Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Opariak euskaraz badaki, hobeto

Opariak euskaraz badaki, hobeto

2009-11-13 / 12:21 / Azpeitiko Euskara Patronatua   AISIALDIA

Euskarazko Produktuen Katalogo berriak haur eta gazteentzako merkatuan salgai dauden ehunka produktu berriren eskaintza bildu du aurten ere. Hurrengo egunotan banatuko dira 240.000 ale Euskal Herri osoan. Azpeitian 5.000 ale banatuko dira.

Ana Mendizabal Udaleko Euskara eta Kultura batzordeburuak eta Gazteriako teknikari Aloņa Larraņagak prentsaurrean aurkeztu zuten atzo (2009-11-12), Euskara Patronatuan, Euskarazko Produktuen Katalogoaren aurtengo kanpaina. Mendizabalek nabarmendu zuenez, "Olentzerori gutuna idazterakoan, haurrekin idatzi. Eta aukeratutako euskarazko produkturen bat bada, hobeto".

Horretarako aukera aparta eskaintzen du aurten ere Euskarazko Produktuen Katalogoak. Datozen egunotan, Azpeitiko etxe guztietara iritsiko da; 5.000 ale banatuko ditu guztira Udalak. Urte garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute Euskal Herri osoko ia 150 udal eta mankomunitateetako Euskara Zerbitzuek.

Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berri honek. Zehazki, paperezko edizioan 341 produkturen berri jasotzen da -iaz baino 23 gehiago- eta interneteko edizioan, aldiz, argitaletxeetatik jasotako produktu guztien erreferentziak agertuko dira, 400dik gora. Horretarako, www.katalogoa.org webgunean sar daiteke, eta nahi izanez gero, katalogoaren PDF dokumentua ere jeitsi daiteke bertatik. Bistan dena, katalogoan ageri diren produktu horiek guztiak jada merkatuan daude salgai, eta interesatuak bere ohiko saltoki edo liburudendetan eskuratu ahal izango ditu.

Zortzi ataletan sailkatuta, nagusiki aurten kaleratu diren produktu berriak jaso dira Katalogoaren 12. edizio honetan: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako materiala. Gainera, zenbait ataletan, adinaren araberako banaketa ere egiten da (0-5 urte; 5-8 urte; 8-10 urte; 10-12 urte; 12-14 urte; 14-16 urte). Azken batean, gurasoentzako lagungarri gertatzea nahi dute egitasmo honen arduradunek, "etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izan dezaten". Horretarako, merkatuan euskaraz dauden produktuen eskaintza ezagutzera eman nahi da, baliabideak eskaini nahi zaizkie guraso eta gazteei eta euskarazko produktu-eskaera ugaldu nahi da, merkatua dinamizatuz eta indartuz.

Aurten 240.00 ale banatuko dira Euskal Herri osoan. Iaz baino 20.000 katalogo gutxiago argitaratu diren arren, herri gehiagotara iritsiko da ekimena: iaz 110 herritara, aurten 150era.

Jostailuak aukeratzeko gomendioak

Aloņa Larraņaga, Udaleko Gazteria saileko teknikariak, gurasoek seme-alabentzako jostailuak aukeratzerakoan kontuan hartzeko gomendioen berri eman zuen atzoko agerraldian. "Jolasak haurraren garapenean paper garrantzitsua betetzen" duela gogoratu zuen Larraņagak, jolasak umeari "bere burua eta ingurua ezagutzeko aukera ematen" diolako. "Jostailua jolasaren prozesuan erabiliko dugun tresna da eta irudimena landu behar du, jolaserako mekanismoak indartu eta aberasteko".

Aipatutakoak kontuan hartuta, haurrari "txiki-txikitatik jostailuaren hautaketa on bat" egitearen garrantzia nabarmendu zuen Larraņagak, eta horretarako baliogarriak diren zenbait irizpide aipatu zituen:





  • Jostailuak bakarka zein beste umeekin aritzeko balio behar du: bakarkako jolasak bere fantasia pertsonalak adierazteko balio dio eta, besteekin aritzen denean, komunikaziorako tresna izango da.
  • Jostailua haurraren adinera eta beharretara egokitu behar da: bere heldutasun intelektuala, bere indarra edo mugimendu ahalmenak zein diren garbi jakin beharko dugu, jostailua horietara bideratuz.
  • Jostailuak opari bat izan behar du, ez inposaketa bat: haurraren gustu eta lehentasunetatik abiatu beharko dugu eta, ahal dugun neurrian, jostailua aukeratzerakoan haurra parte-hartzaile bihurtu.
  • Jostailuak haurrarengan berezkoak diren ezaugarriak sendotzeko eta osagarriak izan daitezkeen joerak lantzeko ere balio dezake.
  • Jostailuak segurua izan behar du: CE markak, jostailuak beharrezko segurtasun arauak betetzen dituela adieraziko digu.
  • Rolak eta indarkeria: sexu bereizketarik eta indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten ez duten jolasak dira egokienak.

"Jolasean, jostailua tresna hutza baino ez da, garrantzitsua jolas egitea da", Larraņagaren hitzetan. Zentzu horretan, "gurasoek umearekin jolas egitea oso garrantzitsua" dela nabarmendu zuen, edo behintzat "bere kabuz jolasean ari denean behatzea".

Azpeitian bi ludoteka eta gazteleku bat daudela gogora ekarri zuen teknikariak, jolas eta jostailuen bidez haurren heziketa lantzen dutenak, hain zuzen ere. Horrela, gurasoek jolas eta jostailuen gaineko informazioa edo zalantzaren bat argitzea nahi izanez gero, "urte osoan zehar lasai hurbiltzeko" gonbidapena luzatu zien atzo Aloņa Larraņagak.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus