Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Aukeran, euskaraz hobeto

Aukeran, euskaraz hobeto

2009-06-05 / 12:06 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   MERKATARITZA

Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuaren bidez, herriko merkatal establezimendu guztiei eskainiko zaien zerbitzu katalogo berria aurkeztu du gaur (2009-6-5). Aukeran euskaraz izena eman diote merkataritzara bideratutako egitasmoari. Patronatua aste honetan hasi da katalogo eta zerbitzu eskaintza berritua establezimenduz establezimendu zabaltzen. Berrikuntzen artean, fruta eta barazki dendei zuzendutako material berria dago.

Azpeitian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) 2001etik dago martxan eta, beraz, badira urte batzuk Azpeitiko Udala euskara merkataritza arloan txertatzen ari dela. Asmo horretarako Azpeitiko Euskara Patronatuak hainbat egitasmo, kanpaina eta ekimen burutu ditu eta burutzen ari da: euskarazko zerbitzua eta funtzionamendua sustatzeko egitasmo programa, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin batera Bai Euskarari Ziurtagiria bultzatzea, Zurekin Zuretzat lanbide liberaletarako zerbitzu eskaintza eta gaur aurkeztutako Aukeran euskaraz egitasmoa, besteak beste.

Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburuak eta Euskara Patronatuko zuzendari Patxi Saezek eman dute Aukeran euskaraz egitasmoaren berri prentsaurrekoan. Ia 500 establezimendutara -herrian dauden guztietara, alegia- zabalduko da kanpaina; aste honetan bertan hasi dira Patronatutik establezimenduz establezimenduko bisitak egiten. Ana Mendizabalek azaldu duenez, establezimendu bakoitzean katalogo bat utziko dute "eta merkatarien eskaerak jasoko dituzte momentuan. Bide batez, bisita establezimenduen datuak eguneratzeko aprobetxatuko dugu; denda berriak, itxitakoak, lekua aldatzeak... jasoko dira, establezimenduen errolda berrituz".

Katalogo berriaren eskaintza eskuratzeko, berriz, merkatariek Euskara Patronatura zuzendu behar dute:

  • Perdillegi, 1
  • 943 814518 telefonoa
  • posta elektronikoa: euskarapatronatua@erabili.com
  • Ordutegia: 08:00-18:00

Eraldatutako hizkuntza paisaia

Merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzu arloan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak ari dira fruitua ematen Azpeitian. Horren adibide dugu, besteak beste, hizkuntza paisaiaren azken urteotako eraldaketa. Patxi Saezek emandako datuen arabera, "orain dela zortzi urte Azpeitiko hizkuntza paisaiaren % 85a gaztelania hutsezko kartelek osatzen zuten. Gaur egun, berriz, egoera justu kontrakoa da: establezimenduetako hizkuntza paisaiaren % 85a euskara hutsezkoa da".

Merkatal establezimenduei zuzendutako egitasmoen iazko datu batzuk ere eman ditu Euskara Patronatuko zuzendariak, ondoko koadroetan ikus daitezkeenak:

Bisitatutako establezimendu kopurua (merkataritza, ostalaritza eta bestelako zerbitzu gunean472
Eskariak egindako establezimendu kopurua134
Guztira egindako eskaera kopurua869

EskariakGuztira%
Kartel mutuak m-1/m-10576% 62,93
Euskarriak eta agiriak270% 34,36
Hiztegia13% 1,49
Besteak10% 0,94
Guztira869% 100

Mezua, helburuak eta bitartekoak

Azpeitian "eguneroko paisaian euskara nagusi" da, beraz, Ana Mendizabalek nabarmendu duenez. Herritarren % 89k "euskaraz egiten du ohiko bizimoduan". Ildo horri jarraituz, "kanpaina honekin mezu hauxe zabaldu nahi diegu merkatariei: aukeran, euskaraz lan egiteko. Izan ere, Azpeitian euskaraz lan egiteko badute aukera, Azpeitiko Euskara Patronatuak badituelako baliabideak horretarako eta haien eskura daudelako", gaineratu du Euskara batzordeburuak.

Aukeran euskaraz kanpainaren helburua merkatariei euren jarduera euskaraz egiteko dituzten laguntza eta baliabideen berri ematea da eta, bide batez, euskararen presentzia merkataritzan lehen baino gehiago indartzea. "Esan bezala, horretarako katalogoa argitaratu dugu (katalogoa erakutsi), eta bertan bildu ditugu Patronatuak dituen egitasmoak eta eskaintzen dituen material, zerbitzu eta laguntza guztiak".

Merkatarien zerbitzu katalogoa urtero berrituz doa eta aurten ere badu berrikuntzarik. Aipagarrienetakoa, fruta eta barazki dendei zuzendutako material berria. Mendizabalek azaldu bezala, "frutak eta barazkiak identifikatzen dituen kartela eskainiko zaie dendariei eta horrekin batera prezioak jartzeko erabiltzen dituzten txartelak euskaratuta eta pertsonalizatuta eskainiko zaizkie euskarri digitalean". Kartelak, 50 fruta eta barazkiren irudiak jasotzen ditu azpian euskarazko izenarekin. Fruta eta barazki dendek prezioetarako txartel ezberdinak dituzte, bakoitzak bere neurri eta bere ezaugarriekin. Batzuk fruta edo barazkiaren izena eta prezioa baino ez dute jartzen; besteek, berriz, produktuaren jatorria eta bestelako zehaztasunak ere azaltzen dituzte. Horregatik, denentzat eredu bakarra ateratzeak ez zuelako zentzurik, eredu pertsonalizatuak eskainiko zaizkie. 50 barazki eta fruta erabilienen txartelak egingo dira, eta euskarri digitalean jasoko du dendariak, gero norberak inprimatu ahal izateko.

Materiala eta zerbitzuak

Katalogoarekin jarraituz, Azpeitiko Udala UEMAko kide egin zen iaz eta, ondorioz, merkataritza arlorako mankomunitateak dituen material eta zerbitzuak ere jaso dira. Eta bestetik, Azpeitiko Udalak Bai Euskarari Ziurtagiria egitasmoa bultzatzeko hartutako konpromisoa dela-eta, egitasmoaren nondik norakoak bildu dira katalogoan eta bisitetan ziurtagiriaren berri jakinaraziko zaie dendariei.

Horrez gain, Azpeitiko Udalak lantzen duen euskarazko zerbitzua eta funtzionamendua sustatzeko egitasmoaren berri ere emango da.

Materialari dagokionez, kartel mutuak, beherapenak/merkealdiak, faktura orriak, eraman agiriak, arlokako hiztegiak, ostalaritzarako materiala eta lehen aipatutako fruta dendetako eta barazki dendetako materiala eskainiko zaie dendariei. Material guztia doan da.

Zerbitzuei eta laguntzei dagokionez, berriz, BDP sortwarea, establezimenduen gestiorako prestatutako tresna informatikoa eskainiko da eta erosteko dituen laguntzak azalduko dira. Baita ere, Patronatuaren itzulpen zerbitzua, aholkularitza zerbitzua, euskara ikastaroak eta errotulua jartzeko diru-laguntzak azalduko dira.

Euskaraz seguruago

Aukeran euskaraz egitasmoarekin lotuta, Mendizabalek azaldu zuen Azpeitiko Udalak bat egin duela Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak abiatu duten Euskaraz seguruago kanpainanarekin. "Merkatariei egiten ari garen bisita hauek aprobetxatuz, kanpainaren berri emango da eta bertan parte hartzera gonbidatuko ditugu". Azpeitiko merkatariek beren aseguru-etxeei zerbitzua euskaraz ere eskatzen hastea da ekimenaren helburua.

Horretarako, bi bide dituzte merkatariek:

  • Batetik, eskura emango zaien eskabide-orria bete eta aseguru-etxeari edota bitartekariari bidaltzea (aldatu nahi den aseguruaren kopia gehituta).
  • Eta bestetik, euskarazko zerbitzua eskaintzeko aseguru-etxe nagusiei luzatuko zaien eskari zabalean parte hartzea.

Katalogoa PDF fitxategian ikusgai

2009rako prestatutako merkatarientzako zerbitzu katalogoa PDF fitxategi batean jaso dugu:


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus