Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiko ahozko ondarea eta herri hizkera jasoko da adineko herritarrak elkarrizketatuz

Azpeitiko ahozko ondarea eta herri hizkera jasoko da adineko herritarrak elkarrizketatuz

2009-09-03 / 12:37 / Azpeitiko Euskara Patronatua   EUSKARA

Azpeitiko ahozko ondarea eta herri hizkera jaso, landu eta zabaltzeko asmoz Azpeitiko Ahotsak izeneko ekimena abian jarri dute Azpeitiko Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak. Ekimen interesgarria bezain garrantzitsua da, herriko kultura, historia, etnografia edota hizkuntzaren bilketa aurrera eramango baita adineko 60 azpeitiarri egindako elkarrizketetan jasotako informazioarekin.

Gaur (2009-9-3) sinatu dute lankidetza hitzarmena Udalak eta Badiharduguk. Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburuak eta Asier Sarasuak, Deba Ibarreko Badihardugu Euskara Elkartearen izenean, sinatu dute hitzarmena. Mendizabal eta Sarasuarekin batera, Azpeitiko Ahotsak proiektuaren lanetaz arduratuko den Aitziber Otegik azaldu ditu proiektu honen xehetasunak.

Hizkera eta bizipenak elkarrizketa bidez

Euskaldunoi ahozko transmisioaren bitartez iritsi zaigu mendez mende gure aurrekoen ondarea. Egun, ordea, transmisio hori eten egin da eta ahozko memoria hori galzorian dago. Gainera, azken 60 urteotan izugarri aldatu da bizimodua eta baita azpeitiarron bizitza ere. Datu historikoak artxibo eta agirietan jasota dauden arren, orduko bizimodua, sentimenduak, ohiturak eta abar adineko gizon-emakumeen ahotan besterik ez dira aurkituko. Herriko ahozko ondarea biltzeko, beraz, Azpeitiko kulturan, politikan, kirolean, baina batik bat eguneroko bizimoduan, protagonista izan ziren 70-80 urtetik gorako 60 bat lagun elkarrizketatuko dira.

Azpeitiko XX. mendeko bizimodu tradizionala jaso eta gordeko duen datu-base digitala sortzearekin batera, herriko euskalkia aztertu eta Azpeitiko ahozko artxiboa antolatuta geratuko da. Hiru urte iraungo duen egitasmoan bildutako informazio guztia herritarren esku jarriko da www.ahotsak.com/azpeitia webgunean eta baita udal webguneetan ere.

Hiru urteko egitasmoaren metodologia zehaztuta

Proiektua aurten jarriko da martxan eta 2011ra arte iraungo du. Lehenengo urte honetan, Azpeitian dagoeneko eginda dauden grabazioak jaso eta katalogatzeaz gain, elkarrizketatuko diren 60 herritarrak aukeratu eta elkarrizketa gehientsuenak egitea da asmoa. Aitziber Otegik azaldu duenez, dagoeneko hasi dira lehen grabazioak egiten; uztail amaieran ekin zioten lanari Badihardugukoek, eta irailean berrekingo diote lanari, grabaketa guztiak osatu arte. Udaleko Euskara Patronatuak osatu du grabaketetan parte hartzeko hautagaien zerrenda bat: auzo bakoitzeko lau lagun aukeratu dira, bi gizonezko eta bi emakumezko. Azpeitiko kaleko biztanleak, Izarraitz, Odria, Loiola, Lasao, Urrestilla, Oņatz, Elosiaga, Aratzerreka, Nuarbe eta Matxinbentakoak dira parte hartuko dutenak. Aukeratuak izan diren guztiek alkateak zinatutako gutuna jasoko dute, eta telefonoz ere jarriko dira harremanetan beraiekin Udaletik, proiektuaren asmoak azaldu eta parte hartzeko gonbidapena luzatuz. Proiektu beraren barruan Errezil eta Beizamako udalerrietako biztanleak ere elkarrizketatuko dituzte.

Euskara Batuarekin eta jasoarekin hartu-eman handiegirik izan ez duten hiztunak aukeratu dira. Azpeitian jaio eta bizimodua Azpeitian egin dutenak elkarrizketatuko dira, eta haien guraso eta aiton-amonak ere Azpeitikoak dituztenak, gehienbat. Elkarrizketatuak lanbide, harreman-sare eta gizarte arlo ezberdinetakoak izango dira. Adineko azpeitiarrak elkarrizketatuko dira, 70 urtetik gorakoak. Gaztelaniarekin ahalik eta harreman gutxien izandako hiztunak lehenetsiko dira, alegia, bizimodua euskaraz nagusiki egin dutenak.

Grabaketen ostean, elkarrizketen laburpena egingo da, minutuz minutu eta gaika antolatuz, eta informazio guztia batuko duen datu-basea eratu eta antolatu beharko da, pasarte interesgarrienak aukeratuz eta interneten jarriz.

Euskal Herriko Ahotsak

Azpeitiko Ahotsak ekimena, Badihardugu Euskara Elkarteak sortutako Euskal Herriko Ahotsak izeneko egitasmoan uztartuta dago. Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzeko xedea duen egitasmoak urrats asko eman ditu dagoeneko: ahotsak.com webguneak Euskal Herriko 90 herritako 1.417 hizlariren pasarteak jasotzen ditu eta 1.850 zinta biltzen ditu, guztira 12.500 pasarte jasotzen dituztenak.

Zenbait grabazioren transkripzioak ere sareratu dira eta 3.500 bideo eta audio fitxategi baino gehiago daude eskuragarri. Proiektua etengabe ari da materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen eta 2012. urterako euskal herri guztietako lekukotasunak jaso nahi dira.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus