Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Bizirik bai, baina adierazkor

Bizirik bai, baina adierazkor

2010-03-25 / 17:06 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   EUSKARA

Entzule asko elkartu zen atzo (2010-3-24) Sindikatu Zaharrean, Patxi Goenaga euskaltzain eta irakasle loiolatarrak Azpeitiko euskararen gainean eman zuen hitzaldia jarraitzeko. Azpeitiko euskararen gauzarik onena "zerbait bizia izatea" dela nabarmendu zuen Goenagak, eta bizitasun hori eta erabilera zabala "hizkuntzaren kalitatea eta adierazkortasuna lortzen saiatuz" indartzearen aldeko apustua egin zuen.

Azpeitiak herri gutuna jaso zueneko 700. urteurrenaren barruan Udala antolatzen ari den ekitaldien barruan kokatutakoa zen atzoko hitzaldia, eta Badihardugu elkartearekin lankidetzan Udalak herriko ahozko ondarea jasotzeko abian duen proiektuarekin uztartutakoa. Horrela, Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburua eta Badiharduguko Asier Sarasua izan zituen alboan Goenagak.

Ahotsak.com egitasmoaren barruan azken hilabeteetan 50 grabazio inguru egin dituzte Azpeitian, eta horietako seiren pasarte laburren emanaldiak osatu zuen hitzaldiaren lehen zatia. Aratzerreka, Loiola, Lasao, Alde Zaharra, Izarraitz, Urrestilla eta Oņazko hiztunen adibideak entzun eta ikusi ondoren, Azpeitiko hizkeraren berezitasunak aipatzeari ekin zion Goenagak. Horretarako, hiru erreferentzia hartu -euskara batua, inguruko herrietako euskara eta gaztelania- eta alderaketak egiteari ekin zion.

Azpeitiko euskararen berezitasunaren edo berezkotasunaren alderdirik nagusiena, beste ezertan baino, ahoskeran dago, Goenagaren esanetan. -e eta -ye hitz bukaeren aipamena eta azalpena egin zuen eta, batuan erabiltzen direnekin alderatuta ezberdinak izan arren, Azpeitiko ahoskerak ere arau jakin batzuk jarraitzen dituela nabarmendu zuen: "Hau ezin da izna kapritxo bat; hau ere euskara da, eta arau batzuk baditu, eta oso jakinak, aurkitzen hain errazak izan ez arren".

Ņabardurak ņabardura, aditzetan, joskeran edota morfologian Azpeitiko euskarak batuarekiko edo inguruko euskarekiko hainbesteko berezitasunik ez du, Goenagaren azalpenaren arabera. Hiztegiaren atalean, berriz, "kezka" azaldu zuen Loiolako euskaltzainak: "Ahozko hizkeran oso erabiliak diren zenbait gauza", Euskaltzaindiak jaso ez ezik, "promozionatu egin behar" direla deritzo Goenagak, baita idatzizko euskaran ere. Ipurdiko mantsoatik edo mantsoagatik-en adibidea erabili zuen, Azpeitiko adierazpide esanguratsu horien erakusgarri. Destitxa, xextra, ditxosozko... eta antzeko hitzek Orotariko Euskal Hiztegiaren barruan "estigma bat" zutelako pena azaldu zuen.

Ahoskeraren, doinuaren eta hitzen aldetik Azpeitiko eta Azkoitiko euskarak dituzten aldeak ere nabarmendu zituen Goenagak, eta "gaztelaniaren presioaz" ere aritu zen; "presioak fonetikan, entonazioan eta azentoan, presioak hiztegian eta joskeran". Gurean hain ohikoak ditugun eske eta porke-en erabilera "aztertzekoa" dela uste du Goenagak, "hizkuntzen txandakatzea" bezala, azken hau Euskal Herri osoan ematen den fenomenoa dela nabarmenduz.

Hitzaldiaren azken txanpan, Azpeitiko euskararen erronkak izan zituen hizpide Patxi Goenagak. "Azpeitiko euskararen berezitasun handiena zerbait bizia izatea" da, Loiolakoaren ustez, Erabili.com-en egindako elkarrizketan azpimarratu zuen bezala. Azpeitian euskara "hizkuntza funtzionala da, erabiltzen dena", eta hortan datza bere indarrik handiena. Baina euskarari Azpeitian, eta Azpeitiko euskarari, ez zaie erronkarik falta: "Bizitasuna eta erabilera mantentzea, baina hizkuntzaren kalitatea eta adierazkortasuna lortzen saiatuz. Eta esparru guztietan erabiltzea eta horretarako aukerak izatea benetan".

Adierazkortasun bila gero eta sarriago gaztelaniara jotzen dugula-eta kezka agertu zuen Goenagak, eta euskararen adierazkortasuna berreskuratzen saiatu beharra dagoela esan zuen. Eta hitzakdia amaitzeko, euskarak izan baduen adierazkortasunaren adibide polita eskaini zien Goenagak ikusleei: 100 urterekin hil zen Iņaki Goenaga osabari eginiko grabazioa.


Gai honi lotutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus