Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Makil guztien zahagia

Makil guztien zahagia

2009-06-22 / 12:13 / Ana Mendizabal Muguruza   EUSKALGINTZA

Oraingoan ere, prentsaren aurrean eta herriaren aurrean azaldu diren pertsona horiei berdin-berdin zitzaien egindako planteamenduak egokiak edo ez hain egokiak ote diren, izan ere, oraingoan ere sakon-sakonean helburu bakarra baitzegoen: udal-gobernua makil guztien zahagi bihurtzea.

  1. Harrigarria da, eta inola ere ez da onargarria, sekula Euskararen Mahaira azaldu ez diren pertsona batzuk herriaren eta komunikabideen aurrean agertzea Euskararen Mahaiko kide direla esanez. Sekula Euskararen Mahaian parte hartu ez duten pertsona batzuk "herritarren parte hartzea sustatzeko" eskaria egitea Kafkaren liburuetatik ateratako pasartea dirudi. Hiruko gobernua indarrean egon den garaian ez zen jende gehiago etortzen bileretara. Are gehiago, noiz edo noiz bilera suspenditu beharra ere egon zen, jenderik ez zegoelako.
  2. Azken 10 urteotan Azpeitian pauso asko eta handiak eman dira euskarak aurrera egin dezan. Egindakoa begi bistakoa da eta lortutako emaitzak ukaezinak dira. Atzerapausorik izan ez denean, kanpoko erakundeek Euskal Herriko udalen artean hizkuntza politikarik egokiena Azpeitian egiten ari garela aitortu digutenean, zertara dator esatea "ez dugu atzerapausorik onartuko". Horrelako baieztapenek helburu bakarra daukate: udal-gobernua herritarren aurrean susmopean jartzea.
  3. Azpeitiko enpresetan euskara sustatzeko planteamendua inolako azalpenik eman gabe aldatzea leporatu diote udal-gobernu honi eta hori gezurra da. Azalpen zabal-sakonak eman ziren martxoan egin zen Euskararen Mahaian (aktan jasota daude) eta han inork ez zuen txintik atera, han ez zuen inork eragozpenik azaldu. Ondoren, apirileko Azpeitian Zer? aldizkarian herritarrak jarri ziren jakinaren gainean eta, azkenik, maiatzeko Euskararen Mahaian martxoan emandako azalpenak zehaztu ziren eta Udaleko Euskara Batzordean aho batez onartu zen 2009ko lan-egutegia. Gardentasun handiagorik ba ote da?
  4. 2009an kanpoko zerbitzu enpresa bat kontratatu beharrean (2008an hala zegoen), langile bat hartu dugu Euskara Patronatuan herriko enpresetan euskara normalizatzeko ELEGUNE egitasmoa aurrera eramateko. Azpeitiko enpresetan euskara normalizatzeko egin dugun planteamendu horrekin Azpeitiko herriari 85.000 euro aurreztu dizkiogu eta Azpeitiko enpresek ez dute dirurik ordaindu beharrik izango. Gainera, iazko enpresez gain, beste 12 enpresa gehiagori emango zaie zerbitzua aurten Euskara Patronatutik. Planteamendu honetan non dago atzerapausoa? Udalak ipintzen duen dirua enpresen planean ez da "gastatu" egiten, "inbertitu" baizik, Udalak beste esparru batzuetan egiten duen moduan. Hau da, kultur, kirol, hezkuntza, merkataritza-elkarte... arloko taldeei subentzioak ematen bazaizkie, enpresekin egiten dugunari ere betaurreko berekin begiratu diezaiogun. Merkatari, tabernari, lanbide liberalei... materiala eta baliabideak doan ematea ondo dago. Enpresei zergatik ez? Guk ere ez dugu onartuko atzerapauso gehiagorik euskara enpresa munduan sartzeko egitasmoan.

Oraingoan ere, prentsaren aurrean eta herriaren aurrean azaldu diren pertsona horiei berdin-berdin zitzaien egindako planteamenduak egokiak edo ez hain egokiak ote diren, izan ere, oraingoan ere sakon-sakonean helburu bakarra baitzegoen: udal-gobernua makil guztien zahagi bihurtzea.


(ANA MENDIZABAL MUGURUZA Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburua da)


Inprimatu


Erantzun

 
Zahagiari erantzunez
2009-07-10 / 20:59 / Ioritz Aizpuru (Euskara mahaiko kidea)

Euskara mahaiko hainbat kidek azken gertakarien inguruko idatzi bat adostu genuen. Idatzi honi euskara batzordeburu den Ana Mendizabalek lau punturekin erantzun zion. Eta orain nik erantzun nahi diot puntuz puntu:

  1. Parte-hartzeari dagokionez. Urte asko joan den arren, ez da gaizki etortzen gogoratzea, euskara arloan lanean ari zen herri mugimenduari esker Baite euskara elkartea sortu zela, euskalgintza osoaren bilgune bihurtu zen elkarte parte-hartzailea. Ilusio handiz ekimen asko eraman ziren aurrera. Baina EAJren politikak mugimendu guzti horrekin amaitu arteko onik ez zuen izan, oztopoak bata bestearen gainetik jarriz. Euskara Biziberritzeko Planarekin berriz, EAJren politikak aholkuak ematera gonbidatu zituen herritarrak (ez denak), eta honek ere ez zion mesede handiegirik egin parte-hartzeari. Herritarrek protagonista izan behar dute. Azken urteetan, ordea, aurrerapausoak eman dira, Aholku Batzordea zena, erabakigune den Euskara Mahaia izatera igaroz. Azpimarratu nahi dut ere, ondotxo dakizun bezala, prentsaurrean agertu ginen DENOK Euskara Mahaian zuzenean edo norbere eragilearen ordezkariaren bitartez Euskara Mahaian parte hartzen dugula.
  2. Atzerapausoari dagokionez. 2. eta 3. puntuei batera erantzungo diet. Oraingo gobernuak enpresetan euskara sustatzeko hartu beharreko neurrien erabakiak ez dira ez Euskara Mahaian hartu, ez eta euskara batzordean ere. EAJk soilik hartu du erabakia. Zuk zeuk onartu zenuen maiatzeko Euskara Mahaian gaizki jokatu zenuela eta barkamena eskatu zenuen, beraz, zertara dator orain zure oldarraldi hau? Erabakiak demokrazian horrela ezin dira hartu, eta are gutxiago gobernuan gutxiengoan egonik, jokabide honek herritarren parte-hartzea bera desegiten du.
  3. ELEGUNEri dagokionez. Elegune sortu zenean Azpeitiko Udalak ikaragarrizko inbertsioa egin zuen enpresetan euskararen normalizazioa lortzeko. Udalak bere gain hartu ezin zituen inbertsioak. Bere garaian ere honela genion guk: Udalak ezin zuela bere gain hartu enpresei zegokion gastu guztia. Ez zela bideragarria. Ala ahaztu egin zaizu udal gobernu berriaren lehen urtean diru kopuru garrantzitsu bat bideratu behar izan zela aurreko legealdian egin zenuten "zuloa" estaltzeko? Bazirudien diru kopuru handi horiek erabili gabe ez zegoela ezer egiterik, hau da, diruak dena konponduko zuela. Baina ELEGUNEren aurrekontua herenera jaitsi izanak erakusten du orain jabetu zaretela diruarekin soilik ez dugula ezer euskaldunduko. Eragileen konpromisoak bilatu ezean, nekez lortuko dugula euskararen normalizazioa.

Azpeitian euskaraz bizitzeko ez dugu erabaki inposatzailerik behar, ez eta Udalak diru kopuruz jasan ezin duen egitasmorik ere. Herritarren ilusioa, herritarren kontzientziazioa, herritarren konpromisoa eta herritarren inplikazioa dira lortu behar ditugunak benetan herri euskaldun batean bizitzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalak ere Azpeitiko euskararen ordenantzak atzera bota dituela ezagutu berri dugu. Erabaki horrek berriro ere azpeitiarron eskubideak zapalduak izatea bultzatuko du. Badirudi ezetz, baina euskararen arloan oraindik ere asko daukagu egiteko eta hemendik gonbidapena luzatu nahi diet guztiei bide honetan parte hartzera.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus