Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Udalak Kutxarekin hitzarmena sinatuko du, euskararen erabilera areagotzeko

Udalak Kutxarekin hitzarmena sinatuko du, euskararen erabilera areagotzeko

2010-03-05 / 12:30 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   ENPRESAK

Udalbatzaren osoko bilkurak aho batez onartu zuen atzo (2010-3-4) Kutxarekin sinatu beharreko hitzarmena. Aurrezki erakundearekiko harremanetan euskararen erabilera areagotzea da hitzarmenaren xedea. Urola-Kosta eskualdeko udal guztiekin sinatuko du hitzarmena Kutxak, eta sinaketa ekitaldia Azpeitian egingo da, datorren apirilaren 29an.

Oinarrizko hitzarmena

Oinarrizko hitzarmena

Azpeitiko Udalak atzo onartutakoa oinarrizko hitzarmena da, gutxienekoak ezartzen dituen akordioa. Hain zuzen ere, Gipuzkoa Donostia Kutxak euskararen erabilera sustatzeko abian jarritako ekimenaren baitan dago hitzarmena. Gipuzkoako eskualde guztietan hitzarmen berbera ari da sinatzen Kutxa tokian tokiko udalekin; euskararen normalizazio mailan batetik bestera egon daitezkeen aldeak kontuan hartuta, eskualde batzuetarako jauzi handia izan daiteke, eta beste batzuetarako ez hainbeste. Buruntzaldean eta Debagoienan sinatu zituen aurrenekoak, eta orain Urola-Kostari tokatu zaio txanda; Oriotik hasi eta Azkoitia bitarteko udalerri guztiek sinatuko dute hitzarmen hori.

Sinadura ekitaldi bat ere egingo dute, Kutxaren eta udalen ordezkarien parte-hartzearekin. Ekitaldi hori Azpeitian izango da, datorren apirilaren 29an.

Jarraipen batzordea

Kutxak eta Azpeitiko Udalak sinatuko duten hitzarmenak bost urteko iraupena izango du. Epe hori amaitutakoan, eta bi aldeak ados egonez gero, berritzeko aukera legoke. Era berean, bost urteko epea baino lehen hitzarmenaren edukia beteta dagoela ikusten badute, bi aldeek hitzarmen berri bat egiteko aukera ere aurreikusten dute. UEMA, esaterako, mankomunitatearen barruan dauden udalerrietarako -Azpeitia kasu- hitzarmen propio baten proposamena lantzen ari da, Kutxari eskaintzeko.

Hitzarmenaren betetze maila zaindu eta bideratzeko jarraipen batzorde bat eratuko dute. Hain zuzen ere, Urola-Kostako hitzarmenarentzako jarraipen batzordeak datorren maiatzaren 6an egingo du lehen bilera, Azpeitiko Euskara Patronatuan.

Kutxak tresna informatiko bat sortu du, hitzarmenaren jarraipena erraztu asmoz, eta jarraipen batzordeak tresna horrek emandako datuak eskura izango ditu bere eginkizuna betetzeko. Tresna horren bidez, jarraipen batzordeak bi aldeetako -udala zein Kutxa- datuak jasoko ditu, eta horiek aztertu ondoren eta hala badagokio, neurri zuzentzaileak proposatuko ditu.

Hitzarmenean adostutakoa

Jarraian datozenak dira Kutxarekin hitzartutako zazpi puntu nagusiak:

  1. Elkarren arteko harremanak, ahozkoak eta idatzizkoak, euskaraz izango dira ahal den guztietan. Horretarako, beharrezko diren baliabideak jarriko dituzte.
  2. Gipuzkoa Donostia Kutxa, bere aldetik Azpeitikoko bere bulegoetan bezeroekin dituen harremanetan euskararen presentzia ugaltzen ahalegin berezia egitera konprometitzen da.
  3. Helburu hori betetzeko, besteak beste honako neurri zehatz hauek hartuko ditu Gipuzkoa Donostia Kutxak:
    • 3.1. Ahalegin berezia egingo du bulego hauetako langileak gai izan daitezen lan mota guztietan euskaraz jarduteko. Helburu honetara bideratuko dira, bereziki, etengabeko trebakuntza eta laguntzarako tresna informatikoak. Era berean, bulego hauetan eskaintzen dituen zerbitzu guztietarako kontratatzen diren langile berriak, finko zein aldi baterakoak, elebidunak izango dira.
    • 3.2. Bezeroari lehen hitza euskaraz egingo zaio.
    • 3.3. Produktu berri bat kontratatzera datorren bezeroari eskaintza euskaraz egingo zaio eta, kontrakorik ezean, ondorengo azalpenak ere bai. Eta, eragiketen euskarri diren dokumentuak, dagoeneko elebitan dituenez gain sor daitezkeen berriak ere, gutxienez ele bitan emateko konpromisoa hartzen du Gipuzkoa Donostia Kutxak.
    • 3.4. Bezeroak nabarmen euskara ez dakien kasuan izan ezik, zordunketa- eta kreditu-txartelak, nahiz bestelako txartel guztiak euskaraz sortuko dira.
    • 3.5. Urtean zehar ematen diren zerbitzu bereziak -errenta aitorpenaren kanpaina, esaterako- euskaraz izan daitezen, beharrezkoak diren baliabideak jarriko dira langileen zein herritarren eskura.
    • 3.6. Gipuzkoa Donostia Kutxak, kanpainen bidez, beren zerbitzuak euskaraz erabiltzeko deia egingo die bezeroei.
    • 3.7. Entitatearen kutxazainen pantailetan azaltzen den sarrerako mezu-sorta euskaraz izango da.
    • 3.8. Azpeitiko sukurtsaletako kartelak, EUSTATen azken erroldan euskaldunak eta ia euskaldunak epigrafeen batura populazioaren % 50 edo gehiago denez, euskarazko bertsioan jarriko dira, bai barrura eta bai kanpoaldera begira. Sukurtsalek bestelako argitalpenetan egiten duten publizitatea (aldizkari, jai egitarau, eta abarretan) euskaraz jarriko da, beti ere euskararen kalitatea zainduz. Esku orriak ele bitan egongo dira, euskarari lehentasuna emanda.

    edo

    • 3.8. Azpeitiko sukurtsaletako kartelak, EUSTATen azken erroldan euskaldunak eta ia euskaldunak epigrafeen batura populazioaren % 50 baino gutxiago denez, bi heren (2/3) euskarazko bertsioan jarriko dira, bai barrura eta bai kanpoaldera begira. Sukurtsalek bestelako argitalpenetan egiten duten publizitatea (aldizkari, jai egitarau, eta abarretan) gutxienez bi heren (2/3) euskaraz jarriko da, beti ere euskararen kalitatea zainduz.

    Esku orriak ele bitan egongo dira, euskarari lehentasuna emanda.

    • 3.9. Sukurtsaletan bertan idatzitako dokumentuetan euskarari lehentasuna emango zaio. Erabiltzen diren dokumentu eredu eta inprimakiak elebitan egongo dira eta euskaraz beteko dira. Eta eragiketetan agertuko diren testuetan, euskara lehenetsiko da, bezeroak espresuki kontrakoa ez badio. Azpeitiko Udalak irizpide bera erabiliko du, berari dagozkion eginkizunetan.
    • 3.10. Leku izenen kasuan, euskarazko izen ofizialak erabiliko dira dokumentu guztietan. Udalak zerrenda ofiziala emango dio Gipuzkoa Donostia Kutxari.
    • 3.11. Gipuzkoa Donostia Kutxak sortzen dituen publizitate slogan eta gisakoak euskaraz sortuko dira, gaztelaniaz sortutakoen itzulpen soil eta kaxkarrak izan ez daitezen.
    • 3.12. Gipuzkoa Donostia Kutxak, hitzarmen honen epe amaiera iristerako, Azpeitiko bezero euskaldunei helarazten dizkien idatzizko informazio, eragiketa eta gainerako guztiak euskaraz bakarrik helarazteko proposamena egingo die. Gainerakoei idatzi elebidunak bidaliko dizkie, eta euskarak lehentasuna izango du horietan. Prozedura hau txertatu egingo da bezero berriak hartzeko protokoloan.
    • 3.13. Gipuzkoa Donostia Kutxak informazioa zabaltzeko eta eragiketak egiteko sortutako banka elektronikoko zerbitzuetan ere euskarazko aukerak bermatzen eta lehenesten jarraituko du.
  4. Azpeitiko Udala, bere aldetik, hitzarmen honen edukia eta bere garapenaren berri herritarrei adierazteaz arduratuko da.
  5. Hitzarmen hau eraginkorra izan dadin, Jarraipen Batzorde bat jarriko dute martxan sinatzaileok, gutxienez urtean behin bilduko dena, goian aipatutako helburuak lortu eta emaitzak aztertzeko. Jarraipen Batzordea eskualde mailakoa izan dadin hobesten dute bi aldeek.
  6. Jarraipen Batzordea arduratuko da Gipuzkoa Donostia Kutxaren Azpeitiko bulegoetan euskararen ahozko zein idatzizko erabileraren neurketa bideratzeaz, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak propio zehaztutako prozedura erabiliz.
  7. Hitzarmen honen iraunaldia bost urtekoa da; epe hori beste bost urtez luzatuko da bi aldeetakoren batek, edo biek, idatziz bertan behera uzteko borondatea azaltzen ez badute gutxienez ere iraunaldia amaitu baino hilabete lehenago.

Hitzarmena osorik, PDF formatuan

PDF honetan osorik irakur daiteke Kutxa eta udalen arteko hitzarmena


Inprimatu


Erantzun

 
Adostasuna azken udalbatzan
2010-07-21 / 10:01 / Eli Aizpuru - EL DIARIO VASCO

Ostegun arratsaldean egin zuten udal ordezkariek hileko ohiko udalbatza eta adostasunez onartu ziren landutako gaiak. Foru Arau berri baten ondorioz, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Gaineko Zergaren ordainketak zehazteko funtsezko osagaiak arautzen dituen zerga agintaraudia egokitzeari hasierako onarpena eman zion Udalbatzak (aho batez). Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Gaineko Zergari dagokionez, bi aldaketa daude: Batetik, tarifak kalkulatzeko erabiltzen den oinarrizko taula aldatu da eta hori dela-eta, Azpeitiko Udalaren tarifak mantentzeko derrigorrezkoa da hainbestekari ezberdinak zehaztea, horiek taula berriari aplikatu ondoren 2010rako iaz onartutako tarifak mantentzeko. Bestetik, salbuespenak aldatu dira. Honela, ibilgailuak 14 zaldi fiskal baino gutxiago izatea eta minusbalituak mugikortasun arazoak izatea dira baldintza berriak.

Udala-Kutxa, hitzarmena

Era berean, euskararen erabilera gehitzeko asmoz Udalaren eta Gipuzkoa Donostia Kutxa arteko hitzarmena onartu zen (aho batez). Udaletxeko langileen eta herritarren artean euskararen erabilera gehitzeko ahaleginetan ari da Udala Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan eta Kutxak, berriz, bezeroak harreman-hizkuntza aukeratzeko abagunea emateaz gain, euskararen presentzia ugaltzeko, indartzeko eta sendotzeko lanetan dihardu. Horregatik, bi erakundeek hitzartutakoaren arabera: Elkarren arteko harremanak, ahozkoak eta idatzizkoak, euskaraz izango dira ahal den guztietan. Kutxak bere bulegoetan bezeroekin dituen harremanetan euskararen presentzia ugaltzen ahalegin berezia egitera konprometitzen da.

Dokumentuak, inprimakiak edota publizitateak elebitan egongo dira, beti ere, euskararen kalitatea zainduz. Udala, bere aldetik, hitzarmenaren edukiaren eta garapenaren berri emateaz arduratuko da. Horretarako, Jarraipen Batzorde bat osatuko da eta bera arduratuko da neurketa bideratzeaz. Bost urteko iraunaldia izango du eta epe hori beste bost urtez luzatu ahal izango da hitzarmena.

Altuna Errota kalea

Urrestillako Altuna eremuko kale berriari Altuna-Errota kalea izena jartzea onartu zen. Izena jartzerako orduan, gune hori Altuna izenez ezagutzen dela eta bere garaian errota bat zegoela hartu da kontutan. Bertako eraikuntza berrietako zenbakiak, 1, 3 eta 5 izango dira.

Kreditu aldaketak

Bestalde, 2009ko ekitaldiko aurrekontuaren baitan 7. kreditu aldaketaren berri eman zuen Alkateak eta baita Udal Kirol Patronatuan egin den beste kreditu aldaketarena ere, ordezkapen batzuen ondorioz. 2009ko aurrekontuen luzapenaren berri ere eman zuen eta "ahalik eta azkarren aurrekontuak adosteko" konpromisoa ere hartu zuen Julian Eizmendik.

Adierazpen instituzionala

Azkenik, martxoaren 8rako Eudelek, proposatutako adierazpen instituzionala ere onartu zen, aldaketa batzuekin. Udalaren aldetik, "emakume eta gizonen eskubideak oso-osorik eta berdin bermatu" behar dira, eta "bizitzan hain garrantzitsua den garai hori landu, gizon eta emakumeen arteko jarrera positibo eta berdintasunezkoak finkatzeko, beti ere, emakumeek berdintasunean oinarrituta gauza dezaten herritartasuna". Konpromisoa hartzen du berdintasunaren aldeko politikak sendotzeko eta bereziki gazteei begira lan egitea, Parekidetasunetik bideratutako ekintzei jarraituz. Bestalde, Udalak bat egiten du martxoaren 8a dela eta Bilgune Feministak antolatu dituen ekimenekin eta dei egiten die azpeitiarrei bertan parte hartzera.

 
Euskara gehiago erabiltzeko, Kutxarekin hitzarmena sinatuko du Azpeitiko Udalak
2010-07-22 / 13:16 / Nerea Uranga - UROLA KOSTAKO HITZA
  • Urola Kostako udal guztiekin hitzarmena sinatzeko ekitaldia egingo dute apirilaren 29an, Azpeitian

Euskararen erabilera areagotzeko Azpeitiko Udalak Kutxarekin hitzarmena sinatuko du. Herenegun erabaki zuen hori Udalbatzak, aho batez. Hitzarmenaren helburua, Udalak Kutxarekin dituen harremanak "ahal den guztietan" euskaraz izatea dela esan du Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak. Urola Kosta eskualdeko udal guztiekin sinatuko du hitzarmena Kutxak, eta izenpetze-ekitaldia Azpeitian egingo dute, apirilaren 29an, atzo www.erabili.com webgunean azaldu zutenez.

Bost urterako hitzarmena da, eta beste bost urtez luzatzeko aukera egongo da. Baina bi aldeak ados egonez gero, hitzarmena berritzeko aukera egongo litzateke. Eta, bost urteko epea baino lehen akordioaren edukia beteta dagoela ikusten badute, bi aldeek beste hitzarmen bat egiteko aukera ere aurreikusi dute.

Akordioan hitzartutakoak jarraipena izan dezan, Jarraipen Batzordea osatuko dute, eta hori arduratuko da neurketak bideratzeaz. Batzorde hori gutxienez urtean behin bilduko da.

Oinarrizko hitzarmena

Azpeitiko Udalak herenegun onartutakoa oinarrizko hitzarmena da, "gutxienekoak ezartzen dituen akordioa", www.erabili.com-ek zehazten duenez.

Udalbatzarrean alkateak azaldu bezala, Udala Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) baitan udaletxeko langileen eta herritarren artean euskararen erabilera areagotzeko ahaleginetan ari da. "Kutxak, berriz, bezeroei harreman-hizkuntza aukeratzeko parada eman nahi die, euskararen erabilera sustatzeko, indartzeko eta sendotzeko asmoarekin", azaldu du Eizmendik.

Bi erakundeek hitzartu duten akordioaren arabera, elkarren arteko harremanak, idatzizkoak zein ahozkoak, euskaraz izango dira, "ahal den guztietan". Horrez gain, Kutxak bere bulegoetan bezeroekin dituen harremanetan euskararen presentzia areagotzeko "ahalegin berezia egiteko konpromisoa" hartuko du.

Oriotik Azkoitira artekoa

Akordioa Gipuzkoa Donostia Kutxak euskararen erabilera sustatzeko martxan jarri duen ekimenaren baitakoa da. Erabili.com-en diotenez, Gipuzkoako eskualdeetan hitzarmen berbera ari da sinatzen tokian tokiko udalekin.

Gipuzkoako aurrezki erakundeak Buruntzaldean eta Debagoienan sinatu zituen aurrenekoak, eta orain Urola-Kosta eskualdearen txanda heldu da.

Oriotik hasi eta Azkoitia bitarteko udalerri guztiek sinatuko dute Kutxarekin euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena. Erabili.com webgunean azaldu dutenez, sinadura ekitaldi bat ere egingo dute, Kutxaren eta udalen ordezkarien parte-hartzearekin. Ekitaldi hori Azpeitian egingo dute, apirilaren 29an.

  • UROLA KOSTAKO HITZA egunkarian argitaratua (2010-3-06).

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus