Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Abizenak euskal grafiaz jartzeko kanpaina jarri du abian UEMAk

Abizenak euskal grafiaz jartzeko kanpaina jarri du abian UEMAk

2010-02-05 / 09:35 / UEMA   EUSKARA

UEMAk bultzatuta, Guk abizena, zuk? kanpaina jarri da martxan Azpeitian ere, euskal abizenak modu ofizialean eta toki guztietan euskaraz izan nahi dituztenentzat. Hartara, Arteche, Aguirre, Aurrecoechea, Echenique edo Echeverria aldatu eta Artetxe, Agirre, Aurrekoetxea, Etxenike edo Etxeberria bihurtzeko aukera izango dute interesatuek.

Izan ere, Azpeitiko telefono listina hartu besterik ez dago ikusteko zenbat eta zenbat euskal abizen dauden oraindik gaztelaniazko grafiarekin: ch, c, qu eta gui ugari dago oraindik, beste garai baten arrasto baten moduan.

Normalizazioa helburu

UEMAko Zuzendaritza Batzordearen ustez, "hizkuntza bateko abizenak beste hizkuntza batean idaztea ez da normala". Ekimenaren helburua normalizazioa besterik ez dela gaineratu dute kanpainaren sustatzaileek, eta gogorarazi dute hizkuntza normalizatuetan ez dela horrelakorik gertatzen: "Ingelesek Shakespeare idazten dute, eta ez Xexpir, eta espainolek Cervantes idazten dute eta ez Zerbantes. Nor gara euskaldunak horiek berridazten hasteko? Aguirre edo Echeverria abizenak baldin badira, zergatik ez Agirre eta Etxeberria idatzi, euskaraz? Ingelesak ala espainolak baino gutxiago ote gara, ba?".

Euskara Patronatuan, erraz-erraz

Azpeitian, etxe guztietara helarazi dute abizenak euskalduntzeko kanpaina; izan ere, neguko UEMAren Berripaperean tarte bat eskaini zaio kanpainari, eta herritarrek beren postontzian jasotzen dute Berripapera. Horrez gain, herriko toki esanguratsuetan (udaletxeetan, Patronatuan, liburutegietan...) postalak jarri dituzte abizenak euskalduntzeko jarraibideekin.

Abizena euskal grafiara moldatu nahi dutenek hiru pauso hauek eman behar dituzte:

  1. Erregistro zibilera edo bake epaitegira joan eta esan abizena euskal grafiaz ipini nahi duzula.
  2. Han emango dizuten eskaera orria zure datuekin bete.
  3. Agiri hauek eraman:
    • Nortasun agiriaren fotokopia. Adinez nagusia ez bazara, gurasoena ere beharko duzu.
  • Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria
  • Errolda agiria
  • Ezkondutan bazaude edo seme-alabarik baduzu, familia liburua.
  • 16 urtetik gorako seme-alabarik baduzu, seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia.

Bide horrez gain, Azpeitiko Euskara Patronatuak Erregistro zibilera joan gabe eta hainbat agiri lortzen ibili gabe, aldaketa modu sinple batean egiteko aukera ematen du. Hona hemen bertan ematen duten zerbitzua.

UEMAk, beraz, dei egiten die euskaldun guztiei bere izanarekin koherente izan eta abizena euskaratzeko.


Gai honi lotutako albisteak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus