Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Hizkuntz eskubideak, guztion ardura

Hizkuntz eskubideak, guztion ardura

2009-11-17 / 11:04 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   BESTERIK

Azpeitiko Udalak, UEMA eta Behatokiarekin elkarlanean, hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko kanpaina jarri du abian. Datozen egunetan, hizkuntz eskubideen inguruko kexa, galdera edota iradokizunak jasotzera bideratuko diren hainbat kutxa jarriko dira herrian. Udalak bere iradokizun postontziak kokatuta dituen toki berdinetan jarriko dira, besteak beste, kutxa berriak. Euskara Patronatuan ere jarriko da bat.

Atzo (2009-11-17) aurkeztu zuten kanpaina, Euskara Patronatuaren egoitzan, Azpeitiko Euskararen Mahaiko kideek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok. Azpeitian orain abian jarri den ekimena Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Behatokiak urte honen hasieran martxan jarritako egitasmoaren barruan kokatu behar da. Euskaldunen hizkuntz kexak jasotzeko lehen buzoiak Usurbilen jarri zituzten. Harrezkero egitasmoa UEMAn dauden herrietan zabaltzen ari da, eta Azpeitiari ere iritsi zaio txanda.

Herritarren jarrera aktiboa sustatu

Herritarrek eguneroko bizimoduan, Azpeitian edo hemendik kanpo, euskaraz bizitzeko aurkitzen dituzten oztopoen aurrean jarrera aktiboa izatea da kanpaina honen helburu nagusia. Halaxe nabarmendu zuen Arantxa Isartek, Udaleko zinegotzi eta Euskararen Mahaiko kideak, eta "jarrera aktibo" horren bidetik animatu zituen herritarrak. Azpeitiko Udalak, Euskararen Mahaiaren bitartez, kanpainarekin "erabateko adostasuna" duela ere azpimarratu zuen Isartek atzoko aurkezpenean, eta Udalak azpeitiarrak "euskararen lagun izatera eta kanpainan parte hartzera gonbidatzen" dituela.

Paul Bilbaok ere, hizkuntz eskubideen defentsan eta aldarrikapenean herritarren parte-hartze aktiboaren garrantzia eta beharra nabarmendu nahi izan zituen. Herritarrek helarazitako kexa eta iradokizunek hizkuntz eskubideen arloan "urrats eraginkorrak" bideratzeko balio dute, Behatokiaren zuzendariaren aburuz. Herritarren kexak eta hizkuntz eskubideen urraketa salaketak bideratzea da, hain zuzen ere, Behatokiaren eginkizuna. Erakundearen sorreratik (2001) "8.000 espediente" landu dituztela esan zuen Bilbaok.

Orain Azpeitian jarriko diren kutxak erabiliz egin daitekeen bezala, hizkuntz eskubideen urraketak telefono bidez ere salatu daitezke, Behatokiaren Euskararen Telefonoan (902 194 332), edo UEMAra (943 816699) deituta.

Kanpainaren osagaiak

Azpeitian, Udalak herritarren gomendioak jasotzeko herrian zehar jarrita dauden buzoein ondoan jarriko dituzte kutxak, baina gehiago ere egongo dira. Euskara Patronatuan, esate baterako, jarri dute kutxa, eta ekimenaren arduradunak herriko ikastetxeekin ere harremanetan jarriko dira.

Herrian zehar jarriko diren buzoitxoekin batera, kanpaina honek beste euskarri batzuk ere baditu. Horrela, gaia ikastetxeetan landu ahal izateko unitate didaktikoa eskaintzen du Behatokiak, irakasleei zuzendutako oharrekin batera, Hizkuntz eskubideak: ezagutu eta eutsi izenburuarekin.


Inprimatu


Erantzun

 
Hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko kanpaina abiatu dute
2009-11-19 / 10:18 / Nerea Uranga - UROLA KOSTAKO HITZA
  • Herritarrek hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko hainbat kutxa jarriko dute udal eraikinetan

Herenegun aurkeztu zuten egitasmoa Euskara Mahaiko kideek eta Behatokiko Paul Bilbaok (erdian, eserita). (NEREA URANGA)

Azpeitiko Udalak, Uema eta Behatokiarekin elkarlanean, hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko kanpaina jarri du martxan herrian. Aste honetan bertan, hizkuntz eskubideen inguruko kexak, galderak eta iradokizunak egiteko kaxak jarriko dituzte herrian. Kaxak, Udalak bere iradokizun postontziak jarrita dituen tokietan jarriko dituzte: udaletxean, igerilekuan, kiroldegian, liburutegian eta Euskara Patronatuan. Azpeitiko Udalak, Udaleko Euskara Mahaiaren "erabateko adostasunarekin" jarriko du martxan egitasmoa.

Herenegun arratsaldean aurkeztu zuten kanpaina, Udal Euskara Patronatuan, Euskara Mahaiko kideek eta Paul Bilbao Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak.

Orain dela bi urte UEMAk eta Behatokiak elkarlanareko hitzarmen bat sinatu zuten. Horren arabera, besteak beste, Uemak bere herrietan herritarrak hizkuntza eskubideen inguruko urraketak salatzera gonbidatzeko kanpainak abian jartzeko konpromisoa hartu zuen besteak beste. "Ordutik, Uemako herrietan kutxen egitasmoa deitutakoa abian jartzen ari dira udalak. Eta asko dira herri horietatik jasotzen ari garen salaketak", esan du Bilbaok.

Aukera herrira ekarrita

Kanpainaren helburu nagusia, Azpeitian eta herritik kanpo herritarrek euskaldun bezala bizi nahi izateagatik dituzten eskubide urraketak salatzea da. "Izan ere, oraindik asko dira euskaldunak baztertzen gaituzten tokiak eta eragileak: medikuaren kontsultan gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen digutenean; informazio komertziala erdera hutsez bidaltzen digutenean; hainbat informazio euskaraz eskatu eta trabak jartzen dizkigutenean...".

Azpeitiko Udalak egitasmoarekin bat egin duenez, hemendik aurrera herritarrek herrian bertan aukera izango dute, kutxa horien bidez, salaketak egiteko, merezi duenari zorionak emateko edota zalantzaren bat izanez gero hori argitzeko.

Kutxa edo kaxen ondoan inprimakiak ere jarriko dituzte. Eta, kexak, zorionak edo iradokizunak bideratzeko orduan inprimaki horietako bat bete beharko du herritarrak, "inprimakia betetzeko sinple-sinplea da".

Ondoren, kutxetan bildutako inprimakiak Hizkuntza Eskubideen Behatokira bideratuko dituzte, "kexa behar den tokira helarazteko". Kexa jartzeko, norberaren datuak eman behar dira, baina bai Uemak eta bai Behatokiak "datu horiekin konfidentzialtasun osoz jokatuko dute". Hau da, Datuen Babesaren Legeari jarraituz, inori ez diote emango kexa jartzen duenaren daturik. Ondoren, Behatokikoak herritarrarekin harremanetan jarriko dira, bere espedientearekin zer egin duten azaltzeko. "Hizkuntza eskubideen egoeraren diagnosia egiterakoan, gure azterketa herritarren eskubideen urraketetan oinarritzen baita", esan du Behatokiko zuzendariak.

Beste bideak

Baina, salaketa, zoriona edo iradokizuna bideratzeko beste bide batzuk ere badaude, Paul Bilbaok azaldu duenez: Behatokiaren webgunearen bidez (www.behatokia.org) edota Euskararen telefonora deituta (902 194332). Behatokiak 2001ean jarri zuen martxan Euskararen telefonoa, eta zortzi urte hauetan 8.000 txosten baino gehiago jaso dituzte.

Martxan jarri duten egitasmo berri honekin Euskara Mahaiak herritarren hizkuntz eskubideen urraketen aurrean "jarrera aktiboa" hartu du, eta herritarrak ekimenean parte hartzera deitu dituzte. "Banaka egiten dugun apur horrek emaitza handiak ekar ditzakeela sinisten dugulako", esan du Arantxa Isart Euskara Mahaiko kideak.

  • UROLA KOSTAKO HITZA egunkarian argitaratua (2009-11-18)
 
Hizkuntza eskubideak bermatzeko kanpaina abian jarriko da herrian egunotan
2009-11-19 / 10:40 / Eli Aizpuru - EL DIARIO VASCO
  • Udala, UEMA eta Behatokiaren elkarlanaren ondorioa da ekimena

Euskara Mahaiko kideak eta Behatokiaren zuzendaria (E.A.)
UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak duela bi urte sinatutako hitzarmenarekin bat egin du Azpeitiko Udalak, Euskara Mahaiaren erabateko adostasunarekin. Orduan, UEMAk bere herrietan herritarrak hizkuntza eskubideen inguruko urraketak salatzera gonbidatzeko kanpainak abian jartzeko konpromisoa hartu zuen, besteak beste. Kutxen egitasmoa kanpainaren helburua "azpeitiarrak, euskaldun gisa bizi nahi izateagatik izan ditzaketen eskubide urraketak salatzera bultzatzea da", adierazi zuen prentsaurrekoan Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok.

Kutxak

Salaketez gain, merezi duenari zorionak emateko edota zalantzaren bat argitzeko ere zuzendu ahal izango dira herritarrak aste honetan bertan ipiniko dituzten kutxetara. Udal eraikinetan dauden buzoien ondoan jarriko dira kutxa hauek: udaletxean, liburutegian, igerilekuan, kiroldegian eta Euskara Patronatuan.

Kexa, zoriona edo aportazioa egitera doan herritarrak, kutxen ondoan izango du betetzeko inprimakia. Ondoren, inprimakia Behatokira bideratuko da, kexa behar den lekura helarazteko. Kexa jartzeko, izen-abizenak eman behar dira, baina UEMAk nahiz Behatokiak "konfidentzialtasun osoz" jokatuko dute.

Kutxez gain, Behatokiaren web orrira ere zuzendu daiteke (www.behatokia.org) edo euskararen telefonora deituz (902194332).

Euskara Mahaiak hizkuntza eskubideen urraketen aurrean jarrera aktiboa hartu eta kanpainan parte hartzera dei egiten die herritarrei, "banaka egiten dugun apur horrek emaitza handiak ekar ditzakeela sinesten dugulako", adierazi zuen Euskara Mahaiko kide Arantxa Isartek.

 
Hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko kanpaina abian jarri dute Azpeitian
2009-11-19 / 10:57 / Jabi Leon - NOTICIAS DE GIPUZKOA
  • Zorionak, zalantzak eta kexak azaltzeko kutxak ipini dituzte
  • Herritarrek izen abizenak eman behar dituzte, nahiz eta "konfidentzialtasun osoa" mantenduko den

Azpeitiko Udaleko Euskara mahaiko eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiko ordezkariek hizkuntza eskubideen inguruko urraketak salatzera gonbidatzeko kanpaina abian jarri dute Azpeitian.

Paul Rios, Behatokiko zuzendariaren hitzetan, ekimenaren helburu nagusia "herritarrak, euskaldun gisa bizi nahi izateagatik izan ditugun eskubide urraketak salatzera bultzatzea da".

Bere ustetan, oraindik asko dira euskaldunak baztertzen dituzten tokiak eta eragileak. "Medikuaren kontsultan gaztelaniaz mintzatzeko eskatzen digutelako, informazio komertziala gaztelania hutsez bidaltzen digutelako edo hainbat informazio euskaraz jasotzeko eskaera luzatu ondoren ematerako orduan trabak jartzen dizkigutelako".

Edonola ere, Azpeitiko bizilagunek hizkuntza eskubideen inguruko zalantzak argitzeko edo merezi duen erakundeari zorionak emateko parada ere badute. Kanpaina berriaren bidez, azpeitiarrek salaketak eta bestelako ekarpenak era erraz batean bideratzeko aukera dute jada. Horretarako, kutxa batzuk ipini dituzte Udalak ohiko gomendioak jasotzeko dituen buzoien ondoan (udaletxean, liburutegian, kiroldegian eta igerilekuetan).

Era berean, herritarrek leku horietan eskuratu ditzakete bete beharreko inmprimakiak. Orriak bete eta aipatutako kutxetan sartu ondoren, Hizkuntza Eskubideen Behatokira bideratuko dira, "kexak, zorionak eta argitu beharreko zalantzak behar diren tokira helarazteko".

Inprimakiak betetzerako orduan, herritarrek izen-abizenak eman behar dituzte baina ekimenaren bultzatzaileek, Datuen Babesaren Legeari jarraiki, "konfidentzialtasun osoz" jokatuko dute, eta ondorioz, kexa jartzailearen daturik ez diote inori emango.

Nolanahi ere, Azpeitian ipinitako kutxa hauez gain, salaketa, zorion edo zalantzak www.behatokia.org web gunearen bitartez edo 902 194332 telefonora deituz bidera daitezke.

Euskara mahaiak herritar guztiak animatzen ditu "hizkuntza eskubideen urraketen aurrean jarrera aktiboa hartu eta kanpainan parte hartzeko". Beren ustetan, "banaka egiten dugun apur horrek emaitzan handiak ekar ditzake".

  • NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkarian argitaratua (2009-11-18)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus