Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Patxi Goenaga: "Euskara tresna bizi, adierazkorra, praktikoa, erosoa ez den heinean, beti izango dugu tentazioa erdarara jotzeko"

Patxi Goenaga: "Euskara tresna bizi, adierazkorra, praktikoa, erosoa ez den heinean, beti izango dugu tentazioa erdarara jotzeko"

2010-03-23 / 09:45 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   EUSKARA

Azpeitiak herri gutuna jaso zueneko 700. urteurrenaren barruan, Azpeitiko euskara izeneko hitzaldia emango du bihar, asteazkena (2010-3-24), Patxi Goenagak (Azpeitia, 1948). Loiolatarra, euskaltzaina eta EHUko irakaslea, Sindikatu Zaharrean arituko da, 19:30etik aurrera. Besteak beste, Azpeitiko ahozko ondarea eta herri hizkera jasotzeko egindako zenbait grabaketa baliatuko ditu Goenagak hitzaldirako. Erabili.com-ek elkarrizketa egin dio Goenagari, biharko hitzaldia aitzakiatzat hartuta.



Azpeitiko euskararen gaineko hitzaldia, Azpeitian, eta Azpeitiko baten eskutik. Gainetik bada ere, zer prestatu duzun aurreratzerik bai?

Azpeitiko euskarak badu aski nortasun. Hala uste dugu denok. Azpeitiko euskara honen bereizgarri batzuk aipatuko ditut hitzaldian. Horretarako, zenbait azpeitiarren lekukotasunak aipatuko dira. Batetik Azpeitiko euskara "euskara batu" izenez ezagutzen dugun horri gagozkiola, bestetik inguruko euskarei gagozkiela. Gaztelania ere ondoan dugu, edo barnean. Hortaz, honen eragina ere hor dago. Nolanahi ere, gaurko euskarari buruz aritzeko asmoa dut. Alde horretatik, Azpeitiko euskarak duen ezaugarri nagusia da hizkera bizia izatea, normaltasunez erabilia eguneroko gure harremanetan. Baina ezin gara lo geratu. Egoera on samarrean badago ere, ez dago erabat osasuntsu, nik uste.


Zu Azpeitian bizi zineneko euskararen eta Azpeitiko gaur egunekoaren artean alde handia dagoela esango al zenuke? Alderik egotekotan, zer nabarmenduko zenuke balizko eboluzio horretaz?

Euskara bera antzekoa da oraingoa eta ordukoa. Gramatikari dagokionez, hori esan daitekeela uste dut. Beraz, alde handirik ez. Hala ere, hiztegi kontuetan, beharbada, badira aldeak. Gure garaian euskarak ez zuen sarbiderik eskolan. Horrenbestez, maila formalean aritu nahi bazen, garai hartan ezinbestekoa zen erdara erabiltzea. Gaur, gure gazteak hobeto hornituta daude puntu horretan behintzat. Telebistak, eta komunikabideek oro har, beren lana egiten dute. Adibide txiki bat jartzeko: gure garaian, jolasten ari ginela, Socorro! esaten genuen. Duela urte batzuk, lehenbizikoz entzun nuenean Laguntza, mesedez! edo holako zerbait, esan nuen, neure artean, Kontxo! Telebistak balio dik zerbaitetarako. Azken hamarkada hauetan ikaragarrizko aldaketa izan da. Hala ere, baliteke, lehen euskara motz gelditzen bazitzaigun arlo batzuetan, orain beste arlo batzuetan moteltxo edo, indarrik gabe bezala edo, gelditzeko arriskua egon daiteke. Ez dakit.


'Hika'-ren eboluzioa, forman zein erabileran, asko aipatzen dute adin batetik aurrerakoek: gaur egungo gazteek ez dutela hika ondo erabiltzen, eta garai batean baino askoz gutxiago ere erabiltzen dela.

Egia da, orokorrean, gutxiago erabiltzen dela, baina Azpeitian, hain zuzen, ez dakit-bada. Izan ere, Euskara bizi-bizirik dagoen herri batean, euskara barra-barra eta nonahi entzuten den herri batean, hitanoaren erabilerak ere sendo ibili behar luke. Familiarteko edo lagunarteko aditz jokoa den neurrian, lagunarteko edo familiarte horrek euskaldun izaten segitzen duen bitartean, hitanoak ere indartsu behar luke. Dena dela, errezeloa dut, eskolan hizkuntzaren alderdi formalagoak lantzen direnez, hor hitanoari aukera gutxiegi ematen zaiola. Horrela, euskara zenbat eta neutroagoa, formalagoa, eskolakoagoa landu, orduan eta ahulagoa hitanoaren erabilera eta, ondorioz, hitanoaren beraren ezagutza ere.

Eta hitanoaren sistema landu nahi bada, oso erraza dela esango nuke. Batetik, mendeko perpausetan ezin erabil daiteke, perpaus nagusietan bakarrik erabil daiteke. Hortaz, hitanozko formak erabiltzeko aukerak dezente murrizten dira. Bestalde, aditz paradigmak kontuan hartuz gero, bigarren pertsonako elementaren bat tartean duten formetan ere benetako hitanoarentzat lekurik ez da: diozue, zarete, dizuete eta antzekoetan alferrik hasiko gara hitanozko ordainen bila. Beraz, ez dira hainbeste forma ere.

Egia da arazo bat badutela hitanozko forma biziek, Azpeitia aldekoek behintzat, eta da askotan forma berak eduki desberdina duela. Eta askotan formak txi-txi artean galtzen zaizkigu: bagatxitxik, ikusi gatxitxik, esan ditxik, eta abarrak, hitano batuan beste modu batera dira, sakonean modu berean osatuak, baina, azalez behintzat, nahiko desberdinak. Baina, hain zuzen, euskara bizian, lagunartekoan -eta hitanoak nonbait leku izan behar badu holako inguruetan izan behar du- txi-txiz betetako forma ez-estandar horiek erabiltzen dira, eta forma estandarretara joz gero, hitanoak berezkoa duen bizitasuna, akabo. Dena dela, poliki-poliki, Euskaltzaindiak bedeinkatutako forma horiek -oso erregularrak eta zentzuzkoak direnak- lekua jango diete besteei, eta, idatziak bere eragina izan ohi duenez, azkenean forma estandarrak nagusituko dira. Hitanoak bizirik segitzen badu, jakina. Azpeitian, eta, oro har, euskara zerbait bizia den heinean, eta ez hizkera ortopediko bat, hitanoak bizirik segituko du. Nik hala uste. Baina denborarekin, formak aldatu egingo dira.

Gaizki erabiltzen dela esaten denean, kontuan izan behar da tratamentuak ez direla izan beti modu berean leku guztietan. Gure etxean nola eta norekin erabiltzen genuen argi geneukan. Baina gure auzoan bertan baziren beste tratamentu modua erabiltzen zutenak. Tratamendu hau aldatu egin dela ematen du. Baina, kontua da, lehen ere bazter guztietan ez zirela gauzak gurean bezala.


Inoiz zuri entzundakoa omen da, azkoitiarrek euskaraz azpeitiarrek baino hobeto egiten dutela...

Nor izan da kontakatilua? Nik ez dut hori sekula horrela esan. Kontu hau atera dudanean, beti, Patxi Altuna zenak hala esaten zuela esaten nuen. Eta ez da nire erantzukizuna saihestearren, baizik, Kanpaxa ezagututa, eta haren azpeitiartasun nabarmena gorabehera, hala esaten bazuen, beharbada, horrek egiantza izan zezakeela adierazteko. Azkoitiarrei, gainera, poz pixka bat ematea ere ez dago gaizki. Ez?

Txantxak aparte, holako baieztapen orokorrak egitea ezinezkoa da. Nola neurtzen da herri batekoek erabiltzen duten hizkeraren ontasuna? Hori neurtu ezean, nekez egin ahalko ditugu konparazioak. Susmoak, usteak, aiheruak eta holakoak izatea zilegi da, baina hortik gora, gauza gutxi. Orokortzeak ez du zentzu handirik, berez. Bestelako daturik ezean, ezin esan daiteke herri batekoek beste batekoek baino euskara hobea edo aberatsagoa egiten duten. Ikerketa kualitatibo horiek noizbait egiten badira, hitz egingo dugu.


Zenbait azpeitiarrek, gaur egun helduenen artean daudenen artean bereziki, beraien Euskara beste herri edo zonalde batzuetakoa baino zatarragoa edo eskasagoa ote den irudipena izan dute edo badute (adibidez, Tolosako 'euskara garbia'rekin alderaketa sarri entzun dugu inguruan). Zer esango zenieke?

Lehen esandakoaren bidetik, zaila da holako konparazioak egitea. Hizkera batzuek beste batzuek ez duten prestigioa izan dezakete hiztunen buruetan. Mitoak edo topikoak dira, nolanahi ere. Dena dela, hizkeren arteko diferentzia ahoskatzeari dagokio batez ere. Hauetako batzuk hurbilago egon daitezke idatzizko forma estandarretik. Alde horretatik, garbiagoak izan daitezke. Beste batzuk, aldiz, bizkaitarrek esango luketen bezala, zarratuagoak dira. Hortik datorkie, nik uste, hizkera batzuek duten on fama. Tolosakoa izan arren, gerta daiteke euskara eskasa egitea batek. Alderantziz, jende asko ezagutzen dut, Tolosakoa, edo Markinakoa ez izan arren, benetan euskara zoragarria egiten duena. Horrenbestez, azpeitiarrei esango nieke euskaraz hitz egiteko, behar duten guztietan eta behar duten guztiekin. Dena dela, une bakoitzean zer euskara eredu erabili ere jakin behar da. Batetik, ahozko euskara eta idatzizkoa ongi bereizi behar dira. Baina ahozkoak berak ere ez dauka zertan maila eta egoera guztietan berdina izan.


Azpeitiko euskara edo Azpeitiko euskarak? Kaletik auzo txikietara, eta auzo txikien artean ere, dagoen aldeaz zer nabarmenduko zenuke?

Orain arte behintzat, kaleko euskara eta baserrikoa desberdin samarra izan da. Bestalde, auzotik auzora ere aldeak daude. Egia da. Batzuek madarikatuba esango dizute. Beste batzuek, berriz, ahoskera horri takarra iritziko diogu. Nolanahi ere diferentzia horiek hutsaren hurrengoak direla esango nuke, ahoskera mailakoak gehienbat edo, beharbada, hiztegi mailakoak.


Azpeitiko euskaren arteko ˝abardurak ez ote dira bateratzen ari? Aberastasun bat galtzea ez al da?

Nik baietz esango nuke. Euskara batua, berez, idatzirako eredu bat da. Baina eredu horrek ahozkoaren gainean ere eragina izan dezake. Eskolari eta komunikabideei esker batetik eta jendearen arteko harreman gero eta estuagoei esker bestetik, normala da diferentziak leunduz joatea. Hori, ez dut uste aberastasuna galtzea denik. Alde batetik berdintzea zerbait galtzea da, baina besteekiko harremanen ondorioz besteengandik ere zerbait hartzen dugun heinean, aberastasun berri bat ere badatorkigu. Berdintze horrek euskaldunon arteko komunikazioa erraztea badakar, hori da irabazten duguna. Ez da negozio txarra.


Euskararik onena erabiltzen dena, hitz egiten dena dela badiote, Azpeitian momentuz kezkarik ez dago, ala bai?

Azpeitian euskara erabili egiten dela begien bistakoa da. Baina horrek ez du esan nahi kezkatzeko moduko arazoak ez ditugula Azpeitian ere euskararekin. Izan ere, Azpeitia bezalako herri euskaldun batean oso eroso bizi daiteke bat euskaraz jakin gabe. Aldiz, euskara hutsean bizitzeko aukera egin nahi duenak berehala egingo du estropezu erdara hutsez baino ezin zeharka daitekeen hormaren batekin. Euskaraz bizitzeko aukerak askoz urriagoak dira. Egia da asko aurreratu dugula, baina oraindik badira kezka iturri ugari.


Azpeitia aita-z bete da; atte gero eta gutxiago dago. Zergatik ote da?

Ez dakit zenbateraino dagoen hedatua kontu hori. Dena dela, gure garaian kaletarren artean aski arrunta zen beste ahoskera bat: atxe. Guk aitte esan izan dugu beti, eta delako atxe hori kaletarkeriatzat geneukan. Ez dakit zer den hobe. Edozein modutan, aita nagusitzen ari bada, agian esan dut modukoak ere noizbait nagusituko dira. Urrats hori oraindik urruti dagoela iruditzen zait. Baina gauzak irakasterakoan ere arazo hau kontuan izan beharko litzateke. Alegia, Gure aita bai, baina gure aitte ere bai: bi esateko modu desberdin direla esan behar da, baina bakoitzak bere esanahi berezia duela ere bai. Zezena eta xexena, mozkorra eta moxkorra, maitea eta maittie eta abar desberdinak diren bezala. Jakina, hau haurrek ez ezik gurasoek ere jakin behar lukete. Dena dela, zenbaitetan alperrik da korrontearen kontra aritzea. Ikusi egin behar une bakoitzean zein den biderik zuzenena. Maiz biderik zuzenena ez baita zuzenena izaten.


Azpeitiko euskarari begiratuta, zer nabarmenduko zenuke? Eta zer hutsune ikusten dituzu?

Azpeitian euskara komunikazio tresna arrunta, ohikoa, bizia da. Hori esango nuke dela Azpeitiko euskararen bereizgarri nagusia.

Hutsuneei gagozkiela, erne ibili behar dugu interferentzia edo transferentzia direlakoekin. Euskara tresna bizi, adierazkorra, praktikoa, erosoa ez den heinean, beti izango dugu tentazioa erdarara jotzeko. Ez da, noski, Azpeitiko euskararen arazoa soilik. Orokorra da, baina Azpeitian hizkuntzaren erabilera nolabait ziurtatua dagoelarik, kezkaz begiratzen diot erdararen neurrigabeko eragin horri.


Zer da Azpeitia euskararentzat?

Euskararen egoeran, hizkuntza batek behar beharrezko dituen erreferente horietako bat. Alegia: hizkuntzak, biziko bada, behar ditu gizarte gune batzuk, non hizkuntza modu normalean erabiliko den. Trinkotasun nahikoa duten komunitateak behar ditu hizkuntzak, aurrera egingo badu. Hori izen liteke Azpeitia. Kontua da Azpeitia asko behar genituzkeela.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus