Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  "Atzerapauso gehiagorik" onartuko ez dutela adierazi dute Euskara Mahaiko hainbat kidek

"Atzerapauso gehiagorik" onartuko ez dutela adierazi dute Euskara Mahaiko hainbat kidek

2009-06-22 / 11:59 / uztarria.com   EUSKALGINTZA

"Herritarren parte-hartzea sustatzeko" eta "adostasunik zabalenak lortzeko" lan egitea eskatu diote Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburuari. Urtarrilean izandako udal gobernuaren aldaketarekin "atzerapausoak begibistakoak" direla uste dute.

Azpeitiko Euskara Mahaiko hainbat kidek "herritarren parte hartzea sustatzeko" eta "adostasunik zabalenak lortzeko" lan egitea eskatu diote Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburuari. Atzo, astelehena (2009-6-15), Sindikatu Zaharrean eman zuten prentsaurrekoan adierazi zutenez, azken hilabeteetan "atzerapausoak" egon dira.

Orain bi urte udal gobernuaren aldaketa eman zenean, "aurrerapauso garrantzitsuak" eman zirela uste dute Euskara Mahaiko kideek. "Aholku Batzorde izatetik Euskara Mahaia izatera igaro ginen, bertan proposamenak landuz eta eztabaidatuz. Urteetan aldarrikatu izan duguna lortzen ari ginen, bai parte hartzeari bai funtzionamenduari dagokionez, euskarak herrian behar zuen bultzada emanez".

Urtarrilean izandako udal gobernuaren aldaketarekin, berriz, "atzerapausoak begibistakoak" direla uste dute. "Enpresen normalizazio planekin egin dutena atzerapauso horien adibiderik garbiena da. Euskara mailan, enpresen euskalduntzea burutu ahal izateko planteamenduaren inguruan azalpenik eman gabe aldaketak egin dituzte. Martxoan, orain arte lanean jardun duen enpresekin harremanak eten eta langile bat kontratatu dute, inon aipatu eta erabaki gabe".

Udaleko Euskara batzordeburuak Euskara Mahaian eta Euskara Batzordean maiatzera arte azalpenik eman ez izana salatu dute. "Ez dugu onartuko atzerapauso gehiagorik, herritarren parte-hartzea sustatu nahi badu ezin delako horrelako jokabiderik izan".


Inprimatu


Erantzun

 
Euskara Mahaiko kideek "herritarren parte-hartzea sustatzeko" eskatu dute
2009-06-22 / 12:00 / Aritz Mutiozabal - UROLA KOSTAKO HITZA
  • Azken erabakietan, Udaleko Euskara batzordeak mahaikideak ez dituela kontuan hartu salatu dute

(Nerea Uranga)

Euskararen inguruko erabakietan "herritarren parte-hartzea sustatzeko" aldarria egin zuten Euskara Mahaiko hainbat kidek, herenegun arratsaldean, Sindikatu Zaharrean eginiko agerraldian. Eskaera hori plazaratzeaz gain, "atzerapauso gehiagorik ez" dutela onartuko adierazi zioten publikoki Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburu Ana Mendizabali.

Izan ere, mahaikideek esandakoaren arabera, Udaleko Euskara Batzordeak azkenaldian hartu dituen erabakietan ez du kontuan hartu Euskara Mahaia. Agerraldian esan zutenez, Ana Mendizabalek berak maiatzeko mahaian "gaizki jokatu zuela onartzeaz gain, berriro ez dela horrelakorik gertatuko zehaztu zuen".

Aldaketak "azalpenik gabe"

"Enpresak euskaldundu ahal izateko planteamenduaren inguruan aldaketak egin dituzte, guri azalpenik eman gabe. Eta hori, enpresetara begira aurtengo planteamendua zein izango zen iaz mahaian adostu zela", salatu zuten. Horrekin batera, Udalak orain arte lanean jardun duen enpresarekin harremanak eten zituen martxoan eta enpresa horren ordez, langile bat kontratatu zuen Udalak, "inon aipatu eta erabaki gabe". Euskara Mahaian ez ezik, "Euskara batzordean ere ez dute erabaki horren inongo azalpenik eman" eta "arlo honetan lanean gabiltzanok Azpeitian zer? aldizkarian argitaratutako erreportaje baten bidez jakin dugu berria".

Maiatzeko Euskara Mahaian azaldu zituen Udalak proposamenaren nondik norakoak, "hura martxan jarri eta ia hiru hilabete geroago". Jokabide horren aurrean serio agertu ziren mahaiko kideak herenegungo agerraldian: "Zertarako? Zein da orduan gune horren betebeharra? Martxan jarriak dauden planen berri ematea? Ez, ez luke hala izan behar, noski. Proposamenak mahai gainean jarri eta hauek eztabaidatu eta adostu behar ditugu denon artean, denon ekarpenarekin aberasgarriagoak izango baitira".

Mahaiko kideek aditzera eman zutenez, maiatzeko bilkura horretan bertan onartu zuen euskarako batzordeburu Ana Mendizabalek oker jokatu zuela.

Batzordetik mahaira

Euskararen Aholku Batzordea sortu zenetik "herriko hainbat eragilek bere funtzionamendua kritikatu genuen", adierazi zuten mahaiko kideek. Batik bat bi ezaugarrirengatik: batetik, euskalgintzako hainbat eragile batzordean parte hartzera gonbidatzen ez zirelako; bestetik, aholkuak ematera mugatzen zituztelako parte hartzaileak. Orain bi urte, Udal Gobernu aldaketarekin, aholku batzordea izatetik Euskara Mahaia izatera pasatu zen, "euskalgintzako eragileei erantzunez" eta ondorioz, "bilkuretan proposamenak landuz eta eztabaidatuz".

Azken bi urte hauetan, "aurrerapauso nabarmenak" antzeman dituztela azpimarratu zuten Sindikatu Zaharrean bildu zirenek: "Herri eragileok urteetan aldarrikatu izan duguna lortzen ari ginen, bai parte-hartzeari bai funtzionamenduari dagokionean. Baita euskarak herrian behar zuen bultzada emanez ere. Aurrekontuen atzean zeuden plan eta asmoak guztion artean eztabaidatzera eta adostera iritsi ginen".

"Hainbat kezka"

Aurtengo urtarrilean izandako Udal Gobernu aldaketarekin "hainbat kezka" izan zutela diote, batik bat, "lehengo funtzionamendura itzuliko ote ginenaren kezka". Harrezkero, bost hilabete pasatu dira eta bi aldiz baino ez dute deitu Euskara Mahaia: "Gure kezkak oraindik-eta larriagoak dira". Mahaiko kideen iritziz, "atzerapausoak begi bistakoak dira; enpresen normalizazio planekin egin dutena da adibide garbiena".

  • UROLA KOSTAKO HITZA egunkarian argitaratua, 2009-6-17an
 
Euskara Mahaiak "atzerapauso gehiagorik" ez duela onartuko agertu du
2009-06-22 / 12:05 / Kristina Fernandez - NOTICIAS DE GIPUZKOA
  • Udalak erabakiak bere kabuz hartzen dituela salatu du
  • Herritarren parte-hartzea eta adostasunik zabalena lortzea aldarrikatu nahi dute arduradunek

Euskara Mahaiko kideak astelehenean egindako agerraldian. ARGAZKIA: K.F.

Euskara Mahaiak "atzerapauso gehiagorik" ez duela onartuko ohartarazi nahi izan dio Azpeitiko Udalari eta Euskara eta Hezkuntza saileko batzordeburu den Ana Mendizabali. Izan ere, EAJ taldeak urtarrilean alkatetza hartu zuenetik "atzerapausoak" egon direla salatu dute arduradunek.

Salaketaren adibiderik nabarmenena enpresak euskalduntzeko planteamenduaren inguruan gertatu direla agertu zuten Euskara Mahaiko kideek, izan ere, azalpenik eman gabe aldaketak aplikatu dituztela diote: "Iaz Mahaian adostu zen enpresetara zuzendutako planteamendua, baina martxoan, orain arte lanean jardun duen enpresekin harremanak eten eta langile bat kontratatu dute inon aipatu eta erabaki gabe. Euskara Mahaian honen berri ez emateaz gain, euskara batzordean ere ez dute inongo azalpenik eman. Udal Gobernuan gutxiengoan daudela kontutan izanik, non hartu da erabaki hau?", azaldu zuten.

Erabaki berria Azpeitian zer? udal aldizkarian irtendako erreportajearen bidez jakin zutela eta azalpenak maiatzean, "egitasmoa martxan jarri eta ia hiru hilabete beranduago", eman zirela Euskara Mahaian diote: "Zertarako? Zein da orduan gune horren betebeharra? Martxan jarriak dauden planen berri ematea? Ez, ez luke horrela izan behar, noski. Proposamenak mahai gainean jarri eta hauek eztabaidatu eta adostu behar ditugu denon artean, denon ekarpenekin aberasgarriagoak izango baitira".

Orain bi urte EAE, EA eta Aralar alderdiek osatutako udal Gobernua osatu zenean aurrerapausoak eman zirela uste dute Euskara Mahaiko kideek. "Aholku Batzorde izatetik Euskara Mahaia izatera igaro ginen, bertan proposamenak landuz eta eztabaidatuz. Nahiz eta hasiera batean, parte-hartzea ez izan nahi adinakoa, urteetan aldarrikatu izan duguna lortzen ari ginen, bai parte-hartzeari bai fun-tzionamenduari dagokionez, euskarak herrian behar zuen bultzada emanez", nabarmendu dute arduradunek.

Horregatik, azken urte hauetan eskuratutakoa galtzeko prest daudela diote, baina "kezkatuta" agertzen dira bost hilabetetan Euskara Mahaia biltzeko deia "bi aldiz bakarrik" egin delako: "Publikoki esan nahi dugu atzerapauso gehiagorik ez dugula onartuko. Herritarren parte-hartzea sustatu nahi bada ezin da horrelako jokabiderik izan", amaitu zuten.

Jarraipena

Euskara eta Hezkuntza batzordeburuarentzat, ordea, Udalak hartutako erabakia "aurrerapauso bat da. Kudeaketa zuzena izango du, Euskara Patronatutik zuzenean egingo delako, beste proposamenak aurrekontua asko igotzen zuelako eta Plan Estrategikoaren jarraipena delako", erantzun zuen Ana Mendizabalek.

  • NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkarian argitaratua, 2009-6-17an
 
Euskara Mahaiak parte-hartzea sustatu eta erabakiak adostea eskatzen du
2009-06-22 / 12:07 / Eli Aizpuru - EL DIARIO VASCO
  • Elegune, enpresen euskalduntze programan, Udalak izandako jarrera salatu dute
  • Atzera pauso gehiagorik ez dutela onartuko adierazi dute mahaikideek

Urtarrilean izandako udal gobernuaren aldaketarekin, Euskara Mahaiko hainbat kidek "kezkak" zituztela adierazi dute, berriro ere "lehengo funtzionamendura" itzuliko ote ziren, hau da, euskara mahaia aholku batzordea besterik ez zenekoa. Bost hilabeteren ondoren, kezkak "oraindik eta larriagoak" direla adierazi dute. "Atzera pausoak begi bistakoak dira, enpresen normalizazio planekin egin dutena adibide garbiena", diote.

Elegune proiektua enpresak euskalduntzearen aldeko euskara planak bideratzeko proiektua da eta iaz mahaian adostu zen enpresetara begira aurtengo planteamendua zein izango zen. Enpresen euskalduntzea burutu ahal izateko planteamenduaren inguruan azalpenik eman gabe, udal gobernuak aldaketak egin izana salatu dute: "Martxoan, orain arte lanean jardun duen enpresekin harremanak eten eta langile bat kontratatu dute inon aipatu era erabaki gabe. Euskara Mahaian honen berri ez emateaz gain, euskara batzordean ere ez dute inongo azalpenik eman".

Mahaikideek erabakiak hartu eta gero planen berri jakitea ez dela Euskara Mahaiaren egitekoa esan dute eta erabakiaren berri Azpeitian Zer? udal aldizkariaren bitartez jakin dutela ere gaineratu dute. "Udal Gobernuan gutxiengoan daudela kontuan izanik, non hartu da erabaki hau? Arlo honetan lanean gabiltzanok, Azpeitian Zer? aldizkarian argitaratutako erreportaje baten bidez jakin dugu honen berri. Maiatzean bildu zen berriro Euskara Mahaia, eta han azaldu ziguten proposamena zein zen, martxan jarri eta hiru hilabete beranduago. Zertarako? Zein da orduan gure betebeharra? Martxan jarriak dauden planen berri ematea? Ez luke hala izan behar. Proposamenak mahai gainean jarri eta hauek eztabaidatu eta adostu behar ditugu denon artean, denon ekarpenekin aberasgarriagoak izango baitira", adierazi dute mahaikideek.

Batzordeburuari eslaera

Maiatzeko Mahaian euskara batzordeburu den Ana Mendizabalek gaizki jokatu zuela onartu zuen eta berriz horrelakorik ez dela gertatuko adierazi zuela esan dute. Hala ere, eragileek "atzera pauso gehiagorik" ez dutela onartuko diote. "Herritarren parte hartzea sustatu nahi badu, ezin da horrelako jokabiderik izan".

Duela bi urte aldarrikatzen zuten bera aldarrikatzen jarraituko dutela esanez amaitu zuten Euskara Mahaiko hainbat kidek agerraldia. "Herritarren parte-hartzea sustatu eta adostasunik zabalenak lortu behar dira erabakiak hartu aurretik. Hori da batzordeburuari eskatzen dioguna".

  • EL DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2009-6-17an

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus