek, "Azpeitiko euskaldun komunitateak trinkotze maila handia duela" erakusten du. "Herriko arau soziala euskaraz egitearen aldekoa da, modu oso nabarmenean", Suberbiolaren arabera. "Orokorrean pozteko datua da", Mendizabalek esan duenez.

Azpeitiarren euskara ezagutza eta erabilera paretsu dabiltzala azaldu dute. Neurketak, jendeak kalean euskara zenbat erabiltzen duen jaso du, "ez euskaraz nola egiten den".

Aurretik beste neurketa batzuk egin dituztela adierazi dute, eta iazko neurketako emaitzak, aurrekoekin alderatuta, euskararen kale erabilera maila nahiko jarraitua izan dela esan dute, "neurrian, goranzko joerarekin".

Gehien, haur eta gazteek

Adin taldeka neurtuta, kalean euskara gehien erabiltzen dutenak haurrak eta gazteak dira, 25 urtera artekoak. Haurren kasuan, % 95ek egiten du kalean euskaraz; 15 urtetik 25 urtera bitarteko gazteen artean, % 91ek egiten dute euskaraz; helduen kasuan, % 80ek; eta, adinekoen artean % 75ek. Haur eta gazteek aurreko urteetako joerarekin segitzen dute. Helduen mailan, berriz, euskararen kale erabilerak goranzko joera du.

Haurrak tartean direnean

Herritarren euskararen kale erabilera neurtzeko orduan, mintzakideen artean haurrik zegoen edo ez ere kontutan izan dute. Azpeitian ere, horrek eragina baduela esan dute, "Euskal Herriko beste herri askotan bezalaxe". Azpeitian, mintzakideen artean haurren bat dagoenetan % 94ek egiten dute euskaraz. "Baina, ez dago esaterik, beste herri batzuen kasuan bezala, Azpeitian bereziki haurrei euskaraz egiteko joera soziala dagoenik", adierazi du Suberbiolak.

  • UROLA KOSTAKO HITZA egunkarian argitaratua (2010-3-27).

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus