Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Hizkuntza politika enpresa munduan: Copreci Kooperatibaren esperientzia

Hizkuntza politika enpresa munduan: Copreci Kooperatibaren esperientzia

2009-10-22 / 12:38 / Azpeitiko Euskara Patronatua   ENPRESAK

Lan-munduan euskararen erabilera normalizatzeko garatzen ari den lanaren barruan, Azpeitiko Euskara Patronatuak lan-saio praktikoa eskaini zuen atzo (2009-10-21). Enpresa mailan hizkuntza politikaren lanketan esperientzia duen Copreci Kooperatibaren eredua ekarri zuen Patronatuak bere egoitzara, deialdi ireki bidez gonbidatutako beste hainbat enpresetako ordezkariek horren berri jaso eta hausnarketa egiteko aukera eskainiz.

Hizkuntza politikaren gaia enpresekin lantzeko asmoz, aurten Elegunetik bi saio egitea aurreikusi zuen Azpeitiko Euskara Patronatuak: bata teorikoa eta bestea praktikoa.

Irailaren 30ean saio teorikoa egin zen: hizkuntza politikaren definizioa, hizkuntza politika enpresan zehazteko arrazoiak, nola landu...

Bigarren saiorako, arlo teorikoaz gain, hemengo enpresentzat kasu errealak ezagutzea interesgarria izango zela erabaki zuten Patronatuko arduradunek; horrela, beste enpresa batzuetan egindako ibilbideak, bide hori egiterakoan aurkitutako oztopoak, gakoak... eta abar gertutik ezagutu ahal izateko.

Horretarako, Aretxabaletako Copreci Kooperatiba gonbidatzea erabaki zuten eta, atzoko saioan, hizkuntza politikak Coprecin izandako ibilbidearen berri eman zuten Luis Mari Mendarozketak (Copreciko lehendakariak) eta Jaime Bengoak (Copreciko Euskara Planeko koordinatzaileak). Hamar enpresatako kideak hartu zuten parte Coprecikoen eskainitako saioan: Abelur, Antzibar, Azkune, Biele, Corrugados, Glual, Iraurgi Lantzen, Landeta, Sammic eta Sein.

Copreciren esperientzia

Copreci kooperatiba 1963. urtean sortu zen (Fagor eta Mondragon taldeko kide dira). Etxetresnetarako osagaiak egiten dituzte. 671 langile aritzen dira Aretxabaletako plantan eta atzerrian ere hainbat lantegi dituzte: Brasil, Txekiar Errepublika, Mexiko, Turkia, Txina eta Italian.

Coprecin, 2006an Euskara Batzordeak egindako gogoetaren ondorioz, hizkuntza politika bat definitzea erabaki zuten: gaia lantzeko, gerora lotura izango zuten arduradun eta kideekin lantalde bat osatu zuten, formazio teorikoa jaso zuten eta modu planifikatuan enpresako arlo desberdinak arautzeari ekin zioten.

Arauak zehazterakoan bi motako arauak desberdindu zituzten: arau batzuk betebeharrekoak izango ziren derrigorrez; eta beste arau batzuk, aukera pertsonalei eragiten zietenak, motibazioaren bitartez bultzatzekoak.

Lantaldeak proposatutako hizkuntza politikak kooperatibaren organo guztien onespena eta errekonozimendua jaso zuen: Kontseilu errektoreak 2007ko urriaren 27an Copreciko Hizkuntza Politika onartu zuen eta 2008ko Batzar Nagusian azaldu zuten.

2009an, hizkuntza politika aplikatzen ari dira eta enpresako prozesuetan txertatzen dihardute.

Balorazio positiboa

Saioak balorazio positiboa jaso zuen, parte hartu zuten enpresetako ordezkarien partetik. Datorren urtera begira, beste egitura eta ezaugarri batzuetako enpresen esperientziak ezagutzeko nahia azaldu zuten, gainera, bertaratuek.

  • Coprecikoek atzoko saioan egin zuten aurkezpenaren dokumentua ikus dezakezue HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus